Oihana Rekarte sagar ekoizleak antolatuta, Sagarfest izeneko bilkura eta ibilaldia ospatu ziren maiatzaren 12an, eta Jon Luzuriagak eta Aitor Errazkinek pare bat bertso-saio egin zituzten bertan; Meakako Rekarteren sagastietan lehendabizikoa, eta Ola sagardotegian bigarrena.
1 Entrenatzea izan da neure birusa guztia baitzen buru gogorkeri hutsa, bikoteak ere ez nau gehiegi bultza, ta bizikletarekin (bis) nolako dirutza.
Nahiz ez den momentua dena aitortzeko zenbat sakrifizio hona etortzeko!
2 Azkar abiatu naiz lehen metrotan zehar, lautada pasa berri, aldapak hastear nagoela ditut (ez dut besterik behar!) giharrak huts hutsik ta (bis) birikak lehertzear.
Irten orduko jota ote nago seko? Forman ez al nengoen hona etortzeko?
3 Somporten kaxkarra da neure dinamika arnasa hartzeko ez zait falta lanik ta; taupadek dirudite ia dinamita, ziklista al naiz edo (bis) txerri bietnamita?
Ez dut gehiegi falta hemen itotzeko, hobe nuen dopatu hona etortzeko!
4 Marie Blanquen zirenak kopetako tantak, Portaleten dira ja amets txar galantak: Batetik kalanbreak, bestetik karranpak porlan zakuen gisan (bis) ditut neure hankak.
Ze miseria malda xahar bat igotzeko, nork esan ote zidan hona etortzeko?
5 Halakoren batean iritsi naiz, zinez, Sabiñanigoraino neure ahaleginez. Bizitzari gaurko min, indar ta ezinez hamar bat urte kendu (bis) dizkiot gutxi(e)nez.
Inongo arrazoirik ez dut harrotzeko, neuri berriz ez esan hona etortzeko!
1 Hire baloreek eta printzipio politek printzipioz ia ezin hobeak ziruditek baina buelta bat gehiago eman behar genikek hire ekintzek berdina erakusten al ditek?
2 Gobernuaren jarrera hain baldar hain ulergaitz berotegi efektuaz hausnartu izan duk maiz baina bazkal ordurako itzuli hadin garaiz goizero lanera kotxez bakarrik joaten haiz.
3 Hala pentsatzen duk sare sozialen kasutan: “Zergatik izaten dute haurrek Tik Toka sutan? Filtroa galduko ditek hango filtro faltsutan…” Baina Twiterren sartzen haiz eztabaida antzutan.
4 Bai garaian garaikoa bai kilometro zero ideiekin omen hago erabat ados edo entzun behar huke hori aipatu bakoitzero: “Zumoa eta kafea gosaltzen duk goizero!”.
5 Esna nahi dituk herriko kaleak eta plazak saltoki txikiek behar omen ditek ardaztzat. Hala ere merkeago eros ditzaan galtzak Amazon Primen harpide urteak daramatzak.
6 Nola daukagu bizitza hain indibiduala? Auzolana aipatzen duk elkarlana bezala, baina pisukideekin ikaslea hintzala han hozkailuan bakoitzak zian bere apala.
7 Bidasoako gorpuak hain hotzak begitandu zitzaizkianetik izan duk zer heureganandu. Nahiz tabernan lagunekin afera sakon landu sekula ez haiz etorkin batekin harremandu.
8 Hi euskalduna omen haiz bai buru bai ukabil zazpiak herri bat gaituk esanagatik abil EITBren diskurtsotik oso urrun ez habil Maule baino gertuago sentitzen baituk Madril.
9 Nola ez feminismoa bizitzen duk bertatik zein duan hire tokia nonbait argi daukak hik, gizontasunen tailerrak goraipatuagatik inoiz ez haizela joango ederki asko dakik.
10 Kezkatzen haute hamaika jarrera desegokik; ustez ez izan arren deus gizon homofobotik hausnarketa sakonago bat ez ote dagokik? Hatz txikia ere ez duk sartu ipurtzulotik.
11 Nahiz eta osatzen hauten kontraesan anitzek oraindik jende askori atzerakoi deritzek; nahiz eta bestelakoa dioten hire hitzek pertsona ez al zuten ba definitzen ekintzek?
Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.
Hasi berri dugun 2023/24 hau bosgarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.
Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 7. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabete hasieran argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.
Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.
Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako zenbait bertso-sorta:
“50 urte”, Abel Zabala Elizazuk 2022ko abenduan Iruneron argitaratu eta Peio Etxeberriak musikatutako bertso-sorta:
Igande honetan, hilak 18, Bortzirietako Bertso Eskolak antolatuta, Txingudiko eta Berako bertso-eskoletako kideak ariko dira Berako Altzateko bestetan, bertso-poteoan, eguerdiko 12:30ean Lixoia ostatutik abiatuta. Berako Udalak eta Altzateko besta-batzordearen laguntzaz antolatu dute ekimena, “bertso-truk” deitu diote, eta 5 bertsolari ariko dira bertan kantuan: Castillo, Zelaieta, Goiogana, Luzuriaga eta Errazkin.
1- SARRERA: Udaberriak dakar naturaren iraultza: kantuan mila txori, hegan pinpilinpauxa, eguzki izpi goxoak, zeruan polen hautsa, loreen aroma nor ez da usaintzeko gauza? Erleek pasa dute jada neguko pausa, azter dezagun zer moduz ote dugun erlauntza.
2- ERLAUNTZA: Erlauntzaren barruan “brun-brun”-ka bada grina, erlamando, langile nola ez erregina; hirurogei mila erle ze etxe atsegina, erle bakoitzak izaten du bere zeregina komunitatearen mesedetan egina. Alde horretan ez gara gu erleak adina.
3- ERREGINA: Erlauntza bakoitzeko dago erregin bana bertako langileen erlamandoen ama, berea da erlauntzaren ugalketaren zama arrautzak jartzea baita izaten duen lana, egunean bi mila ze sasoia daukana! Berriz ere izango du nagusiaren fama!
4- LANGILEAK: Langileak, bai izen bai izanez behargin: lorez lore dabiltza udaberrian baldin tenperatura goxoek badiete eragin. Garbitzaile, hornitzaile, soldadu eta hargin; dena egiten dute primeran eta arin gerora ere erlauntza sasoiko egon dadin.
5- ERLAMANDOAK: Erle emeez soilik osatua ez denez, arrak ere badira, bertan dirudienez, ez dira asko zikintzen nektar edo polenez, erlauntza ezin babestu eztenik ez dutenez… Erlamandoak dira, “zangano” ezizenez, erregina estaltzeko gai dira gutxienez.
6- JANA: Udaberriko plazer, poz eta gozamena udazkena heltzean bihurtzen zaie pena. Nektarra listuaz ezti bilakatzen dutena, baita ere proteina iturri den polena, gelaxketan jasotzen dute ahal den dena, eduki dezaten nondik jan neguan barrena.
7- OSAGAIAK: Erlauntzan dena ez da edana eta bazka, osagai asko dira zutabe edo masta: erretxinetik eratzen duten propoli pasta, isolatzaile ona da badauka arrakasta; argizariz osatu ohi duten abaraska, jan almazena da eta erleentzat sehaska.
8- ARAZOAK: Klima aldaketaren albo-kalte gogorra, barroa akaroa, asiako liztorra eta pestizida asko; hainbat arazo horra. Erleen defentsa izan dadin eraginkorra gizakien laguntza ia da derrigorra, erlezainik gabe dute etorkizun ezkorra.
9- GARRANTZIA: Ibiltzen direnean loretik loretara polinizazioa haien zeregina da. Einsteinen idatzietan jarriaz begirada: “erle oro desagertu eta lau urtetara gizaki denak ere desagertuko gara”. Erleen inportantziaz jabetu ote zara?
10- AMAIERA: Erleek zenbat dohain eta zenbat gaitasun! Hemen da nire sorta: zailtasunak zailtasun erlauntza baten barrura begiak sar ditzazun. Zure galderaren bat ez baldin badut erantzun (nahiz aipatu ditudan haien lau xehetasun) zure eskutan uzten dut deskubritu dezazun.
Lehen bi saioen ondotik, hirugarren saioaren atarian gaude. Martxoaren 3an izango da. Bertan ariko dira kantuan Txingudiko Bertso-Eskoletako Jon Luzuriaga ikaztegietarra, Aitor Errazkin irundarra eta Julen Zelaieta beratarra. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.
Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.
Bortzirietako Bertso Eskolak gonbidatuta joan ginen Irunabarren jirako hainbat lagun XXIII. taldekako lehiaketara kantura, eta sekulako harrera egin ziguten bortziritarrek. Horra bidasotarrentzat ondutako bertsoak, esate baterako; behin baino gehiagotan kantatu genituen denok elkarrekin, baita Arrano Elkartean jokatu zen finalean ere.
Irun badaukazu zerbait
Hondarribiko kresala
Irun badaukazu zerbait
Aiako harrien itzala
Irun badaukazu zerbait
Biriatuko magala
Irun badaukazu zerbait
Plaiaundi ta Sindikala
Irun badaukazu zerbait
Bidasoa ospitala
Irun badaukazu zerbait
Bortziriko kapitala?
Irun badaukazu zerbait
Irunabar mundiala
ta bihar egunsentiak
bertsotan erna zaitzala
Bortziriko bertso eskolan
gabon bueltako epela
hogeita hiru aldi dira
taldeka biltzen garela
bertso onenaren saria
Kottorentzako txapela
koplak trikitixarekin
kale ixkiñan kartzela
oparia oroigarri
ta kanta bat gai bezela
Arranoko afaria
bertsozaleen hotela
irri algara ta malko
emozioen koktela
gazteak zarete eta
gozatu dezazuela
Eskerrik asko Kataku, Zialdo, Antoiu eta Arrano; eskerrik asko Bortziriak!