Martxoaren 21ean izan zen Korrika Eguna Irunen, Bidasoko AEKk herriko eragileokin elkarlanean antolaturikoa, eta bazkari ondoko bertso bazkaria antolatzea izan zen Irunabarrek Egunari eginiko ekarpena. Otordua bikaina, AEKko zenbait ikaslek prestaturikoa. Eta bikainak ere, biak ala biak, bazkalondoko bertso saioa eta EKTn sortutako giroa. Hona hemen Uxue Kriado AEKideak bidalitako argazkiak; esker mila, Uxue!
Eskerrik asko AEK eta EKT. Behin baino gehiagotan ari izan gara zuekin elkarlanean, eta bikaina izan da beti emaitza, baita honako honetan ere. Hurrengorako prest, sarri arte!
1) Adineko bat eta ume bat astoa sokan lotuta herrira doaz pausaon oinez eguzkiak berotuta baina zer pentsa eduki dute ez daude eta ohituta ume koadrilla bat hasi zaie barrezka eta ohiuka:
2) -Zuek leher eginda ez ote zaudete? oinez zabiltzatenez ia ordubete. Inuzente xamarrak izango zarete asto gainean ere joan zaitezkete!
3) Ustekabeko kritika entzun dutelako adi-adi asto gainera igo da haurra eutsi nahian orekari zaharrak berriz oinez ondoan ekin dio bideari herritar batzuk hasi bitarte kontu eske umeari:
4) -Tokia zaharrari haurrak ebasteak erakutsi dizkigu zuon kontrasteak. Tristura ematen du pentsatzen hasteak errespeturik ez du egungo gazteak…
5) Umiltasunez haien kritika iristean belarrira umea jaitsi eta zaharra asto gainean jarri da herrira heldu nahi zuten baina ezin joan urrutira bidean zeuden hiru agure kexaka hasi baitira:
6) -Haurrak hartu bitarte halako jipoia patxadaz pasa duzu kaleko kantoia. Adina izan arren baduzu sasioa, nola izan zaitezke horren zeurekoia?
7) Erdi betilun, erdi haserre (badute aski motibo) biak batera aberearen bizkarrera dira igo modu horretan bidean barna jarraitu arren astiro ohartzerako geldiarazi dituzte biak berriro:
8) -Biak astoan lasai nik ez dakit nora zoazten baina ezetz iritsi inora… Astoa lehertzear doa maldan gora halako kargarekin laister itoko da.
9) Bien artean besotan hartu dute asto handi hura eta zubia pasa behar den unean dena da duda… Asto gaixoa ikaratuta errekara amildu da dena ikusi duen andreak hau esan die gustura:
10) -Astoa bizkarrean zuek ezin eutsi, ikusi dudana nik ezin dut sinetsi, errekan zuengandik dijoa ihesi normala, besterik ez zenuten merezi.
11) Denei atsegin eman beharrez eta azkenean larri alegia hau besteen gisan denotzat erakusgarri. Etengabeko kritikei hobe arreta txikia jarri norberak bere zentzua ere galtzen duelako sarri!
Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketa dela eta, bertso-saioa izan zen atzo Kabigorrin. Txingudi A eta Xenpelar taldeko bertsolariak aritu ziren buruz buru, Jon Cia gai-jartzailearen agindupean. Eskerrik asko gerturatu zineten guztioi, eta esker mila bihotzez, beste behin ere, Kabigorriko bazkide eta langileoi. Maider Ugarte eta Uxue Kriado arduratu ziren saioko irudiak biltzeaz, eta Xabi Maiak ere bidali dizkigu bereak. Eskerrik beroenak, zuoi hiruroi ere.
Haritz Casabalek, Aitzol Astigarragak eta Aitor Errazkinek egin zituzten epaile lanak, eta haien erabakiaren arabera, Txingudi A izan zen garaile.
Martxoaren 21ean Irungo Korrika Eguna izango da, Bidasoko AEKk herriko hainbat eragilerekin elkarlanean antolaturiko eguna. Hori dela eta, Irunabarrek ere jarri nahi izan du bere aletxoa, eta EKT, Bidasoko AEK eta beste hainbat boluntariorekin elkarlanean, martxoaren 21eko BERTSO BAZKARIA antolatu dugu.
Bertsotan, Manu Goiogana Bengoetxea, Maddalen Arzallus Antia eta Jon Luzuriaga Iurramendi ariko dira, eta gaiak jartzen, aldiz, Ainhoa Larretxea Agirre.
100 bazkaltiarrentzat izango da lekua, eta bazkaritarako tiketak Mari eta Hazia tabernetan eta Bidasoko AEK Irungo euskaltegian izango dira salgai. Tartean jaiegunak izango direnez, bazkarirako txartelak WhatsApp bidez ere eska ditzakezue (684804746).
Zeuk ere ekarpena egin nahi badiozu Irungo Korrika egunari, lagundu iezaguzu kartela zabaltzen!
Dagoeneko abian da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. Kabigorriko lehen bertso-saioa izan genuen otsailaren 19an eta, orain, bigarren bertso-saioa ere hemen dugu.
Kabigorriko bigarren saioari martxoaren 12an, ostegunean, ekingo diogu eta 19:30ean hasiko da. Bertsotan, Irungo Txingudi A eta Oreretako Xenpelar taldeak arituko dira. Kantuan Igauri Lopetegi Amostegi, Manu Goiogana Bengoetxea, Jon Luzuriaga Iurramendi, Inge Mitxelena, Aiora Gonzalez, Eider Puy eta Emaitz Murua ariko dira, gai jartzen, berriz, Unai Elizasu.
Gogoan izan Kabigorrik aukera ezin hobea eskaintzen duela behin saioa amaituta afaltzen geratzeko ere. Horretarako, ordea, astelehenerako ohartarazi beharko du interesa duenak.
Alde batetik, iluntzeko 20:00etan hasiko Donostiako Bilintxi eta Txingudi A taldeen arteko saioa. Kantuan Igauri Lopetegi Amostegi, Jon Luzuriaga Iurramendi, Manu Goiogana Bengoetxea, Andoni Otamendi, Andoitz Urdapilleta, Asier Ibarguren eta Todor Azurtza ariko dira. Donostiako Ikatz kaleko Arrano Beltza Euskal Tokian izango da saioa.
Bestetik, ordu erdi beranduago, iluntzeko 20:30ean hasiko da Añorga eta Txingudi B taldeak elkartuko dituen afaria. Afalostean izango da bertso-saioa. Bertsotan Adrian Arruti Bernadet, Abel Zabala Elizazu, Iñigo Ugarte Azurmendi, Iñaki Gartziandia, Unai Gaztelumendi, Olatz Arrieta, Jon Altuna eta Harri Agirresarobe ariko dira. Errekaldeko elkartean izango dira aipatutako afaria eta saioa.
Batean ala bestean elkartuko garelakoan, segi bertsoez disfrutatzen.
Badator Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa, eta 2017ko hartan bezala, Txingudi A eta Txingudi B taldeak osatu ditugu eskualdean, txapelketan parte hartzeko.
Txapelketak hainbat fase izango ditu, eta eskualdeka antolatzea erabaki duten lehendabiziko honetan, talde bakoitzak bi saiotan kantatu beharko du.
Txingudi A taldearen lehen faseko saioak
Martxoak 12 > Txingudi A vs. Xenpelar (Orereta) > 19:30ean Kabigorrin (Irun) > [ Oroitzapenen kutxa [1] [2] [3] ]
Martxoak 6 > Bilintxi (Donostia) vs. Txingudi A > 20:00etan (Donostian)
Txingudi B taldearen lehen faseko saioak
Otsailak 19 > Txingudi B vs. Basandrik (Oiartzun) > 19:30ean Kabigorrin (Irun) > [ Oroitzapenen kutxa [1] [2] [3] ]
Martxoak 6 > Añorga vs. Txingudi B > (ordutegia zehazteke) (Añorgan)
Taldeen osaera:
Txingudi A: Igauri Lopetegi Amostegi (bertsolaria) Jon Luzuriaga Iurramendi (bertsolaria) Manu Goiogana Bengoetxea (bertsolaria) Jon Cia Insausti (gai-jartzailea) Aitor Errazkin Vicente (epailea)
Txingudi B: Abel Zabala Elizazu (bertsolaria) Adrian Arruti Bernadet (bertsolaria) Iñigo Ugarte Azurmendi (bertsolaria) Andde Berasategi Goñi (gai-jartzailea) Zuhaitz Olazabal Susperregi (epailea)
1) Hiri modernoa ez al da tiranoa? Ipurdian atera ohi den granoa? Pobreenentzat presto du sotamanoa… Ni igual izan arren probintzianoa, zu hain urbanoa; harreman sanoa eta humanoa zen bion asmoa baina barru guztia hustera noa.
2) Hondarribia, Irun edo Hendaiara autoz joanez gero dena da traba, txuloren baten bila hona eta hara aparkatu arte bi ordu beharbada, hori gutxi da ba, gero zuri paga ematea jada nahitaezkoa da… Zerbitzu deitu arren lapurra zara!
3) Lehen leku gutxitan zeunden osasuntsu orain muturra nonahi atera duzu. Zoritxarrez onartu zaitugu amultsu baina nire protestak ze amorru kutsu nahiz ez esan usu aitortzen dut sutsu maiz hartu ohi dut su gorroto zaitut zu, nire txanpon guztiak jaten dituzu!
4) Ezikusiarena eginda arantza ateratzeko izan dut esperantza, txanponik bota gabe zure ahorantza zigortuko al nauzun geroko zalantza. Ustezko bengantza edo errebantxa egitean antza, multa testigantza, beti oso garesti irten zait txantxa!
5) Gustu txarreko OTA, TAO bedeinkatu pozoiez nahi zintudan madarikatu! Bederatzi puntutan nahiz ozen kantatu belar txarra ezin da errez akabatu… Sorta hau bukatu aurretik ohartu hitz onik aipatu badizut barkatu eta gaizki esanak gogoan hartu!
Hezkuntza arautuko bertso-eskolei bukaera emateko motibazio bertso-saioak antolatu dituzte eskualdeko eta inguruko hainbat ikastetxetan. Lehen hezkuntzako gazteei bertsolaritza gerturatzeko eta inguruan bertsoa sustatzeko ekimena da; horrez gain, interesa duen orok, datorren ikasturtean, Irunabarreko bertso-eskoletako ateak zabalik izango dituela esateko ere baliatu dute. Besteak beste, Txingudi Ikastolan Irunabarrko Igauri Lopetiegi eta Iker Ormazabal Tturko aritu ziren kantuan; Orereta Ikastolan Irunabarreko Jon Luzuriaga eta Emaitz Murua eta Dunboa ikastetxean Jon Luzuriaga eta Igauri Lopetegi aritu ziren Iker Ormazabal Tturkoren gidaritzapean.
Aurtengoen faltan, hona hemen aurreko urteetako argazki pare bat, Igauri Lopetegik eta Urko Arregik Txingudin egindako motibazio saiokoak, hain zuzen.
50 lagun pasatxo bildu ginen 2025eko maiatzaren azken egunean Irungo Atsegiñara, bazkaria egin eta Joxe Mari Lopetegi zenaren jaiotzaren 150. urteurrena haren bertsoak kantatuz ospatzera. Eloi Lopetegik eta bere ingurutxoak primerako otordua prestatu zuten bertan bildu ginen guztion gozagarri, Igauri Lopetegi eta Jon Luzuriaga bertsotan aritu ziren bat-batean, eta plater eta plater artean Joxe Mariren bertsoak kantatu genituen guztiok aho batez, Iker Gomez errenteriarraren soinu txikiaren laguntzaz. Hona hemen Joxan Elosegik Atsegiñako bertso kantu bazkarirako ere, beti bezain eskuzabal eta fin apailatutako liburuxka.
Egun ederra igaro genuen. Eskerrik asko Atsegiña, eskerrik asko Bidasoko AEK Irungo euskaltegia, eskerrik asko Lopetegitarrei, argazkiak bidali dizkiguzuenoi ere bai, eta eskerrik asko, bereziki, bertaratutako guzti-guztioi. Hurrengora arte.