Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Berriak”

Bertso saioak antolatu dituzte hainbat eragilek, euskararen eguna dela eta

Azaroko Kabigorriko bertso gaua, hilaren 9an izango da

Hilaren 9an izango da Kabigorriko azaroko bertso-gaua, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, ohitura dugun moduan. Mikel Garmendia irundarrak jarritako bertsoekin emango diogu hasiera saioari, eta segidan izango ditugu bat-bateko bertso lanean murgilduta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarra, Jokin Bergara eibartarra, Patxi Castillo beratarra eta Aitor Errazkin irundarra. Azaroko saioan hirugarren irundar baten aginduetara arituko dira bertsolariak: Adrian Arrutirenetara, hain zuzen ere, saiorako gaiak prestatzeko eta egunean bertan aurkezle lanak egiteko ardura izango duena.

Gure aldetik besterik ez. Anima zaitezte saioaz gozatzera, eta oroitu Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen digula saioa eta gero mokadu bat egitera geratzeko ere.

Ongi izan eta sarri arte.

Hiru saioko bertso-tailerra Hondarribian

Hondarribiko Gazteen zerbitzuak bertso-tailerra antolatu du Irunabarrekin elkarlanean eta Hondarribiko Udalak diruz lagunduta, azaroaren 28, 29 eta 30erako. 18 eta 29 urte bitarteko gazteei bideratuta dago ikastarotxoa, eta Saindua gaztelekuko ganbaran izango da, 17:30etatik 19:30etara. Ikastaroa dohainik izango da, eta izena emateko azaroaren 21a bitarteko tartea izango duzue, Hondarribiko gazteen Zerbitzuan bertan, Jabier Ugarte kaleko 6.enean (643 644 752  |  gib@hondarribia.eus).

Gure partetik, besterik ez. Anima zaitezte gure eskutik eta giro atseginean bertsolaritzan murgilalditxo bat egitera. Etzaizue damutuko. Bide batez, asko eskertuko genizueke zuen lagun eta gertukoen artean kartela zabaltzen lagunduko bazenigute.

 

Moskuko jaietako bertso saioak

Irunabarrek Moskuko jaiekin bat egin izan du beti, eta baita azken urteetan bertso-saioen antolakuntzak esku-kolpe bat eman ere. Aurtengoan, honakoak prestatu ditugu jaietako antolatzaileekin elkarlanean:

ABUZTUAK 19, LARUNBATA

Herri-bazkaria eta gero, bertso-poteoa. Bertsolariak: MANU GOIOGANA eta ENEKO ABASOLO “ABARKAS”.

ABUZTUAK 20, IGANDEA

Bertso-saioa. Arratsaldeko 19:00etan, Urdanibia plaza inguruan. Bertsolariak: IGOR ELORTZA, UNAI ITURRIAGA, ARKAITZ OIARZABAL “XAMOA” eta EGOITZ ZELAIA. Gai-emalea: ADRIAN ARRUTI.

 

“Elkarrizketariak” ekimenarekin elkarlanean

2017ko maiatzaren 16an, asteartearekin, arratsaldeko 15:30etan, 10 lagun bildu ziren Irungo Palace tabernan. “Elkarrizketariak” ekimeneko bi begirale eta euskara ikasten ari diren 7 lagun, batetik, eta Irunabarreko Gotzon Aizpiolea bestetik, bertsolaritzaren eta bertsogintzaren inguruko tailer bat gidatzen. Gustura geratu omen ziren guztiak Gotzonek prestatutako tailerrarekin. Oso balorazio positiboa egin zuten guztiek.

This slideshow requires JavaScript.

Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaia Mendeluko jaietan

Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin bertsolariak Hondarribiko Mendelu auzoko jaietan aritu ziren kantari, 2017ko maiatzaren 13an.

This slideshow requires JavaScript.

Manu Goiogana eta Gemma Urteaga, Irungo Toki Alai Ikastetxean bertsotan

2017ko maiatzaren 18an, bi bertso saio eskaini zituzten Gemma Urteagak eta Manu Goioganak, Irungo Toki Alai ikastetxeko bigarren hezkuntzako hainbat ikasle eta irakasleren gozagarri. Bertsolariak librean aritu ziren, baina aurre egin behar izan zioten baita ere ikasleek prestatutako hainbat gai eta ariketari.

This slideshow requires JavaScript.

Ekainaren batean, azken bertso-gaua: Txingudi I vs. Txingudi II

Bereziak izaten dira ikasturte amaierako bertso gauak, ezbairik gabe, eta berezia izan nahi du aurtengoank ere. Gipuzkoako Herriartekoan ibili dira  Txingudi I eta Txingudi II taldeak, beste 34 talde gehiagorekin lehian, baina lehen aldiz igoko dira bi taldeak batera oholtzara, jendeaurrean. Batera oholtzaratu? Aurrez aurre jarri? Nork daki? Izan ere, Irunabarren jirako hainbat lagun bildu da bi talde hauetara, Gipuzkoako Herriartekoan parte hartu eta antolakuntza lanetan laguntzeko, eta honakoan ere Adrian Arruti, Zuhaitz Olazabal, Mikel Garmendia eta Gotzon Aizpiolea aritu dira ekainaren 1eko saioak zer-nolakoa beharko lukeen pentsatzen. Eta zer izango den? Bada, hori bertaratzen direnek bakarrik jakingo dute. Kabigorrin hamaika ikusiak gara honezkero… Beraz, auskalo!

Azken bertso gaua izaki, Irunabarrek jatekoa eta edatekoa eskainiko die bertaratzen direnei, aurreko hiru ikasturte amaieretan eta zenbait egun berezitan egin bezalaxe. Joan da laugarren urtea, dagoeneko, hilabeteko lehendabiziko ostegunarekin bertso gauak antolatzen; urtean bederatzi bertso gau… Datorren ostegunekoa, beraz, hogeita hamaseigarrena: Txingudi I vs. Txingudi II. Hantxe izango gara zuen zain, plazer baduzue.

This slideshow requires JavaScript.

This slideshow requires JavaScript.

Maiatzeko Kabigorriko bertso-gaua [2017-05-04]: A. Zelaia, J.M. Lopez, M. Arozena eta I. Zelaia

Badator ikasturteko azken-aurreko bertso-gaua, Andoni Zelaia, Juan Mari Lopez, Manolo Arozena eta Iñaki Zelaia bertsolariak kantuan aditzeko aukera eskainiko diguna. Lau bertsolariei gaiak jartzen eta saio aurkezten, aldiz, Urko Casado ariko da, Txingudiko bertso-eskolako kide astigartarra. Bat-bateko saio aurreko bertso-jarriak Egoitz Zelaiaren eskutik helduko zaizkigu.

19:30etatik aurrera izango da saioa, eta ondoren, gogoan har ezazue Kabigorrik afaltzen geratzeko eskaintzen digun aukera paregabea.

Bertan ikusiko dugu elkar.

This slideshow requires JavaScript.

… Bertso guztien habia

Hona Taket Bertso Eskolako kideek eta Mungiako musikariek elkarlanean ateratako diska. 5 euroan dago salgai, eta gurean ere baditugu ale batzuk. Eskuratu nahi izanez gero, jarri harremanetan gurekin irunabar@gmail.com helbidera mezu bat bidalita.

Taketekoek ondutako lan honi buruz gehiago jakiteko:

http://www.bertsoa.eus/eu/bertsoa-albisteak-ficha.asp?idAlbistea=6498

http://www.bertsolari.eus/bertsolaritzaren-hemeroteka/bertso-guztien-habia-mungia/

http://www.hamaika.eus/tb/bideo/81047

http://www.kontaizu.eus/node/1569

Post Navigation