Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Berriak”

Irungo Euskal Jiran bertsotan

Irungo Euskal Jira egunean bertso-saioa eskaini zuten Egoitz Zelaia, Abel Zabala eta Aitor Errazkin bertsolariek, Urdanibia Plazan atondutako oholtzan. Ohitura den moduan, eguerdi partean izan zen saioa, herri-kirolen ikuskizunaren ondoren.

Hondarribiako Sagardo Egunean bertsotan

Aurtengoan ere Hondarribiko Sagardo Egunari bertsotan eman diote hasiera Txingudiko Bertso Eskolako kideek. Aitor Errazkin, Abel Zabala eta Manu Goiogana irundarrak aritu dira.

Moskuko jaietako bertso saioak, abuztuaren 13an eta 15ean

Irunabarrek bere aletxoa jarriko du aurten ere Moskuko jaien antolakuntzan, eta bere gain hartu ditu abuztuaren 13ko eta 15eko bertso saioak. Lehendabizikoa, abuztuaren 13koa, larunbatarekin, bertso poteoa izango da, eta Egoitz Zelaia hendaiarra, Jokin Bergara eibartarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira bertsotan. Herri-bazkariaren ondotik abiatuko dira bertso-poteoan Urdanibia plazako tabernetatik.

Abuztuaren 15ean, aldiz, astelehenarekin, bertso saioa antolatu dugu Urdanibia plazan Manu Goiogana, Igor Elortza eta Jon Maia bertsolariekin. Gaiak jartzen Egoitz Zelaia ariko da.

Hona iazko saioetako hainbat argazki:

Hika ikastaroa, arrakastatsua oso

Maiatzaren 28an amaitu zen AEK Irungo euskaltegiak eta Irunabarrek elkarlanean antolatutako hika ikastaroa. Hamar ikasle inguru bildu da ikastarora, eta guztiek egin dute ikastaroaren oso balorazio positiboa, bai ikasleek, bai antolatzaileek, eta baita irakasle lanetan aritu diren Joxan Elosegik eta Aitor Errazkinek ere. Ea, bada, 2016-2017 ikasturtean gisa bereko ikastarorik antolatzerik baden.

Joxe Mari Lopetegirekin kalerik-kale [2016-06-10]

joxe mari lopetegi ixeritaBertso-tailerrak bertso-ibilaldia antolatu du ekainaren 10erako. Gaia, Joxe Mari Lopetegi bertsolaria. Arratsaldeko 18:30etarako egin dute lehendabiziko deialdia, Irungo herriko etxean (bigarren deialdia 19:00etan, Irungo Atsegiñan, berandu datozenak batu daitezen), eta hona bertso-tailerrekoek proposatu duten ibilaldia: herriko etxea, Atsegiña, EKT, Deportivo taberna,”Lopetegi-etxeak” (Erlaitz kalea) eta Santiago kaleko 1.goa (Joxe Mariren jaiotetxea). Sei toki hauek, besteak beste, garrantzia berezia izan zuten Joxe Mari Lopetegiren obran eta bizitzan, eta bakoitzean bertso-sorta bat kantatzea proposatuko dute tailerrekoek, eta eurak arduratuko dira, gainera, bertso sorta horiek denboran eta testuinguru historikoan kokatzeaz, bertaratutakoek Joxe Mari Lopetegiren hainbat aspektu ezagutu ditzaten.

Bertso-tailerrekoek animatu egin nahi dute jendea bertso-kalejira honetara, eta, batez ere, proposatutako geldiuneetan bertsoak kantatzera. Izan ere, bertso-paperak banatuko dizkiote jendeari, eurekin batera kanta dezaten.

Hainbatetan bezala, bertso-tailerrekoek Auntxa trikitixa eskolako ikasle-irakasleak izango dituzte lagun, bi elkarte hauen arteko hartu-eman onaren seinale. Irunabarretik ez gara sekula aspertuko Iñaki Aranaga eta haren ikasleek egiten duten lana eskertzen. Bejondaiela!

Ekimen honen berri bihar emango dute bertso-tailerreko kideek, ekainaren 2ko Kabigorriko bertso gauean.

joxemari ibilbidea

Ekainaren 2an, ikasturteko azken bertso-gaua Kabigorrin

Berezia izango da 2015-2016 ikasturteko Kabigorriko azken bertso-gaua. Hiru urtez jarraian antolatu ditu bertso-gauak Irunabarrek, Irungo bertsoaren bilguneak, eta 27.a izango da datorren ostegunekoa. Antolakuntza elkarlanean burutu izan dugu, Kabigorri Bidasoaldeko Ateneophoto_2016-05-08_15-29-08arekin batera, eskurik esku, eta inguruko bertsolarien borondate onari esker, bistan da, prest egon izan baitira afari-truke kantura etortzeko. Hala ere, Kabigorrira kantura etorri diren bertsolari zahar zein gazteek, guztiek azpimarratu dute zeinen plaza ederra, erosoa eta esker onekoa den Kabigorrikoa; hori, inongo zalantzarik gabe, ez da Irunabarren meritua, saio oro bildu zareten entzuleena baizik; ostegunero nahiz tarteka hurbiltzen zareten guztiona. Mila esker.

Horiek horrela, azken bertso-gau honetara etortzeko deia egiten dizuegu beste behin ere, zuen gustukoa izango den saioa prestatzen saiatu baikara. Bertsolariak, honakoan… Joxe Juan Oiarzabal “Gurdiya”, Egoitz Zelaia, Abel Zabala, Alaia Martin, Haritz Casabal, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa”, Patxi Castillo, Julen Zelaieta, Gotzon Aizpiolea, Beñat Gaztelumendi, Ando20160211_195824ni Zelaia, Xabier Isasi, Aitor Errazkin, Exteban Martiarena, Iñigo Ugarte eta Urko Casado izango dira.

Bertsolari hauek guztiak gobernatzeko bi lagunen premia izan dugu oraingoan: Oinatz Mitxelena eta Eneko Sanchez arduratuko dira gaiak jartzeaz, Txingudiko Bertso Eskolako partaideak biak. Bertso jarriak, aldiz, Txingudiko Bertso Eskolako bertso-tailerreko lagunen eskutik helduko zaizkigu.

Anima zaitezte, beraz, ekainaren 2an, arratsaldeko 19:30etarako prestatu dugun bertsoaren festa handi honetara. Zuentzat da, entzuleentzat, merezi baituzue hainbeste. Ez dakigu zer irtengo den honetatik guztitik, hori ere egia da, baina… ez duzue jakin gabe geratu nahiko, ezta?

Mila esker beste behin ere guzti-guztioi hirugarren urtez jarraian, eta ostegunera arte!!!

Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea.

 

Maiatzaren 5ean, Kabigorriko bertso-gaua

Hilaren bostean izango da 2016ko maiatzeko bertso gaua. Beti bezala, 19:30etatik aurrera, Peña kaleko lehendabizikoan. Honako honetan, bertso jarriak Abel Zabala irundarrak kantatuko ditu, eta oholtza gainean Urko Casado astigartarra, Manu Goiogana irundarra, eta Lesakatik Manolo Arozena eta Juan Mari Lopez izango ditugu (Goizuetako eta Oiartzungo semeak, azken bi hauek, baina Lesakara ezkonduak eta aspaldi luzean bertan bizi direnak). Lau bertsolari hauei gaiak jartzen Karlos Aizpurua oiartzuarra ariko da. Punta-puntakoa maiatzeko bertso-gaua ere, beraz!

Gogoan izan saioa eta gero Kabigorrik bertan afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen digula denoi.

This slideshow requires JavaScript.

Azken bertso-trukea!!! Txingudi-Goierri (2016-04-16)

IMG-20160406-WA0000Txingudiko taldeak Txingudi-Goierri bertso-trukea antulatuta amaitutzat joko du, aurtengoz, behinik behin, bere Bertsotruk-a. Azken saioa izango da, beraz, gure eskualdeko bertso eskolakoontzat. Horiek horrela, Antxeta Irratia eta EKT gehitu zaizkigu saio honen antolaketan, eta luxua da hori guretzat; bertsolaritza herrian hedatzen laguntzen, eskualdeko irratia eta Bidasoako EKT izango ditugu, beraz; eta saioaren berri ematen laguntza ematen, gainera, beste hainbat eta hainbat lagun. Zer gehiago eska dezakegu guk? Pozik gaude, bistan da; eskerrik asko guztioi.

Antxeta Irratiko lagunek kartelaren diseinuaren, sarreren salmentaren eta antolakuntza mailako beste hamaika konturen ardura hartu dute (Antxeta Irratiaren proiektuak 15 urte bete ditu aurten, eta ekitaldiz josi nahi izan dute urtea; tartean, bertso-bazkari hau bera); EKT-k elkartearen egoitza bera eskaini du saioa antolatzeko, eta otorduaz eta zerbitzua antolatzeaz arduratuko da, besteak beste. Irunabarrekook bazkal osteko bertso saioren kargu egin gara gehienbat, baina baita EKT-ko zein Antxetako eragileekin elkarlana sustatzeaz ere.

Eskualde mailako elkarteen arteko elkarlan horrek gutxitan eman du emaitza txarrik gurean, eta horrek konfiantza ematen digu eskutik lanean dihardugun hiru elkarteoi. Izan ere, aski ongi dakigu gure ardura dela goierritarrak gurean eroso eta gustura senti daitezen, etxean bezala, eta etxean bezala senti daitezen nahi dugu, bistan da, saioa-entzun asmoz gerturatuko diren bazkaltiar guztiak ere.

Ez da helburu makala, baina gure aldetik daukagun guztia ematera goaz, eta hori beti izan dugu jendearen esker ona jasotzeko berme.

Anima zaitezte guztiok bertso-bazkari honetan parte hartzera. Jakingarri guztiak kartelean dituzue. Eta kontuan izan, bazkaria 14:00etan hastekoa bada ere, 13:00etik aurrera izango dela zabalik EKTko taberna, eta trikitilariak izango direla zain, zuei guztioi harrera egiteko. SARRERAK, Irungo Sunbilla eta Hazia eta Hondarribiko Itxaropena tabernetan salgai, 15 €an!

Goza dezagun!

 

Joxe Mari Lopetegiri buruzko HITZALDIA (2016-04-13)

lopetegiTxingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerrak HITZALDIA antolatu du Joxe Mari Lopetegiri buruz, datorren asteazken honetarako (2016-04-13), Oiasso Irungo Erromatar Museoan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Joxan Elosegi idazle eta itzultzaile irundarrak emango du hitzaldia. Izan ere, berak idatzia da Joxe Mari Lopetegi, Errepublikanoen bertsolaria liburua (Paper Hotsak, 2004).

Bertso-tailerra lanean, Joxe Mari Lopetegi gogoan

joxe mari lopetegi ixeritaTxingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerreko kideak Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarra zenaren bizitza eta bertsogintza aztertzen aritu dira 2015eko urritik hona, eta jarduera multzo interesgarria prestatu dute, hura nor izan zen herritar guztioi azaltzeko asmoz.

Apirilaren 9an, larunbatarekin, Bertso-tailerreko kideek Irungo Udal Liburutegian prentsaurreko bat ematea zuten helburu, baina post hau argitaratutako unean horretarako baimenaren berririk ez dutenez oraindik, hedabideei prentsa ohar bat bidalita konformatu beharko dutela dirudi.

Jakin dugunez, prentsaurreko horretan eman nahi zuten ikasturte osoan zehar egindako lanaren berri, eta Joxe Mari Lopetegi bertsolaria ezagutarazteko osatu duten egitaraua herriari aurkeztu, bide batez.

Post honen bidez, beraz, jakinarazi nahi dizuegu Bertso-tailerreko kideek prestatutako ekimen guztien berri jarriko dugula Irunabarreko blog honetan.

Erne egon, beraz, laster hasiko baikara jarduera guztiei buruzko berri ematen.

Bien bitartean, ongi izan.

IRUNABAR, Irungo bertsoaren bilgunea
Talde eragilea.

Post Navigation