Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Berriak”

BERTSOKANTAURI’14 maiatzaren 31an, Higeralde Landa Etxean

Maiatzaren 31an izango da aurten BERTSOKANTAURI, laugarren urtez jarraian.

Goizeko saioa, urtero bezala, Higeralde Landa-Etxean izango da (Hondarribia). Bertan, jatekoa, edatekoa, musika (DJ Aristi), txalapartariak (tu ku tun txalaparta taldea) eta bertso saioa Anjel Mari Peñagarikano eta Andoni Egañarekin; gaiak jartzen Koldo Emery ariko da.

Gainera, aurtengoan, zozketa antolatuko dute Higeralden. Txosnan kontsumitutako jaki edo edari bakoitzeko zenbaki bat banatuko dute, eta goizeko bertso saioa eta gero egingo dute zozketa, Higeralden bertan:

1.go saria: gau bat Higeralde Landa Etxean, gosari eta guzti.

2. saria: Etxeko jaki eta edariarekin osatutako saskia.

Higeraldeko goizeko zita libre da bertaratu nahi duen ororentzat, bertso bazkarirako sarrera erosten dutenentzat zein erosten ez dutenentzat. Hala ere, antolakuntzako kideek mesedez eskatzen dizuete autoz igotzen zaretenoi, “kanpotiro”-ko parkina balia dezazuen, eta autoak Higeralderaino ez igotzea. 350 m besterik ez daude “kanpotirotik” Higeraldera.

Higeralden amaitu ostean, bertso bazkaria izango da Hondarribiako Klink Elkartean. Bazkarirako sarrerak 25 € balio du. Erreserbak bertsokantauri@gmail.com helbide elektronikoan egin ditzakezue, zuen izen abizenak, harremanetarako telefono bat eta zenbat lagun izango zareten argi eta garbi adieraziz (antolatzaileak jarriko dira zuekin harremanetan gero, diru-txartelen trukea egin edo hitzartzeko). Bestela, sarrerak 605 74 64 80 (Ander) telefonora deituta ere har daitezke.

Hona iazko irudiekin antolatzaileek prestatutako promozio bideoa.

 

Kabigorriko bertso gaua, maiatzaren 8an

Hileko lehen ostegunean antolatzen dugu beti Kabigorriko bertso gaua. Maiatzean, ordea, langilearen eguna dela eta, bigarrenera atzeratu dugu, baina bertan da dagoeneko maiatzaren 8a. Arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Jon Martin, Iker Gorosterrazu, Maddi Sarasua eta Karlos Aizpurua ariko dira bertsotan, Abel Zabalaren aginduetara.

Gogoan izan saio ostean afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela Kabigorrik. Aprobetxa dezagun, beraz!

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

Izan ongi!

This slideshow requires JavaScript.

 

BERTSOKANTAURI’14

Bertsokantauri_2014Maiatzaren 31an izango da aurten BERTSOKANTAURI, legunarte bilduan antolatua baina publiko zabalari eskainitako bertso-ekimen herrikoia. Goizeko saioa, urtero bezala, Higeralde Landa-Etxean izango da (Hondarribia). Bertan, jatekoa, edatekoa, musika, bertso saioa eta urtero gisa, sorpresaren bat edo beste izango da, ziur. Higeraldeko goizeko zita libre da bertaratu nahi duen ororentzat.

Higeralden amaitu ostean, bertso bazkaria izango da Hondarribiako Klink Elkartean. Bazkarirako sarrerak 25 € balio du. Erreserbak bertsokantauri@gmail.com helbide elektronikoan egin ditzakezue, zuen izen abizenak, harremanetarako telefono bat eta zenbat lagun izango zareten argi eta garbi adieraziz (antolatzaileak jarriko dira zuekin harremanetan gero, diru-txartelen trukea egin edo hitzartzeko). Aurreko ekitaldietan ez bezala, aurten zozketa bidez kategoriko opari parea banatuko dela esan digu txoritxo batek.

Andoni Egaña eta Anjel Mari Peñagarikano izango dira bertsotan, eta Koldo Emery ariko da gai jartzaile lanetan. Hona iazko irudiekin antolatzaileek prestatutako promozio bideoa.

 

 

Irungo eskolarteko I. bertso-paper lehiaketa

Idatz itzazu bi bertso nahi duzun neurri eta doinuan post honetara ekarri ditugun lau argazkietatik bat gaitzat hartuta. Doinuaren izena zehaztea ezinbestekoa da. Ondoren, bidal iezazkiguzu bertsoak irunabar@gmail.com helbide elektronikora, argi eta garbi adieraziz zein diren zure izen-abizenak, eskola eta maila.

4 argazkiak_irungo eskolarteko lehenengo bertso paper lehiaketaAnima zaitezte, sari politak baitaude irabazleentzat!

Oinarriak:

‘Tabernaren epelean hilero puntuka’

Azken postean Mikel Garcia kazetari irundarrak bere Jendartean blogean idatzitako artikulu baten berri eman genizuen. Honako honetan, aldiz, Argia aldizkariaren 2401. zenbakian (2014-02-02) argitaratutakoa eskaini nahi dizuegu, labetik atera berritan: “Tabernaren epelean hilero puntuka”.

Mikelen hitzak probestuko ditugu otsailaren 6an, hileko lehen ostegunarekin, Kabigorrin topatuko duzunaren berri emateko: “Hilabeteko lehen ostegunean, hitzordua du Bidasoaldeko bertsozaleak: lagun giroan, eserita nahiz zutik, barraren aldamenean edo mahaian jesarrita, ordu eta erdi inguruko saioaz goza dezake Kabigorri tabernan (Irungo Mosku auzoan). Barreak, txaloak, garagardo tragoak eta doinu arin nahiz sakonak nagusi dira hilero, …”

Bejondaikela, Mikel, eta mila esker beste behin ere.

‘Kultura zerbezaren truke. Bi kultur eredu eta proposamen bat’ artikulua

Mikel Garcia Idiakez kazetari irundarrak Kultura zerbezaren truke. Bi kultur eredu eta proposamen bat artikulua idatzi du bere Jendartean blogean, ostegunetako Kabigorriko bertso-gauei erreferentzia zuzena eginez.

Eskerrik asko, Mikel, eskainitako arretagatik. Ea ostegun honetan ere Kabigorrin elkar ikusten dugun!

Ostegunetako Kabigorriko bertso gauak (otsailak 6)

Kaixo, denoi.

Gainean dugu dagoeneko otsaileko Kabigorriko bertso gaua. Otsailaren 6an izango da, Peña kaleko 1 zenbakian dagoen Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera.

Honakoan Aitzol Barandiaran, Amaia Elizagoien, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Iñigo Ugarte bertsolariak ariko dira kantuan. Gai-jartzaile lanetan Egoitz Zelaia ariko da.

Gogoan izan saio ostean afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela Kabigorrik. Aprobetxa dezagun!

This slideshow requires JavaScript.

Ostegunetako Kabigorriko bertso gauak (2014ko urtarrila)

Urte berri on, denoi.

2014a ongi hasteko, hona aurtengo Kabigorriko lehen bertso-gauaren berri, urtarrilaren 9an ospatuko duguna, ostegunarekin.

Arratsaldeko 19:30etatik aurrera izango da saioa, Irungo Kabigorri ostatuan (Mosku), eta bertan Beñat Gaztelumendi (Añorga), Unai Gaztelumendi (Añorga), Amaia Elizagoien (Oronoz-Mugaire) eta Urko Casado (Astigarraga-Hendaia) ariko dira bertsotan. Gai-jartzaile lanetan, Aitor Errazkin irundarra.

This slideshow requires JavaScript.

Bestalde, jakin ‘Gure berts(i)oa – irundarrak bertso kantari’ diskoa Kabigorrin bertan ere izango duzuela salgai, besteak beste. Alerik nahi izanez gero, barran eskatu; 10€ balio du eta disko bikoitza da.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, izan ongi.

Aurten ere Gibeletako aiton-amonekin

Aurten ere, Euskararen Nazioarteko Eguna medio, deia jaso genuen Gibeletako eguneko etxera joan eta bertso-saioa egiteko. Iñigo Ugarte eta Manu Goiogana bertaratu ziren bertsotara, iaz bezalaxe. Aurtengoan, baina, bertsolarien azken agurrekin “kantuak” amaitu baziren ere, “kontuek” ez zuten etenik izan. Izan ere, Aitziber Martiarenak eta bertako entzuleen artean ziren lau amonak (Lourdesek, Mª Luisak, Ferminak eta Paulak) egun hartako kronika osatzeari ekin zioten eta bidali egin digute; irakurtzea merezi duen kronika, ezbairik gabe. Gibeletako eguneko etxeko monitorea da Aitziber, eta bertako aiton-amonekin hainbat ekintza dinamizatzen jarduten du. Bejondeizula, Aitziber; besarkada handi bat, mila esker eta urte askoan!

This slideshow requires JavaScript.

GIBELETAKO EGUNEKO ETXETIK JASOTAKO KRONIKA, EUSKARAREN EGUNEKO BERTSO SAIOARI BURUZ:

Euskararen Eguna ospatzeko bertso saioa modu polita iruditu zitzaien aitona-amonei.

Paulak Manu bertsolaria ezagutzen zuen bere bizilaguna eta ia-ia familiakoa baita.

Fermina guztiz txundituta geratu zen: “No se el vasco pero me encantó y me sorprendió como leían el papel con la palabra escrita y enseguida echaban un verso. En la plaza de mi pueblo, en Idiazabal, durante las fiestas solía haber bertsolaris, y me gustaba ir aunque no entendiese.

Mª Luisa berriz, bertsolari familiakoa dugu; bere Aitona Juan Ignacio Riverak, Oiartzungo jaietan abestu ohi zuen. Aitona-amonek gazteleratik euskarara itzultzeko lana egin behar izan zuten bertsolariei hitz solteak eman aurretik. Eta horretan, Mª Luisa oso abil ikusi genuen, adibidez, palvoron/auxkeia edo crisis/mixeria.

Paula aspaldidanik oso bertsozalea dugu; ez du inoiz hutsik egiten Uztailaren 1eko Irungo Baserritar egunean egiten den bertso kantaldira. Gogoan du oraindik, Albisturreko Baxerri bertsolaria kartzelara eraman zutela Francoren garaian euskaraz abesteagatik.

Lourdesek, nahiz eta aitortu ez dela oso bertsozalea, oso gustura egon zela aipatu digu. Gogoratuz, irribarrea ahoan zuela, polboroi eta Rajoy hitzekin burututako bertsoa: aurten polboroi asko jateko aukera handirik ez dugula izango Rajoyri esker murrizten doazen pentsioekin.

Lauei –Lourdes, Mª Luisa, Fermina eta Paulari— bertsolari ezagunen izenak aipatzerakoan, honako hauek etorri zaizkie burura lehenbailehen: Lizaso, Egaña, Txirrita, Peñagarikano eta Lujanbio. Bertsolaritza txapelketaren finala gertu dugun honetan, Paulak argi du Maialen Lujanbio irabaztea gustatuko zitzaiola, emakumeak ere bertso munduan paper polita egin dezaketela erakusteko.

Hurrengo urtean, Euskararen Eguna ospatzeko ez dute zalantzarik izan lau emakumeek: “Etor daitezela berriz ere, guri arratsalde entretenigarri bat igarotzera”.

Gibeletako eguneko etxeko Lourdesek, Mª Luisak, Ferminak, Paulak eta Aitziber monitoreak ondutako testua.

Nola eskuratu Gure berts(i)oa?

‘Gure berts(i)oa’-ren promozio bideoaren antzekoa jarri dugu martxan, salmenta puntuak eta diskoa eskuratzeko bideak argitu nahi dituena. Arazorik edo zalantzarik izanez gero, jarri gurekin harremanetan blog honen bidez edo irunabar@gmail.com posta elektronikora mezua bidalita.

Post Navigation