Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Berriak”

Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak eta Artiako Lagunak elkarteak antolatutako ekimenean izan ginen [2021-06-06]

Kaixo, bertsozale:

Pasa den ekainaren 6an, igandez, Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak antolatu zuen ekimenean parte hartu genuen.

Bidasoko Irun eta Hondarribi arteko lotura den Mendeluko auzoak duen gabezia bistaratzeko bizikleta martxa izan zen. Jakina da, urteetan bidegorria egingo dutela hitz emanagatik, oraindik ere ez dela halakorik gauzatu. Errepide nagusia da eta bizikletaz aritzeko zailtasun nabarmena dago. Hain zuzen ere, horregatik, antolatu zuten ekimena.

Egun mundiala izan zen. Eguraldi bikainak lagunduta zientoka haur, gazte, nerabe eta heldu batu ziren bertan. Tartean, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko Aitor Errazkin eta Adrian Arruti irundarrak. Ekimenari, helburuari eta bidasoarrei eskaini zizkieten hainbat bertso.

Jarraian, eguneko irudi bat eta kartela.

Baztan-Bidasoko XXXIV. Bertsopaper Lehiaketa. Adrian Arrutik epaimahaiaren aipamena jaso du [2021-06-03]

Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin batera antolatutako Baztan-Bidasoko XXXIV. Bertsopaper Lehiaketako sariak banatu dituzte ekainaren 3an Berako Kultur Etxean.

Lau maila ezberdinetako sortak zenbatuta, guztira 59 lan jaso dituzte. Maila nagusian (18 urtetik gorakoentzat), Eneko Fernandez Maritxalar lesakarra nagusitu da, ‘Egia ur azalera’ bertso-sortarekin. Bigarren saria, Aitor Arotzena Albizu lesakarrak lortu du ‘Endara Bizirik’ lanarekin. Irunabarreko Adrian Arruti Bernadet irundarrak, aldiz, epaimahaiaren aipamena jaso du, ‘Pantailaren bestaldean -Alkoholiko bati jarriak-’ lanarekin.

Albistea hemen.

Zorionak, Adrian!

Jarraian, Arrutiren bertso-sorta eta sari banaketako zenbait irudi:

PANTAILAREN BESTALDEAN

-ALKOHOLIKO BATI JARRIAK-

DOINUA: Mikel Urdangarinen “Kideari

1
Mantxako leku batean,
izenik ez dut oroitzen,
ezer hoberik ezean
kapare zaharra heroi zen.
Zoritxarrean eroritako,
Dultzineak ihes egindako,
On Kixotea izaki,
zu beti gertu erasorako
haize errota bihurtutako
ardo botila huts bati.

2
Bataila galdu ondotik
negar dagi begi biez
berriro egin baitio
duintasunari ihes.
Sekula eza eta inoiza
bereiztearen marra bikoitza
sufritzen duzu sobera!
Denbora nola da hain zikoitza?
Abstinentzian egun bakoitza
zuretzat hilabete da!

3
Urtebetean, zu hamar
urte zahartu ondoren,
ez dakizu ongi nola
urtebete igaro den.
Ezin baduzu zintzurra blaitu,
zure bizitzak zentzu bat baitu;
deus gabe uzten zaitu zu.
Bakardadeak zahartu zaitu
nahiz bizitza ez zaizun amaitu
zuk amore eman duzu.

4
Cirque du Soleil-en artistak
izaten dira nagusi
baina zu bezalakorik
ez dut sekula ikusi.
Jartzen duzu oin bat esperantzan
eta bestea dudan, zalantzan…
Bizi baitzara ezbaian.
Funanbulisten gisara dantzan
abstinentzien sokan balantzan;
aldiro erori nahian.

5
Eta erori ondoko
goizak orduak batzean
bizilagunek topatzen
zaituzte eskaratzean.
Etxera bueltan in itinere
gorpu istripu bat alafede…
Edateko zer bertute!
Zu beti prestu, zu beti trebe
zerorren ama saltzeko ere
baxoerdi baten truke.

6
Humphrey Bogart bilakatu
asmotan ari zarela
ginebra duzu eskutan
merkea bezain epela.
Horma eskatzen duzu zuk eta
besteok jotzen dugu pareta
zerorrek baino gehiago.
Edalontzia erdi beteta
ikusten duzun arren tarteka
beti erdi hutsa dago.

7
Burua garai onetan
eta Casablancan oinak
Parisen geratu dira
zakurrak eta zikoinak.
Hegazkin hura jada joan zen
ordea zu ez zara ohartzen…
Hegan egiten baituzu.
Beraz has zaitez norantza jartzen
ez baduzu zuk garaiz lur hartzen…
Lurrak hartuko zaitu zu.

8
Pelikula klasikoen
melodramako aktore,
baina Mr. Hyde oro zen
behinola Jekyll doktore.
Rola sinetsi duzunez gartsu
Stanislavski metodoak zu
irensten zaitu gauean.
Papera behingoz utzi ezazu
zure bizitza zain baitaukazu
pantailaren bestaldean.

Hemen sorta Makalo Jauregik musikatuta.

M-1 Langileon Nazioarteko Eguna [2021/05/01]

Larunbatean, maiatzaren 1ean, Oarso-Bidasoko LAB Sindikatuak eta Ezker Abertzaleak elkarretaratzea antolatu zuen Oreretan. Bertan, Langileon Nazioarteko Egunez, manifestaldia egin zuten herriko kale nagusienetatik igarota eta Zumardian bukatu zuten. Hitzartze politiko bakoitzaren aurretik, Txingudiko Bertso Eskolako Adrian Arruti Bernadetek bertsoak bota zituen. Horiekin, bertso sorta ondu eta Iker Eizagirre “Xufi” eta Iban Clementerekin batera musikatu egin zituzten.
Jarraian bertan bildutako bertsoen transkripzioa, eta LAB Sindikatuak bildu diren argazkiekin eta sortarekin argitaratu duen bideoaren esteka:

BERTSO BERRIAK, 2021eko M1ari JARRIAK
[Doinua: Ai hori begi ederra I]

1
Kaixo, lagun agurgarri,
zaurgarri zein ez zaurgarri,
ezinbesteko euskarri.
Pasa ondoren urtebetetik
gora egun errukarri
ikasturteko aldarri
batzuk harturik oinarri
hona zenbait bertso jarri:


2
Bistan da gaurko eguna,
zientoka aldarriduna,
ezin besteko duguna!
Baina falta da lagun ugari,
bada gauza ezaguna:
preso daukaten laguna
zein zendu egin zaiguna
guztiei agur kuttuna!


3
Zaintzarena zer langintza!
Gau eta egun dabiltza
ez sostengu, ez plangintza.
Elkar menpeko baldin bagara
elkar zaintzea da giltza!
Auzolana, herrigintza;
erdigunean bizitza…
Hori da lehen baldintza!


4
Erizain edo mediku
guztiek a zer meritu
lanak ez ditu gelditu.
Inoiz uretan sartu ez eta
orain SURFean aditu!
Uholdea da handitu
jada lau olatu ditu…
Eta ez dira ahitu!


5
Pentsiodunek zer orbain
jada hiru urtez bikain
lana eginagatik zain!
Hainbeste eman digute eta
ez al da hainbeste dohain
bueltan guk emateko lain?
Bizitza ez denez dohain
pentsio duinak orain!


6
Behin ikasteari laga
ostean hasten da traba,
hori normala al da ba?
Prekarietate gordinenean
baitabil gazte bailara!
Eta gu, gazteok, jada
etorkizuna bagara
lana beharrezkoa da!


7
Inoiz ez da topikoa
krisi sistematikoa
dela sintomatikoa.
Kapitalaren erasoa ez
baldin bada begikoa
landu mira kritikoa,
sozio-politikoa
eta tokiz tokikoa.


8
Peraltako Baratzea,
Tubacexen oinazea,
Aiararen loratzea.
Garbitzaile zein jangeletako
andreen esku hartzea,
ostalarien batzea,
langileen oldartzea…
Hori da hori klasea!


9
Pentsiodun burkidea,
fabrikako lankidea,
gaztetxo ikaskidea,
garbitzen edo zaintzan aritzen
den gertuko senidea…
Berdin da ogibidea
ikusirik deklibea…
Argi da zein den bidea!

Etxez etxeko zaintzaileen eguna [2021-03-30]

Joan den larunbatean, martxoaren 27an, Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea antolatu zuen San Juan plazan. Bertan, martxoaren 30an etxez etxeko zaintzaileen nazioarteko eguna dela erreferentzia harturik, performancea egin zuten. Pentsiodun baten etxeko egongela irudikatu zuten eta bere bakardadea bistaratu. Ondoren, sektoreak nozitzen dituen gaitzen gaineko irakurketa burutu zuten eta Txingudiko Bertso Eskolako Adrian Arruti eta Maddi Sanz kideek bertso sorta musikatu zuten.
Jarraian bertan bildutako bertsoen transkripzioa eta Gari Garaialde argazkilariak jasotako irudiak:

BERTSO BERRIAK, ETXEZ ETXEKO ZAINTZAILEEI JARRIAK
[Doinua: Gogoan daukat ez du aspaldi]

1
Hasi aurretik etxe zaintzaile
denei agur beroenak
lan egoera zein dela ere
gogor lan egin dutenak.
Gureak egin nahi genituzke
zientoka lagunen penak
sektorekoak diren enpresak
prekario dauzkatenak
baina oraindik gehiago dira
kontratu gabe daudenak!

2
Saldu gisara ez ote zen ba
pagotxaren mundua hau?
Zenbat langile aritzen ote
da ez hitzarmen, ez arau?
Txanpon batzuen truke lanean
izan egun zein izan gau…
Zaurgarri dena zaurgarri zainduz
zazpi bider hogeitalau!
Sostengu gisa sostengu gabe;
injustiziak hor dirau!

3
Gure sistema merkatua da.
Gordina bezain krudela.
Suntsitu behar dugun piztia
ezin da izan bestela.
Ohar gaitezen aurrera pauso
garaia iritsi dela:
etxeko zaintzan, zahar-etxeko
zaintzaileekin bezela,
negozioa egiteari
utzi diezaiotela!

4
Historikoki emakumea
zapaldu dugu sobera
lan merkatura jauzi eginda
makina bat gorabehera.
Lanetik irten etxean lana
eta berriro lanera
gizarteak du zorra zuekin,
eta galanta gainera!
Beste izenik ezin du izan
zor patriarkala deitzen da!

5
Zaintza sistema merkatuaren
jarduerak bahitu du
eta gaur hori salatzea da
hemen gaudenon helburu.
Pausorik pauso, pauso txikika,
pauso motz; pauso seguru
elkar zaintzeko sare publiko
integrala behar dugu!
Guk zaintzaileak zaindu ezean
nork zaindu behar gaitu gu?

‘Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean’ lanak eskuratu du 2020ko Jose Antonio Loidi beka

Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin irundarrek XIX. mendean izan zen bertso produkzioa eta haien protagonista nagusiak ezagutarazi nahi dituzte.

Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin irundarrek eskuratu dute 2020ko Jose Antonio Loidi Ikerketa Beka,  Bertsoak eta bertsolariak Irunen XIX. mendean lanarengatik. Aste honetan eman du horren berri Miren Etxebeste ordezkariak, bikotearekin batera eskainitako agerraldian.

Beka honi esker 9.000 euro jaso ditu bikoteak, eta ikerketa lana amaitzeko hamabi hilabeteko iraupena izango du.

Lan honekin bereziki Irunen XIX. mendean izan zen bertso produkzioa eta haien protagonista nagusiak ezagutarazi nahi dituzte, hau da, bertsolariak eta bertso jartzaileak, bertsoen nolakotasuna zehaztuz eta aurkeztutako bertso sorta bakoitzaren testuingurua aurkeztuz.

Gaur arte iritsi diren bertsoez eta bertso sortez ariko dira ikerketa lanean, idatzien bitartez iritsitakoak, artxiboetan lortutakoak, autoreen bildumetan aurkitutakoak edo prentsan zein liburuetan miatutakoak. Halere, bikote ikerlariak ez du baztertzen zuzeneko komunikazioetatik ahozko bertso edo sorta bat jasotzea.

Finean, Irungo bertso ondarea «ahalik eta modu ulergarrienean» aurkeztea da bien asmoa, eta haren garrantziaz jabetzeko beharrezkoak diren burubideak behar bezala finkatuko dituzte.

Orain arte inork ez du XIX. mendeko Irungo bertsolaritzaren gaineko bildumarik egin, eta horixe izango da ikerlarien zeregin nagusia.

Bikote ikerlaria
Joxan Elosegi Arregi (Irun, 1955) filologian lizentziatutakoa da, eta euskara irakaslea eta itzultzaile lanetan dihardu. 2004. urtean Joxe Mari Lopetegi, errepublikanoen bertsolaria izeneko liburua argitaratu zuen, bertsolari irundarraren lana ezagutarazteko asmoz.

Bestalde, Aitor Errazkin Vicente (Irun, 1977) Lehen Hezkuntzan graduatua eta Hezkuntza Testuinguru Multikultural eta Eleaniztunetan Unibertsitate Masterduna da. Horrez gain, bertsolaria da eta egun Irungo AEKn euskara irakasle gisa dabil, baita Mondragon Unibertsitatean ere. Irunabar eta Txingudiko Bertso Eskolako kidea da.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/2021/01/27/joxan-elosegi-eta-aitor-errazkinek-eskuratu-dute-2020ko-loidi-beka/

2020ko Xilabako Bertsulari Txapelketa aurrera doa

Kaixo, bertsozale:

2020ko Xilabako Bertsulari Txapelketa aurrera doa eta Txingudiko Bertso Eskoletako kideak ere bai. Irailaren 19an egin zuten lehen saioa Hiriburun. Orduan Irati Alcantarilla eta Egoitz Zelaia aritu ziren eta hurrengo faserako sailkatzeko adina puntu eskuratu zituzten. Bi aste beranduago, Ainhoan aritu zen Iker Altuna eta honek ere saio ederra erdietsi zuen. Hurrengo kanporaketan izango da bera ere.

Final herenak asteburu honetan hasiko dira, urriaren 17an, Senperen. Bertan arituko da kantuan Irati Alcantarilla. Iker Altuna eta Egoitz Zelaia saio berean egokitu dira, urriaren 24an, Sohütan.

Bestalde, Epaile taldean dauzkagu Zuhaitz Olazabal eta Abel Zabala. Lehen kanporaketan biak aritu ziren epaile lanetan, bigarren honetan, ordea, Zuhaitz Olazabal arituko da, eta Abel batuko zaio aurrerago berriz.

Animo, denei eta zorte on!

Berri eguneratuak https://www.bertsozale.eus/eu/xiberoa-lapurdi-baxenabarre/xilaba-2020 webgunean.

Kabigorriko Bertso-Gauak hemen dira, berriz!

Izurritea medio, aurtengo martxoko itxialditik daramagu Kabigorriko Bertso-Gaurik antolatu gabe. Osasun egoera alde ez badugu ere, 2020-2021 ikasturtea hastearekin batera bertso gauak antolatzen berritik hasteko hautua egin dugu Kabigorrik eta Irunabarrek.

Legeak eta segurtasun arauak aldatu bitartean, aforo mugatua izanen dute saioek. Gehienez 40 pertsona sartu ahal izanen da saio bakoitzeko. Sarrerak barran izanen dituzue eskuragarri.

Behar bezala aritzeko guztion laguntza ezinbestekoa izango da: errespeta ditzagun unean uneko eta tokian tokiko osasun neurriak. Horren baitan izango baita, hein handi batean, bertso-saioak antolatzen jarraitu ahal izatea edo ez.

Lehen saioa Urriaren 8an, ostegunez, egingo da. Saioa 19:30ean hasiko da, eta kantuan, Odei Barroso Gomila, Izarne Zelaia Arratibel, Iker Altuna eta Maddi Sarasua Laskarai ariko dira. Gai-emaile lanetan Aitor Errazkin Vicente eta bertso-jarriekin Adrian Arruti Bernadet.

Bailarako hedabideekin elkarlanean, beste ikasturte batez

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2020/21 hau bigarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 4. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabeteko lehen aldizkarian argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Azkenik, Antxeta Irratitik zabaltzen den “Kabitik” irratsaioa aipatu behar dugu. Beñat Elosegik eta Gotzon Aizpioleak gidatutako irratsaioa da, eta Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan izurritearen aurretik hilero antolatzen genituen bertso-gauen laburpena eskaintzen zuen. 2020-2021 ikasturtean bertso-saio horiek antolatzeko aukerarik baldin badugu, “Kabitik” irratsaioak ere bide egingo du, eta ekarriko ditugu webgunera.

2020 – 2021 ikasturteko izen ematea zabalik

Kaixo, bertsozale:

Iritsi da iraila eta harekin batera ikasturte berria. Txingudiko bertso-eskolan izena eman nahi baduzu, oraintxe duzu aukera, hastear baita 2020-2021 ikasturtea.

Bistan da martxoaz geroztik gurean zabaldu den izurriteak arazo bailara eragin duela edozein jarduera egin ahal izateko. Hala eta guztiz ere, aurten ere ekingo diogu ikasturteari. Behar bezain beste segurtasun neurrirekin, noski.
Galdera edo zalantzarik baldin baduzu, irunabar@gmail.com posta helbidera idatz dezakezu lasai asko, edo taldeetako arduradunen baten telefono zenbakira hots egin.

TALDEAK:

1.- GAZTETXOEN taldea: (eguna zehaztu gabe dago oraindik), 17:00-18:00; Bidasoko AEK Irungo Euskaltegian. Harremanetarako: (0033) 617 57 33 99 -Irati-.

2.- BAT-BATEAN I taldea: astelehenero, 19:00-21:00, Hendaiako Enbata gaztetxean. Harremanetarako: (0034) 669 36 65 89 -Egoitz-.

3.- BAT-BATEKORAKO HASTAPENAK taldea: (eguna zehaztu gabe dago oraindik), 19:00-21:00; Bidasoako AEK Irungo Euskaltegian. Harremanetarako: (0033) 617 57 33 99 -Irati-.

4.- BAT-BATEAN II taldea: ostegunero, 19:30-21:30; Hondarribiko Jaizubia auzoko auzo-elkartean. Harremanetarako: (0034) 690 06 58 26 -Abel-.

5.- BERTSO TAILERRA: hamabostean behin, 19:00-20:30; Hondarribiko Muara elkartean. Harremanetarako: (0034) 685 72 75 39 -Aitor- / (0034) 638 32 69 70 -Adrian-.

Hondarribiko Gaztetxean bertso saioa [2020-03-06]

Kaixo, bertsozale:

Hondarribiko Gaztetxean dabiltzanak botako dituztenez, bertako dinamizatzaileek bertso saioa antolatu dute heldu den ostiralerako. Martxoaren 6an izango da saioa eta iluntzeko 20:00etan hasiko da. Bertan ariko dira kantuan, Jon Gurrutxaga azpeitiarra, Aitor Sarriegi beasaindarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra. Gaztetxean egitea aurreikusi duten arren, aldez aurretik kaleratuko balituzte, Olagarro elkartean egingo lukete saioa.

 

 

Post Navigation