Baztan-Bidasoko XXXIV. Bertsopaper Lehiaketa. Adrian Arrutik epaimahaiaren aipamena jaso du [2021-06-03]
Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin batera antolatutako Baztan-Bidasoko XXXIV. Bertsopaper Lehiaketako sariak banatu dituzte ekainaren 3ean Berako Kultur Etxean.
Lau maila ezberdinetako sortak zenbatuta, guztira 59 lan jaso dituzte. Maila nagusian (18 urtetik gorakoentzat), Eneko Fernandez Maritxalar lesakarra nagusitu da, ‘Egia ur azalera’ bertso-sortarekin. Bigarren saria, Aitor Arotzena Albizu lesakarrak lortu du ‘Endara Bizirik’ lanarekin. Irunabarreko Adrian Arruti Bernadet irundarrak, aldiz, epaimahaiaren aipamena jaso du, ‘Pantailaren bestaldean -Alkoholiko bati jarriak-’ lanarekin.
Albistea hemen.
Jarraian, Arrutiren bertso-sorta eta sari banaketako zenbait irudi:
PANTAILAREN BESTALDEAN
-ALKOHOLIKO BATI JARRIAK-
DOINUA: Mikel Urdangarinen “Kideari”
1
Mantxako leku batean,
izenik ez dut oroitzen,
ezer hoberik ezean
kapare zaharra heroi zen.
Zoritxarrean eroritako,
Dultzineak ihes egindako,
On Kixotea izaki,
zu beti gertu erasorako
haize errota bihurtutako
ardo botila huts bati.
3
Urte betean, zu hamar
urte zahartu ondoren,
ez dakizu ongi nola
urte bete igaro den.
Ezin baduzu zintzurra blaitu,
zure bizitzak zentzu bat baitu;
deus gabe uzten zaitu zu.
Bakardadeak zahartu zaitu
nahiz bizitza ez zaizun amaitu
zuk amore eman duzu.
5
Eta erori ondoko
goizak orduak batzean
bizilagunek topatzen
zaituzte eskaratzean.
Etxera bueltan in itinere
gorpu istripu bat alafede…
Edateko zer bertute!
Zu beti prestu, zu beti trebe
zerorren ama saltzeko ere
baxoerdi baten truke.
7
Burua garai onetan
eta Casablancan oinak
Parisen geratu dira
zakurrak eta zikoinak.
Hegazkin hura jada joan zen
ordea zu ez zara ohartzen…
Hegan egiten baituzu.
Beraz has zaitez norantza jartzen
ez baduzu zuk garaiz lur hartzen…
Lurrak hartuko zaitu zu.
2
Bataila galdu ondotik
negar dagi begi biez
berriro egin baitio
duintasunari ihes.
Sekula eza eta inoiza
bereiztearen marra bikoitza
sufritzen duzu sobera!
Denbora nola da hain zikoitza?
Abstinentzian egun bakoitza
zuretzat hilabete da!
4
Cirque du Soleil-en artistak
izaten dira nagusi
baina zu bezalakorik
ez dut sekula ikusi.
Jartzen duzu oin bat esperantzan
eta bestea dudan, zalantzan…
Bizi baitzara ezbaian.
Funanbulisten gisara dantzan
abstinentzien sokan balantzan;
aldiro erori nahian.
6
Humphrey Bogart bilakatu
asmotan ari zarela
ginebra duzu eskutan
merkea bezain epela.
Horma eskatzen duzu zuk eta
besteok jotzen dugu pareta
zerorrek baino gehiago.
Edalontzia erdi beteta
ikusten duzun arren tarteka
beti erdi hutsa dago.
8
Pelikula klasikoen
melodramako aktore
baina Mr. Hyde oro zen
behinola Jekyll doktore.
Rola sinetsi duzunez gartsu
Stanislavski metodoak zu
irensten zaitu gauean.
Papera behingoz utzi ezazu
zure bizitza zain baitaukazu
pantailaren bestaldean.