“Xapoketa”. Andoni Zelaia Otañoren bertsoak, Bidasoko Hitzan.
XAPOKETA
Doinua: Hauxe da ikazketako
Egilea: Andoni Zelaia Otaño
1
Xapoketa heldu da
zer altxor kaxa,
taldean egin edo
norbere kasa,
hartu arnasa,
kolorez hornitua
bere konpasa,
zer den jolasa,
haur eta helduentzat
denbora pasa. (err)
2
Desagertuak nola
desagertzear,
animali sendiak
kondairan zehar,
zenbat eme-har,
bereziak arruntak
lodi ta mehar,
galdu gabe har,
memoria lantzeko
ikasi behar. (err)
3
Zazpi eremuetan
dagoen fauna,
zazpi ekosistema
natur jarduna,
toki kuttuna,
garen eta izana
argi iluna,
zein erresuma,
joko jolas ikasgai
hartu duguna. (err)
4
Ugaztun anfibio
ta narrastiak,
ornogabeak, arrain
ta hegaztiak,
lehor bustiak,
mendi gailurrak eta
itsas azpiak,
non eguzkiak,
goxatu eta indartuz
bizi guztiak. (err)
5
-Iratiko oihana
Behe Nafarroa,
-Uhaitzandi ibarra
da Zuberoa,
lur oparoa,
-Arabako hegoan
mendilerroa,
haize harroa,
-Bardeak basamortu
nafar erroa. (err)
6
-Lapurdi itsasbazter
itsaslabarra,
-hareatza padura
Urdaibai marra,
txoko edarra,
-Ggipuzkoan Aizkorri
artzain iparra
lanbide zaharra,
txalaparta oihartzun
berdin adarra. (err)
7
Eguzki hego haize
euri elurte,
naturaren zikloek
mintzatzen dute,
zenbat ezuste,
unibertso garbiak
onura luke,
zaborran truke,
ortzi oskarbiaren
izar arkupe. (err)
8
Buru begien dantza
xarma ikara,
natur-kume artean
aurkitzen gara,
aukera bat da,
Euskal Herrian zehar
auzo bailara,
xapoketara,
gure ekositeman
landuz euskara. (err)
Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/andoni-zelaia-otano-xapoketa/
Jaitsi audioa