Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Besterik”

Irunero eta Irunabar, elkarlanean.

2017-2018 ikasturte honetan elkarlan interesgarri askoa abiatu dugu Irungo Irunero tokiko aldizkariarekin:

“Irunerorekin elkarlana

Ikasturte berriarekin batera, beste ekimen bati heldu dio Irunabarrek, Irunero aldizkariarekin elkarlanean. Hilean behin, bertso sorta bana idatziko du elkarteko kide batek. Ilusioz hartu dute erronka elkartean: “Antolakuntza bat eskatzen du, konpromiso bat. Baina animatuta gaude, gustura hartu dugu”. Gogoratu beharra dago, eskualdeko bertso tradizioaren parte handi bat, tokiko aldizkarietan argitaratutako bertsoei esker jaso izan dela.” (Irunero, 2017ko urria)

Argitaratutako lehen bertso-sorta Abel Zabala irundarrak idatzitakoa izan da; turismoari jarritako bertsoak izan dira Zabalarenak.

TURISMOA

Bertsoak: Abel Zabala

Doinua: Henry Millerri eskutitza (Xabier Lete eta Karlos Gimenez)

1-Udara joan zaigun honetan

udazkena ere badator

egunak eta hilabeteak

joaten baitira bizkor

turismoaren uholde latzak

astindu gaitu gogor

eta iritzia ematera

bertso hauekin nator

 

2-Turistak gora turistak behera

sortu duten harrabotsa

udara berotik joan zaigu

astindu dugu hotza

batzuentzat zer negozioa

zer nolako pagotxa

“guiri”en karterak hustu eta

bete baitute poltsa.

 

3-Turistak errentagarritasun

ona omen dakar berez

beso zabalik hartu behar dira

ta tratatu gizalegez

langileari galdetu behar

nagusiari ordez

prezioak igotzen dituzte

baina soldatarik ez.

 

4-Bat errez konturatu daiteke

joan ezkero Donostira

edozein denda ta tabernetan

inglesak duen distira

euskara hizkuntzaren zerrendan

azkeneko tokira

gure nortasuna indartzeko

lantegi txarrak dira.

 

5-Turismoak berdin kolpatzen du

herria edo hiria

izan daiteke Donosti, Zarautz,

Biarritz, Hondarribia

pisuen espekulazioa

da beste aurpegia

alokatzea edo erostea

nolako miraria.

 

6-Turismo mota honek begira

zer kalte ekartzen duen

adibide batzuk plazaratzen

behintzat saiatu naiz hemen

ereduaren hausnarketa bat

eskatzen dut bederen

neurriak hartu behar baitira

berandu baino lehen.

 

Hemen da 2017-2018 ikasturteko lehen bertso-gaua (2017-10-05)

Urriaren 5ean, ostegunarekin, eta arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan ikasturteko berriko lehen bertso-gaua ospatuko dugu. Unai Agirre hernaniarra, Odei Barroso urruñarra, eta Miren Artetxe eta Egoitz Zelaia hendaiarrak izango dira kantuan. Bertso jarriak, Abel Zabala irundarraren eskutik etorriko zaizkigu, eta Urko Casado astigartarrak egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak.

Gogoan izan Kabigorrik aukera ezinhobea eskaintzen duela behin saioa amaituta afaltzen geratzeko ere.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, izan ongi eta urriaren 5a arte!

This slideshow requires JavaScript.

Kabigorriko bertso-gauak, bosgarren urtez jarraian

2017-2018 ikasturtean ere izango dira Kabigorriko bertso-gauak, Irunabarrek eta Kabigorrik elkarlanean antolatuta, bosgarren urtez jarraian. Orain arte bezala, hileko lehen ostegunean izango dira saioak (jai-egunak direla eta, salbuespenak salbuespen), 19:30etan hasita. 36 bertso-saio antolatu ditugu honezkero, 2013ko urrian hasi ginenetik, eta dena ongi bidean, 45 saio izango dira 2018 urteko ikastaro amaieran guztira antolatutakoak.

Ikasturte honetako lehendabiziko saioa, beraz, urriaren 5ean izango da eta Unai Agirre hernaniarra, Odei Barroso urruñarra, eta Miren Artetxe eta Egoitz Zelaia hendaiarrak izango dira kantuan. Bertso jarriak, Abel Zabala irundarraren eskutik etorriko zaizkigu, eta Urko Casado astigartarrak egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak.

Dena prest, beraz, ikasturte berriari ekiteko.

Hona aurreko 4 ikasturteetan zehar jasotako hainbat argazki:

 

Txingudiko Bertso Eskola: 2017-2018 ikasturteko eskaintza

Hastear da 2017-2018 ikasturtea, eta Txingudiko Bertso Eskolak iazko eskaintza berari eutsiko dio.

(Aldaketak izan daitezke oraindik taldeen egutegi eta ordutegietan)

1.- HAUR ETA GAZTETXOEN BERTSO ESKOLA (hasi berriak eta 14 urte bitarteko gazteak)

  • Eguna: Asteartea
  • Ordua: 17:30-19:00
  • Tokia: Junkal Kalea, 22 (Erromes plaza eta Junkal eliza artean).
  • Arduraduna: Arkaitz Oiarzabal “Xamoa”
  • Lehendabiziko eguna: Urriak 3 asteartea

2.- BAT-BATEKO BERTSO ESKOLA I (Adin guztietako hasiberrientzat)

  • Eguna: Asteartea
  • Ordua: 19:00-20:30
  • Tokia: Junkal Kalea, 22 (Erromes plaza eta Junkal eliza artean).
  • Arduraduna: Aitor Errazkin Vicente (685 72 75 39) eta Egoitz Zelaia Perez (669 36 65 89)
  • Lehendabiziko eguna: Urriak 3

3.- BERTSOLARITZA TAILERRA (Adin guztiak): Bertsogintza ez ezik (bat-batekoa zein idatzizkoa), bertsolaritzaren eta bertsogintzaren bueltako beste hainbat aspektu landuko ditugu. Aurten, iaz abiatutako hainbat egitasmori segida emango diogu, eta Xanti Zabala zenaren aldeko kantaldi-omenaldia prestatzen jardungo gara, batez ere.

  • Eguna: Asteartea
  • Ordua: 19:00-20:30
  • Tokia: Junkal Kalea, 22 (Erromes plaza eta Junkal eliza artean).
  • Arduraduna: Aitor Errazkin Vicente (685 72 75 39)
  • Lehendabiziko eguna: Irailak 19

4.- BAT-BATEKO BERTSO ESKOLA II

  • Eguna: Astelehena
  • Ordua: 18:30-20:00
  • Tokia: Junkal Kalea, 22 (Erromes plaza eta Junkal eliza artean).
  • Arduraduna: Egoitz Zelaia Perez (669 36 65 89)
  • Lehendabiziko eguna: Urriak 2, astelehena

5.- BAT-BATEKO BERTSO ESKOLA III

  • Eguna: Osteguna
  • Ordua: 19:30-21:30
  • Tokia: Jaizubiako auzo-elkartea (Hondarribia)
  • Arduraduna: Abel Zabala Elizazu (690 06 58 26)
  • Lehendabiziko eguna: Irailak 14, osteguna

BERTSO ESKOLAK TXINGUDIKO MUGAZ GAINDIKO PARTZUERGOAK DIRUZ LAGUNDUAK DIRA, ETA HERRITARRENTZAT DOHAINIK DIRA, BERAZ.

Anima zaitez eta izena eman. Ez zaizu damutuko.

Irunabarrek ikasturtea abiatu du (Antxeta Irratia)

 

Bikainak joan ziren Moskuko jaietako bi bertso zitak

2017ko abuztuaren 19an izan zen Moskuko jaietako bertso poteoa. Manu Goiogana irundarrak eta Eneko Abasolo Iurretarrak kantatu zuten, eta aspaldiko triki-bertso-poteo jendetsuenetakoa izan zen. Bertsolariak trikitixa doinuekin laguntzen Itsaso, Gartxot, Jon, Gaizka eta konpainia aritu ziren.

Igandeko saioa ere mundial joan zen. Bertan aritu ziren Igor Elortza, Unai Iturriaga, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Egoitz Zelaia. Gai-emale eta aurkezle lanetan, aldiz, Adrian Arruti aritu zen.

Igauri Lopetegi irundarra Gipuzkoako Eskolarteko txapelketan

Orioko Gure-Etxea Elkartean jokatu zen kanporaketan (2017-03-17) aritu zen kantari Igauri Lopetegi irundarra, eta finalerako sailkatzerik lortu ez zuen arren, saioa eta gero gustura zen irundarra egindako lanarekin. Lopetegirekin batera, honako bertsolariak aritu ziren kantuan: Gontzal Belategi Zubia, Andoni Mujika Izagirre, Ane Peñagarikano Leiva, Julene Iturbe Epelde, Gartxot Ramirez Saralegi, Peio etxabe Arregi eta Ekain Lopez Fraile.

Apirileko Kabigorriko bertso-gaua [2017-04-06]

Apirilaren 6an izango da, ostegunarekin, 2016-2017 ikasturteko 7. bertso-gaua. Gotzon Aizpiolea irundarraren esanetara ariko dira Urko Casado astigartarra, Iñigo Ugarte Gaintxurizketakoa, Odei Barroso urruñarra eta Maialen Akizu urretxuarra. Bertso jarriak, ordea, Uxue Larrukert irundarraren eskutik helduko zaizkigu. Saioa Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan izango da saioa, hilabeteko lehenengo ostegunero bezalaxe, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Saioa eta gero, afaltzen geratzeko aukera bikaina izaten da Kabigorrin. Anima zaitezte!

This slideshow requires JavaScript.

 

Txinguditarrak aurrera Gipuzkoako Herriartekoan

Txingudi I eta Txingudi II taldeak Gipuzkoako Herriartekoan parte hartzen ari dira, eta behin lehen fasea amaituta, Txingudi II taldeak aurrera egitea lortu du. Bigarren faseko lehendabiziko zita Villabonan izango dute txinguditarrek, apirilaren 2an. Bigarrena, aldiz, Hondarribian, Tolosaldeko 26+ taldeari etxean harrera egitea egokitu zaielarik. Apirilaren 8ko saioa Hondarribiko Olagarro elkartean izango da, bertso-bazkari formatuan. Txartelak 15 euroan izango dira salgai. Erosi nahi izanez gero, idatzi irunabar@gmail.com helbide elektronikora, edo hots egin (edo mezua bidali) 685 72 75 39 telefono zenbakira.

Herriarteko lehen faseari buruzko xehetasun gehiago jakiteko:

http://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/herriartekoa/albisteak/herriartekoko-lehen-faseko-azken-saioetan-ere-giro-bikaina

Txingudi II taldeak “Amm…ona” eta “26 +” taldeak izango ditu aurrez-aurre:

 

Txingudi-Algorta bertso-trukeak utzitakoak

bertsotruk logo25 lagun inguru bildu ginen Erlaitz Elkartean Txingudiko Bertso Eskolako eta Algortako Bertsolari Eskolako kideen arteko bertso-trukea entzutera. Ederki bazkaldu genuen, beste behin ere, eta kafeak zerbitzatzearekin batera hartu zuen hitza Adrian Arruti gai-jartzaileak. Kantuan Urko Casado, Abel Zabala eta Iñigo Ugarte Txingudiko Bertso-Eskolatik, eta Kerman Diaz, Paule Loizaga eta Unai Mendiburu, aldiz, Algortako Bertsolari Eskolaren izenean. Saioa polita joan zen, eta bertsolariek umoretik jo zuten Arrutik proposatutako gai gehienei erantzuteko garaian.

This slideshow requires JavaScript.

Txingudi I – Ereñotzu [2017-03-03], Hazia Elkartean (bertso-afaria)

Martxoaren 3an, ostiralarekin, Txingudi I eta Ereñotzu taldeak aurrez-aurre jarriko dituen saioa izango dugu Irungo Hazia Elkartean. Afaldu eta gero izango da bertso saioa, gaueko 23:00etatik aurrera, gutxi gorabehera. Hazia Kultur Elkarteak menua finkatuko du, eta aurrez tokia hartu nahi duenak izango du horretarako aukerarik, Hazian bertan abisu emanez gero (Haziako telefonoa: 943 63 36 42). Menua 15 euroan izango da. Txartelak erosteko azken eguna Martxoak 1, asteazkena.

Txingudi I taldetik Abel Zabalak, Iñigo Ugartek eta Andoni Zelaiak kantatuko dute. Ereñotzuko taldea Arnaitz Lasarte, Aritz Zerain, Ibon Miner eta Iñaki Zelaiak osatzen dute, eta lau horietatik hiruk kantatuko dute Irunen.

txingudii-erenutzu

Post Navigation