Irunero eta Irunabar, elkarlanean.
2017-2018 ikasturte honetan elkarlan interesgarri askoa abiatu dugu Irungo Irunero tokiko aldizkariarekin:
“Irunerorekin elkarlana
Ikasturte berriarekin batera, beste ekimen bati heldu dio Irunabarrek, Irunero aldizkariarekin elkarlanean. Hilean behin, bertso sorta bana idatziko du elkarteko kide batek. Ilusioz hartu dute erronka elkartean: “Antolakuntza bat eskatzen du, konpromiso bat. Baina animatuta gaude, gustura hartu dugu”. Gogoratu beharra dago, eskualdeko bertso tradizioaren parte handi bat, tokiko aldizkarietan argitaratutako bertsoei esker jaso izan dela.” (Irunero, 2017ko urria)
Argitaratutako lehen bertso-sorta Abel Zabala irundarrak idatzitakoa izan da; turismoari jarritako bertsoak izan dira Zabalarenak.
TURISMOA
Bertsoak: Abel Zabala
Doinua: Henry Millerri eskutitza (Xabier Lete eta Karlos Gimenez)
1-Udara joan zaigun honetan
udazkena ere badator
egunak eta hilabeteak
joaten baitira bizkor
turismoaren uholde latzak
astindu gaitu gogor
eta iritzia ematera
bertso hauekin nator
2-Turistak gora turistak behera
sortu duten harrabotsa
udara berotik joan zaigu
astindu dugu hotza
batzuentzat zer negozioa
zer nolako pagotxa
“guiri”en karterak hustu eta
bete baitute poltsa.
3-Turistak errentagarritasun
ona omen dakar berez
beso zabalik hartu behar dira
ta tratatu gizalegez
langileari galdetu behar
nagusiari ordez
prezioak igotzen dituzte
baina soldatarik ez.
4-Bat errez konturatu daiteke
joan ezkero Donostira
edozein denda ta tabernetan
inglesak duen distira
euskara hizkuntzaren zerrendan
azkeneko tokira
gure nortasuna indartzeko
lantegi txarrak dira.
5-Turismoak berdin kolpatzen du
herria edo hiria
izan daiteke Donosti, Zarautz,
Biarritz, Hondarribia
pisuen espekulazioa
da beste aurpegia
alokatzea edo erostea
nolako miraria.
6-Turismo mota honek begira
zer kalte ekartzen duen
adibide batzuk plazaratzen
behintzat saiatu naiz hemen
ereduaren hausnarketa bat
eskatzen dut bederen
neurriak hartu behar baitira
berandu baino lehen.