Txingudiko bertso eskolako gaztetxoen taldekoek burututako ariketa duzue honakoa. Mahaian jarrita sei lagun eta bakarra gaia: ezkerretik hasita lehendabiziko hirurak ikasle “txarrak” zarete; beste hirurak, aldiz, ikasle “onak”.
2014. urteko laugarren bertso gaua heltzear da. Apirilaren 3an izango da, hileko lehendabiziko ostegunarekin, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Kabigorri ostatuan.
Bertan, Manu Goiogana irundarrak, Jokin Labaien arrasatearrak, Manex Mujika donostiarrak eta Jokin Uranga azpeitiarrak kantatuko dute, Julen Zelaieta beratarraren aginduetara.
Gogoan izan saioa eta gero afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen digula Kabigorrik.
Iñigo Ugartek bigarrenez jantzi du txapela Hernaniko Tabernetako Bertsolari Txapelketan, Oier Iurramendi hernaniarrarekin buruz-burukoa jokatu eta gero. Txingudiko bertso eskolako eta Irunabar-eko kide da Iñigo. Urtarrilaren 19an jokatu ohi da txapelketa berezi hau, San Sebastian bezperan, eta 20. edizioa izan du aurtengoa. Iñigorekin batera, hantxe aritu zen Exteban Martiarena oiartzuarra ere, Garin tabernako oholtzan kantuan, Txingudiko bertso eskolako irakasle lanetan hainbat urtez aritu izan dena. Bejondeizuela bioi!
Aurtengoan ere Manu Goiogana eta Aitor Errazkin izan dira Txingudi Ikastolan bertso kantari, Euskararen Egunarekin ohikoa bilakatu den saio berezian. Izan ere, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek prestatzen dituzte saioko gaiak, irakasleen laguntzaz, eta saioa aurkezteko ardura ere ikasleek beraiek hartu ohi dute. Giro ezin hobea izaten da bertan, Aitorrek eta Manuk esan ohi dutenez.
Azaroa ere joan zaigu, eta abenduan sartzearekin batera Kabigorriko ostegunetako bertso-gaua dakorkigu, hilabeteko lehen ostegunean Kabigorri ostatuan, urritik hona ohitura bilakatu dugun moduan.
Abenduko zita hilaren 5ean izango da, 19:30etan. Bertan, Manu Goiogana, Julen Zelaieta, Ioar Tainta eta Haritz Casabal bertsolariak ariko dira kantuan Zuhaitz Olazabalen aginduetara.
Oraingo honetan, bertso-saio hau, Irungo hainbat elkartek Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolaturiko Euskararen Egunak herri ekimenaren programazio barruan txertaturik doa.
Gogoratu: Abenduaren 5ean, Irungo Kabigorri ostatuan, BERTSO-SAIOA 19:30etatik aurrera.
Manu Goiogana, Julen Zelaieta, Ioar Tainta eta Haritz Casabal izango dira gurekin!
A! Eta saio ostean… Ezustekoak!
Irunen ere Euskaraz bizi nahi dugulako, anima zaitezte! Bertan elkar ikusiko dugulakoan, jaso ezazue agur bero bat.
Azaroa ere aurrera doakigu, eta abenduaren hasierak berekin dakar Euskararen Nazioarteko Eguna. Egun honen harira zenbait ekitaldi antolatu dira, eta guztiak “Irungo Euskararen Egunak” herri ekimenera bildu.
Irunabar (Irungo Bertsoaren Bilgunea), beste hainbat eragilerekin batera, “Irungo euskararen egunen” antolakuntzan ari da.
Joan den astean EKTn antolatu zen bertso-afariaren berri eman genizuen, eta atxikita doakizuen kartelean ikus dezakezuen bezala, huraxe izan zen “Irungo Euskararen Egunak” ekimenaren lehen ekitaldia. Aste honetan bertan ere bada zertan parte hartu, eta abenduaren 5a bitarte ez da horretarako aukerarik faltako.
Atxikita doakizue, beraz, “Irungo Euskararen Egunak” ekimenetik antolatu diren ekitaldien berri ematen duen kartela. Guri dagokigunez, aurrerago helaraziko dizuegu abenduaren 5erako Kabigorrin antolatua dagoen bertso-saioaren inguruko informazio gehiago.
Adi. Antxeta Irratiaren PROGRAMAZIO BERRIA aurkezteko baliatuko dugu hilabete hontako bertso saioa. Odei Barroso, Aimar Karrika eta Maddi Ane Txoperenarekin batera, Gotzon Aizpiolea irundarra ariko da honako honetan. Itxura ezin hobea du.
Egoitz Zelaia Hendaiarra saioa gidatzeko prest izango delarik, ARRATSALDEKO 19:00etan izango gaituzue zain, ostegun hontan, Kabigorrin.
Aurreko hilabeteko giro bera sortzea lortzen badugu mundiala izango da.
Abel Zabala eta Aitor Errazkin Landetxan bertso kantari aritu ziren, 2013ko urriaren 5ean. Eguerdian, auzotarrek Landetxako lehendabiziko Auzo Elkarteko kideak omendu zituzten, eta Aitorrek eta Abelek saioa hiruna bertsorekin hasi bazuten ere, antolakuntzakoen eskariz eten egin behar izan zuten, ari zuen euri zaparrada medio. Hala ere, Landetxako Auzo Elkartean deituta zegoen auzo-bazkarian eman ahal izan zioten jarraipena saioari gero.
Pasa den Iralilaren 13an, Hendaian, “Itsasturiak” izeneko erakusketaren irekiera ekitaldia burutu zen Mendi Zolan erakusgelan.
“Itsasturiak” euskal arrantzale, portu eta itsas langileen bizimoduari buruzko erakusketa izaki, aurkezpen ekitaldian ez zen euskal kulturaren erakusgarri diren dantza, kantu eta bertsorik falta izan. Antolatzaileek Txingudiko bertso eskolatik bertsolaririk joango ote zen galdetu zutenean, Gotzon Aizpioleak hasiera-hasieratik azaldu zuen lanerako prestutasuna, eta hona egunerako prestatu zituen bertsoak. Ederrak benetan:
ITSASTURIAK
Zokoa eta Donibaneko
portua da sorburua,
kresal usainez, elkarlanean
sortutako ingurua.
Itsasoaren alde guztiak
biltzea zen helburua,
lana du ardatz, “Itsasturiak”
berezko izenburua.
Ikus dezagun, ikas dezagun
itsasturien mundua.
Arrantza ontzi, bilketa sare
nahiz portu antolaketa,
urte luzetan osatu duten
argazki erakusketa,
familiaren bizimoduak
behar du bere arreta,
itsasoari lotu zirenen
hamarnaka eleketa …
Guztia dago altxor honetan
behar bezala gordeta.
Baña altxorrak ezin du bere
bidea bertan amaitu,
itsasturien mundua behar
du erakusten jarraitu
jendeak entzun ditzan emazte
gizon hauen mila aipu,
itsas jendeak bizi duena
gizarteagan sustraitu.
Goza dezagun bere sarean
harrapatuko baigaitu.
Azpiko bideoan, azken bertsoa kantatu zueneko bideo zatia: