Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako “bertso-banda”-ren saioa izan da aurtengo Kateako jaietan: Bertsolariak (Adrian Arruti, Abel Zabala, Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin), musikariak (Maddi Sanz, Rafa Rodrigo, Iker Eizagirre eta Beñat Elosegi), eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea (Gotzon Aizpiolea). 2022ko maiatzaren 22an izan zen saioa, eguerdiko 12:30etatik 14:00etara bitarte, auzoko frontoian. Hainbat lagunek bidalitako argazkiak segidan. Eskerrik asko zinez Aitor Martinez, Iñigo Gebara, Edurne Mendia, Aratz Altzaga, Gotzon, eta Maddiren “jarraitzaileei”, saioko argazkiak egin eta guri bidaltzeagatik.
Datorren larunbatean, maiatzaren 14an, Loratze eguna antolatu du Irungo Sortuk. Alderdiak izan duen kongresuaren ondotik, herriko kideek osatu duten egitura berriaren ekimena da. Gainera, Haziaren irekiera berriarekin uztartu dute. Egun osoko egitaraua antolatu dute: goizean, hitzaldia egongo da Hazian, eguerdian, bertso-poteoa, ondoren, bazkaria, arratsaldean, kontzertua, eta, gauean, pintxada. Irunabarreko Egoitz Zelaia eta Adrian Arruti arituko dira bertso-poteoan, eta eguerdiko 13:00ean abiatuko dira Haziatik.
Pasa den astean iragarri bezala, Korrika Irundik pasa den eguna girotzeko egitarau luzea antolatu dute Bidasoko Aek euskaltegiak eta Zizta[KA]k. Tartean, Bertso-saio musikatua. Egoitz Zelaiaren zuzendaritzapean aritu dira musikan, Maddi Sanz (harpa), Beñat Elosegi (mandolina), Iker Eizagirre “Xufi” (gitarra elektrikoa), Rafa Rodrigo (gitarra akustikoa) eta Iban Clemente (baxua). Aitor Errazkin, Urko Casado, Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Adrian Arruti izan dira kantuan. Eguraldia eta entzuleak bidelagun, iluntze bikaina izan da eta horren adierazle, ondoko argazki bilduma.
Zenbait urte igaro dira Toki-Alai ikastetxeak bertso saioa antolatzen duela. Urtero jarri dira gurekin harremanetan eta, azken bi urte hauen ondoren, berriz egin dugu saioa. Aurtengoan, Adrian Arruti eta Iñigo Ugarte aritu dira ikasleen agindupean. Udaberriko oporraldiaren bezperan, bertsolariek hainbat jolasi egin diete aurre eta Korrika zein migrazio fluxuen gainean ere aritzeko parada izan dute.
1 Txingudin duzu fluxu lausoa, sarri pausatu arte pausoa, batzen dituzu baso nafarra eta Kantauri itsasoa. (Err.) Nola azaldu ahal nizuke erdi aldatuta soa Bidasoa, Bidasoa… Nolatan zaren konponbidea nahi dutenen arazoa. (Err.)
2 Sostengu falta duzu, sostengu. Zenbat eskaini; hainbeste kendu, hainbat arazo larri zuregan ez al dira nabarmendu? (Err.) Nik zurekiko dudan maitasun hau nahiko nuke mantendu, baina zenbat sufrimendu! Gizakiaren esku hartzeak maitasun hori zailtzen du. (Err.)
3 Poligonoek duten tamaina batuta ia zerorri haina… Zure luzean nabarmena da kutsaduraren orbaina. (Err.) Eskualdeko aberastasun handiena zara, baina zer tratu-txar, alajaina! Garestiegi duzu geroa hain merke bada oraina. (Err.)
4 Bailara bakar, baina hau mauka: bi estaturen artean gauzka! Gure arteko harreman hitsak erruz gogaiturik nauka! (Err.) Bi kulturaren arteko talken eraginez elkar zaunka… Txingudik horixe dauka; zure albotan lubakiratu gaituzte elkarren aurka. (Err.)
5 Inposaketak hainbeste dohain… Ni, behintzat, ez naiz jasateko lain. Zu ezizenez Muga deitzea ez al da ba aski irain? (Err.) Zure trazaren eraginpean Euskal Herrian zer orbain! Ohartu gaitezen orain zuri ezarri dizuten zama ez dugula nahi gure gain. (Err.)
6 Zure zubiak diren asuna bizi dutenek zenbat marruma! Bizkarroi asko sartu zaizkizu; Migranteentzat zer trauma! (Err.) Checkpoint artean bihurtu dute pasa nahi duen laguna guztiaren erruduna. Ederra zara; ez da, ordea, gertatzen ari zaizuna. (Err.)
7 Pasabide hain arriskutsurik… Hainbeste hilotz dauzka Txingudik, bai ote duzu zure luzean odolik gabeko urik? (Err.) Zein erru dauka Nafarroak? Zein Gipuzkoak? Zein Lapurdik? Zure uretan galdurik errukirik ez daukazu, baina inork ez al du errurik? (Err.)
8 Ingurumena ingurunean, migrantearen ihes xumean edo herri bat hiru zatitan bereizi duten gunean… (Err.) Iraun dezagun hau amaituko baita etorkizunean; zulorik ilunenean argia piztu dezakegula sinesten dugun unean. (Err.)
Bertsotan aritu ziren Adrian Arruti eta Aitor Errazkin, musikariek lagunduta: Maddi Sanz (Harpa), Beñat Elosegi (mandolina) eta Iker Eizagirre (gitarra). Abenduaren 18an izan zen saioa.
Irunabarrek kudeatzen dituen Txingudiko Bertso Eskoletan, hasi berri dugu 2021/22 ikasturtea. Ikasturte honetako eskaintzaren berri eman genuen aurreko batean, eta izen ematea zabalik dago. Ikasturte berriaren harira, Adrian Arruti eta Irati Alcantarilla irakasleak elkarrizketatu dituzte Txingudi Online-en. Gogoratu maila ezberdinetako taldeak daudela, eta bertsotan trebatzeko gogoa izatea dela izena emateko baldintza bakarra. Hementxe duzue elkarrizketa. Animatu eta zatoz bertso-eskolara!
Pasa den larunbatean, ekainaren 19an, Zizta[KA] kolektiboak Irungo euskararen eta kulturaren eragileen saretzearen aldeko jaialdia antolatu zuen. Jakina, Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea ere bertan izan zen.
Egitasmoaren helburu behinena Kafe Antzokia sortzea da eta, plaza baten beharra dugula agerian uzteko, herriko eragileon arteko saretzea eta elkar plaza partekatzea izan da lehen alea.
Egun mundiala izan zen. Hamaika lagun batu ginen bertan, haur, gazte, nerabe eta heldu. Tartean, Txingudiko Bertso-Eskoletako Igauri Lopetegi eta Adrian Arruti irundarrak. Ekimenari, helburuari eta irundarrei eskaini zieten bertso saioa.
Jarraian, Pau Montagut argazkilariak bertso saioan ateratako irudiak eta jaialdiaren kartela.
Pasa den ekainaren 6an, igandez, Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak antolatu zuen ekimenean parte hartu genuen.
Bidasoko Irun eta Hondarribi arteko lotura den Mendeluko auzoak duen gabezia bistaratzeko bizikleta martxa izan zen. Jakina da, urteetan bidegorria egingo dutela hitz emanagatik, oraindik ere ez dela halakorik gauzatu. Errepide nagusia da eta bizikletaz aritzeko zailtasun nabarmena dago. Hain zuzen ere, horregatik, antolatu zuten ekimena.
Egun mundiala izan zen. Eguraldi bikainak lagunduta zientoka haur, gazte, nerabe eta heldu batu ziren bertan. Tartean, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko Aitor Errazkin eta Adrian Arruti irundarrak. Ekimenari, helburuari eta bidasoarrei eskaini zizkieten hainbat bertso.
Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin batera antolatutako Baztan-Bidasoko XXXIV. Bertsopaper Lehiaketako sariak banatu dituzte ekainaren 3an Berako Kultur Etxean.
Lau maila ezberdinetako sortak zenbatuta, guztira 59 lan jaso dituzte. Maila nagusian (18 urtetik gorakoentzat), Eneko Fernandez Maritxalar lesakarra nagusitu da, ‘Egia ur azalera’ bertso-sortarekin. Bigarren saria, Aitor Arotzena Albizu lesakarrak lortu du ‘Endara Bizirik’ lanarekin. Irunabarreko Adrian Arruti Bernadet irundarrak, aldiz, epaimahaiaren aipamena jaso du, ‘Pantailaren bestaldean -Alkoholiko bati jarriak-’ lanarekin.
1 Mantxako leku batean, izenik ez dut oroitzen, ezer hoberik ezean kapare zaharra heroi zen. Zoritxarrean eroritako, Dultzineak ihes egindako, On Kixotea izaki, zu beti gertu erasorako haize errota bihurtutako ardo botila huts bati.
2 Bataila galdu ondotik negar dagi begi biez berriro egin baitio duintasunari ihes. Sekula eza eta inoiza bereiztearen marra bikoitza sufritzen duzu sobera! Denbora nola da hain zikoitza? Abstinentzian egun bakoitza zuretzat hilabete da!
3 Urtebetean, zu hamar urte zahartu ondoren, ez dakizu ongi nola urtebete igaro den. Ezin baduzu zintzurra blaitu, zure bizitzak zentzu bat baitu; deus gabe uzten zaitu zu. Bakardadeak zahartu zaitu nahiz bizitza ez zaizun amaitu zuk amore eman duzu.
4 Cirque du Soleil-en artistak izaten dira nagusi baina zu bezalakorik ez dut sekula ikusi. Jartzen duzu oin bat esperantzan eta bestea dudan, zalantzan… Bizi baitzara ezbaian. Funanbulisten gisara dantzan abstinentzien sokan balantzan; aldiro erori nahian.
5 Eta erori ondoko goizak orduak batzean bizilagunek topatzen zaituzte eskaratzean. Etxera bueltan in itinere gorpu istripu bat alafede… Edateko zer bertute! Zu beti prestu, zu beti trebe zerorren ama saltzeko ere baxoerdi baten truke.
6 Humphrey Bogart bilakatu asmotan ari zarela ginebra duzu eskutan merkea bezain epela. Horma eskatzen duzu zuk eta besteok jotzen dugu pareta zerorrek baino gehiago. Edalontzia erdi beteta ikusten duzun arren tarteka beti erdi hutsa dago.
7 Burua garai onetan eta Casablancan oinak Parisen geratu dira zakurrak eta zikoinak. Hegazkin hura jada joan zen ordea zu ez zara ohartzen… Hegan egiten baituzu. Beraz has zaitez norantza jartzen ez baduzu zuk garaiz lur hartzen… Lurrak hartuko zaitu zu.
8 Pelikula klasikoen melodramako aktore, baina Mr. Hyde oro zen behinola Jekyll doktore. Rola sinetsi duzunez gartsu Stanislavski metodoak zu irensten zaitu gauean. Papera behingoz utzi ezazu zure bizitza zain baitaukazu pantailaren bestaldean.