Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Aitor Errazkin”

Irunabar, Euskararen Egunak ekimenarekin

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak Euskararen Egunak herri ekimenean parte hartu du aurtengoan ere. Izan ere, Irungo hainbat eragilek elkar hartzen du Euskararen Nazioarteko Egunaren jiran, eta aprobetxatzen dute euskararen alde jarduerak antolatzeko zein elkarteen arteko elkarlana sustatzeko. Hala, Irunabarrekook, aurten, Kabigorriko osteguneko saioa Euskararen Egunak-eko egitarauan sartzeaz gainera, Auntxa trikitixa eskolarekin, Irungo Musika Eskolarekin eta Txorimaloak soinu taldearekin aritu gara elkarlanean, honako ekintzak aurrera ateratzen gure aletxoa jartzen:

2015-11-27 > Triki bertso poteoa, Irungo Urdanibia Plazatik abiatuta: Aia taberna, Txalaka sagardotegia, Irungo Atsegiña, Urdanibia taberna eta Hazia Elkartea. Iñigo Ugarte, Abel Zabala, Julen Zelaieta eta Aitor Errazkin.

This slideshow requires JavaScript.

2015-11-29 > Euskararen Egunak emanaldia, Irungo Txorimaloak Soinu Taldeak antolatua. Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaia

This slideshow requires JavaScript.

2015-12-03 > Kabigorriko bertso gauak. Karlos Aizpurua, Jon Martin, Patxi Castillo eta Aitor Errazkin.

This slideshow requires JavaScript.

Abenduak 3, Kabigorriko bertso gaua, 19:30etik aurrera

“Euskararen Egunak” herri ekimenaren baitan ospatuko dugu 2015eko azkirungo euskararen egunaken Kabigorriko bertso gaua, Euskararen Nazioareteko Egunarekin.

Patxi Castillo beratarra, Jon Martin eta Karlos Aizpurua oiartzuarrak eta Aitor Errazkin irunadarra ariko dira kantuan, Joxeja Zabalo irundarraren aginduetara, azken honek egingo baititu gai-jartzaile lanak. Bestalde, bat-bateko saioaren aurretik, Egoitz Zelaia hendaiarrak bertso jarriak kantatuko ditu.

This slideshow requires JavaScript.

Gogoan izan Kabigorrik aukera aparta eskaintzen duela saioa eta gero afaltzen geratzeko. Aprobetxa dezagun!

Moskuko Jaietako bertso saioak

Atzo hasi ziren Moskuko Jaiak, eta igande iluntzean amaituko dira.

Bihar, larunbatarekin, bertso-triki-poteo formatuan ariko dira bertsotan Manu Goiogana eta Aitor Errazkin irundarrak eta Odei Barroso Urruñarra, auzoko taberna batetik bestera, herri bazkariaren ondoren.

Igande arratsaldean, aldiz, aurtengo Moskuko Jaietako azken ekitaldia: bertso saio berezia eskainiko dute Egoitz Zelaiak, Jon Maiak eta Igor Elortzak; hirurak, Urko Casado gai-jartzailearen aginduetara. Peña kalean izango da saioa.

Anima zaitezte!

Toki Alai – Gaztelu Zaharren bertsotan

2015eko maiatzaren 13an Toki Alai-Gaztelu Zaharreko DBH2ko ikasleekin eman zuten goiz osoa Egoitz Zelaiak eta Aitor Errazkinek. Bertsolaritzaren eta bertsogintzaren berri eman zieten ikasleei, bai eta bat-bateko bertso saioa eskaini ere. Bertso Eskolako kide eta Toki Alaiko ikasle Peio Iriarte lagun izan zuten Egoitzek eta Aitorrek zenbait lan gauzatzeko garaian.

This slideshow requires JavaScript.

Ikasleek taldean ondutako bertsoak:

Lehen taldearen bertsoa:

Egunero sei ordu
goaz eskolara
goizetik gauera gu
ikasleak gara
zuzendaria dator
ene ze ikara!
Dirudi kartzela bat
aspergarria da.

Bigarren taldearen bertsoa:

Toki Alai eskola
ez dugu itzela
baina askoz txarrago
daukagu kartzela.
Beteta baitaukagu
beti zaintza gela
beste Irungo eskola
guztiak bezela!

Txingudi Ikastolako bertso tailerrekoen “Korrika Txiki”ko bertsoak

Korrikaren aldeko bertso-afaria ederki asko joan zen

Joan den martxoaren 14ean bertso-afaria antolatu genuen, Korrika 19 zela eta, Irungo AEKrekin eta Bidasoako EKTrekin elkarlanean. Bikain afaldu genuen bertara bildutako 60 lagun inguruk, sukaldari eta zerbitzari boluntarioen lanari esker. Afalondoan, omenaldia eskaini zien Irungo AEKk Brasil gozodendako Koldo eta Xoleri, erretiroa hartu berritan, urtetan egindako lana eskertzeko. Lore sorta, Ainara Maiaren olerkia, Egoitz Zelaiaren bertsoak eta bertaratutako guztion txaloak eta esker ona etxeratu zituen bikoteak. Ondoren, bertso saio ederraz gozatzeko parada izan genuen Iñigo Ugarte, Egoitz Zelaia, Gotzon Aizpiolea eta Abel Zabalaren bertsoei esker.

Hona larunbatean bildutako hainbat irudi:

This slideshow requires JavaScript.

Otsaileko Kabigorriko bertso gaua: 2015-02-05-ean, 19:30etatik aurrera

Gainean dugu, gaurgero, urteko bigarren bertso-zita; Santa Ageda egunez izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, betiko tokian: Irungo Peña kaleko Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan. Bertsolariak Izarne Zelaia egiatarra, Karlos Aizpurua oiartzuarra, Beñat Gaztelumendi añorgatarra eta Odei Barroso urruñarra izango dira. Gaiak jartzen Aitor Errazkin irundarra ariko da eta, saioari hasiera emateko, Txingudiko bertso eskolako haur eta gazteen bertso jarriak entzuteko parada izango dugu.

Gogoan izan saioa eta gero afaltzen geratzeko aukera ezin hobea eskaintzen duela Kabigorrik: entsaladak, bokatak, hanburgesak … Bertan espero zaituztegu.

Joan den hilabeteko bertso gaueko lagin batzuk, hemen ikusgai.

Txingudiko Bertso Eskolako haur eta gazteak euskarari kantari

Txingudiko bertso eskolan hiru talde ari dira aurten, eta bideo honetan gazteenen taldeko lehen bertso-egitasmoa erakutsi nahi dizuegu. Aurten 15 lagun inguru ari dira gazteen taldean, eta Euskararen Nazioarteko Eguna zela eta, bertso sorta bat jartzea deliberatu genuen. Haurrak bost taldetan banatu, eta hortik aurrerako lan guztiak haurrek beraiek burutu zituzten.

Bertso sorta osatu bitartean, haur batzuek kale egin dute bertso eskolan, etxeko lanak edo eritasunak medio, eta bitarte horretan ere ikasle berriak batu zaizkio taldeari. Gora behera horiek guztiek apur bat mantsotu dute ikasleen lana, baina inolaz ere ez dira txapeldun guzti hauentzako traba izan eta, azkenerako, lortu dute urteko lehen egitasmoa arrakastaz bukatzea. Diogunaren froga, bideo honetan duzue.

Txingudi Ikastolako bertso tailerrekoak lanean

Ikasturteko lehen bideoa jaso dugu Txingudi Ikastolako bertso tailerreko haurren eskutik. Euskararen Nazioarteko Egunerako egindako bertsoen artean hautatutako baten gainean egindako lanaren emaitza da.

Kabigorriko bertso gauak; azaroak 6, osteguna

Azaroaren 6an izango da hurrengo Kabigorriko bertso gaua, hileko lehen ostegunarekin batera, ohitura den moduan. Honako honetan, Eneritz Zabaleta baionarrak, Alaia Martin oiartzuarrak, Aitzol Barandiaran ataundarrak eta Aitor Errazkin irundarrak kantatuko dute, Urko Casado astigartarraren esanetara. Saioa arratsaldeko 19:30etan hasiko da Egoitz Zelaiaren bertso jarriekin. Segidan, bat-bateko saioa osatuko dute arestian aipatu lau bertsolariek, eta saioa eta gero, dakizuen bezala, afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen du Kabigorrik, beraz, aprobetxatu.

This slideshow requires JavaScript.

Post Navigation