Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “kabigorriko bertso-gauak”

Ekaineko bertso gaua [2019-06-06]

Kaixo bertsozale:
Ikasturtea bere amaierara heltzear da; badator ekaineko Kabigorriko bertso-gaua, ikasturte honetan egingo dugun azkena. Ekainaren 6an izango da, 19:30ean hasita.
Atxikitako kartelean ikus dezakezuen bezala, Irati Alcantarilla urruñarra, Miren Artetxe hendaiarra, Alaia Martin oiartzuarra eta Nerea Ibarzabal markinarra izango dira kantuan.  Egoitz Zelaia hendaiarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta Garbiñe Beraetxeren eskutik helduko zaizkigu hileko bertso jarriak.
Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen digula.
Anima zaitezte!

Apirileko bertso gaua [2019-04-06]

Kaixo bertsozale:
Badoa ikasturtea aurrera, eta badator apirileko Kabigorriko bertso-gaua ere. Apirilaren 4an izango da, 19:30ean hasita.
Atxikitako kartelean ikus dezakezuen bezala, Nahikari Gabilondo zarauztarra, Aitor Errazkin irundarra, Iñigo Izagirre itziartarra eta Oier Aizpurua zarauztarra ariko dira bertsotan.  Egoitz Zelaia hendaiarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta Ekaitza Irastorzaren eskutik helduko zaizkigu hileko bertso jarriak.
Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen digula.
Anima zaitezte!

2019ko lehen bertso gaua, bihar, urtarrilak 3, 19:30etan Kabigorrin.

Urte berri on, denori. 2019ko lehen bertso gaua bihar izango da, urtarrilak 3, hileko lehen ostegunarekin, 19:30etan Kabigorrin. Beñat Gaztelumendi, Odei Barroso, Xabi Maia eta Abel Zabala izango ditugu kantuan, Uxue Larrukerten esanetara. Anima zaitezte urteko lehendabiziko bertso-zitara, eta azken boladan nahikoa jan eta edan egingo zenuten arren, gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera paregabea eskaintzen digula.

Ikasturteko azken bertso-gaua, Kabigorrin: 2018-06-07

2017/18 ikasturtea ere amaierara gerturatzen ari den honetan, kurtsoko azken Kabigorriko bertso gauaren berri ematera gatozkizue.
Ekaineko bertso gaua datorren ostegunean izango da, ekainaren 7an, iluntzeko 19:30ean hasita. Kabigorriko bertso ikasturteari amaiera emango dion saio honetan, Haritz Casabal pasai antxoarra, Nahikari Gabilondo zarauztarra, Odei Lopez legorretarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra ariko dira kantuan, Adrian Arruti irundarrak ondutako gaiekin. Bat-bateko saioari hasiera eman aurretik, ordea, Beñat Elosegi irundarraren bertso-jarriak entzuteko aukera izango dugu.
Anima zaitezte saioaz gozatzera, eta oroitu Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen digula saioa eta gero mokadu bat egiten geratzeko ere.

“Bertsozaleen topaleku bilakatu da Kabigorri” (Irunero, 2018-03-01)

Irunabarrek eta Kabigorrik duela 5 urte elkarlanean abiatutako “bertso-gauei” buruzko erreportajea argitaratu du Irunerok.

https://irunero.eus/wp-content/uploads/2018/03/2-1.jpg

Naroa Mentaberri (Kabigorri) eta Egoitz Zelaia (Irunabar)

Kabigorriko martxoko bertso gaua [2018-03-01]

Martxoaren 1ean izango da hurrengo bertso gaua. Honako honetan, Maialen Akizu urretxuarra, Aitor Sarriegi beasaindarra, Izarne Zelaia donostiarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira kantuan, Mikel Garcia kazetari irundarraren esanetara. Saioa 19:30etan hasiko da. Lehenik, Txingudiko bertso eskolako bertso tailerreko kideek bertso jarriak kantatuko dituzte, eta ondoren hasiko da bat-bateko saioa.Orain bost urte Kabigorrik eta Irunabarrek bertso-gauak antolatzeari ekin genionetik, 42. saioa izango da martxoko hau. Eta 45.a izango da ikasturte honi amaiera emango dion ekaineko saioa. Martxoko lehen hamabostaldiko Irunero aldizkariaren zenbakiak emango digu xehe-xehe, erreportaje zabal baten bidez, elkarlan honen inguruko informazioa.

Gogoan izan saioa amaitutakoan bertan afaltzeko aukera paregabea eskaintzen digula Kabigorrik.

Anima zaitezte!

Otsailak 1ean, ostegunarekin, bertso gaua Kabigorrin.

Otsailaren 1ean, arratsaldeko 19:30etatik aurrera Manex Agirre aramaioarra, Xabier Sukia oriotarra, Maider Arregi oñatiarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra ariko dira bertsotan, Kabigorrin, nola ez,  Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarraren esanetara guztiak. Bertso jarrien ardura Arkaitz Oiarzabal “Xamoak” berak hartuko du.

Gogoan izan saioa eta gero afaltzen edo mokadu bat egiten geratzeko aukera ezin hobea eskaintzen duela Kabigorrik.

 

Abenduko Kabigorriko bertso-gaua, musikatua (2017-12-14)

Abenduko Kabigorriko bertso gaua hilaren 14an izango da, behin abenduko zubia pasata, ostegunarekin, eta arratsaldeko 19:30etatik aurrera, beti bezala.

Bertso saio musikatua izango da, eta bertsotan Beñat Gaztelumendi (Añorga), Alaia Martin (Oiartzun), Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein) eta Manu Goiogana (Irun) ariko dira; guztiak Haritz Casabalen (Pasai Antxo) aginduetara eta Antton Aranburu eta Beñat Urteaga musikarien erritmora.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela. Plazer baduzue, bertan ikusiko dugu elkar.

Azaroko Kabigorriko bertso gaua, hilaren 9an izango da

Hilaren 9an izango da Kabigorriko azaroko bertso-gaua, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, ohitura dugun moduan. Mikel Garmendia irundarrak jarritako bertsoekin emango diogu hasiera saioari, eta segidan izango ditugu bat-bateko bertso lanean murgilduta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarra, Jokin Bergara eibartarra, Patxi Castillo beratarra eta Aitor Errazkin irundarra. Azaroko saioan hirugarren irundar baten aginduetara arituko dira bertsolariak: Adrian Arrutirenetara, hain zuzen ere, saiorako gaiak prestatzeko eta egunean bertan aurkezle lanak egiteko ardura izango duena.

Gure aldetik besterik ez. Anima zaitezte saioaz gozatzera, eta oroitu Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen digula saioa eta gero mokadu bat egitera geratzeko ere.

Ongi izan eta sarri arte.

Kabigorriko bertso-gauak, bosgarren urtez jarraian

2017-2018 ikasturtean ere izango dira Kabigorriko bertso-gauak, Irunabarrek eta Kabigorrik elkarlanean antolatuta, bosgarren urtez jarraian. Orain arte bezala, hileko lehen ostegunean izango dira saioak (jai-egunak direla eta, salbuespenak salbuespen), 19:30etan hasita. 36 bertso-saio antolatu ditugu honezkero, 2013ko urrian hasi ginenetik, eta dena ongi bidean, 45 saio izango dira 2018 urteko ikastaro amaieran guztira antolatutakoak.

Ikasturte honetako lehendabiziko saioa, beraz, urriaren 5ean izango da eta Unai Agirre hernaniarra, Odei Barroso urruñarra, eta Miren Artetxe eta Egoitz Zelaia hendaiarrak izango dira kantuan. Bertso jarriak, Abel Zabala irundarraren eskutik etorriko zaizkigu, eta Urko Casado astigartarrak egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak.

Dena prest, beraz, ikasturte berriari ekiteko.

Hona aurreko 4 ikasturteetan zehar jasotako hainbat argazki:

 

Post Navigation