Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “ostegunetako Kabigorriko bertso gauak”

Badatoz Kabigorriko bertso-gauak!!! 2016-10-06: KA2SHOW

2016-2017 ikasturtean ere, eta laugarren urtez jarraian, Kabigorriko bertso-gauak izango ditugu urrian hasi eta ekaina bitarte. Antolatzaileak, aurreko edizioetan bezalaxe, Irunabar (Irungo bertsoaren bilgunea) eta Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoa izango dira. Urriko saioa, hilaren 6an izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Kabigorrin. Lehendabizikoa saio honetarako “Ka2show” saio berezia izango dugu (“Bershow” ezagunaren bertsio moldatua).

Saioaren gidaritzan eta gai jartzaile lanetan Haritz Casabal pasaitarra ariko da. Bertsolariak Maialen Akizu urretxuarra, Beñat Gaztelumendi añorgarra, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra izango dira. Musikari lanetan, aldiz, Antton Aranburuk, Gari Otamendik eta Beñat Urteagak osatutako hirukoa.

Anima zaitezte! Eta gogoan izan Kabigorrik saio ostean modadutxo bat egiteko eskaintzen duen aukera paregabea.

This slideshow requires JavaScript.

 

Arrakastatsua ikasturteko azken bertso-gaua

Bete egin zen atzo Kabigorri. Aurreikusi bezala, bertso-tailerreko lagunak bertan izan ziren, eta haiek eman zioten hasiera saioari, Joxe Mari Lopetegiren “Semeak amari” bertso sorta kantatzeko gonbita eginaz bertaratutako jendeari. Ondoren, Oinatz Mitxelenak eta Eneko Sanchez gai jartzaileek hartu zuten saioaren gidaritza, eta umorez eta maisutasunez bertsolari sarda bat jarri zuten lanean. Umoretik joan zen saioa, eta entzuleak eskertu zuen hori. Kabigorriko mahaietan bazen, gainera, nahikoa pintxo goxo eta sagardo, Kabigorriren eta Irunabarren kontura joan zirenak. Eta halaxe igaro genuen arratsa, umore eta lagunarte ezin hobean.

This slideshow requires JavaScript.

Mila esker bihotz bihotzez Eneko eta Oinatzi, hartutako lan eta pazientzia eskergarengatik; Kabigorriri, gurekin jostatzen segi nahi izateagatik (esker bereziak Naroari, atzoko partez); eskualdetik kanpo gerturatu zineten bertsolari guztioi: Alaia Martin, Julen Zelaieta, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa”, Patxi Castillo, Haritz Casabal eta Beñat Gaztelumendi. Eta, nola ez, zuri, entzule; zure babes, txalo, arreta eta irririk gabe, gureak ez luke zentzurik izango.

Jaso besarkada bana, eta urrira arte,

Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Maiatzaren 5ean, Kabigorriko bertso-gaua

Hilaren bostean izango da 2016ko maiatzeko bertso gaua. Beti bezala, 19:30etatik aurrera, Peña kaleko lehendabizikoan. Honako honetan, bertso jarriak Abel Zabala irundarrak kantatuko ditu, eta oholtza gainean Urko Casado astigartarra, Manu Goiogana irundarra, eta Lesakatik Manolo Arozena eta Juan Mari Lopez izango ditugu (Goizuetako eta Oiartzungo semeak, azken bi hauek, baina Lesakara ezkonduak eta aspaldi luzean bertan bizi direnak). Lau bertsolari hauei gaiak jartzen Karlos Aizpurua oiartzuarra ariko da. Punta-puntakoa maiatzeko bertso-gaua ere, beraz!

Gogoan izan saioa eta gero Kabigorrik bertan afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen digula denoi.

This slideshow requires JavaScript.

Hilaren 3an, martxoko bertso gaua, Kabigorrin!

Hilaren 3an izango da martxoko bertso gaua, Irungo Peña karrikako Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, ohitura dugun bezala. Martxoko zitan Egoitz Zelaia hendaiarra, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarra, Mailaen Akizu urretxuarra eta Manex Mujika donostiarra ariko dira bertsotan, guztiak ere Gotzon Aizpiolea irundarraren aginduetara, azken honek hartu baitu martxoko saioko gaiak egin eta saioa aurkezteko ardura. Bertso jarriei dagokienez, Urko Casadorenak entzun ahal izango ditugu, Hendaian bizi, Txingudiko bertso eskolan ari eta Irunabarreko kide dugun lagun astigartarrarenak, hain zuzen ere.

Ikusten duzuen gisan, ordu eta erdi goxo eta entretenigarria igarotzeko osagai guztiak pronto ditugu, honakoan ere. Beraz, badakizue, gerturatu eta eman gozatua zuen zentzuei.

This slideshow requires JavaScript.

Ederra joan zen otsailak 11ko bertso gaua ere! MILA ESKER DENOI!!!

Mila esker bertsolariei, gai jartzaileei, Kabigorriri, tabernariei eta bertaratu zineten guztioi (esker bereziak argazkilariei), beste bertso-gau bat gehiago posible egiteagatik. Bejondaizuela!

This slideshow requires JavaScript.

Bukatu bezain osasuntsu hasi dugu urtea Kabigorriko bertso-gauekin

Abenduaren 3an izan zen 2015eko azken bertso-gaua, eta urtarrilaren 7an, aldiz, 2016ko lehena. June Caro Txingudiko bertso eskolako kideak ateratako argazkiei esker dugu aipatu bi saioetako testigantza grafikoa eskaintzeko modua, eta, era berean, baita Odei Barrosok urtarrileko saioan kantatutako hiru bertsoren berri ematerik ere, Mikel Garcia kazetariak bere “Jendartean” blogean argitaratutako posta medio.

This slideshow requires JavaScript.

Otsailaren 11an izango da hurrengo bertso-gaua. Adi egon!

Abenduak 3, Kabigorriko bertso gaua, 19:30etik aurrera

“Euskararen Egunak” herri ekimenaren baitan ospatuko dugu 2015eko azkirungo euskararen egunaken Kabigorriko bertso gaua, Euskararen Nazioareteko Egunarekin.

Patxi Castillo beratarra, Jon Martin eta Karlos Aizpurua oiartzuarrak eta Aitor Errazkin irunadarra ariko dira kantuan, Joxeja Zabalo irundarraren aginduetara, azken honek egingo baititu gai-jartzaile lanak. Bestalde, bat-bateko saioaren aurretik, Egoitz Zelaia hendaiarrak bertso jarriak kantatuko ditu.

This slideshow requires JavaScript.

Gogoan izan Kabigorrik aukera aparta eskaintzen duela saioa eta gero afaltzen geratzeko. Aprobetxa dezagun!

Azaroak 5, Kabigorriko bertso gaua

Azaroko Kabigorriko bertso gaua hilaren 5ean izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Bat-bateko saioan kantari Iñigo Ugarte irundarra, Maider Arregi oñatiarra, Miren Artetxe hendaiarra eta Aimar Karrika auriztarra ariko dira. Gai-jartzaile lanak Zuhaitz Olazabal irundarrak hartuko ditu bere gain, eta saio aurreko bertso jarriak Exteban Martiarena oiartzuarraren eskutik helduko zaizkigu.

This slideshow requires JavaScript.

Anima zaitezte, saioa entzutera lehenik, eta afaltzera saioa eta gero, Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen baitu horretarako.

Azaroko protagonisten argazkiekin batera, urriko saioko beste zenbait eskaintzen dizkizuegu, oholtza gainean izan zen giro paregabearen erakusgarri.

This slideshow requires JavaScript.

Kabigorriko ostegunetako bertso gauak 2015-2016, urriaren 8tik aurrera

Hemen dira Kabigorriko ostegunetako bertso gauak. Urriaren 8an izango da lehen saioa, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, eta aurreko bi ikasturtetan bezalaxe, hala izango da datorren urteko ekainera bitarte ere; hilabeteko lehen ostegunetan (salbuespenak salbuespen), 19:30etatik aurrera, Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan.

Ostegun honetan, Gotzon Aizpiolea irundarrak, Haritz Casabal pasaitarrak, Unai Gaztelumendi añorgarrak eta Ereñotzuko Eli Pagolak kantatuko dute. Gai jartzaile lanetan Abel Zabala ariko da, eta saio aurreko bertso jarriak Beñat Elosegik idatzi eta kantatuak izango dira.

This slideshow requires JavaScript.

Dena prest, beraz, ikasturte berriari ekiteko. Hurbildu zaitezte eta zabaldu informazioa ingurukoei; ez zaizue damutuko.

2014-2015 ikasturteko bertso gauetako bertso-sortak

Joan den ikasturteko bertso gau bakoitzeko bertso-sorta bat kantatu du herriko bertso eskolako kideren batek. Originalak izan dira sorta guztiak; ekimen jakin horretarako jarriak, alegia. Hala, urritik ekainera bitarteko kronika berezi bat osatu dugu, pertsonala oso, bertso eskolaren bueltako jendeak idatzia. 2015-2016 ikasturteari begira ere helburu bera dugu. Ea iaz bezain fin kunplitzea lortzen dugun. Kostako zaigu!

Post Navigation