5. urtez jarraian, Landetxako bertso bazkaria [ 2020-03-07]
5. urtez jarraian, Landetxako bertso bazkaria. 2020ko martxoaren 7an, Landetxako auzo elkartean. Informazio guztia kartelean duzue.
5. urtez jarraian, Landetxako bertso bazkaria. 2020ko martxoaren 7an, Landetxako auzo elkartean. Informazio guztia kartelean duzue.
Kaixo, bertsozale:
Gabonak bete betean harrapatu gaituen honetan, gabon gau egunean Hondarribian izan zen bertso poteoaren kronika eta argazkiak helarazi nahi dizkizugu.
Hondarribiako Sustengu Taldeak bertso poteoa antolatu zuen bertako kaleetan barna. Bertan aritu ziren kantuan Txingudiko bertso eskoletako kide diren Irati Alcantarilla urruñarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra.
Eguzkia bidelagun, bertso eta giro ederraz gozatzeko parada izan genuen bertaratu ginenak, eta bide batez, familia eta lagunekin biltzeko garai esanguratsu hauetan, hemen ez daudenak gogora ekartzeko ere balio izan zuen.
Irunabarretik eskerrak eman nahi dizkiogu Hondarribiko Sustengu Taldeari gurekin pentsatzeagatik.
Kaixo, bertsozale:
Gotzon Aizpiolea eta Beñat Elosegi Kabitik irratsaioa emititzeari ekin zioten iaz, Antxeta Irratiarekin elkarlanean. Hamabi saio burutu dituzte dagoeneko, eta gehiago ere izango dira, ziur, aurrerantzean.
Hilaren laugarren astean argitaratzen dira saioak: astelehenetan, 13:00ean, Antxeta Irratian; eta 19:00etan, Euskal Irratietan. Orduan aditzeko aukerarik ez duenak, asteartetan izaten du bigarren aukera, 16:00etatik aurrera. Gainera, Antxeta Irratiaren webgunean ere eskegita daude orain arteko saio guztiak. Esker mila egiten ari zareten lanagatik, Beñat, Gotzon eta Antxeta Irratiko lagunak!
2019ko abuztuaren 2an Irungo Euskal Jiran kantuan aritu ziren Txingudiko bertso eskolako eta inguruko eskualdetako hainbat bertsolari. Eguerdi partean, Urdanibia plazako oholtzan, Abel Zabal Elizazu, Egoitz Zelaia Perez eta Igauri Lopetegi Amostegi aritu ziren.
Urdanibia Berri, Puiana eta Anakan, aldiz, Adrian Arruti Bernadet, Iker Altuna eta Aitor Errazkin Vicente aritu ziren, Auntxa Trikitixa Eskolako kideekin batera.
Higeralde landetxean urtero egiten den Bertso Kantauri saioa hemen da. Urriaren 13an, igandean, izango da aurtengoa eta bertan arituko dira Unai Agirre hernaniarra, Andoni Egaña zarauztarra eta Ane Labaka lasartearra. 11:30etan hasiko da saioa eta urtero bezala, bertso ederrez gozatzeaz gain zer jan eta edana ere egongo da.
Bertan elkar ikusiko dugulakoan, ongi izan!
Kaixo bertsozale.
Hasi dugu, dagoeneko, 2019-2020 ikasturtea eta Kabigorriko bertso-gaua ere hemen da.
Zazpigarren ikasturtea izango da aurtengoa eta ohiko egitura mantenduko dugu aurten ere.
Lehen bertso-gauari urriaren 3an, ostegunean, ekingo diogu 19:30etatik aurrera. Bertsotan arituko dira Aitor Errazkin irundarra, Iñigo Izagirre itziartarra, Maddi Ane Txoperena hendaiarra eta Maindi Murua azkaindarra. Saioa Egoitz Zelaia hendaiarraren gidaritzapean egongo da eta bertso jarrien ardura Abel Zabala irundarrarena izango da.
Gogoan izan Kabigorrik aukera ezin hobea eskaintzen duela behin saioa amaituta afaltzen geratzeko ere.
Bertan elkar ikusiko dugulakoan, izan ongi!
Eguraldiaren eraginez, uztailaren 27an egitekoa zen Sagardo Eguna bertan behera geratu zen. Azken momentuko erabakia izan arren, Sagardo Eguna bera bertan behera ez uzteko asmo irmoa zegoenez, abuztuaren 17an jarri zuten hitzorduan antolatzaileak. Bigarren hitzordua arrakastatsua izan zen oso, eguzkiak galanki lagunduta, berotasunari aurre egiteko sagardoz zintzurrak bustitzeko aukera paregabea izan genuen eta.
Lehen deialdirako prestatutako ekintzak ere burutu ziren bigarren honetan, baita bertso saioa ere. Bertan aritu ziren, Manu Goiogana eta Igauri Lopetegi irundarrak eta Egoitz Zelaia hendaiarra. Ordu erdi inguruko saioa burutu zuen hirukoteak librean jaialdiari hasiera emateko.