Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Bertso saioa”

Bertso Kantauri 2019 [2019-10-13]

Higeralde landetxean urtero egiten den Bertso Kantauri saioa hemen da. Urriaren 13an, igandean, izango da aurtengoa eta bertan arituko dira Unai Agirre hernaniarra, Andoni Egaña zarauztarra eta Ane Labaka lasartearra. 11:30etan hasiko da saioa eta urtero bezala, bertso ederrez gozatzeaz gain zer jan eta edana ere egongo da.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, ongi izan!

Hemen da 2019-2020 ikasturteko lehen Kabigorriko bertso-gaua [2019-10-03]

Kaixo bertsozale.

Hasi dugu, dagoeneko, 2019-2020 ikasturtea eta Kabigorriko bertso-gaua ere hemen da.

Zazpigarren ikasturtea izango da aurtengoa eta ohiko egitura mantenduko dugu aurten ere.

Lehen bertso-gauari urriaren 3an, ostegunean, ekingo diogu 19:30etatik aurrera. Bertsotan arituko dira Aitor Errazkin irundarra, Iñigo Izagirre itziartarra, Maddi Ane Txoperena hendaiarra eta Maindi Murua azkaindarra. Saioa Egoitz Zelaia hendaiarraren gidaritzapean egongo da eta bertso jarrien ardura Abel Zabala irundarrarena izango da.

Gogoan izan Kabigorrik aukera ezin hobea eskaintzen duela behin saioa amaituta afaltzen geratzeko ere.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, izan ongi!

 

Hondarribiko Sagardo Eguna [2019/08/17]

Eguraldiaren eraginez, uztailaren 27an egitekoa zen Sagardo Eguna bertan behera geratu zen. Azken momentuko erabakia izan arren, Sagardo Eguna bera bertan behera ez uzteko asmo irmoa zegoenez, abuztuaren 17an jarri zuten hitzorduan antolatzaileak. Bigarren hitzordua arrakastatsua izan zen oso, eguzkiak galanki lagunduta, berotasunari aurre egiteko sagardoz zintzurrak bustitzeko aukera paregabea izan genuen eta.

Lehen deialdirako prestatutako ekintzak ere burutu ziren bigarren honetan, baita bertso saioa ere. Bertan aritu ziren, Manu Goiogana eta Igauri Lopetegi irundarrak eta Egoitz Zelaia hendaiarra. Ordu erdi inguruko saioa burutu zuen hirukoteak librean jaialdiari hasiera emateko.

Argazkilaria: Adrian Arruti

Hondarribiko Sagardo Egunean bertsolariak [2019-07-27]

Uztailaren 27an Hondarribiko Sagardo Eguna izango dela eta, Txingudiko Bertso-eskolako Igauri Lopategi, Egoitz Zelaia eta Manu Goioganak libreko bertso saioa eskainiko dute 17:30etatik goiti.

Kupelak 18:00etan irekiko dituzte eta 21:00ak bitarte. Azken urteetan bezala, Gipuzkoa Plazan izango da ekitaldia, Muara Kultur Elkarteak antolatua.

Animatu, ederra izango da eta!

 

Bertso Bazkaria Hazian [2019-07-01]

Irungo jaiak direla eta, Hazia Kultur Elkarteak egitarau berezia antolatu du ekainaren 21an hasi eta uztailaren 1a bitarte. Taberna egunero irekita egoteaz gain, asteburuetan sukalde zerbitzua izango da. Ekainaren 26an Hurih (Pitxi eta Olaia) musika talde lesakarrak kontzertua eskainiko du, eta jaiak ongi amaitzeko, uztailaren lehenean Bertso Bazkari ederra antolatu du Haziak Irunabarrekin batera. Bertsotan, Oihana Bartra bilbotarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra arituko dira. Sarrerak Hazian bertan daude salgai, eta telefono bidez ere eska daitezke.

Ondoko irudian xehetasun guztiak.

Irati Alcantarilla 2019ko Euskal Herriko Eskolarteko txapeldun [2019-07-08]

Txingudiko Bertso Eskolako Irati Alcantarilla kidea Euskal Herriko XXXI. Eskolartekoan txapeldun.

15 eta 18 urte bitarteko 13 gaztek hartu zuten parte larunbatean Euskal Herriko Eskolarteko finalean. Bertsolariak, dagokien lurraldeetako txapelketetan finalean kantatzeko aukera irabazi ostean, hirugarren urtez jarraian Saran egin den jaialdian aritu ziren nor baino nor.

Finalaren lehen fasean kantuan aritu ziren: Arabatik Aroa Arrizubieta Barredo eta Aitor Ugarte Eriz, Baxenabarretik Ekhi Perrier eta Unai Harluxet, Bizkaiatik Maite Sarasola Isazelaia eta Bittor Altube Sarrionandia, Gipuzkoatik Aitor Tatiegi Loidi eta Aner Peritz Manterola, Lapurditik Nahia Etxeberri Larzabal eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta, Nafarroatik Xabat Illarregi Marzol eta Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Zuberoatik Leire Casamajou.

Ofizioetako ariketak egin ondotik, lehenbiziko 6 sailkatuek eskuratu zuten bigarren faserako txartela eta bertan aritu ziren Aitor Tatiegi, Aner Peritz, Aroa Arrizubieta, Bittor Altube, Irati Alcantarrila eta Xabat Illarregi.

Bertso puntuagarrien ondoren, Irati Alcantarillak erdietsi zituen puntu gehien, eta ondorioz, baita txapela jantzi ere. Bigarren izan da, bigarren urtez jarraian, Aner Peritz zarauztarra.

Zorionak, Irati!!

  • Iratiren finaleko bertsorik onenak hemen.
  • Iratiren bukaerako agurra hemen.

Xenpelar Dokumentazio Zentrotik hartutako Iratiren argazia Aner, txapeldun ordea, atzean duelarik:

Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Irati irribarretsu, txapela buruan duela:

Irati txapeldun

Lurdes Urdanpilletak bidalitako argazkia

Ekaineko bertso gaua [2019-06-06]

Kaixo bertsozale:
Ikasturtea bere amaierara heltzear da; badator ekaineko Kabigorriko bertso-gaua, ikasturte honetan egingo dugun azkena. Ekainaren 6an izango da, 19:30ean hasita.
Atxikitako kartelean ikus dezakezuen bezala, Irati Alcantarilla urruñarra, Miren Artetxe hendaiarra, Alaia Martin oiartzuarra eta Nerea Ibarzabal markinarra izango dira kantuan.  Egoitz Zelaia hendaiarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta Garbiñe Beraetxeren eskutik helduko zaizkigu hileko bertso jarriak.
Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen digula.
Anima zaitezte!

Irati bigarren izan da Zuberoa, Behe Nafarroa, eta Lapurdiko Eskolartekoan

Naia Etxeberri erabaki dute garaile, larunbatean, Hazparnen egin den Xilabako Eskolarteko Txapelketan. Oso tarte txikia izan da lehen bi sailkatuen artean, eta Iratik bakarkako lanean eginiko poto batek, balantza Naiaren aldera eraman du.
Azken laukora sailkatu diren Josu Txoperena eta Asier Arbelaitz hendaiarren lana ere aipatzekoa izan da. Lauak lapurtarrak izaki, lehen biek soilik lortu dute, Saran, ekainaren 8an, egingo den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako txartela.

Zorionak, Irati!

 

Irati Alcantarilla XILABAko Eskolarteko Xapelgoan ariko da larunbatean [2019-05-18]

Maiatzaren 18arekin, goizeko 10:00etatik goiti, Hazparneko Haritz Barne Zineman, Xilabako Bertsolari Gazteen Xapelgoa egingo da. Asier Arbelaiz, Leire Casamajou, Nahia Etxeberri, Daia Harlouchet, Unai Harlouchet, Mae Lascaray, Ekhi Perrier, Josu Txoperena eta Irati Alcantarilla ariko dira bertan txapelaren lehian. Xilabako Txapeldunaz gain, Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketara lurralde bakoitzetik zein joango den ere erabakiko da.

Zorte on, Irati!

Txingudiko Bertso-eskola Mendeluko jaietan [2019-05-18]

Mendeluko jaietako egitarauaren barruan, larunbatarekin eta 13:00ean bertso saioa eskainiko dute Txingudiko Bertso-eskolako hainbat kidek. Ekintza bailara biltzen dituena egitaraua osatu dute asteburu osoan zehar gaztetxo, nerabe eta helduentzako. Guztiaren berri hurrengo loturan.

http://www.txikisdelbidasoa.com/evento/mendeluko-jaiak-2019/

Anima zaitezte!

Post Navigation