Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Bertsoak”

“Bikote harremanari”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Iruneron.

BIKOTE HARREMANARI

Doinua: Haizea dator ifarraldetik
Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

1
Bikote ginen jaio aurretik
hori gure iragana,
hala izaten jarraitzen dugu
eta ez bat erdibana;
arintasuna izan da sarri
beste batzuetan zama,
norberarenak ditugu noski
izena eta izana.
Sentimenduei hitzak jartzea
zaila izan ohi den lana,
esango dudan moduan bizi
dut bikote harremana.

2
Iraganaren gazi-gozoak,
ziur naiz etorkizuna,
amaren sabel eta bularra,
sehaskako maitasuna,
ume ginela jolas-borrokak,
gelako iluntasuna,
barre algarak, momentu latzek
daukaten isiltasuna,
zorionaren aparra eta
minaren gordintasuna,
ezin zenbatu zenbat izan den
elkarbanatu duguna.

3
Azaltzen zaila izan daiteken
konexioren bat bada:
gertutasuna transmititzen dit
nahiz egon distantziara,
inoiz herrenka nabilenean
nire makulu bera da,
airean hegan hasi denean
gonbidatu nau bertara,
baztertzen ere badaki ondo
nahiz inoiz ez egin traba;
uztarri bera erabiltzeko
jaioak izan al gara?

4
Ahaztu egin zait komentatzea
bikitako bat naizena;
bada mito bat bai ezaguna
laranja erdiarena,
nahiz horrelako gauzetarako
sarri falta sinesmena
bada ezpada aipatuko dut
ea betetzen den dena:
munduratzeko aukeraren bat
izango banu hurrena,
berbera nahiko nuke izatea
ondoan jaioko dena.

Iturria: https://irunero.eus/bikote-harremanari/

Entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

“Gure attona denari”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Iruneron.

GURE ATTONA DENARI

Doinua: Gogoan daukat ez du aspaldi
Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

I
Korapiloan, korapiloan,
denbora luzez gordea,
ahoskatzeko nahiz ta ez izan
beharrezko adorea.
Ahotsa ahul, hankak alferrik,
beso bat guztiz morea.
Aspaldi heldu zen egoeraz
ohartzeko tenorea,
ohartu noski, ohartu gara,
ezin onartu ordea.

II
Sendi euskaldun batean sortu
arren erderaz hezia,
haurrengan alda zitekeela
zinen zinez sinetsia.
Tronpeta jole, kantari, bihotz
biguna bezain hertsia.
Bidasoako seme jatorra,
handik nekez bereizia.
Gizon arrunta izanagatik
guretzat zein berezia.

III
Zu zarenetik nik zenbat bildu
ote nezakeen nigan?
Zure zurezko zenbat ezpata
burdinezkoak bailiran
batera datoz Koxka txakurra,
Mimizan… denak segidan.
Oroitzapenak zer diren ni hau
berbizitzeko desiran:
falta zaizkizun hatz horiekin
sudurra kentzen zenidan.

IV
Pasodobleak, pauso motelak,
baso erdi bete ardo,
lehertzeraino tailerrean lan,
“gaur bazkaltzeko zer dago?”
Musean beti uzten ninduzun
aho zabalik zeharo,
mutikotutan “ama joan da,
tori bi sagardo trago!”
Guzti hau zara zu niretzako,
guzti hau eta gehiago.

V
Zer da adina, gazte garaitan,
Carpe Diem dela zina?
Zer da adina? Helduaroan
Tempus Fugiten samina.
Zer da adina? Orain karga bat,
bizitzeko lana, mina.
Zer da adina? Zenbaki soil bat
behintzat sasoiko bazina,
baina gaur ez da hala: bizitza
ez da herio adina.

VI
Pentsatuz “tira, oraindik ere
egin dezake hobera”
etxean denek gezurra dela
jakinagatik sobera.
Berandu baina noiz ez dakigun
datozen trenen antzera,
azkenaldian agurrak zuri
ataritik so atzera:
egun bakoitza bilakatu da
heriotzaren bezpera.

VII
Kausa ezgauza denez zurea
gurea dugu negarra,
baina, finean, ez al da hori
gelditzen zaigun bakarra?
Agortu zaizu izateari
eusteko azken oldarra.
Ta gorpu soil bat izan baino lehen
orain zarena: oharra;
gorputz batetik hauts bilakatu
arteko bizi hondarra.

VIII
Amorruaren sugarra eta
zure bihotzeko horma,
itzaliko da laster hainbeste
maitatu dugun gizona.
Pentsa ezazu zure pertsona
zenbateraino den ona,
zurea dela joana baina
pena ordea denona.
Besterik ezer ezin dut esan,
agur bihotzez Attona!

Iturria: https://irunero.eus/gure-attona-denari/

Peio Etxeberriak musikatu du. Jarraian entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

“Bertso elkarrizketak”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

BERTSO ELKARRIZKETAK

Doinua: Antton eta Maria
Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

1
Alferrik ez da joan
sagardotegira
ordu t’erdi sagardo
basora begira:
-“Hau aromatikoa,
motela hori da.”
Uler ezin dudanaz
tira eta bira.
Ba bertso berriketak
gauza bera dira.

2
-“Teknikoki zorrotza
ta errimaz gertu,
ahots propioa du
bertsotan agertu.”
-“Goitik ondo landu du
amaieran lehertu,
emandako kolpea
ezin da baztertu.”
Elkarrizketa ez dut
zipitzik ulertu!

3

-“Puntuz puntu egin du
bertso bat osoa,
diskurtso landua du
umore gozoa”
-“Bertsolari freskoa
eta airosoa.”
Kontzeptu arrotz bati
jarri diot soa:
zer izango da goitik
beherako bertsoa?
4
-“Ertz gabeko bertsoak
denontzat atsegin.”
-“Horiek borobiltzen
hamaika ahalegin”
Esplikatu mesedez
argi gera dedin,
irrist egin omen du
aurrekoan berdin,
nahiz bertsotan geldirik
dagoela egin.

5
Luzea omen dugu
bertsoaren soka,
eta hau epaitzeko
daude mila mota,
ni kontzeptu denekin
galduta nago ta,
gainera ez dugunez
hau norgehiagoka!
txalo hotsak jar beza
bertsoaren nota.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/irunabar-bertso-sorta-jon-luzuriaga/

Entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

“Ez ginen gogoratzen duguna”. Xabier Isasi Balanzategiren bertsoak, Iruneron.

EZ GINEN GOGORATZEN DUGUNA

Doinua: ETAren su-etenetik
Egilea: Xabier Isasi Balanzategi

1
Laurogei urte inguru
edadeko gizona zen
Kalean gora ta behera
noraezean zebilen
ni ikusi ninduela
hasi zitzaidan galdetzen:
jauna arren badakizu
ni non bizi ote naizen
itaun harek hunkituta
zer nahasketa zer eromen
izanaren oinarriak:
adimen eta oroimen
horiek gabe bizi ahal
gaitezke orain eta hemen?


2
Gizonak itxura ona
sikieran kanpokoa
dotore jantzita baina
oroimen galdutakoa
zenbat buruhauste eta
zer pentsatzeko nahikoa
gogoramenaren falta
hara zer falta gaiztoa
memoria galdu eta
horrek ekarritakoa
ez etxerik ezta ere
norbera izandakoa,
pertsona ote daiteke
oroimenik gabekoa?


3
Oraina amaitu ondoren
zain dugu etorkizuna
herenegun gero atzo
bihar, etziko eguna
atzo ginena garela
hori da denen zentzuna
egunero esnatzean
piztu berriz nortasuna
izanaren jarioan
goizeroko erantzuna
argitu behar da eta
iraganaren iluna
artean ez ginelako
gaur gogoratzen duguna
4
Izatekotan gu gara
izan zirenen ordaina
usteagatik garela
gure arbasoen haina
ustez gainditu dugula
prestutasunaren gaina
iraganari kiratsa
gurea berriz usaina
iragana itsusia
gure garaia liraina
nonbait arbasorik gabe
bizi daitekeela baina
ostuz gero iragana
kentzen digute oraina


5
Eskuko telefonoak
zerbait argitu lezake
agenda ireki eta
Miren, Aiert edo Maite
seme-alaben izenak
suhi,errain edo emazte
banan banan deika hasi
Jon, Ane eta Arrate
azken horrek hartu zuen
agian jakin dezake:
esan zigun kalera jo
sotoz soto, atez ate
aurkitu genuen eta
hara zein poz eta bake!


6
Zelan bereiz ditzakegu
haritz, urki eta ezpel
esateko: hau zein argi!
bestea, berriz, zein ergel!
bizitza hauskorra dela,
gauza leun eta zimel
udaberriko hostoak
udagoieneko orbel
gogoratzean alaitsu
oroimenik gabe goibel
gaixotasun hori baino
bada zerbait bezain krudel
egunero pentsatzen dut
nola biziko da Manuel?

Iturria: https://irunero.eus/ez-ginen-gogoratzen-duguna/

“Indarkeria salatu eta bazterkeria babestu”. Xabier Isasi Balanzategiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

INDARKERIA SALATU ETA BAZTERKERIA BABESTU

Doinua: Eguzkiak urtzen du han goian B
Egilea: Xabier Isasi Balanzategi

1
Elina Chauvet artistak dauka
mila puskatan bihotza
gogoan baitu, mingarri zaion
bere ahizparen heriotza
senarrak ahizpa hil ziolako
ai zein oinaze zorrotza
nola askatu horrenbeste min
nola argitu laiotza
zein modutan ikusarazi
feminizidioen bortxa
ba ote dago arte modurik
islatzeko haren aitortza?
gogoan ahizpa gorpu zetzala
urraturik, hilik, hotza
ahizpan zapatak odoletan blai:
zapata gorrien hotsa


2
Oinetakoak eta odola
artelanaren oinarri
munduko zenbat zapata pare
herio adierazgarri?
Emakumeen hiltzailea da
gertuko gizona sarri
konfiantzazko ezkontidea
maiz bizikide hilgarri
andrea hilik oinutsik datza
oinetakoak hilarri
ba ote dago arte modurik
egiteko ikusgarri
nola, non eta zerk erakutsi
gertaera horren larri:
odol gorria zapatak eta
bihotzondoko mingarri


3
Azaroaren hogeita bosta
nazioarteko eguna
ezabatzeko indarkeria
andre askoren iduna
etxe askotan zabaltzen baitu
bortizkeriak ehuna
Erakundetan eta kaletan
non ote da erruduna
mundu guztiak arbuiatzen du
bortxatzaileen jarduna
baina halere ez da apurtzen
patriarkatuaren ituna
matxismoa hiltzailea dela
hori da guk dakiguna
andreen aurkako bazterkeria
bortxaren arduraduna


4
Mila irudiz bete ditugu
bertsolarien orriak:
ez dira berdin urre-zilarrak
berun edo latorriak
ez du ziraunak pozoi gaiztorik
bai, berriz, sugegorriak
kuku arrautzak kabi txikian
erruten txantxangorriak
erraz dakuskigu besteen bartzak
baina ez gure zorriak
Bost bat gizaldi bost ehun urte
alardeen jatorriak
anai arteko gerra batetik
guganaino etorriak
bazterketaren seinale dira
andreen oski gorriak
5
Tradizioak dena_azaltzen du
oraina, aitzin aroa
jauntxoen gerrak, sorginen ehizak
eta zerurako igoa
Erdi Aroko ankerkeriak
hiltzaileen abaroa.
Urteak joan eta etorri
oraina ez da lehengoa
iturri zaharrak beti ur berri,
guztia aldatuz doa
andrerik gabe ez da izango
bizigarria geroa
Halere bada oraindik izan
kaskagor odol beroa
ez da erraza esplikatzea
ulertzea zailagoa


6
Erlijioa edo kultura
atzerakoien aitzaki
bere semea hiltzen utzita
hara zein jainko basati
sufrimendua kultura dela
hori zeinek erabaki?
emetasunez emeki bada
gizatasunez gizaki?
berdintasuna nahi ez dutenek
uste okerrez setati
denok nahi dugu oihal berria
ez trapuzko adabaki
amai dadila bazterkeria
generoaren lubaki
berdinak gara nahi dugulako
denok pertsonak izaki


7
Badira izan Bidasoako
bi hiri, zintzo ta prestu
Hondarribia, ondoan Irun
behin aurka, behin eskuz esku
dantzazaleak biak direnez
aurresku eta atzesku
batek hondartza nahi luke eta
besteak trena amestu
baina biek jai antzekoetan
txistu jo eta abestu
andrerik gabe armak lepoan
gizon-aldrak estu-estu
ezin daiteke aldi berean
honek azalpenik eztu
indarkeria salatu eta
bazterkeria babestu


8
Hondarribia eta Irunen
oso festa sentikorra
ileak laztu, bihotzak piztu
mendeetako altxorra
Gora Gazteak Artilleria
Remington eta danborra
Olaberriko, Santiagoko
kantineraren atorra
titibiliti titibiliti
zein ibilera bizkorra
dena ederra liluragarri
baina ez da iraunkorra
ezin daiteke inolaz izan
betirako entzungorra
berdintasuna oraindik baita
kitatu gabeko zorra

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar/

Irabazi asmorik gabeko I. Bertso paper saria. Aitor Errazkinek aurkeztutako sortak jaso zituen bozka gehien.

Kaixo, bertsozale:

Pasa den azaroaren 26an, ostiralarekin, burutu genuen Irabazi asmorik gabeko I. Bertso paper sariaren ekitaldia. Hondarribiako Muara elkartean batu ginen sorta aurkeztu zuten zortzi lagunekin batera. Denera, 10 sorta kantatu zituzten sortzaileek eta, ondotik, parte hartzaileek Aitor Errazkin Vicentek aurkeztutako BI GOI BILERA: GLASGOW eta HONDARRIBIA sorta deliberatu zuten onena.

Aurkeztutako sorta guztiekin, txostena osatu dugu. Jarraian duzue eskuragarri.

“Leihotik”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Iruneron.

LEIHOTIK

Doinua: Hogeigarren urtera
Egilea: Iker Altuna Albisu

Sorta hau 2zio taldearen izen bereko kantuan oinarritua dago.

1. Gela zuri batean
egunak dira beltz;
ospitalea etxe,
osasuna amets.
Makina bati lotu
behar derrigorrez,
gaitzarentzat adinik
ez dago tamalez.
Makina bati lotu
behar derrigorrez,
horrela bizi ziren
Miren eta Amets.

2. Bertsua bazen ere
bien dolamena,
diferentzia bat zen
aski nabarmena.
Ametsek zuen ustez
oherik onena,
ez politena eta
ez erosoena.
Ametsek zuen ustez
oherik onena,
ganberako leihoa
ondoan zuena.

3. Biak egonagatik
gelan preso katez,
leihoa ihesbide
bat zuten, izatez.
Miren uros izan zen
garai luze batez,
Ametsek deskribatzen
zion dena artez.
Miren uros izan zen
garai luze batez,
mundua ikusten zuen
Ametsen bitartez.

4. “Arreta jar dezagun
zuhaitz-adaxketan,
han txori bat kantari
dabil jostaketan.
Zabalera begira,
zabalguneetan;
ume bat zoriontsu
dabil gordeketan.
Zabalera begira,
zabalguneetan;
bizia sentitzen da
txoko guzietan”.

5. Asteburuan eta
astean, orobat,
arreta zuzentzen zen
aldiro leihorat.
Bidaiatu nahi zuten
gelatik kanporat,
beren bizi dorpea
ahanzteko erabat.
Bidaiatu nahi zuten
gelatik kanporat,
hala egiten zuten
munduarekin bat.

6. Baina denborak Miren
zuen erasana,
eta sumatzen ari
zen kontraesana.
Dolu zuen leihorik
hurbil ez izana,
irudikatu behar
Ametsek esana.
Dolu zuen leihorik
hurbil ez izana,
pixka bat pisuago
zen zeraman zama.

7. Amets usaintzen hasi
zen giro goibela,
eta azpimarratu
zion behin honela:
Sekula ez ahantzi ber
atakan gaudela,
nire bi begi hauek
zureak direla.
Sekula ez ahantzi ber
atakan gaudela,
eta biok izate
bakarra garela.”

8. Baina Miren zegoen
zalantzaz josia,
hark ere nahi baitzuen
ikusi ortzia.
Galdera bilakatu
zen diagnosia:
ez al dut nik merezi
hark duen dosia?
Galdera bilakatu
zen diagnosia:
ez al da auzokide
txarra jelosia?

9. Azken horrek, tamalez,
pertsona noizetik
noizera kolpatzen du
barren-barrenetik.
Amets behatu zuen
hurbil-hurbiletik,
eta pentsatu zuen:
“Ken zaitez paretik!”
Amets behatu zuen
hurbil-hurbiletik,
eta haren bihotza
eten zen kolpetik.

10. Leihoraino hurbildu
zen goizean goizik,
eta ezin ulertu
Mirenek zipitzik.
Ez zuen deus sentitzen
harridura baizik,
ezin zuen atera
mingainetik hitzik.
Ez zuen deus sentitzen
harridura baizik,
leihotik haratago
ez zegoen fitsik.

Iturria: https://irunero.eus/leihotik/

“Zorionak, Joxan!”. Aitor Errazkin Vicenteren bertso-sorta.

ZORIONAK, JOXAN!

Doinua: Esmeraldazko Eire gorritua
Egilea: Aitor Errazkin Vicente

1.- Zure itzulpena juzgatu dute
aurtengo Euskadi Sari
“Nik kantatu eta dantza egiten du
mendiak” lanaren kari
luma dantzatuz jartzen duenak
gure hizkuntza kantari
erdal sorkuntzak bihur ditzake
euskaldunontzat opari.

2.- Filologo eta historia zale
behin idazten ikasia
ordutik langai izan dituzu
testua eta orrazia
berriki jaso duzun aitortzak
orain badu garrantzia
baina ez zara lan horietan
atzo goizean hasia

3.- Euskaraz ari izan zaizkigu
Asterix eta Obelix
Diderot, Taylor, Queneau, Depestre zein
Solá bera hitz eta pitz
Nothomb bi bider gozatu dugu
eta Flem, berriz, lau aldiz
orain guztien faltan geundeke
zugatik izan ez balitz.

4.- Uste liteke beste norbaitek
ere itzul zitzakeela
eta nik behintzat ez dut esango
hori ez denik horrela
baina sumatu dugunok zure
ezaguera itzela
ongi dakigu hobeto gutxik
itzuliko zituela.

5.- Urtetan zehar pilatu duzu
laudorio uholdea:
“arretatsu”, “fin”, “natural”, “jori”
“estilista dotorea”…
Hemen inortxo ere ez dago
adar idorrik gabea
horiengatik saririk ez da
inon ematen ordea.

6.- Erronka zale sutsua dena
ez da ibiltzen iheska
zuk horretatik ere baduzu
zailtasunik bada, festa!
Idazlearen esan-minetan
itzultzailearen kezka
baina halako etsaminetan
zure parekorik ez da.

7.- Itzulpengintza ez ezik beste
hainbat lan ederren jabe
artikulu, hitz-joko, liburu
egunkariko zutabe…
Gainerakook behar neurrian
ohartuta ote gaude
zenbat eginda zauden gaurgero
gure hizkuntzaren alde?

8.- Biak aurkitu daitezke zugan
jakintza eta jakin-mina
bata lanaren emaitza duzu
bestea ase ezina
euskal ahozko eta idatzizko
tradiziorako grina
beti itzuli izan diguzu
puntako testu egina.

9.- Irundar batek goren mailara
goitzen duenero Irun
zein puntaraino den garrantzitsu
ez dakit ote dakigun
hori txoritxo batek aspaldi
belarrira esan zigun
atera hortik kontuak honek
zer poza ematen digun!

10.- Bertso bidean aise heldu naiz
ez naiz ari eta bortxan
gezurrik ez dut bat bera ere
sartu behar izan poltsan
sorta zintzoa eskribitu dut
zure lorpenen aitortzan
azkena ez da txikia izan
eta zorionak, Joxan!

Hemen ere topa dezakezu (abenduaren 3tik aurrera):
https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-irungo-bertsoaren-bilgunea-abenduak3/

Entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

IV. Bertso Mendaria bertan behera [2021-11-24]

Kaixo, bertsozale:

Pasa den urriaren 25ean iragarri genuen IV. Bertso Mendaria egingo genuela, baina bertan behera utziko dugu.

Egun dauzkagun baldintzak ez dira egokienak, eta izurritearen enegarren zabalkundea dugun honetan, ezin dugu bete beharreko segurtasun neurririk bermatu. Beraz, tamalez, IV. Bertso Mendariari egoerak uzten digunean ekingo diogu.

Bertso Mendaria bertan behera utzi badugu ere, Irabazi asmorik gabeko I bertso paper sarian parte hartu duten bertsolariekiko zorretan gaude. Horregatik, sorta azaroaren 23a baino lehen aurkeztu duten kideekin aurreikusitakoari eutsiko diogu, beti ere, modu xume eta seguruan. Beraz, orain hilabete iragarri bezala, ostiral honetan, azaroaren 26an, arratsaldeko 19:30ean hasita, sorta aurkeztu duten bertsolariekin batera burutuko dugu ekitaldia.

Besterik gabe, eskerrak eman nahi dizkiegu bertso paper sarian parte hartu duzuen bertsolari guztiei eta, era berean, barkamena eskatu nahi diegu gurekin batera IV. Bertso Mendarian parte hartzeko asmoa zuten gainontzeko lagun guztiei.

Aurki elkar ikusiko dugulakoan,

osasuna.


Txingudiko Bertso Eskolako Bertso Tailerra

“Eta, bitartean, ni zain”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

ETA, BITARTEAN, NI ZAIN

Doinua: Gure aurreko guraso zaharrak
Egilea: Iker Altuna Albisu

1)
Iraganean gertatu denak

nahiz garbiro erakutsi
nondik ez joan, nik okertzeko
behar izaten dut gutxi.
Mugikorrean murgildu eta
zenbaki hori ikusi
bezain agudo, egonezina
da neure baitan nagusi.
Saiatu, behintzat, ni saiatzen naiz,
baina ezin diot eutsi.

2)
SMS bat idatzi dizut:
Ni orain noa plazara”;
letra bakoitza idatzi eta
ezinegona latza da.
Nire bizitza hutsa denean,
basamortua, Sahara,
izan ohi zara nire argia
eta nire ugazaba.
Nahiz eta jakin oker noala,
indartsuegia zara.

3)
Betiko plaza horretan, beraz”,
denak segitzen du berdin,
hori besterik ez nuen behar
etxetik atera nendin.
Neure burua ongi aditzen
nahiz eta egin ahalegin
piloa, ez dut askotan lortzen;
badut nahikoa zeregin.
Zure sirena-oihu horiei
ezin diet muzin egin.

4)
Oinez segitu eta gainditu
dut barneko gurutzada;
sendoegia da, alegia,
zu ikusteko bultzada.
Etorbideak eta bideak
hartu ditut sigi-saga;
auto artean, laster batean,
zeharkatu dut galtzada.
Baina ez zara inon ageri,
non arraio gorde zara?

5)
Nahiz eta jakin ohikoa dela,
lekuko da iragana,
ez etortzeak mina eman dit,
sartu didazu labana.
Nahiz eta jakin horrelakoa
dela gure harremana,
zu lasai egon, laztua baitut
dagoeneko orbana.
Zu ez bazatoz niregana, ni
joango naiz zuregana.

6)
Kale guztiak miatu ditut,

aurrera eta atzera;
xake tauletan ibiltzen diren
dorre azkarren antzera.
Baina ez zaitut inon aurkitzen,
joan ote zara etxera?
Azkenerako etsi egin dut,
banoa barra ertzera.
Etorri, arren, nire barruan
dudan hutsa betetzera!

7)
Bizi honetan maiz pasatzen da,

begiratu urrutiko
intxaurrei eta lau besterik ez
dira izaten txikito!
Nolanahi ere, zer egingo dut?”
eta segidan txupito
zenbait barrura eraman ditut,
alkoholean ito, kito!
Etorri nire ondora ala
alde egizu betiko!

8)
Bi ordu edo pasatu dira,
azkenean tabernazain
batek kalera bota egin nau,
garrasika hainbat irain.
Pareta baten kontra jarri naiz,
benetan sekula bezain
pentsakor nago, guzti-guztia
ulertu dezaket orain:
mundu zikin hau aurrera doa
eta, bitartean, ni zain.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/irunabar-bertso-sorta-iker-altuna/

Post Navigation