Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Bertsoak”

Hasiera eman diogu Bertsotruk ekimenari Irunen, “Txingudi-Kakiturri” bertso-saioarekin

Aurreko post batean adierazi bezala, Txingudi taldekook Gasteizko Kakiturri eta Goierri taldeko goierritarrekin joan-etorriko saioak egingo ditugu, Bertsotruk ekimenean parte hartzeak horretara lotzen gaituenez. 2015eko abenduaren 12an izan berri da gure estraineko elkarretaratzea, eta Kakiturri taldeko lagunak etxera gonbidatuta burutu dugu, bertso-bazkari formatuan. Eguerdiko 12:30etarako Irunen ziren Kakiturriko lagunak, eta bazkaltzeko ordura bitarte poteoan ibili ginen haiekin, bai eta pixkana taldeari batzen joan zitzaizkion bailarako hainbat bertsozalerekin ere. Irungo Erlaitz Mendi Elkartean jarria genuen zita, eta, azkenerako, 30 lagun inguru elkartu ginen bazkaritarako. Otordua prestatzeko ardura eta saioko antolakuntza guztia Irunabarreko kideok hartu genuen gure bizkar (bazkalostean bertsotan aritzeko lanak hartuta zituen Iñigo Ugarte barne).

Bazkalostean, eta arratsaldeko 17:00ak jota, Gotzon Aizpiolea irundarrak hartu zuen hitza saioa aurkezteko eta gai-jartzaile lanak betetzeko. Kantuan jarri zituen Juan Mari Juaristi, Alberto Martinez Kortabitarte “Betto” eta Xabier Lopez de Santiago Kakiturritik, eta Egoitz Zelaia, Iñigo Ugarte eta Abel Zabala, Txinguditik.

Ordu eta erdi inguruko saio umoretsua osatu zuten sei bertsolariek, hainbat ariketa motari aurre egin behar izan ziotelarik, eta bertaratutako jendeak atsegin handiz hartu zituen otordua, bertako lagun-giroa, bertso-saioa, noski, eta baita, guri hala iruditu zitzaigun, behintzat, bertsotruk egitasmoa bera ere.

Irunabarreko partaideok gure eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu Kakiturri taldeko kideei beren jarrera eta esker onagatik, Betti-Gotti Euskara Kultur Taldeari soinu-ekipoa uzteagatik, Irungo Erlaitz Mendi Elkarteko zuzendaritzari, txoko goxo horren ateak zabaltzeagatik, eta saioaren antolakuntzan modu batera nahiz bestera parte hartu zenuten guztioi.

This slideshow requires JavaScript.

2014-2015 ikasturteko bertso gauetako bertso-sortak

Joan den ikasturteko bertso gau bakoitzeko bertso-sorta bat kantatu du herriko bertso eskolako kideren batek. Originalak izan dira sorta guztiak; ekimen jakin horretarako jarriak, alegia. Hala, urritik ekainera bitarteko kronika berezi bat osatu dugu, pertsonala oso, bertso eskolaren bueltako jendeak idatzia. 2015-2016 ikasturteari begira ere helburu bera dugu. Ea iaz bezain fin kunplitzea lortzen dugun. Kostako zaigu!

Txingudi Ikastolako Egunean kantari

Txingudi Ikastolako bertso tailerreko ikasleek ederki asko bete zuten eskolaren eguneko jaialdiari hasiera emateko ardura.

Irungo Bertso Eskolen IV. Eguna, 2015eko ekainaren 13an.

Laugarren urtez jarraian Irunabarrek, Irungo Bertsoaren Bilguneak, Irungo Bertso Eskolen Eguna antolatuko du, amaitzear den ikasturteari behar bezala agur esan eta datorrenari begira jartzeko.

Ekainaren 13an izango da emanaldia, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, Irungo Meaka auzoko Ola sagardotegian. Urtero bezala, frontoian izango da saioa eguraldia lagun izanez gero. Euria ari badu, aldiz, sagardotegi barruan egingo dugu. Beraz, eguraldia ez da aitzaki izango.

Irungo Bertso Eskola guztietako haur, gazte zein helduek hartu ohi dute parte bertsoaren festa honetan, eta aurtengoan, gonbidatu berezi moduan, Auntxa Trikitixa Eskolako eta Musika Eskolako lagunak ere arituko dira, Iñaki Aranagaren gidaritzapean, gure bertsoak soinu eta panderoz laguntzen.

Jaialdia eta gero, Irunabarrek gerturatzen den oro gonbidatuko du sagardotegian merendu legea egitera.

Anima zaitezte, ez zaizue damutuko.

TXINGUDIKO BERTSO ESKOLAKO HAURREN DEIALDIA:

INOIZ BERTSO ESKOLAKO PARTAIDE IZAN ZARETENONTZAT GONBIDAPEN BEREZIA:

Toki Alai – Gaztelu Zaharren bertsotan

2015eko maiatzaren 13an Toki Alai-Gaztelu Zaharreko DBH2ko ikasleekin eman zuten goiz osoa Egoitz Zelaiak eta Aitor Errazkinek. Bertsolaritzaren eta bertsogintzaren berri eman zieten ikasleei, bai eta bat-bateko bertso saioa eskaini ere. Bertso Eskolako kide eta Toki Alaiko ikasle Peio Iriarte lagun izan zuten Egoitzek eta Aitorrek zenbait lan gauzatzeko garaian.

This slideshow requires JavaScript.

Ikasleek taldean ondutako bertsoak:

Lehen taldearen bertsoa:

Egunero sei ordu
goaz eskolara
goizetik gauera gu
ikasleak gara
zuzendaria dator
ene ze ikara!
Dirudi kartzela bat
aspergarria da.

Bigarren taldearen bertsoa:

Toki Alai eskola
ez dugu itzela
baina askoz txarrago
daukagu kartzela.
Beteta baitaukagu
beti zaintza gela
beste Irungo eskola
guztiak bezela!

Txingudi Ikastolako bertso tailerrekoen “Korrika Txiki”ko bertsoak

Txingudiko Bertso Eskolako haur eta gazteak euskarari kantari

Txingudiko bertso eskolan hiru talde ari dira aurten, eta bideo honetan gazteenen taldeko lehen bertso-egitasmoa erakutsi nahi dizuegu. Aurten 15 lagun inguru ari dira gazteen taldean, eta Euskararen Nazioarteko Eguna zela eta, bertso sorta bat jartzea deliberatu genuen. Haurrak bost taldetan banatu, eta hortik aurrerako lan guztiak haurrek beraiek burutu zituzten.

Bertso sorta osatu bitartean, haur batzuek kale egin dute bertso eskolan, etxeko lanak edo eritasunak medio, eta bitarte horretan ere ikasle berriak batu zaizkio taldeari. Gora behera horiek guztiek apur bat mantsotu dute ikasleen lana, baina inolaz ere ez dira txapeldun guzti hauentzako traba izan eta, azkenerako, lortu dute urteko lehen egitasmoa arrakastaz bukatzea. Diogunaren froga, bideo honetan duzue.

Txingudi Ikastolako bertso tailerrekoak lanean

Ikasturteko lehen bideoa jaso dugu Txingudi Ikastolako bertso tailerreko haurren eskutik. Euskararen Nazioarteko Egunerako egindako bertsoen artean hautatutako baten gainean egindako lanaren emaitza da.

… erdi animali, erdi bertsolari …

Eguzkitza ikastetxeko bertso tailerreko ikasleek Iker Goñiren gidaritzapean grabatutako bertso sorta musikatua, antzeztua eta dantzatua, 2013-2014 ikasturtean egina.

Irungo Eskolarteko I. Bertso Paper Lehiaketako bertso guztiak

Hona hemen Irungo Eskolarteko I. Bertso Paper Lehiaketako bertso guztiak. Bejondeizuela, eskerrik asko denoi, eta datorren ikasturtera arte.

Irungo eskolarteko I. Bertso Paper Lehiaketa

 

Post Navigation