Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“OTAri (Ordaindu Ta Amorratzeari)”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Bidasoako Hitzan.

OTAri (Ordaindu Ta Amorratzeari)

Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

Doinua: Betroiarena A

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Hiri modernoa ez
al da tiranoa?
Ipurdian atera
ohi den granoa?
Pobreenentzat presto
du sotamanoa…
Ni igual izan arren
probintzianoa,
zu hain urbanoa;
harreman sanoa
eta humanoa
zen bion asmoa
baina barru guztia
hustera noa.

2)
Hondarribia, Irun
edo Hendaiara
autoz joanez gero
dena da traba,
txuloren baten bila
hona eta hara
aparkatu arte bi
ordu beharbada,
hori gutxi da ba,
gero zuri paga
ematea jada
nahitaezkoa da…
Zerbitzu deitu arren
lapurra zara!

3)
Lehen leku gutxitan
zeunden osasuntsu
orain muturra nonahi
atera duzu.
Zoritxarrez onartu
zaitugu amultsu
baina nire protestak
ze amorru kutsu
nahiz ez esan usu
aitortzen dut sutsu
maiz hartu ohi dut su
gorroto zaitut zu,
nire txanpon guztiak
jaten dituzu!

4)
Ezikusiarena
eginda arantza
ateratzeko izan
dut esperantza,
txanponik bota gabe
zure ahorantza
zigortuko al nauzun
geroko zalantza.
Ustezko bengantza
edo errebantxa
egitean antza,
multa testigantza,
beti oso garesti
irten zait txantxa!

5)
Gustu txarreko OTA,
TAO bedeinkatu
pozoiez nahi zintudan
madarikatu!
Bederatzi puntutan
nahiz ozen kantatu
belar txarra ezin da
errez akabatu…
Sorta hau bukatu
aurretik ohartu
hitz onik aipatu
badizut barkatu
eta gaizki esanak
gogoan hartu!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-jon-luzuriaga/

Txingudiko bertso-eskolak martxan: doan eta denontzako. Hots egin eta izena eman.

Ikasturtero bezala, martxan da Bidasoaldean bertso-eskolan izena emateko “epea”. Berez, ikasturte osoan zehar eman dezakezue izena, baina dagoeneko hasita gaude taldeak osatzen. Hasiberrien talde polit askoa dugu dagoeneko martxan; bat-bateko taldeak ere bai: bi. Bertso-tailerra ere bai. Baina onena, deitu 688826433 (Igauri) edo idatzi: irunabar@gmail.com.

Ikastetxerik edo elkarterik balego bertso-eskola edo antzekorik martxan jarri nahi lukeena, deitu edo idatzi beldurrik gabe.

Animatu!

Beste ikasturte batez bailarako hedabideekin elkarlanean

Irunabarren, bat-bateko bertsoez gain bertso idatziek ere garrantzia handia dute, bertsolaritza eta bertso-jarriak inguruko hainbat txokotara helarazi asmoz, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2025/26 hau bederatzigarren ikasturtea dugu Irunerorekin elkarlanean. Urrian hasi eta ekaina bitarte, hilero, hilabete hasieran, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Bestalde, zazpigarren ikasturtea osatuko dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso-jarriek argia ikusiko dute, irailetik hasi eta ekaina bitarte, hilabeteko azken ostiraletan. Kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai eta Hitzako sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako zenbait bertso-sorta:

  • “Madraí amach!” Beñat Elosegi Ortiz de Zaratek 2025eko apirilean Iruneron argitaratu eta Beñatek berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Bertso sorta hau ere heldu da”, Adrian Arruti Bernadetek 2024ko azaroan Bidasoako Hitzan argitaratu eta Peio Etxebarriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Ikaztegietatik Irunabarreara”, Jon Luzuriaga Iurramendik 2024ko urrian Iruneron argitaratu eta Jone Garmendia eta Jonek berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

Moskuko Jaiak 2025

Kaixo, bertsozale:

2025 honetan ere Moskuko Jaiak egongo dira eta aurten ere, egitarau zabal eta aberats baten baitan, bertso-saioa antolatu du Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, Moskuko Jai Batzordeko kideekin elkarlanean.

Bertso-saioa, igandean izango da, abuztuaren 17an. Plazan izango da, arratsaldeko 17:30ean. Oinatz Mitxelena gai-jartzailearen esanetara ariko dira kantuan Nerea Elustondo legazpiarra, Irantzu Idoate hazpandarra, Igauri Lopetegi irundarra eta Alaia Martin oiartzuarra.

“Haurtzaroko kontuak”. Abel Zabala Elizazuren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

HAURTZAROKO KONTUAK

Egilea: Abel Zabala Elizazu

Doinua: Baten bizitza kanta dezadan

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Igerabiden liburu ederra
da “Begi bat kokotean”
bere_umetako oroitzapenak
kontatzen ditu tartean
oso gustora irakurri dut
ia astetxo batean
eta ni ere haurtzaroraino
eraman nau bapatean.

2)
Nire haurtzaroa aspaldi joan zen
ez dugu kontu berria
hala ta guztiz egin nahi nuke
garai haren aldarria
landa mundutik zetorrelako
gurasoen jatorria
bi mundu_ezberdin lotu nituen
kalea ta baserria.

3)
Astegunetan kalean baina
larunbatez baserrira
Gaintxurizketa kaxkora egin
nuen makina bat jira
oroitzapenak ekarri ditut
bertso-sortaren erdira
mutikoaren hezur bigunak
gogortzen hasiak dira.

4)
Txirrindarekin eman nituen
atarian mila buelta
eta larruzko pilotarekin
ongi zikindu pareta
ziba zahar bat ere_izaten zen
bazter batean gordeta
noizbehinka_atera beharra zegoen
moda itzultzen zen eta.

5)
Orduan ez zen nintendorikan
ez eta play stationik
baina playmobil ta airgam boysak
gogoan ditut oraindik
monopolyan edo kartetan
ez uste ahaztu zaidanik
parchisarekin zenbatzen ere
ongi ikasi nuen nik.

6)
Gaixoaldiak izaten zuen
bere urteroko zita
aste batean e(d)ukitzeraino
anginak ongi hazita
pediatraren aginduz edo
praktikanteak bixita
ez zen txikia beldurra eta
injekzioaren zizta.

7)
Arropak ere pasatzen ziren
esku batetik bestera
anaiarenak lehengusuari
bueltan niretzat ostera
telebista zen txuri-beltzean
bi kate soilik gainera
zer aldaketak izan ditugun
hortik kontuak atera.

8)
Irakurtzeko Zipa ta Zape
Kili-kili zein Ipurbeltz
Elkar-en Ipuin Harrigarriak
zer jakimin zer interes
Tom eta Jerry, Mazinger Z,
Tarzan telebista bidez
mandorik ez zen epoka hartan
eta zapping-ik ere ez.

9)
Litxarkerien zerrenda berriz
Pantera Rosa, Tigreton
Triskysak edo Gusanitosak
jan gabe ezin ba egon
Chupachus, Kojak edo Sugusak
beste hainbat goxoki on
ni txanpon batzuk xahutzeko prest
aurkitu ez gero inon.

10)
Oroiminetik begiratzea
nahiz ez den nire gogoa
nondik gatozen gogoratzea
ez da ideia zoroa
ez naiz hasiko zer den hobea
lehengoa oraingoa
beraz bakoitzak bizi dezala
tokatzen zaion aroa.
(Bis)


Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-abel-zabala-elizasu/

Bertsoak ikasturteari amaiera emateko

Hezkuntza arautuko bertso-eskolei bukaera emateko motibazio bertso-saioak antolatu dituzte eskualdeko eta inguruko hainbat ikastetxetan. Lehen hezkuntzako gazteei bertsolaritza gerturatzeko eta inguruan bertsoa sustatzeko ekimena da; horrez gain, interesa duen orok, datorren ikasturtean, Irunabarreko bertso-eskoletako ateak zabalik izango dituela esateko ere baliatu dute. Besteak beste, Txingudi Ikastolan Irunabarrko Igauri Lopetiegi eta Iker Ormazabal Tturko aritu ziren kantuan; Orereta Ikastolan Irunabarreko Jon Luzuriaga eta Emaitz Murua eta Dunboa ikastetxean Jon Luzuriaga eta Igauri Lopetegi aritu ziren Iker Ormazabal Tturkoren gidaritzapean.

Aurtengoen faltan, hona hemen aurreko urteetako argazki pare bat, Igauri Lopetegik eta Urko Arregik Txingudin egindako motibazio saiokoak, hain zuzen.

“INDEPENDENTZIA”. Andoni Zelaia Otañoren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

INDEPENDENTZIA

Egilea: Andoni Zelaia 0taño

Doinua: Baditut egunero

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Sartuko naiz sartuko
olatu barrura,
itsasoan arraina
sartzen den modura,
hemen bereizten dira
olioa ura,
sareak sarekadak
bere egitura,
borroka egiteko
ordua heldu da,
bide luzea dago
oraindik portura.

2)
Hitzez hitz ahoz aho
bere sustantzia,
sinetsi, bizi, esan
sortu iritzia,
denbora aldaketak
darama ontzia,
lema zainaren esku
nolabait utzia,
ez da errez aurkitzen
neurriko jantzia,
tabu bihurtu bada
independentzia.

3)
Saihetsetik begira
jarriko bagina,
hitz jario ugari
lekuz at egina,
nor gara nora goaz
erro eta muina,
borroka du lekuko
euskal herri duina,
eskuz esku eraikiz
garatzen jakina,
senda ezina ere
bere herri mina.

4)
Abertzale munduan
zenbat aktibista,
askatasun aldarri
galdu gabe bista,
herri bat garelako
gintuen konkista,
geroztik ez da falta
espainol vasquista,
tira eta bultzaka
non egin irrista,
autonomista edo
independentista.

5)
Estatuen aldetik
zigor erauntsia,
hizkuntza, indar, lege
gauzka irentsia,
maskara jantzi eta
lotsa erantzia,
jarraitu behar dugula
elkar erantsia,
ondoan buru jabe
Espainia Frantzia,
guk ere behar dugu
independentzia

6)
Lurraldetasunaren
arerio etsai,
euskarari kolpeka
asmakizunez blai,
eskubideaz mintzo
baina guretzat jai,
euskaldunak ez badu
espainol izan nai,
euskal herri askea
eraikitzea ai,
besteentzat ona bada
guretzat ere bai.

7)
Nola lotu behar den
hitza eta ekintza,
kontzientzia dugu
lehenengo baldintza,
bakardadean ezin
da egin bizitza,
ez geundeke honela
erreza balitza,
ahaztu gabe gure
borroken emaitza
ezin bestekoa da
denon herrigintza.

8)
Kendu nahi eta ezin
menpeko arantza,
buru jabetza dela
piperra eta gatza,
gure erabakia
arrazoia antza,
txiki izatearen
ezinean datza,
ez badugu asmatu
askatasun dantza,
lortuko dela ez dut
galdu esperantza.


Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/219979/

50 lagun inguru Lopetegiren jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko bertso kantu bazkarian (2025-05-31)

50 lagun pasatxo bildu ginen 2025eko maiatzaren azken egunean Irungo Atsegiñara, bazkaria egin eta Joxe Mari Lopetegi zenaren jaiotzaren 150. urteurrena haren bertsoak kantatuz ospatzera. Eloi Lopetegik eta bere ingurutxoak primerako otordua prestatu zuten bertan bildu ginen guztion gozagarri, Igauri Lopetegi eta Jon Luzuriaga bertsotan aritu ziren bat-batean, eta plater eta plater artean Joxe Mariren bertsoak kantatu genituen guztiok aho batez, Iker Gomez errenteriarraren soinu txikiaren laguntzaz. Hona hemen Joxan Elosegik Atsegiñako bertso kantu bazkarirako ere, beti bezain eskuzabal eta fin apailatutako liburuxka.

Egun ederra igaro genuen. Eskerrik asko Atsegiña, eskerrik asko Bidasoko AEK Irungo euskaltegia, eskerrik asko Lopetegitarrei, argazkiak bidali dizkiguzuenoi ere bai, eta eskerrik asko, bereziki, bertaratutako guzti-guztioi. Hurrengora arte.

“Idatzi beharra dut”. Rafa Rodrigo Perurenaren bertsoak, Iruneron.

IDATZI BEHARRA DUT

Egilea: Rafael Rodrigo Perurena

Doinua: Idatzi beharra dut

1)
Idatzi beharra dut,
hau bai tormentua,
ezin dut hautatu zein
den argumentua.
Iritsi zait berriro
azken momentua,
oraindik gairik gabe,
hau fundamentua!

2)
Gaur izan nahiko nuke
behingoz alaikorra
gaur ez zait okurritzen
ezer ez baikorra,
zorionen larrea
guztiz da lehorra,
hobe dut isiltzea
eta jo danborra.

3)
Danborrarekin goaz
suabe-suabe,
argi da ez naizela
Bernat Etxepare.
Falta zaizkit oraindik
bi, hiru zutabe,
jada sorta erdian
baina gairik gabe.

4)
Non gaude? Ez dezagun
gal gaurko haria,
zuk aurkitzen baduzu
zuretzat saria.
Esan gabe hitz egin,
ze kalakaria!
izan ahal nintzake
lehendakaria.

5)
Konprometitu nintzen
zerbait idaztera,
sorta bat bidaltzeko
Irunabarrera.
Berriz gerturatzean
zerbait eskatzera,
jarriko naiz begira
beste nonbaitera.

6)
Ezin dugu ukatu
handiesten dala
gehiegitan adimen
artifiziala.
Gaurko sortan argi da
arma bat dudala:
nire ergelkeria,
guztiz naturala.

7)
Bertsoak idazteko
txanda zen berriro
ikusten duzuenez
maila ez da igo.
Falta da sinadura,
jartzen da aldiro,
nirea hauxe duzu:
Rafael Rodrigo.

Jarraian bertso-sorta entzungai Rafak berak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Iturria: https://irunero.eus/izenburua-idatzi-beharra-dut/

Andoni Zelaia, Julen Zelaieta eta Karlos Aizpurua bertsotan Orozkoko Bertsolari Beteranoen Sariketean [2025-05-17]

Bertsolari Beteranoen Sariketea jokatu zen maiatzaren 17an Orozkon, Supazterrean Kultura Alkarteak antolatuta, bertan, Irunabarreko Andoni Zelaia, Julen Zelaieta eta Karlos Aizpuruak hartu zuten parte. Hiru kanporaketa eta finala izan zituen sariketak, azkenean Asier Otamendik jantzi zuen txapela eta Karlos Aizpuruak irabazi zuen publikoaren agur onenaren saria. Giro goxoarekin, egun ederra pasa zuten bertaratu zirenek.

Hemen albistea osorik: https://bertsoa.eus/albisteak/10824-asier-otamendik-irabazi-du-beteranoen-sariketea-orozkoan

Post Navigation