Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“Karrera amaierako krisia”. Igauri lopetegi Amostegiren bertsoak, Iruneron.

KARRERA AMAIERAKO KRISIA

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Nere sentimentua

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Nere sentimendua
nahi dut deklaratu:
karrera bukatu dut
hau ezin ukatu.
Nahiz azkezneko txanpa
pixka bat kostatu,
bukatu izana ez
dut aski ospatu.

2)
2008an
lehen notizia,
40etakoa
gogorra, bizia…
Halakoez beterik
daukagu bizia,
adin honek ere du
berezko krisia.

3)
Euskal filologia
ahalik errazen
gainditzeko aukera
aski ederra zen.
Baina egindakoa
hobeki pentsatzen
karreran karrerarik
ez da ateratzen.

4)
Klasera joan gabe
ez bertan, ez online,
estudiatzen nuen
aprobatzeko lain.
Karrera bukatzeak
lana dauka ordain.
Ze ongi bizi nintzen
oroitzen naiz orain!

5)
Etxe aski ederra
da gurasoena,
gurasoena dela,
hori du problema.
Behin eskatzen hasita,
ez al da onena
bakoitzarentzat etxe
bat norberarena?

6)
8 orduko lana
nahiz ez den etekin,
konformatu beharko
horrenbesterekin.
Nere gustua zein den
nik ere ez nekin:
Jubilatu nadila
40 urtekin!

Iturria: https://irunero.eus/karrera-amaierako-krisia/

“Bizitza filma da”. Josu Laguardia Igiñitzen bertsoak, Bidasoko Hitzan.

BIZITZA FILMA DA

Egilea: Josu Laguardia Igiñitz

Doinua: Dozena bat bertso berri B

1)
Bizitza zer da? Zer helburu du eta gu zer gara?
Larogei urte zituen Enrikek hauxe zioen, bada:
“Bizitza: putzu eta algara,
Xiberuko maskarada!
Film baten gisan, oharkabean, akabatua da”.

2)
Enrikeren pelikula hasi zen duela mende bat.
Hala zioen ausarta zenak, aktoreak bezainbat.
“Forrest Gamp gustuko daukat;
Korri egitea, erabat.
Hara eta honera bizitza osoa lasterka daramat.”

3)
Korrika beti hara eta honera Mel Gibson bezala.
Braveheart-en, kasu, hamaika guda, nahiko eginahala.
“Gihartsua eta zabala
banago eta ez da hutsala”.
Sendo eta luze bizi nahi duenak, hala egin dezala.

4)
“Gazte nintzela ibili nintzen nesketan serio.
Marilyn berari ere kaixo esan izan banio!
Gaztetan, neska jario!
Zenbat amets ta desio!
Newman-ek berak nire ondoan ez zuen deus balio”.

5)
Newman bezala, Marilyn ere, beti gira-bira.
Hobe lukete Euskal Herrira etorri izan balira.
“Gurean ere badira
Aktore itzelak, begira:
Ane Gabarain ta ni neu ere, joan gabe urrutira”.

6)
“Adinean gora, izan nituen, hamaika bizipen.
Thelma eta Louise filmean antzera, zalantza ere egiten”.
Amildegira jauzten
bizitza eten egin zuten.
Batzutan putzu beltzean erori ta hortik ezin irten.

7)
“Nire autoa matxuratu zen erori aurretik.
Une hartatik ezin konta ahala txango daramazkit.
Autoa egun hartatik
baztertu nuen kolpetik.
Era horretan ez naiz eroriko amildegitik”.

8)
Enrikek dio “laburmetraia”. Apunta ezazu!
Ibilbide luzeko aitona, egiogu kasu.
Zu, aktore, kasu emazu.
Pelikulari, jo ta su!
Bizitzaren eszenatokia, hortxe, zain daukazu!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-4/

Lopetegi oroitzeko kantaldiak harrera ezin hobea. Eskerrik asko guztioi. Orain kantu bazkariaren txanda (2025-05-31)

Joan den apirilaren 13an jendeak estu moldatu behar izan zuen Irunabarrek Joxe Mari Lopetegi oroitu eta omentzeko Bidasoako EKTn antolatu zuen kantaldian. Eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu Txingudiko bertso-eskolako bertso-tailerraren, Irunabarren eta Lopetegiren ondorengoen partez, modu batera zein bestera kantaldian parte hartu zenuten guzti-guztioi.

Orain kantu bazkari herrikoiaren txanda da. Irungo Atsegiñan antolatu dugu maiatzaren 31rako, larunbatarekin, eta laster zabalduko dugu kartela. Animatuko ahal zarete! Bien bitartean, joan den apirilaren 13ko kantaldiko irudi batzuk hementxe:

Azkenik, horra Joxan Elosegik beti bezain fin eta eskuzabal ikus-entzule guztientzat apailatutako liburuxka.

“Astelehenetan astelehena”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

ASTELEHENETAN ASTELEHENA

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Egunaren izena I

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Egunaren izena
eztakit nola zan,
baina seinalagarri
astegun bat bazan
aurrekoa pasatzen
zenez beti plazan,
ajeari’re hola
ohi genion esan,
batak beti bestea
erakarri dezan.

2)
Izatez pena bat da
igandearena.
Hontaz artikulu bat
da Egañarena
gutxi gorabehera hau
esaten duena:
Jaiegunetan jai da
egin behar dena,
eta astelehenetan
pasa astelehena.

3)
Igande arratseko
festa plan ederra
soilik larunbat gauez
ez al da okerra?
Igandeetan izaten
baitugu alferra.
Lehen astelehenarekin
buruko min gerra
zuenari esaten
zioten alferra!

4)
Igandeetan etxean
triste, plof, soraio…
jaiegunak ez dira
hortarako jaio.
“Peli eta mantita”
baina ze arraio?
Igandeetan joan behar da
zerbeza karraio,
astelehenari astelehen
ze ba esaten zaio?

5)
Bi jaiegun ditugu,
bi jaiegun omen,
nahiz zazpi egun izan
aste orok hemen,
igandeetan patxadaz
jardun behar, zeren
lan egiteko hartu
behar da atseden.
Horrela bihurtzen da
igandea astelehen.

6)
Loretxoa jaio zen
libre izateko,
inor ez dago ongi
inoren menpeko.
Baina hola gabiltza
gu lana tarteko…
Bizi honen aldean
ez al da hobeto
bizitzeko bizi ta
ez lan egiteko?

7)
Lehengusu ttiki bat dut,
lehengusu itzela,
azkar somatzen zaio
azkarrena dela.
Ttikitan behin galdetu
genion honela:
“Zuk zer izan nahi duzu
handia zarela?”
Ta hark: “Jubilatua,
attona bezela.”

8)
Nahiz eta irabazi
alferraren fama,
gure etxean sarri
amoñak esana:
“Unos llevan la fama
y otros la lana.”
Astean zehar hori
izaten da plana:
Nagusiek fama ta
langileek lana.

9) Ai! astelehenak behera,
astelehenak gora…
Nik esandako hauek
oroitu gerora:
Iganderik ez galdu
inondik inora,
berrogei ordukoa
dugu lan denbora,
gainontzeko guztia
guk bizitzeko da.


Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/igauri-lopetegi-astelehenetan-astelehena/

Hamar egun baino ez 150. urteurrenerako

Hamar egunen buruan ospatuko dugu kantuz Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarra jaio zeneko 150. urteurrena. Bidasoako EKTn izango da ekitaldia, apirilaren 13an, igandearekin, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Saioa musikatua izango da, bertso eskolako eta jirako musikariak izango ditugu lagun, eta bertaratzen den guztiak izango du ere, nola ez, gurekin batera Joxe Mariren bertsoak kantatzeko aukera. Kantaldi ondotik, jan-edanetik zerbait izango da bertaratzen den guztiarentzat, eta txolarte atseginean emango diogu asteburuari despedida.

Bideoa ikusterik ez baduzu, sakatu hemen (Antxeta Irratiaren webgunea) edo hemen (audioa entzuteko).

Ikus dezakezuen bezala, Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerra lanean ari da, apirilaren 13an dena pronto izateko.

“Madraí amach!”. Beñat Elosegi Ortiz de Zarateren bertsoak, Iruneron.

MADRAÍ AMACH!

Egilea: Beñat Elosegi Ortiz de Zarate

Doinua: Wild Rover

1)
Kargaz beteriko autoritatea,
aztoratuaz kaleko bakea,
erantzunkizun gabeko artea,
uniformedun inpunitatea.

Zer kalte sortzen den plaka eman ezkero,
tximino bat polizi, epaile gero.

2)
Lan gatazketan langileak jipoitu,
etxegabetzeetan zarete ohitu,
kontroletan jendea luze bahitu.
Zuen “lanak” albokalteak ditu.

Ez, zuena ez da, lanbide normala,
ez etiko, ez legal, ezta Forala.

3)
Bakea lehertzera zarete joan,
desorden publikoa sortuz doan.
borrak, gasa, ostiko, hamaika foam.
Arriskuan gaude zuen ondoan.

Zuen soldatak gaur, bihar gure isunak,
garestiegi dira segurtasunak.

4)
Besoak dituzue hormonez hazi,
gero tatuajez itsusi jantzi.
Akademietan zenbat desgrazi,
gutxienez irakurtzen ikasi.

Kaleko guztiok gara susmagarri,
karnetak kopetetan ditzagun jarri.

5)
Zuen fereka goxoen lilurak,
estalitako begien malko urak,
ote dira maiteminduen itxurak
Arkautin ikasitako ohiturak?

Tortura zein bortxa libre direnean
terrorismo hitzaren aldamenean.

6)
Agintari ustelen esanekoak,
proportzio ezaren astapotroak,
ezagun ditugu zuen jokoak,
baita Chinchilla kaleko sotoak.

Gu garena gara gure Nafarroan,
itoko al zarete whiskey txarroan.

6)
Jendarme, zapelatz, zein txakur pinto,
zipaio, eltzetzu edo pitufito,
kolore guztiekin nabil kritiko.
Urruti ospa egizue betiko!

Barka ama ez naiz nahi zenuen hura,
uniformeek sortzen didate azkura. (Bir)

Jarraian bertso-sorta entzungai Beñatek berak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Iturria: https://irunero.eus/madrai-amach/

Kantaldia antolatu du bertso-tailerrak, Joxe Mari Lopetegiren jaiotzaren 150. urteurrena dela eta

Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerrak kantaldia antolatu du apirilaren 13rako, igandearekin. Kantaldia arratsaldez izango da, 18:00etatik aurrera, Bidasoako EKTn (Larretxipi kalea, 12). Bertan, bertso-eskolako eta jirako hainbat lagunek Lopetegiren bertso-sortak kantatuko dituzte. Antolatzaileek adierazi dutenez, emanaldia dohainik izango da, eta bertaratu nahi duten guztiek EKTko ateak zabalik izango dituzte. Anima zaitezte eta lagundu ekitaldiaren berri zabaltzen. Eskerrik asko guztiei aldez aurretik eta apirilaren 13ra arte!

150 urte Joxe Mari Lopetegi jaio zela

1875. urteko apirilaren 13an jaio zen Joxe Mari Lopetegi Olaizola Irunen, eta 1945ean hil, Arrueta-Sarrikotan. Bertsolaria eta politikari errepublikanoa izan zen, eta Txingudiko bertso eskolako bertso-tailerreko kideak lanean hasita daude dagoeneko omenaldia prestatzeko.

Lehendabiziko hitzordua 2025eko apirilaren 13an izango dugu, igandearekin. Kantaldi modukoa izango da: bertso-eskolako kideek eta inguruko lagunek Joxe Mari Lopetegiren 8 bertso-sorta kantatuko dituzte, musikaz lagunduta. Lekua zehaztu bezain laster zabalduko omen dituzte bertso-tailerrekoek kartela eta kantaldiaren gaineko xehetasunak.

Urtean zehar izango da, baina, beste hitzordurik ere, apirilaren 13koaz gainera. Esate baterako, bertso-tailerrekoek aurreratu dute herri-bazkaria ere antolatzen ari direla, ekainaren 7rako .

Aurtengoa ez da bertso-tailerrak Lopetegi omentzen duen lehendabiziko aldia, 2016. urtean ere antolatu baitzituzten hitzaldia, kantu-jira eta kantaldia, Joxan Elosegiren laguntzaz guztiak ere:

Izan ere, Elosegi izan zen Lopetegiren lana biltzeaz eta Euskal Herri guztiari aurkezteaz kezka izan zuen lehena. Bertso-sortak eta era guztietako dokumentazioa bildu, eta liburua argitaratu zuen: JOXE MARI LOPETEGI, ERREPUBLIKANOEN BERTSOLARIA (Paper Hotsak, 2004). Eta liburu hori bera izan da gaur bitarte Lopetegi oroitzen, ohoratzen, eta haren bertsoak leitzen eta kantatzen jarraitu nahi izan duten guztientzako ezinbesteko abiapuntu eta oinarri; baita aurtengo hitzorduak antolatzeko garaian ere, bistan da.

Beraz, izango da aurten ere zer ospatu eta zer gozatu. Gehiago jakiteko, ordea, bertso-tailerraren abisuen zain geratu behar. Azaldu nahi duzu gurekin aurtengo argazkietan? Adi egon eta anima zaitez! Bien bitartean, horra orain ia 10 urteko zenbait irudi.

Sarri arte!

“Etxe minez”. Egoitz Zelaia Perezen bertsoak, Bidasoko Hitzan.

ETXE MINEZ

Egilea: Egoitz Zelaia Perez

Doinua: Lagundurikan danoi I

1)
Etxeko egongela
da haien arkupe.
Serioski dabiltzan
egindura dute.
Ezkontza argazkiez
hitzez dihardute
koloreko zirenak
duela hiru urte
orain zuri-beltzean
ikusten dituzte.

2)
Diruak agintea
dakarren planetan
noizbait ausartu ziren
geroko planetan.
Lanak ebatsitako
azken laztanetan
mina atzeman dute
kontraerranetan.
Kanporatze agindu
baten erranetan.

3)
Odol hotzak jandako
mezu otzanetan,
beroa geratzen da
maiz pertsianetan.
Etxebizitza berri
baten porlanetan
eraiki nahiak duen
joan-iganetan
noiz hasi ote ziren
eraiste lanetan.

4)
Aspaldi ez direla
mintzo sentimenduz.
Aspaldi ez dutela
ulertzen aieruz.
Erantzun nahi lukete
lasaiki, soseguz,
baina mintzatzen dira
minaren erneguz
eri nagian duten
eraztuna helduz.

5)
Hitz soseguetatik
garrasira jinik
elkarrentzat ez dute
atera hitz finik.
Hauxe azkenengoa
dutela jakinik
adosteko ez dute
egiten zirkinik
elkar maite dutela
oroitu ezinik.

6)
Hasiera batean
hain zena berezi
zergatik ez ote du
gehiago merezi?
Badabiltza elkarri
ezin ihardetsi
halako bikote bat,
ezin da sinetsi,
zein erraz elkartzen den
zein zailki bereizi.

7)
Zorrak minak adina
eta dohakabe
harremana bihurtu
zaie atsekabe.
kanapetik altxatu
dira oharkabe
eta elkarrengandik
egin dute alde
galdu dutena zer den
konprenitu gabe.

8)
Zer gauza behar ote
dugu ulertzeko
zein gutxi behar dugun
minez zimeltzeko.
Ametsak amets dira
baina banketxeko
horiek jarraitzen dute,
batekoz bertzeko,
ez duzuna ematen
duzuna kentzeko.


Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-egoitz-zelaia/

Iker Ormazabal “Tturko” eta Igauri Lopetegi bertsotan Otazpiko lehendabiziko hika topaketan

Katea auzoko Otazpi tabernak hika topaketa antolatu zuen 2025eko otsailaren 27an. Bidasoko AEK-ko lagunak aritu ziren topaketa dinamizatzen, Otazpiko sendi osoa tabernari, sukaldari, teknikari eta argazkilari lanetan, eta arratsaldea borobiltzeko, bertso-saioa eskaini zuten Iker Ormazabal “Tturko” hernaniarrak eta Igauri Lopetegi irundarrak.

Post Navigation