“Etxekalte”, Iruneron. Egoitz Zelaia Perezen bertsoak.
ETXEKALTE
Doinua: ‘Esperantzarik gabeko zenbait‘
Egilea: Egoitz Zelaia Perez
1)
Hamabi urte baino ez ditu
eta Angelun bizi da,
ikastetxea itxi dutenez
umeak etxean dira.
Haren ezpainen ertza iristen
da irribarre ttikira;
berandu arte lo egin eta
bideo-joko partida…
bizi osoa pasako luke
telebistari begira.
2)
Hogeita batak bete berritan
eta Gasteizko neguko
hotzen artean lagunik ez da
ingurura azalduko.
Fakultateko lanak eginez
eguna hasi orduko,
atera nahia irentsiz, bera
eta beraren moduko
anitz, irrikaz dabil hurrengo
osteguna noiz helduko.
3)
Ipuin, marrazki, kilimen gerra,
eskulan batzuk bestela,
ustekabean jolas eremu
bilakatu da jangela.
Nahia deitzen da sei urte ditu,
alaba bakar, fidela,
eta badira jada lau egun
pentsatzen hasia dela
txakurra bera baino gehiago
maitatu dezaketela.
4)
Ertzaintzarako oposizio
prestaketetan dohatsu
aritu denak baditu hainbat
momentu gorabeheratsu.
Ordiziako Unai ere bai
ibili da horrelatsu.
Baina kanpoko birusarentzat,
denarentzat loriatsu,
alferrik dira autoritate,
pistola eta mehatxu.
5)
Haren herrian aditzen zuen
aurkako komentario
ostean heldu zen Lesbosera
mehatxuen kontrario.
Geroztik dena izanagatik
laguntza boluntario
dabil etxe bat noiz aurkituko,
kalbarioz kalbario,
baina etxean dagoenari
horrek zer axola dio?
6)
Hirurogeita hamasei urte,
ez da lehen bezain abil.
Kutsatua den ongi ez daki,
baina susmoa darabil.
Etxaldeetako bakardadean
guztia da kutx ala pil.
Jatsun bizi da eta ez du nahi
halako egoeran hil.
Lehen herio urrun zebilen
orain ate joka dabil.
7)
“Etxean izan bermatu dadin
zure seguritatea”
esaldi hori Anerentzat ez
da errealitatea.
Orain mozkor bat biolentoa
da lehen zena maitea.
Aspaldidanik arriskuan da
bere ongi-izatea
lehen, bederen, izaten zuen
zortzi orduko bakea.
8)
Jada kanpoan aukerarik ez
denez bazterrak nahasteko,
ordenagailu aurrean pasaz
berrogei ordu asteko,
bertsolari bat dabil Hendaian
gertu hitzak orrazteko
borrokan dabil ideia on bat
erakarri arazteko,
baina tartea atera digu
bertso hauen idazteko.
Iturria: https://irunero.eus/etxekalte/