Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“Transzientzia”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Bidasoko Hitzan.

TRANSZIENTZIA

Doinua: Hemen zizurkildar bat
Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

1)
Eredu faltak sortzen
baititu problemak
hona bildu ditugu
zenbaiten izenak:
zientzialariak,
bikainak den-denak,
askok ezagutuko
ez dituzuenak,
Transak direla esan
behar izan dutenak.

2)
Tuberkulosiak du
eragin bortitza
azkar hautematea
da lehen baldintza,
eta topatu zuen
Alan Hart-ek giltza:
baliatuta X
izpien jakintza
salbatu zuen beste
askoren bizitza.

3)
Lynn Conway bera ere
nola ez aipatu,
informatikaria,
on bezain famatu:
mikroprozesadore
bat zuen asmatu
hala ordenagailu
guztiak azkartu;
baina mundua dabil
ezin prozesatu.

4)
Nahiz eta zaila izan
esplikazioa
Rachael Padman-ek a zer
aportazioa:
argiztatuz izarren
eboluzioa
astronomia denez
bere pasioa,
berak ere merezi
du espazioa.

5)
Ben Barres da beste bat
aski nabarmena
Neurobiologian
katedradun zena.
Ikertu zuen glia
zelulen ahalmena
leheneratu asmoz
nerbio-sistema.
Sistemak berak gaizki
ulertu zuena.

6)
Fisikari bikain bat
ez zena akitu,
segurtasun nuklear
gaietan aditu,
Angela Clayton ez zen
nahikoa saritu;
zeren inork nahi badu
serio aritu
bizitzan segurtasun
gehiago behar ditu.

7)
Brigitte Baptiste-ek dakar
hamaika kolore:
Bioaniztasunen
gaietan doktore,
ekologiaren zein
bizitzen fabore,
gaur unibertsitate
baten errektore.
Ia natura bera
bezain transgresore.

8)
Audrey Tang aipatzeke
ezin utzi bertan:
erreferente bat da
software libreetan,
hacker bat dabilena
ministro lanetan,
“Libre” eta “ireki”
aldagaien bueltan
Txerta dezagun bera
gure lengoaietan.

9)
Juani Bermejo-rentzat
lanaren ordaina:
jo du konputazio
kuantikoan gaina.
Han-hemen arituta
gogor, alajaina,
darama ikertzaile
karrera bikaina,
trantsizioak zaildu
egin dio baina.

10)
Horrelako sorta bat,
baina, zertarako?
erreferente falta
badagoelako,
berdin dio noizko den
eta norentzako;
bideak zabaltzea
ez da kalterako!
Mundua ederra da
anitza delako.

Hemen Hitzan argitaratutako sorta Makalok musikatuta.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/manu-goiogana-bengoetxea-transzientzia/

Single Post Navigation

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

%d bloggers like this: