Manu Goiogana txapeldun ‘Metaberso, Gaintxurizketako Bertso Txapelketa’-n [2026-08-14]
Gaintxurizketako Antxillastegin jokatu zen ostiralean Metaberso, Gaintxurizketako Bertso Txapelketaren lehen edizioa, giro ederrean eta auzotarren erantzun beroarekin. Bertso saioaren aurretik, 20:30ean, afari autogestionatua egin zuten bertaratutakoek, eta 22:30ean ekin zioten saioari.
Zortzi bertsolari aritu ziren kantuan: Inge Mitxelena oreretarra, Egiar Otegi Torres oiartzuarra, Igauri Lopetegi Amostegi irundarra, Jon Luzuriaga Iurramendi ikaztegietarra, Manu Goiogana Bengoetxea irundarra, Karlos Aizpurua Etxarte oiartzuarra, Jon Altuna Iza «Oxan» hernaniarra eta Mikel Lujanbio «Xapo» hernaniarra. Epaile lanetan Zuhaitz Olazabal Susperregui eta Abel Zabala Elizazu aritu ziren, eta Iñigo Ugarte Azurmendik gidatu zuen saioa.
Bertsolarien jarduna arretaz eta gustura jarraitu zuen bildutako jendeak, eta gauaren amaieran Manu Goiogana Bengoetxea izan zen lehen edizioko txapelduna.
Lehen aldia izanagatik, ekimenak harrera oso ona izan zuen Antxillastegin. Saioa amaituta, auzokideen artean iritzi nagusia argia izan zen: errepikatzeko moduko ekimena da. Lehen edizioak, beraz, hurrengo baterako atea zabalik utzi du.
Bertsolariek amaierako agurretan egin bezala, hemendik ere eskerrak eman nahi dizkiogu Iñigo Ugarte Azurmendiri, ekimena aurrera ateratzeko egindako lan guztiagatik eta bertsolariak hain goxo hartu eta zaintzeagatik.







