“Pantailetatik zintzilik”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Bidasoko Hitzan.
PANTAILETATIK ZINTZILIK
Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea
Doinua: Gizakiak harri bat
1)
Idatzi nahiko nuke
dudan sentipenaz,
kezka baitut pantailek
duen hedapenaz.
Orain uneoro da
lehen zena apenas,
haurrak pantailen menpe,
ni penaren penaz,
hausnartu ote dugu
euren garapenaz? (Bis)
2)
Nahi baititugu isil
antzean mantendu
etengabe pantailak
ditugu sostengu.
Unean irtenbide
ona ematen du,
baina ondorioak
ohi dira gailendu:
isilarazten ditu
baina loa kendu. (Bis)
3)
Bideo zentzugabe
motzen zaintzapean
hainbeste estimulu
azkar ematean
horra ohituko dira
eurentzat kaltean.
Gero_eskuak burura
inork esatean
ezin dela murgildu
liburu batean. (Bis)
4)
Kognitiboki zenbat
dien eragiten
hausnartu gabe zaila
genuen jakiten.
Bideoak ikusten,
nahiz zer ez dakiten,
pilatu beharrean
hamaika bizipen
mundua esploratzen
eta hitz egiten. (Bis)
5)
Aldiro umeek ze
dopamina txute,
pentsa hori lutzatzen
bada urtez urte
eguneroko jardun
luzearen truke
pantailak bilakatzen
dituzte arkupe
ta euren mundua han
eraikitzen dute. (Bis)
6)
Ez den baden zerbait da
mundu digitala,
oso oso luzea
duena itzala.
Nork ez du_ikusi haur bat
mobila daukala
pantaila aurpegira
hurbilduz doala,
mugikorrak xurgatu
behar balu bezala. (Bis)
7)
Etxea txukuntzeko,
orrazteko apain,
laneko estresak ez
diezagun har gain…
lehen aiton-amonak,
mugikorrak orain.
Gurasoak ez beste
edozein umezain
eta artean haurra
haurtzaro baten zain. (Bis)
8)
Ez ditzagun haurrak har
hain era estuan,
gu ere baikabiltza
ezin saihestuan.
Mobila erabiltzen
beti aurreskuan,
haurren hobe beharrez
kezka antzeztuan
beraiei debekatzen
geurea eskuan. (Bis)
9)
Geratzeko etorri
zaigunez mundura
pantailen, edukien
ta hormonen guda,
nahiz eta haur gehienek
ikusi gustura,
ez ditzagula utzi
beraien eskura,
ta erabil ditzagun
behar den modura. (Bis)
Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-manu-goiogana-2/
