Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Berriak”

Bertso-tailerra lanean, Joxe Mari Lopetegi gogoan

joxe mari lopetegi ixeritaTxingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerreko kideak Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarra zenaren bizitza eta bertsogintza aztertzen aritu dira 2015eko urritik hona, eta jarduera multzo interesgarria prestatu dute, hura nor izan zen herritar guztioi azaltzeko asmoz.

Apirilaren 9an, larunbatarekin, Bertso-tailerreko kideek Irungo Udal Liburutegian prentsaurreko bat ematea zuten helburu, baina post hau argitaratutako unean horretarako baimenaren berririk ez dutenez oraindik, hedabideei prentsa ohar bat bidalita konformatu beharko dutela dirudi.

Jakin dugunez, prentsaurreko horretan eman nahi zuten ikasturte osoan zehar egindako lanaren berri, eta Joxe Mari Lopetegi bertsolaria ezagutarazteko osatu duten egitaraua herriari aurkeztu, bide batez.

Post honen bidez, beraz, jakinarazi nahi dizuegu Bertso-tailerreko kideek prestatutako ekimen guztien berri jarriko dugula Irunabarreko blog honetan.

Erne egon, beraz, laster hasiko baikara jarduera guztiei buruzko berri ematen.

Bien bitartean, ongi izan.

IRUNABAR, Irungo bertsoaren bilgunea
Talde eragilea.

Bertsotruk: Gasteizko saioa (2016-III-13)

2016ko martxoaren 13an Gasteizko taldearekin saioa egin zuten Txingudikoek. Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Aitor Errazkin aritu ziren Txinguditik, eta Asier Otamendi, Felipe Zelaieta eta Xabier Rico Gasteizko Kakiturri taldetik. Goxo asko hartu zituzten gasteiztarrek txinguditarrak, eta hamabost bat lagunen aurrean egin zuten saioa Kakiturri elkartean; gasteiztarrek elkarte horren izena hartu dute taldea izendatzeko, bertan egiten baitute bertso-eskola, asteazkenero. Saioaren kronika Felipe Zelaietaren eskutik.

Apirileko Kabigorriko bertso gaua (2016-IV-07)

Jokin Bergara eibartarra, Iñaki Murua gabiriarra, Beñat Gaztelumendi añorgarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira kantuan apirileko bertso gauean, eta Manu Goiogana irundarra arduratuko da gaiak jarri eta saioa aurkeztu eta gidatzeaz. Bertso jarriak Uxue Larrukert irundarraren eskutik helduko zaizkigu; atzerrian da bera, baina iritsaraziko dizkigu bertsoak, ziur, nola edo hala.

Hitzorduari dagokionez, beti bezalatsu; 19:30etan ekingo diegu bertso idatziei eta amaitu bezain laister oholtzaratuko dira bertsolariak. Kontuan izan aparta izaten dela saioa amaitu eta afaltzen geratzeko Kabigorrik eskaintzen digun aukera. Guk aldiro baliatzen dugu, bederen; anima zaitezte zuek ere.

This slideshow requires JavaScript.

Bertsotuk: Legorretako saioa (2016ko otsailak 20)

Otsailaren 20an, Legorretako gaztetxean kantatu zuten Manu Goioganak, Urko Casadok eta Aitor Errazkinek, Txingudiko Bertso Eskolakoak, hirurak. Goierritik Aitor Irastorza, Gema Urteaga eta Odei Lopez aritu ziren. Gureak aski pozik itzuli ziren, bai Odeiek soziedadean prestatutako afari goxoagatik, bai harrera egin zietenekin eta kantulagun izan zituztenekin primeran moldatu zirelako ere. Irunabarrek oso balorazio positiboa egin du Bertsotruk ekimenak orain artean emandakoaz.

This slideshow requires JavaScript.

Peio Iriarte 2016ko Gipuzkoako eskolarteko txapelketan

Martxoaren 11n Aretxabaletan kantatu zuen Peio Iriarte irundarrak, 2016ko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan. Lehendabiziko parte hartzea izan du Peiok, Txingudiko Bertso Eskolako kideak. 60-70 lagunen aurrean kantatu zuten bertsolariek Murualde elkartean. Saioa eta gero, oso pozik zen Peio egindako lanarekin, aberasgarritzat hartzen du Aretxabaletako esperientzia, eta ikasten jarraitzeko motibazioa eman diola esan digu.

Era berean, Irunabarretik, bereziki eskertu nahi dugu azken hilabete parean Arkaitz Oiarzabal “Xamoak” Peiori emandako laguntza guztia, bai eta Egoitz Zelaia (Peioren irakaslea), Abel Zabala eta Igauri Lopetegi ere, saioaren egunean berean Peio Aretxabaletara lagundu izanagatik.

Mila esker eta zorionak guztioi!

2016_III_11_Eskolartekoa

Peioren saio amaierako agurra:

Hilaren 3an, martxoko bertso gaua, Kabigorrin!

Hilaren 3an izango da martxoko bertso gaua, Irungo Peña karrikako Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, ohitura dugun bezala. Martxoko zitan Egoitz Zelaia hendaiarra, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarra, Mailaen Akizu urretxuarra eta Manex Mujika donostiarra ariko dira bertsotan, guztiak ere Gotzon Aizpiolea irundarraren aginduetara, azken honek hartu baitu martxoko saioko gaiak egin eta saioa aurkezteko ardura. Bertso jarriei dagokienez, Urko Casadorenak entzun ahal izango ditugu, Hendaian bizi, Txingudiko bertso eskolan ari eta Irunabarreko kide dugun lagun astigartarrarenak, hain zuzen ere.

Ikusten duzuen gisan, ordu eta erdi goxo eta entretenigarria igarotzeko osagai guztiak pronto ditugu, honakoan ere. Beraz, badakizue, gerturatu eta eman gozatua zuen zentzuei.

This slideshow requires JavaScript.

Ederra joan zen otsailak 11ko bertso gaua ere! MILA ESKER DENOI!!!

Mila esker bertsolariei, gai jartzaileei, Kabigorriri, tabernariei eta bertaratu zineten guztioi (esker bereziak argazkilariei), beste bertso-gau bat gehiago posible egiteagatik. Bejondaizuela!

This slideshow requires JavaScript.

Bertsotruk: Goierri-Txingudi (2016-02-20)

bertsotruk logoOtsailaren 20an Legorretara goaz, hantxe kantatuko baitugu Txingudikoek eta goierritarrek. Txingudi taldearen izenean Manu Goiogana, Urko Casado eta Aitor Errazkin arituko dira, eta goierritarrenean, aldiz, Aitor Irastorza, Odei Lopez eta Gema Urteaga. Saioa gaueko 22:30etatik aurrera izango da, Legorretako gaztetxean. Irundik edo ingurutik inor animatuz gero, badakizue, gurekin harremanetan jarri eta elkarrekin joango gara, edo Legorretan egin topo.

IMG-20160210-WA0001

 

Hika ikastaroa

Hika Tailerra 2016Irunabarrek eta AEK Irungo euskaltegiak “Hika tailerra, toka eta noka ohitzeko ikastaroa” antolatu dugu, elkarlanean.

Izena emateko epea otsailaren 1ean zabaldu genuen, eta otsailaren 24 bitarte luzatuko. Ikastaroak martxoaren 5etik maiatzaren 28ra iraungo du, eta oporraldiak-oporraldi, 11 saio izango dira guztira, larunbat goizetan, goizeko 9:00etatik 12:00ak bitarte, Irungo Junkal karrikako 22an.

Ikastaroan parte hartu ahal izateko ikasle bakoitzak 60 € ordaindu beharko ditu. Ikastaro praktikoa izango da, batez ere, Joxan Elosegi eta Aitor Errazkin irundarrek gidatuko dutena, eta euskara batuko eta Irungo eta inguruetako formak eta moldeak ezagutu eta landu ahal izango dira bertan.

Izena emateko, nahikoa da irunhika@gmail.com posta elektroniko helbidera idatzi, izen-abizenak eman eta parte hartzeko asmoa azaltzearekin.

Ikastaroaren gaineko zalantzak argitu eta informazio gehiago behar izanez gero, posta elektroniko helbide bera, irunhika@gmail.com, eta 943 628834 (AEK Irungo euskaltegia) eta 0034 688825429 telefono zenbakiak dituzue.

AEK Irungo euskaltegira bertara ere jo dezakezue informazio eske, baina bulego orduetan, beti ere, Legia karrikako 6.ean.

Eskaintzak jakinmina piztu badizu, ez egin zalantzarik eta animatu!

Hilaren 11n, otsaileko bertso gaua

IMG-20151009-WA0002Santa Ageda bezperan egokitu da otsaileko lehen osteguna, eta, hori dela eta, bigarrenerako egingo dugu guk Kabigorrirako deialdia. Beraz, otsailaren 11rako jarri dugu zita, Kabigorrin bertan, nola ez!, eta 19:30etatik aurrera. Otsaileko bertso gauean Manu Goiogana irundarra, Izarne Zelaia donostiarra, Julen Zelaieta beratarra eta Alaia Martin oiartzuarra ariko dira kantuan, Oihana Aranburu hondarribiarra eta Miren Irigoien oiartzuarraren esanetara. Bestalde, Peio Iriarte, Txingudiko Bertso Eskolako gazte irundarraren eskutik heldu zaizkigu txanda honetan bertso jarriak, haren berberaren ahotik entzungo ditugunak.

This slideshow requires JavaScript.

Gogoan izan saioa eta gero Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen duela bertan afaltzen geratzeko.

Anima zaitezte!

Post Navigation