Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Bertso saioa”

Irungo Bertso Eskolen II. Eguna Antxeta Irratian

Antxeta Irratikoak ere hurbildu ziren Irungo Bertso Eskolen II. Egunera, eta honi eta hari galderak egiten eta iritziak eskatzen jardun ostean, ttak, zortzi minutu pasatxoko kortea eskaini zuten euren www.antxetairratia.com web orrialdean. Guk artxiboa handik zurrupatu eta hementxe duzue entzungai. Mila esker Antxeta Irratiko lagunok, antolatzen ditugun hainbat eta hainbat ekimenen berri zabaltzen laguntzen diguzuelako.

Irungo Bertso Eskolen II. Eguna

Iazko arrakasta ikusita, ezin Irungo Bertso Eskolen II. Eguna antolatu gabe utzi. Ekainaren 15ean izango da, Irungo Ola sagardotegian, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Bertan Txingudiko bertso eskoletako ikasle eta irakasleek bertso saio mundiala eskainiko dute Eguzkitza, Talaia eta Txingudi ikastetxeetako bertso eskoletako ikasleekin batera.

Eguraldiaz kezkatu gabe arituko gara. Iaz bezala eguraldi ona egokituz gero, Olako frontoian izango da jaialdia. Euria ariz gero, aldiz, sagardotegia bera izango dugu aterpe.

Beraz, bertsoak atsegin badituzue, IRUNABAR Irungo Bertsoaren Bilgunearen lana zertan den jakin, edo besterik gabe arratsalde ederra igaro nahi baduzue, ez zalantzarik egin: zatozte Irungo Bertso Eskolen II. Egunera, zuen zain egongo gara! Ez zaizue damutuko!

IRUNABAR – Irungo Bertsoaren Bilgunea

Talaia Bordariko ikasturte amaierako bertso jaialdia

Ekainaren lehendabiziko egunarekin Hondarribiako Talaia Bordari ikastetxekoek ikasturte amaierako festa antulatu zuten, baita ondo ospatu ere. Bordariko bertso eskolako kideek, Julen Enparanek, Peru Txintxurretak eta Unai Seisesek saio gogoangarria eskaini zuten ikaskide, irakasle eta gurasoen gozamenerako. Seises-Furundarena sendiari esker eskuratu dugu honako grabaketa. Mila esker Seises-Furundarenatarrei, Talaia Bordari ikastetxeari arazo teknikoak konpontzeagatik eta bertaratu zineten guztiok erakutsi zenuten errespetuzko jarrera eredugarriarengatik.

Gustuko izango duzuelakoan, bejondeizuela!

Bertsokantauri 2013

Urteko ohiko saio bilakatzeko bidean da Bertsokantauri, Hondarribiko lagun talde baten lan eskergari esker. Datorren maiatzaren 25ean ospatuko da hirugarrenez, Hondarribian. Gu aurreko bi edizioetan izan gara eta zinez gomendatzeko moduko plana da. Goizez, Higeralde landa etxe parerik gabekoan, antolatzaileek bertaratzen den guztiari zabaltzen dizkiote ateak, eta txozna zerbitzua eskaini ere bai; edari freskoa eta tortilla pintxo egin berriak, zer gehiago behar du borobila izateko maiatzeko goiz eder batek? Bai, arrazoi, punta puntako bi bertsolari: Andoni Egaña eta Anjel Mari Peñagarikano. Luxuzko gehigarri modura, Higeraldeko paraje zoragarriak eta aurreko bi urtetan bertaratu den jendearen jarrera eredugarria.

Ezin gehiago eskatu. Kontuan izan: maiatzaren 25an, Bertsokantauri 2013.

Goizeko 11:00etan kalejira irtengo da Hondarribiko “kanpotiro”tik Higeraldera.

Eguerdiko 12:30ak aldera, Andoni Egaña eta Anjel Mari Peñagarikanoren bertso Saioa. Saioa aurkezten, Koldo Emery, herriko semea.

14:00etan bertso-bazkaria KLINK Elkartean. Bazkalostean Andoni Egaña eta Anjel Mari Peñagarikano.

Bazkariko sarrerak 26 euroan izango dira salgai Hondarribiako WANBA tabernan eta TTOPARA kafetegian.

Anima zaitezte!

Hendaiako mediatekan bertso kantari

2013ko urtarrilaren 26an, larunbatarekin, Txingudiko bertso eskolako Egoitz Zelaia, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin Hendaiako Mediatekan izan ziren bertso kantari, euskarazko materialari eskaini zaion gela berriaren inaugurazioan.

Egoitz, Manu eta Aitor

DSC_0020

DSC_0021

Bertsolariak Gibeletako Eguneko Zentroan

Joan den abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Irungo Bertso-eskolako Iñigo Ugarte eta Manu Goiogana bertsolariak Gibeletako Eguneko Zentroan izan ziren, bertakoei goiza alaitu asmoz.

Lehenengo aldia zen bertan horrelako bertso-saio bat egiten zena, baina gustura geratu ziren bai bertsolariak eta baita Gibeltako Eguneko Zentrokoak ere. Harreman luze baten hasiera izan dadila!!!

Jarraian dituzue saio hartako argazki pare bat:

21.11.12- bertso saioa

Gibeletako Eguneko Zentrotik bidalitako argazkiak

Gibeletako Eguneko Zentrotik bidalitako argazkiak

Post Navigation