Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Kronikak”

Euskararen egunean Plaiaundi Institutuan eta Txingudi Ikastolan izan ginen kantuan

Euskararen eguna aitzakiatzat hartuta, azken urteetan eskualdeko ikastetxeetan saioak egin izan ditugu, eta hala izan da aurten ere.

Txingudi Ikastolako urteroko bertso saioan izan ziren Aitor Errazkin irundarra eta Izarne Zelaia donostiarra. Bestalde, Plaiaundi Institutuan Adrian Arruti eta Iñigo Ugarte irundarrak aritu ziren.

Jarraian, egunak utzitako hainbat irudi:

This slideshow requires JavaScript.

 

 

Labore Txingudik lokal berria, eta gu bertan kantuan [2019-10-12]

Labore Txingudik lokal berria ireki duela eta, Egoitz Zelaia eta Adrian Arruti aritu dira kantuan.

Urriaren 3an eman genien hasiera Kabigorriko bertso gauei

Hasi da 2019-2020 ikasturteko Kabigorriko bertso gaua. Lehen saioa ederra izan zen, jende bailara bildu zen eta bertsolariak gustora aritu ziren. Saioari hasiera Abel Zabalak eman zion, hona hemen prestatutako bertso sorta:

2019KO UDAKO ERREPASOA

DOINUA: Loriak udan intza bezela

Egilea: Abel Zabala

1-Konpromisoa hartu nuen ta
sorta jartzeari ekin
hilabetean borrokatu naiz
ideiekin zein hitzekin
errepaso bat egin nahi nuke
orain ahal dela zuekin
bi mila eta hemeretziko
udak utzitakoekin.

2-Udaletako hauteskundeei
beharko erreparatu
udaberriko azken egunek
utzi zuten zenbait datu
berriro ere Sagarzazuk zein
Santanok botoak batu
Hondarribian eta Irunen
ezertxo ez da aldatu.

3-Uda parteak parranda gogoz
jartzen gaitu aldez-alde
nahiz ta urteak joaten diren
beti berdinetan gaude
ze emakume izate hutsa
ez da irteten debalde
ia jairikan ez da igaro
sexu erasorik gabe.

4-Klima kontutan nahiko sentsible
omen dabil Jaurlaritza
baina eredua aldatzea da
ezinbesteko baldintza
trenez, metroez ta errausgailuez
kokoteraino gabiltza
ingurumena kixkaltzen dute
ta kea saltzen dabiltza.

5-Gerran dago(e)nak bere herritik
nola nahi duen atera
Siriatikan iristen dira
Italiako atera
ez da goxoa Europatikan
egiten zaien harrera
Open Arms-ekin gertatu zena
horretxen adibide da.

6-Nola galerna uda betean
iritsi zen G zazpia
ta Biarritzen atera zuten
familiko argazkia
alturan gora igo ezkero
bistaratzen da azpia
gutxi batzuek zuzentzen dute
munduaren sarraskia.

7-Kristautasuna gurean ere
oraindik ez dago hila
Jainkoa eta Lege Zaharra
Jeltzaleen maratila
Urkullu jauna Batikanora
bada kilometro pila
ta militarrak Arantzazura
bedeinkazioan bila.

 

8-Sei adibide edo exenplu
aipatu ditut emeki
zein den indartsu ta zein menpeko
azaltzen dute ederki
alternatibak behar ditugu
eta garunak ireki
zeren bestela boteredunek
irabazten dute beti.

 

Jarraian, bertso gauak utzi zituen irudiak:

2019ko abuztuan Irungo Euskal Jiran aritu ginen kantuan

2019ko abuztuaren 2an Irungo Euskal Jiran kantuan aritu ziren Txingudiko bertso eskolako eta inguruko eskualdetako hainbat bertsolari. Eguerdi partean, Urdanibia plazako oholtzan, Abel Zabal Elizazu, Egoitz Zelaia Perez eta Igauri Lopetegi Amostegi aritu ziren.

Urdanibia Berri, Puiana eta Anakan, aldiz, Adrian Arruti Bernadet, Iker Altuna eta Aitor Errazkin Vicente aritu ziren, Auntxa Trikitixa Eskolako kideekin batera.

This slideshow requires JavaScript.

Hondarribiko Sagardo Eguna [2019/08/17]

Eguraldiaren eraginez, uztailaren 27an egitekoa zen Sagardo Eguna bertan behera geratu zen. Azken momentuko erabakia izan arren, Sagardo Eguna bera bertan behera ez uzteko asmo irmoa zegoenez, abuztuaren 17an jarri zuten hitzorduan antolatzaileak. Bigarren hitzordua arrakastatsua izan zen oso, eguzkiak galanki lagunduta, berotasunari aurre egiteko sagardoz zintzurrak bustitzeko aukera paregabea izan genuen eta.

Lehen deialdirako prestatutako ekintzak ere burutu ziren bigarren honetan, baita bertso saioa ere. Bertan aritu ziren, Manu Goiogana eta Igauri Lopetegi irundarrak eta Egoitz Zelaia hendaiarra. Ordu erdi inguruko saioa burutu zuen hirukoteak librean jaialdiari hasiera emateko.

Argazkilaria: Adrian Arruti

Haziako Bertso Bazkariko kronika [2019-07-01]

Hazia Kultur Elkarteak bertso bazkaria antolatu zuen, uztailaren lehenean, herriko jaiei amaiera polita eman nahian.

Bertan aritu ziren Oihana Bartra santutxuarra eta Irunabarreko kide den Egoitz Zelaia hendaiarra. Bazkarira 45 lagun hurbildu ziren eta hasieratik nabaritu zen giroa bero zegoela.

Sukaldariek bete betean asmatu zuten menuarekin, hasierako entsaladatik hasita, txerri ukondoarekin jarraiki eta xamingoxoarekin bukatuta.

Bazkaria amaituta, eta kafe eta kopak eskatuta, ekin zioten bertsolariek libreko saioari eta hasieratik nabaritu zen behin eta berriz egingo zuela eztanda. Bertsolariak fin ibili ziren uneoro batak besteari zein entzuleei ere ziria sartuz. Gerturatutakoek, ederki aski erantzun zioten bikoteari barre algara eta txalo zaparraden bitartez.

Dena zoragarria izan da eta bertsolariak ere oso esker oneko egon ziren entzule eta antolatzaileekiko.

This slideshow requires JavaScript.

 

Irati Alcantarilla Berritxu Sariketan garaile [2019-06-28]

Pasa den ekainaren 28arekin egin zen Berrituako Udalak antolatzen duen Euskal Herri mailako bertsolari gazteen Berritxu Saria. Bertan izan ziren Bittor Altube, Maite Sarasola, Aroa Arrizubieta, Nahia Ibarzabal, Garazi Navarro Ugarteburu, Aitor Tatiegi, Ekiñe Zapiain Arlegi eta Irati Alcantarilla.

Saioak bi zati izan zituen, bata ofizioka eta bigarrena bakarka. Bigarren zatian, lehen zatian ongien aritu ziren lauek baino ez zuten parte hartzerik izan.

Gauzak horrela, Iñigo Gogenola, Aitor Basterretxea, eta Ander Txakartegi epaileek; Bittor Altube, Aroa Arrizubieta, Aitor Tatiegi eta Irati Alcantarilla pasatzea deliberatu zuten.

Saioaren amaierarako Altubek 196puntu bildu zituen, 198 Arrizubietak, 207 Aitor Tatiegik eta 210 Irati Alcantarillak.

Zorionak, Irati!

 

“Kabitik”, Kabigorriko bertso-gauei buruzko irratsaioa, Antxeta Irratian

Hilero elkarlanean antolatzen ditugu bertso-gauak Irunabarrek, Irungo bertsoaren bilguneak eta Kabigorrik, Bidasoaldeko Ateneoak. Ekainean joan zen 6. ikasturteko azken saioa: hirurogeita hirugarrena. Baina  seigarren ikasturte honek berezitasun nabarmen bat izan du aurrekoen aldean: Kabitik irratsaioa.

Izan ere, ikasturte honetan ostegunetako Kabigorriko bertso-gauek irratsaio paraleloa izan dute Antxeta Irratian. Kabigorriko bertso saioak oinarri hartuta, ordubete inguruko irratsaioak ondu dituzte Gotzon Aizpioleak eta Beñat Elosegik, joan den urteko urria-azaroan hasi eta ekainera bitarte. Azken irratsaioa atzo grabatu zuten. Eta San Juan egunez emango dute, ekainaren 24ean, iluntzeko 21:00ak aldera.

Gogoan izan Antxeta Irratia zuzenean entzuteko dialak: 90.5 / 89.7 / 105.8

Datorren ikasturtean izango ditugu bueltan Beñat eta Gotzon, gustura asko aritu omen dira-eta esatari lanetan (aurretik ere eskarmentua bazuten). Teknika lanetan Antxeta irratiko Koldo Nausia eta Maia Muruaga izan dituzte lagun Beñatek eta Gotzonek.

Kabigorriko saioak 2019ko urrian hasiko badira ere, irailean abiatuko omen da Kabitik, eta esatariek aurreratu digutenez, saio berezia izango omen da datorren ikasturteko lehendabizikoa.

Post honetan bertan joango gara 2018-2019 ikasturteko Kabitik guztien grabazioen estekak batzen:

Bestetik, ekaineko saioan egindako argazkitxo batzuk:

 

Mendeluko jaietan izan ginen kantuan

Txingudiko Bertso Eskolako hiru kide aritu ziren  aurten ere kantuan Mendeluko jaietan: Igauri Lopetegi, Adrian Arruti eta Aitor Errazkin. Maiatzaren 18an izan zen saioa, 13:30ak aldera. Eguraldia ez zuten lagun izan; bai, ordea, entzule multzo zintzo askoa. Antolatzaileen harrera ere, betiko moduan, punta puntakoa. Eskerrik asko bihotz bihotzez Mendeluko jaien antolatzaileei. Plazera da urtero zuenera hurbiltzea.

Adrian eta Aitor bertso eskolako kideak Gotzonerekin, Mendeluko jaien antolatzaileetako bat.

Xanti Zabala “Lexo”ren aldeko kantaldi-omenaldia. Eskerrik asko, guztioi.

Irunabar, Irungo Bertsoaren Bilguneak, Xanti Xabala “Lexo”ren aldeko kantaldi-omenaldia antolatu zuen joan den martxoaren 16an, eskualdeko eta Euskal Herri mailako hainbat musikari eta eragileren, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren eta Hondarribiko Udalaren laguntzaz. Bertaratzeko aukerarik izan ez zenuten guztiontzat, hona, Argiaren multimedia kanalaren eskutik, jaialdia oso osorik ikusteko aukera:

Zabala Elizazu sendiaren eta Txingudiko Bertso Eskolako bertso tailerreko kideon izenean, eskerrik asko bihotz bihotzez martxoaren 16an Hondarribiko Itsas Etxera bertaratu zineten 200 ikus-entzuleei, Xantiren senitartekoei, oholtzatik pasatako 30etik gora lagunei… Azken batean, Xantiren inguruko lagun talde baten ametsa egi bihurtzen lagundu zenigutenoi. Bertsolari handi bat omendu nahi genuen, eta zuei esker bete dugu ametsa. Zinez mila esker guztioi.

Hainbat ikus-entzule jatorrek bidalitako argazkiekin osatutako bildumatxoa (zuek bai balio!):

Post Navigation