Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Kronikak”

“Elkarrizketariak” ekimenarekin elkarlanean

2017ko maiatzaren 16an, asteartearekin, arratsaldeko 15:30etan, 10 lagun bildu ziren Irungo Palace tabernan. “Elkarrizketariak” ekimeneko bi begirale eta euskara ikasten ari diren 7 lagun, batetik, eta Irunabarreko Gotzon Aizpiolea bestetik, bertsolaritzaren eta bertsogintzaren inguruko tailer bat gidatzen. Gustura geratu omen ziren guztiak Gotzonek prestatutako tailerrarekin. Oso balorazio positiboa egin zuten guztiek.

This slideshow requires JavaScript.

JOXE MARI LOPETEGIREN ITURRITIK BERTSOTAN – Kantaldia (bideoa)

Blog honetan adierazi genuen bezala, 2016ko urriaren 22an izan zen Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarraren omenez antolatu genuen kantaldia; orduko grabazioa publiko egiteko, ordea, gaurko eguna hautatu dugu: Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zen egunaren bezpera, eta Joxe Mari Lopetegi zenaren eguna, 1875eko apirilaren 13an jaio baitzen, Irunen, orain dela 142 urte.

Post honekin itxitzat ematen dugu, momentuz, Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerreko kideek 2016ko urrian Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarra eta haren obra ezagutzera emateko abiatutako ekitaldi sorta. Mila esker bihotz-bihotzez bidelagun izan zareten guztioi.

Kantaldiari buruz, hona Argia aldizkariko zuzendari Estitxu Eizagirrek bere blogean idatzitakoak. Mila esker, Estitxu, beste behin ere (Estitxuk “Joxe Mari Lopetegi: Irungoa, errepublikarra eta bertsolaria” artikulua idatzia zuen, aurrez, Argian bertan, 2005. urtean).

Txinguditarrak aurrera Gipuzkoako Herriartekoan

Txingudi I eta Txingudi II taldeak Gipuzkoako Herriartekoan parte hartzen ari dira, eta behin lehen fasea amaituta, Txingudi II taldeak aurrera egitea lortu du. Bigarren faseko lehendabiziko zita Villabonan izango dute txinguditarrek, apirilaren 2an. Bigarrena, aldiz, Hondarribian, Tolosaldeko 26+ taldeari etxean harrera egitea egokitu zaielarik. Apirilaren 8ko saioa Hondarribiko Olagarro elkartean izango da, bertso-bazkari formatuan. Txartelak 15 euroan izango dira salgai. Erosi nahi izanez gero, idatzi irunabar@gmail.com helbide elektronikora, edo hots egin (edo mezua bidali) 685 72 75 39 telefono zenbakira.

Herriarteko lehen faseari buruzko xehetasun gehiago jakiteko:

http://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/herriartekoa/albisteak/herriartekoko-lehen-faseko-azken-saioetan-ere-giro-bikaina

Txingudi II taldeak “Amm…ona” eta “26 +” taldeak izango ditu aurrez-aurre:

 

Txingudi II – “Ebie ai do”. Kronika.

herriartekoa-logoEderki pasa genuen Gipuzkoako Herriartekoa dela eta eskualdeko lehendabiziko zitan. Hona saioaren kronika ofiziala:

Gipuzkoako Herriartekoaren baitan, Txingudi bailarako “Txingudi II” eta Goierriko “Ebie ai do!” taldeak aritu dira, otsailaren 18an, Irungo Mendizaleak Elkartean. 30 bat lagun bildu dira, tartean Goierritik gerturatutako bertsozaleak, eta giro onean joan da saioa. “Txingudi II”-tik Aitor Errazkin, Manu Goiogana eta Egoitz Zelaia aritu dira bertsotan, eta “Ebie ai do!”-ren ordezkari, Aitor Irastorza, Odei Lopez eta Gemma Urteaga. Adrian Arruti eta Mikel Garmendia aritu dira gai-jartzaile, eta Zuhaitz Olazabal, Eneko Sanchez eta Mikel Urteaga epaile lanetan.

Umoretsu abiatu da buruz burukoa. Agurrean, goierritarrek ironia handiz zirikatu dituzte Txingudiko bertsolariak, Xalbadorren heriotza, Olentzero joan zaigu edota Mayonesa doinuen erritmora. Bidasoaldeko hirukoteren leloak berriz, kantari jarri du publikoa: Oh, oh, oh, euri azpian naiz ari, euri azpian kantari. Epaimahaiak nabarmendutako lanen artean izan da, esaterako, Manu Goiogana eta Aitor Irastorzaren buruz burukoa, hamarreko txikian: internet bidez ezagutu dute elkar, eta lehenengoz elkartu dira. Etxeko hirukoteak koplaka egindako ariketa ere azpimarratzekoa, Tolosako inauterietara zein mozorro eraman erabaki beharraz. Eta berdin bakarkakoak, bai Urteagarena, auzoan kamerak jarri dituztela-eta, bai Goioganarena, Elikagaien Bankura lehenengoz joan den herritarraren rolean. Erabilitako doinuetan bertsolariek egindako ahalegina ere eskertzekoa da.

Ordu eta hogei minutu inguru iraun du saioak eta epaileek 17 puntu eman dizkiote “Txingudi II” taldeari eta 7 “Ebie ai do!” taldeari.

This slideshow requires JavaScript.

Txingudi-Algorta bertso-trukeak utzitakoak

bertsotruk logo25 lagun inguru bildu ginen Erlaitz Elkartean Txingudiko Bertso Eskolako eta Algortako Bertsolari Eskolako kideen arteko bertso-trukea entzutera. Ederki bazkaldu genuen, beste behin ere, eta kafeak zerbitzatzearekin batera hartu zuen hitza Adrian Arruti gai-jartzaileak. Kantuan Urko Casado, Abel Zabala eta Iñigo Ugarte Txingudiko Bertso-Eskolatik, eta Kerman Diaz, Paule Loizaga eta Unai Mendiburu, aldiz, Algortako Bertsolari Eskolaren izenean. Saioa polita joan zen, eta bertsolariek umoretik jo zuten Arrutik proposatutako gai gehienei erantzuteko garaian.

This slideshow requires JavaScript.

Bikaina joan zen Txingudikoen eta zarauztarren arteko elkarretaratzea

Izaten dira ba abenduko egun hotzak. Abenduaren hamarra ere halaxe etorri zen, hotz. Erlaitz Mendi Elkartea txukuntzeko geratu ziren Irunabarreko kide batzuk, eta aperitifak eskaintzen duen goxoarekin berotzen hasi zen eguna.

Oilaskoa, orburuak eta entsaladak bere erritmoa behar omen dute, eta beraien erritmoan ere heldu ziren Zarauzko bertsolariak eta beraien jarraigoa. Epelera hurbiltzen joan ahala, hitz jarioa ere hotzetik epelera igaro zen.

Ordu biak ttanko eta jendea ere Erlaitz Mendi Elkartera iristen hasi zen. Ohartzerako berrogei lagun-edo izango ginen. Mahaiaren itzulian ezarri ziren gehienak, plateren aurrean. Horrelaxe hasi zen bazkari legea. Gosea berdintzeko adinako jana bazen, bederen.

Bertsotarako unea, usaian bezala, kafearekin batera heldu zen. Seikote majoa eta saioa ere bertsotan egiteko prestatu zuen Adrian Arrutik. Bere lehen saioa zuen aurkezle bezala, eta estreinaldiak ez badira ere beti gozoak izaten, goxoan aritu zen Adrian. Gaiak jartzerako orduan, agian, bertsolariek patxada gehiago eskertuko zuten, baina dena egoki joan zen.

Zarauztarrek, Fede eta Urbietaren ahotik sendotasuna erakutsi zuten eta Markelen ideia eta moduek bikain osatu zuten hirukotea. Ez zitzaien ez umorerik, ez sakontasunik falta izan.

Txinguditik ere, hirukote polita zegoen prest kanturako. Andonik bertsotan aspaldi egin zuen jaunartzea, edo agian, bertso-hartzea erran behar genuke. Aspaldi plazak eta jardunak utzirik, berriz ere itzuli zen jende aurrera, beraz, bigarren bertso-hartzea balitz bezala har genezakeen. Errazkinek dotorezia ageri zuen bertso bakoitzean, eta Gotzonek zuhurtzia.

Seikoteak ale ederrak utzi zituen entzule geundenon gozagarri, ideia originalak entzuteko parada izan genuen, eta teknikoki ongi osaturiko lanak. Ezin gehiago eskatu, beraz.

Izaten dira ba abenduko egun hotzak. Ba, sutondorik beroenean bezain goxo izan ginen gu Irungo Erlaitz Mendi Elkartean. Mila esker denei.

Egoitz Zelaia

This slideshow requires JavaScript.

Ederra joan zen “Joxe Mari Lopetegiren iturritik bertsotan” kantaldia

Urriaren 22ko kantaldia eta gero hainbat eta hainbat ikus-entzulek azaldu digu kantaldiarekiko oniritzia. Antolatzaile eta parte-hartzaileen iritziz, Irungo kontserbatorioko areto nagusiko oholtzan jardun zuten guztien arteko elkarlanari eta elkar-hartzeari zor zaio hori. Herritik abiatutako egitasmoa izan da “Joxe Mari Lopetegiren iturritik bertsotan” kantaldia, herriari eskaini beste asmorik gabe gauzatua. Bejondaiela parte-hartzaile guztiei, eta ez dadila azkena izan. Kantaldiko bideoa editatu bitartean, kantaldiko eta entsaguren bateko argazki gutxi batzuk.

This slideshow requires JavaScript.

Irungo Euskal Jiran bertsotan

Irungo Euskal Jira egunean bertso-saioa eskaini zuten Egoitz Zelaia, Abel Zabala eta Aitor Errazkin bertsolariek, Urdanibia Plazan atondutako oholtzan. Ohitura den moduan, eguerdi partean izan zen saioa, herri-kirolen ikuskizunaren ondoren.

Hondarribiako Sagardo Egunean bertsotan

Aurtengoan ere Hondarribiko Sagardo Egunari bertsotan eman diote hasiera Txingudiko Bertso Eskolako kideek. Aitor Errazkin, Abel Zabala eta Manu Goiogana irundarrak aritu dira.

Erromeria Ola sagardotegian (2016-07-23)

Auntxa Trikitixa Eskolak antolatuta, erromeria izan zen Irungo Ola sagartotegian uztailaren 23an, eta bertan izan ziren Txingudiko Bertso Eskolako hainbat kide (Abel Zabala, Joxe Juan Oiarzabal “Gurdiya”, Aitor Errazkin eta Manu Goiogana), bertso kantuan.

This slideshow requires JavaScript.

 

 

 

Post Navigation