Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Kronikak”

2018ko Moskuko jaietako bertso saioetako argazkiak

Bertso eta irudi eder askoak utzi dizkigute aurtengoan ere Moskuko jaietan antolatu bertso saioek:

Irungo Euskal Jiran kantuan, aurtengoan Urdanibia plazan bertan eta Urdanibia Berri-Anakan barrena

Aurtengo abuztuaren 4an Euskal Jiraren 40. edizioa ospatu dute, eta bertso kantuan jardun ziren Txingudiko bertso eskolako eta haren jirako hainbat lagun. Plazako saioan, eguerdiko 12:00ak aldera, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa”, Egoitz Zelaia eta Abel Zabala aritu ziren kantuan, eta aurten estreinakoz, bestalde, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin Auntxa Trikitixa Eskolako kideekin batera aritu ziren, goizeko 11:00-13:00ak bitarte Urdanibia Berriko Eihera Plazatik hasi eta Anakaraino; hauek ere Urdanibia plazako oholtzan eman zioten euren saioari errematea, 13:30ak aldera.

 

Saioa izan zen abuztuaren 1ean Hendaiako Sasikon

Bertso saioa antolatu zuten Hendaiako Sasiko gaztetxekoek abuztuaren 1ean, eta bertan Txingudiko bertso eskolako 2 kide aritu ziren kantari, Adrian Arruti irundarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarrarekin eta Izarne Zelaia donostiarrarekin batera. Gai-emaile lanekin Oneka Jauregi arduratu zen.

 

Atzo ospatu genuen Irungo Bertso Eskolen VII. Eguna, Ola sagardotegian

Zazpigarren aldiz eman diogu amaiera ikasturteari Bertso Eskolen Egunarekin. Zazpiak Ola sagardotegian ospatu ditugu, eta, beraz, Olako nagusiei eta langileei gure esker ona adierazi beharrean gaude. Eskerrik beroenak ere Auntxa Trikitixa Eskolako kideei, trikitixa doinuekin laguntzeagatik, beste behin ere, eta mila esker baita ere atzokoan kantari jardun ziren lagun guztiei eta, zer esanik ez, bertso eskolako jendea entzun eta animatzera gerturatu zineten guztioi. Egun handia izan zen atzokoa guretzat, eta datorren ikasturteari gogotsu ekiteko indarra bildu genuen.

2018ko Mendeluko jaietan kantari

Abel Zabala, Igauri Lopetegi eta Aitor Errazkin aritu ziren kantari Mendeluko jaietan, maiatzaren 19an, eguerdi partean. Bigarren urtea da Txingudiko Bertso Eskolako kideek bertan kantatzen dutena, Mendeluko jai batzordeko kideekin abiatutako elkarlana dela eta.

This slideshow requires JavaScript.

Irati Alcantarillarentzat bigarren postua, XILABAko Eskolarteko Xapelgoaren finalean.

Joan den maiatzaren 19an, larunbatarekin, XILABA (XIberoa, LApurdi eta BAxenafarroa)ko Eskolarteko Xapelgoaren finala jokatu zen, Hazparneko Haritz Barne zineman.
Saioa amaierara heldu zenean, txapela Elixabet Etxandi Goienetxe izpurarrak eraman zuen. Txingudiko Bertso Eskolako Irati Alcantarillak saio polita egin zuen, eta azken unera arte txapelarengatik lehian izan zen, eta honenbestez, ekainaren 9an, Saran egingo den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalera sailkatu da. Zorionak Irati!

 

Nagore Laffage Casasolaren aldeko omenaldian

Igauri Lopetegi Txingudiko Bertso Eskolako kideak Nagore Laffage Casasolaren omenaldian kantatu zuen. 2018ko maiatzaren 13an omenaldia egin zion herritar talde batek Nagore zenari, eta 800 lagun inguru bildu ziren Irungo Zabaltza plazan.

 

Txingudi-Aramaio bertso trukea ospatu genuen Elatzeta Elkartean

Txingudi eta Aramaioko bertso eskoletako harrobietatik elikatutako bi talde jarri ginen buruz buru apirilaren 20an, Katea auzoko Elatzeta Elkartera bildutako 50 lagun ingururi afalosteko bertso-saio bizi eta gustagarria eskaintzeko asmoz. Elkarlan polita gauzatu genuen Elatzeta Elkartea eta Kateako auzo elkarteko kideekin batera. Gainera, afalaurrean auzoko pintxo-potean murgilduta ibili ginen, eta bertso saio biziak eskaini genituen Otazpi, Itzala eta Auzoko tabernetako kanpoaldean.

Hemendik eskerrak luzatu nahi dizkiegu bertso truke honen antolakuntzan bidelagun izan ditugun guztiei: poteo eta afariko entzuleei, sukaldariei, Nerea eta Josebari eta, nola ez, Aramaioko kantu-kideei… Guzti-guztioi mila esker eta nahi duzuenera arte.

“Bertsozaleen topaleku bilakatu da Kabigorri” (Irunero, 2018-03-01)

Irunabarrek eta Kabigorrik duela 5 urte elkarlanean abiatutako “bertso-gauei” buruzko erreportajea argitaratu du Irunerok.

https://irunero.eus/wp-content/uploads/2018/03/2-1.jpg

Naroa Mentaberri (Kabigorri) eta Egoitz Zelaia (Irunabar)

Igauri Lopetegi irundarra Gipuzkoako Eskolarteko XXXVIII. Txaapelketan

Martxoaren 2an izan zen hirugarren kanporaketa, Orioko Aldapa Elkartean: Igauri Lopetegi Amostegi, Aimar Sorazu Roteta, Itziar Mendia Urrutia, Uxue Alkorta Iturbe eta Josu Ibarguren Elosegi aritu ziren kantuan. Egindako lanarekin gustura asko itzuli zen Lopetegi.

Post Navigation