Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Kronikak”

Ederra joan zen Gernika-Lumo eta Txingudiko bertso eskolako kideen arteko bertso trukea

Saio umoretsua eta bizia osatu zuten Gernika-Lumo eta Txingudi taldeetako bertsolariek, eta ederki asko gozatu ziren Lakaxita gaztetxera bertaratu ziren entzuleak ere.

This slideshow requires JavaScript.

Manu Goiogana eta Aitor Errazkin Irungo Txingudi Ikastolan

Euskararen eguna dela eta, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin Txingudi Ikastolan aritu ziren bertsotan, 2017ko abenduaren 1ean, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek jarritako ariketa eta gaiei erantzuten.

Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin, Hondarribian, euskararen nazioarteko egunean

Blaganek eta Hondarribiko Udalak elkarlanean antolatutako egitarauari bertsotan eman zioten hasiera Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaiak Itsas Etxea aretoan.

“Egun garrantzitsua gaurkoa, azken hilabeteetan argazkien mosaikoa osatzen ibili gara “itxeki euskarari” leloarekin, eta gaur izan da lan horren aurkezpena, nazioarteko euskararen egunarekin bat eginda. Jende asko hurbildu da Itsas Etxera antolatu dugun ekitaldian parte hartzera. Lehenengo zatian Udaletxeko zinegotziek mezua irakurri dute eta “Euskara munduan, besteen ahotan” dokumentala ikusi dugu. Ondoren Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaia bertsolariek bigarren zatiari hasiera eman diote, San Jose Ikastetxeko eta Ama Guadalupekoa ikastetxeko ikasleek prestatutako bideoak ikusi ditugu, Talaiako DBHko ikasleek “beti euskaraz cup song” abestu dute eta Talaia batxilergoko ikasleek musika emanaldia eskaini digute. Momentu horretan mosaikoa osatzeko jaso ditugun argazki guztiak banan bana pantailan ikusteko aukera izan dugu, guztira 700 argazki jaso dira! Lastima denak mosaikoan sartu ezin izana! Bidalitako argazki guztiak kontuan hartuz sarien zozketa bat egin da, eta abestien bidez saioa bukatu dugu. Ondoren, kalejiran, mosaikoa jarrita dagoen lekuraino hurbildu gara eta han abestuz ekitaldia amaitutzat eman da.” (Blagan, 2017)

Bertso-sex afaria izan zen Lakaxitan, 2017ko azaroaren 24an

Irungo Euskal Jiran

Azken urteotan ohitura bihurtu moduan, Irungo Euskal Jiran izan ginen kantari. Aurtengoan, Abel Zabala eta Egoitz Zelaia aritu ziren, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarrarekin batera.

Hondarribiko XII. Sagardo Egunean bertsotan

2017ko uztailaren 29an ospatu zen XII. aldiz Hondarribiko Sagardo Eguna, , larunbatarekin, Olagarro Elkarteak antolatuta, eta azken urteetan ohitura bihurtu den gisara, Txingudiko bertsolariek eman zioten hasiera ekitaldiari. Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin aritu ziren bertsotan.

 

Irungo bertso eskolen VI. eguna

2017ko ekainaren 10ean ospatu genuen Irungo bertso eskolen eguna; seigarrena, honezkero. Beti bezala, Ola sagardotegian egin genuen, eta hemendik eskertu nahi dugu, beste behin ere, Bengoetxeatarren eskuzabaltasuna. 70-80 lagunen bueltan izango ginen Olara bildutakoak, eta azken urteetan ohitura dugun gisan, Auntxa Trikitixa Eskolako lagunek eman zioten irekiera saioari. Zuhaitz Olazabalek egin zituen aurkezle eta gai-jartzaile lanak, eta Txingudiko bertso eskolako 5 taldeetako ikasle eta irakasleak haren aginduetara jarri ziren. Saio polit askoa joan zen aurtengoa ere; zahar eta gazte, guztiek elkarbanatu zuten plaza bera. Saio amaitu ondoren, trasteak jaso eta, urtero bezala, merendu eder bat eginez berdindu genituen urduritasunek hustutako sabelak.

Egun borobila, beraz, 2016-2017 ikasturteari agur esateko.

Amaitzeko, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu urtengoan ere bertso eskolako ikasle, irakasle, lagun, guraso, familia eta antolatutako saio eta ekitaldietara hurbiltzen den jende guztiari. Eta aurtengoan ere, esker bereziak Iñaki Aranaga trikitilariari. Plazer handiz aritzen gara Irunabarrekook Auntxakoekin elkarlanean, eta oso eskertuta gaude aurtengoan ere ikasturte amaierako festa honetan gurekin batera jarduteko prestutasuna azaldu dutelako. Egia esan, aurten behin baino gehiagotan aritu gara Auntxa Trikitixa Eskola eta Musika Eskolako trikitilariekin elkarlanean, Aranaga irakasle eta eragile nekaezinarekin dugun hartuemanari eskerrak. Bejondeizuela.

“Elkarrizketariak” ekimenarekin elkarlanean

2017ko maiatzaren 16an, asteartearekin, arratsaldeko 15:30etan, 10 lagun bildu ziren Irungo Palace tabernan. “Elkarrizketariak” ekimeneko bi begirale eta euskara ikasten ari diren 7 lagun, batetik, eta Irunabarreko Gotzon Aizpiolea bestetik, bertsolaritzaren eta bertsogintzaren inguruko tailer bat gidatzen. Gustura geratu omen ziren guztiak Gotzonek prestatutako tailerrarekin. Oso balorazio positiboa egin zuten guztiek.

This slideshow requires JavaScript.

JOXE MARI LOPETEGIREN ITURRITIK BERTSOTAN – Kantaldia (bideoa)

Blog honetan adierazi genuen bezala, 2016ko urriaren 22an izan zen Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarraren omenez antolatu genuen kantaldia; orduko grabazioa publiko egiteko, ordea, gaurko eguna hautatu dugu: Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zen egunaren bezpera, eta Joxe Mari Lopetegi zenaren eguna, 1875eko apirilaren 13an jaio baitzen, Irunen, orain dela 142 urte.

Post honekin itxitzat ematen dugu, momentuz, Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerreko kideek 2016ko urrian Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarra eta haren obra ezagutzera emateko abiatutako ekitaldi sorta. Mila esker bihotz-bihotzez bidelagun izan zareten guztioi.

Kantaldiari buruz, hona Argia aldizkariko zuzendari Estitxu Eizagirrek bere blogean idatzitakoak. Mila esker, Estitxu, beste behin ere (Estitxuk “Joxe Mari Lopetegi: Irungoa, errepublikarra eta bertsolaria” artikulua idatzia zuen, aurrez, Argian bertan, 2005. urtean).

Txinguditarrak aurrera Gipuzkoako Herriartekoan

Txingudi I eta Txingudi II taldeak Gipuzkoako Herriartekoan parte hartzen ari dira, eta behin lehen fasea amaituta, Txingudi II taldeak aurrera egitea lortu du. Bigarren faseko lehendabiziko zita Villabonan izango dute txinguditarrek, apirilaren 2an. Bigarrena, aldiz, Hondarribian, Tolosaldeko 26+ taldeari etxean harrera egitea egokitu zaielarik. Apirilaren 8ko saioa Hondarribiko Olagarro elkartean izango da, bertso-bazkari formatuan. Txartelak 15 euroan izango dira salgai. Erosi nahi izanez gero, idatzi irunabar@gmail.com helbide elektronikora, edo hots egin (edo mezua bidali) 685 72 75 39 telefono zenbakira.

Herriarteko lehen faseari buruzko xehetasun gehiago jakiteko:

http://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/herriartekoa/albisteak/herriartekoko-lehen-faseko-azken-saioetan-ere-giro-bikaina

Txingudi II taldeak “Amm…ona” eta “26 +” taldeak izango ditu aurrez-aurre:

 

Post Navigation