Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Manu Goiogana Bengoetxeak hirugarren saria eskuratu du Aitor Sarasua II. bertso-paper lehiaketan. Zorionak!

Hona hemen Goioganaren bertso-sorta saritua:

KONEKTATU


EGILEA: Manu Goiogana Bengoetxea
DOINUA: Bazkaltzean gogoa neukan

Hemn jaitsi dezakezu


1
Konektatuta bizitzearen
joera da emendatu:
nor ez da bizi konektatuta
nahiz eta ez gomendatu?
Datuak eman bezala jaso,
eta ezin zerrendatu,
datuak hara-honaka baina
norentzat eta zein datu?
Big Brother zena orain Big Data
gisa dute izendatu
Pantailak jarri ditugu bistan
eta begiak bendatu.(BIS)


2
Norbanakooi sinetsarazi
dizkiguten arauetan
harrapatuta gaude haririk
gabeko amaraunetan.
Konexioak zintzilikatzen
gaitu soldaten tauletan;
zer dela eta biharko utzi
egin ahal bada gaur bertan?
Halabeharrez bermatzen gara
urrutiko intxaurretan
bertso sorta hau jada iragan
dugun ez-garai hauetan.(BIS)


3
Harreman sare toxikoenen
menpekoa den jendarte
honetan bizi behar izan dugu,
berez gara bere parte;
etengabeko esposizio,
ez huts eta ez hutsarte,
ez norberaren mundu intimo,
ez arnaserako tarte.
Ez zaigu beste ezer axola
onarpen hitzez aparte
gutaz kezkatzen ez diren haiek
kezkatzen gaituzten arte.(BIS)


4
Bidaiatzea betebehar da,
erakustea helburu;
berdin dastatu dugun izozki,
irentsitako liburu.
Gure bizitza “Historietan”
zatikatzen dihardugu
inork eskaini diezazkigun
hiru segundo inguru.
Erakusleiho nartzisistenak
perfil bihurtzen ditugu
eta ondoren gure perfila
garela sinesten dugu. (BIS)


5
Menpekotasun maila handituz
doa esponentzialki,
gailu berri bat datorrenero
zain gauzka eskuzabalki.
Ordulariak bihurtu dira
eskuburdinen estalki,
gure gorputzen kontrol osoa
eman zaie literalki.
Susmoa daukat gure gorputza
aditu ordez normalki
ez ote dugun egingo laster
loa ere digitalki.(BIS)


6
Hasieretan gure datuen
hau guztia josteta zen,
eskerrak hasi garen pixkana
auziaz gogoetatzen!
Ari baikara pribatutasun
guztia hipotekatzen,
oharkabean hirugarrenen
nahietara moldekatzen.
Jarraitu ordez naturala den
zerbait datuz kolpekatzen,
saia gaitezen jaso ditugun
bizitzekin konektatzen. (BIS)

Iturriak:

https://www.bertsozale.eus/eu/xiberoa-lapurdi-baxenabarre/albisteak/aitor-sarasua-bertso-paper-lehiaketako-irabazleak-1

https://www.bertsozale.eus/eu/xiberoa-lapurdi-baxenabarre/albisteak/aitor-sarasua-bertso-paper-lehiaketako-irabazleak-1/image/image_view_fullscreen

Muarako laugarren bertso-gaua [2023-04-07]

Kaixo, bertsozale:

Lehen hiru saioak egin ditugu eta primerakoak izan dira. Laugarren saioaren atarian gaude honezkero. Apirilaren 7an izango da. Bertan ariko da kantuan Txingudiko Bertso-Eskoletako Manu Goiogana Bengoetxea irundarra. Harekin batera Odei Lopez Larrauri legorretarra eta German Urteaga Garmendia beasaindarra izango ditugu. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.

Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

anima zaitezte!

“Gure herri ttiki hau zer den”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

GURE HERRI TTIKI HAU ZER DEN

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Gure herri ttiki hau da

 

“Gure herri ttiki hau da
gosetearen erreinu.
Gaitz erdi zer janik behintzat,
denek izango bagenu.
Ura ta ogia dira
biztanlearen mantenu,
negarrak eta gosea
gure goizeroko menu.
Gaitz erdi gure herrian
bizi ahalko bagenu,
ea ez zaidan bihurtzen
paradisua infernu.” X. Silveira

1)
Gure herri ttiki hau da
mundu handi baten testigu,
gogor hartzen gaituena,
nahiz ta saiatu ezti gu.
Ttikitasunak mesede
handirik egin ez digu,
ez dugu mundu hark beste
ez botere ta ez diru.
Askatasun desioak 
kateak ditu kastigu,
ta boterea duenak 
mantendu nahia aski du.

2)
Gure herri ttiki hau da
horma zuhaitzen gerizan,
Istorioak asmatua
geronek sinis genitzan.
Sehaska kanta kantatuz
Pedagogia bailitzan,
haizea bezain ixilik
egon gintezen bizitzan.
Isiltasunak, norbere
azken esperantza gisan,
azkenerako, alferrik,
ez digu balio izan.

3)
Gure herri ttiki hau da
kolpatua esan zezan
nor babesten duen berak,
nor duen bere defentsan.
Izan izateko gure
buruekiko promesan,
gurari bat jarri dugu
gaur garenaren ordez han.
Nahiz ta hau sinistu dugun
bizi hau jasan genezan,
entzun nahi ez ditugunak
nahi nituzke hemen esan.

4)
Gure herri ttiki, hau da,
hiritxo baten tamaina.
Irunek ez du balio,
antza, besteenak aina.
Irun da delinkuentzia,
muga, droga ta labaina.
Irudi ederra egin 
digute, bai, alajaina.
Euskaldun peto batzuen
hitzez “Irún es España”,
Irun España omen da,
besteak zer dira, baina?

5)
Gure herri ttiki hau da
bereizteko instintua,
sarri berariazkoa,
batzuetan istripua.
Klasismoa izaten du,
maizenik, inplizitua:
Atzo belarrimotza zen,
gaur moroa, ijitua.
Txio batean soberan
gelditzen den digitua.
Herri neurriz ttikitua,
pusketatan txikitua.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irubabar-bertso-sorta/

“Erlauntzan barrena”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Iruneron.

ERLAUNTZAN BARRENA

Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi
Doinua: Nehoiz ez da senditzen

1- SARRERA:
Udaberriak dakar
naturaren iraultza:
kantuan mila txori,
hegan pinpilinpauxa,
eguzki izpi goxoak,
zeruan polen hautsa,
loreen aroma nor ez
da usaintzeko gauza?
Erleek pasa dute
jada neguko pausa,
azter dezagun zer moduz
ote dugun erlauntza.

2- ERLAUNTZA:
Erlauntzaren barruan
“brun-brun”-ka bada grina,
erlamando, langile
nola ez erregina;
hirurogei mila erle
ze etxe atsegina,
erle bakoitzak izaten
du bere zeregina
komunitatearen
mesedetan egina.
Alde horretan ez gara
gu erleak adina.

3- ERREGINA:
Erlauntza bakoitzeko
dago erregin bana
bertako langileen
erlamandoen ama,
berea da erlauntzaren
ugalketaren zama
arrautzak jartzea baita
izaten duen lana,
egunean bi mila
ze sasoia daukana!
Berriz ere izango du
nagusiaren fama!

4- LANGILEAK:
Langileak, bai izen
bai izanez behargin:
lorez lore dabiltza
udaberrian baldin
tenperatura goxoek
badiete eragin.
Garbitzaile, hornitzaile,
soldadu eta hargin;
dena egiten dute
primeran eta arin
gerora ere erlauntza
sasoiko egon dadin.

5- ERLAMANDOAK:
Erle emeez soilik
osatua ez denez,
arrak ere badira,
bertan dirudienez,
ez dira asko zikintzen
nektar edo polenez,
erlauntza ezin babestu
eztenik ez dutenez…
Erlamandoak dira,
“zangano” ezizenez,
erregina estaltzeko
gai dira gutxienez.

6- JANA:
Udaberriko plazer,
poz eta gozamena
udazkena heltzean
bihurtzen zaie pena.
Nektarra listuaz ezti
bilakatzen dutena,
baita ere proteina
iturri den polena,
gelaxketan jasotzen
dute ahal den dena,
eduki dezaten nondik
jan neguan barrena.

7- OSAGAIAK:
Erlauntzan dena ez da
edana eta bazka,
osagai asko dira
zutabe edo masta:
erretxinetik eratzen
duten propoli pasta,
isolatzaile ona da
badauka arrakasta;
argizariz osatu
ohi duten abaraska,
jan almazena da eta
erleentzat sehaska.

8- ARAZOAK:
Klima aldaketaren
albo-kalte gogorra,
barroa akaroa,
asiako liztorra
eta pestizida asko;
hainbat arazo horra.
Erleen defentsa izan
dadin eraginkorra
gizakien laguntza
ia da derrigorra,
erlezainik gabe dute
etorkizun ezkorra.

9- GARRANTZIA:
Ibiltzen direnean
loretik loretara
polinizazioa
haien zeregina da.
Einsteinen idatzietan
jarriaz begirada:
“erle oro desagertu
eta lau urtetara
gizaki denak ere
desagertuko gara”.
Erleen inportantziaz
jabetu ote zara?

10- AMAIERA:
Erleek zenbat dohain
eta zenbat gaitasun!
Hemen da nire sorta:
zailtasunak zailtasun
erlauntza baten barrura
begiak sar ditzazun.
Zure galderaren bat ez
baldin badut erantzun
(nahiz aipatu ditudan
haien lau xehetasun)
zure eskutan uzten dut
deskubritu dezazun.

Iturria: https://irunero.eus/erlauntzan-barrena/

Jarraian bertso-sorta entzungai Jone Garmendia Castañosek musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

VIII. BERTSO BAZKARIA (2023-03-18)

Muarako hirugarren bertso-gaua [2023-03-03]

Kaixo, bertsozale:

Lehen bi saioen ondotik, hirugarren saioaren atarian gaude. Martxoaren 3an izango da. Bertan ariko dira kantuan Txingudiko Bertso-Eskoletako Jon Luzuriaga ikaztegietarra, Aitor Errazkin irundarra eta Julen Zelaieta beratarra. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.

Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

anima zaitezte!

“Banoa”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Iruneron.

BANOA

Egilea: Iker Altuna Albisu

Doinua: Arratsalde on ta aupa zuek

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Atzean utzi neure herria,
iturri eta mezkita,
eta Bilbora etorri nintzen,
dena izan da epika. (bis)
Orduz geroztik zenbat borroka
eta zenbat kalapita!
Zentro batera ekarri naute,
denak ditut ausikika.
Ihes egingo dut, tita!
Igual gehiago sufrituko dut,
baina neuk erabakita. (bis)

2)
Lagun guztiei aipatu diet,
dira planaren lekuko;
ordea planto egin didate,
ez baitira ausartuko. (bis)
Kartzela puta hau utziko dut
gaua iritsi orduko,
izarrak eta iluntasuna
izango ditut gertuko.
Ez diot egingo uko!
Poliziari deituta ere,
ez naute harrapatuko. (bis)

3)
Dirudienez deitu dituzte,
eta ehizara atera;
ederki asko betetzen dute
eskatzen zaien papera. (bis)
Indar betean alde egin dut
korrika sasi artera.
Haien arnasa senti dezaket
neurearekin batera.
Eskuak ditut artega,
baina alferrik galdu dute ni
atxilotzeko aukera.

4)
Geroztik modu horretan nabil,
eskapo eta eskapo;
emoziorik bizi honetan
ez zait sekula faltako! (bis)
Nolanahi ere, emaitza ez da
guztiz neure kalterako;
itsas hondoan egon nintekeen
gaur, esate baterako.
Bizitza, esan beharko:
eskerrik asko berriz aukera
bat eman didazulako! (bis)

5)
Jateko zerbait harrapatzeko
ibiltzen naiz ezinean,
supermerkatu atzealdeetan
askotan ahaleginean. (bis)
Gau hotzak ere luzeak dira
kartoi soil baten gainean;
horietara ere ohitu naiz,
aurrera noan heinean.
Itxaropena soinean;
inortxo gabe, ezertxo gabe,
baina libre azkenean. (bis)

6)
Zoritxarrean ezagutu dut
hainbeste jende soraio:
mafioso, apaiz, irakasle txar,
munipa eta zipaio. (bis)
Nire bidea oztopatzeko
egin dute hainbat saio,
baina finean neu naizenari
beti lotuko natzaio.
Esaten dizuet, aio!
Zuen menera bizirauteko
ez nintzen mundura jaio. (bis)

Iturria: https://irunero.eus/banoa/

Jarraian bertso-sorta entzungai Makalok musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Hontza eta hartza”. Andoni Agirre Arabolazaren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

HONTZA ETA HARTZA

Egilea: Andoni Agirre Arabolaza

Doinua: Agur sagar beltzeran

Hemen jaitsi dezakezu
 

HONTZA

1)
Haltzaren goialdetik
inguru guztira
baso beltzean zehar
luze ene mira.
Luma arreak harro
goizeko gorrira;
eguzkia irteten
oraintxe hasi da…
Hara, Hartza, hor hago
neroni begira.

3)
Horretan hobe ez jar
hik itxaropenik:
harrapatu beharko
nindukek lehenik.
Ez pentsa horren erraz
galduko naizenik;
ni jan nahi banauk, ez duk
mundu honen senik.
Ba al da Hartza baino
leloago denik?

5)
Alferrik probatu duk
mila akrobazi;
nire irrikak hau hi
itsutuarazi.
Inork ezin duela
beti irabazi,
horixe nahi niake
konpreniarazi.
Goseak hil baino lehen
hobe duk ikasi.

 

HARTZA

2)
Piztien artean nik
handi diat sona
dena probatu diat,
ez duk, gero, broma!
Izokina, oreina,
baita ere gizona,
eta gaur piztu zaidak
desira sakona:
jakin nahia Hontza den
haiek bezain ona.

4)
Niregan daukadanez
horrenbeste fede,
nire grinak direnez
besteentzat lege,
zuhaitz beltzean gora
igotzen nauk trebe
hire gorputz txikia
dudanetan xede;
gora heltzerako hi
joana haiz halere.

6)
Betiko egin haiz hi
jada nire jabe.
Behetik begira naukak
goibel, dohakabe…
Ezinezko maitasun
honen suzko labe,
maite haut, uler ezak,
horren nagok grabe,
haltzaren puntan hagon
Honztxo bihozgabe.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-2/

Muarako bigarren bertso-gaua [2023-02-03]

Kaixo, bertsozale:

Lehenbiziko saioa egin ostean, bigarren saioaren atarian gaude. Otsailaren 3an izango da. Bertan ariko dira kantuan Txingudiko Bertso-Eskoletako Iker Altuna hendaiarra eta Xabi Maia baztandarra. Haiekin batera Ekhiñe Zapiain beratarra izango dugu. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.

Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

anima zaitezte!

“ASMAKIZUNAK… (… eta erantzun errimadunak)”. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak, Iruneron.

ASMAKIZUNAK… (… eta erantzun errimadunak)

Egilea: Aitor Errazkin Vicente

Doinua: Hamabost-hamasei urte

1.-
Pipitaki-papataki (biz.)
asmakizunak izaki
galderatxo bat koplako
erantzuna zeinek daki? (biz.)
Pipitaki papataki…

2.-
Bilintzi eta balantza (biz.)
hiru hatz artean dantza
bere zeregin bakarra
marrak egitean datza (biz.)
bilintzi eta balantza.

3.-
Borobila da erronka (biz.)
astindu, indartsu bota
lurrera, airean edo
harrizko hormaren kontra (biz.)
borobila da erronka.

4.-
Usaina eta kolorea (biz.)
urdina edo morea
ontzian baino zelaian
dauka itxura hobea (biz.)
usaina eta kolorea.

5.-
Lau hariko tresna fina (biz.)
arkua zurdaz egina
zuzen igurtzi ezean
ez du soinu atsegina (biz.)
lau hariko tresna fina

6.-
Amu bat buruz behera (biz.)
umeak sarri sobera
erantzunera heltzeko
bide motzena ote da? (biz.)
Amu bat buruz behera?

7.-
“Mate”, “Inguru”, kirola… (biz.)
Ezagutzaren arbola
ikasteko tokia da
txoritxoek hegan nola (biz.)
“mate”, “Inguru”, kirola…

8.-
Herri nortasunen funtsa (biz.)
ez da hitz egite hutsa
handiez egiten dugu
txikiagoen hilkutxa (biz.)
herri nortasunen funtsa.

9.-
Iritsi ezina, presa (biz.)
barne patxadarik eza
eritasun izatera
heldu liteke, ez pentsa! (biz.)
Iritsi ezina, presa.

10.-
Berdinak eta libreak (biz.)
bagina, adiskideak,
sobran leudeke denonak:
zuenak eta nireak (biz.)
berdinak eta libreak.

11.-
Bi besoren betekada (biz.)
aukerakoa zaplada
benetakotzat jotzen da
estuetan estu bada (biz.)
bi besoren betekada.

12.-
Pipitaki-papataki (biz.)
asmakizunak izaki
esango al dizkiozu
orain zuk besteren bati? (biz.)
pipitaki-papataki…

Erantzunak (atzekoz aurrera idatzita): 2.- aztakra; 3.- atolip; 4.- aerol; 5.- aniloib; 6.- aredlag; 7.- alokse; 8.- aztnukzih; 9.- asertse; 10.- kaedibukse(-azig); 11.- adakraseb

Iturria: https://irunero.eus/asmakizunak/

Post Navigation