Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“Denbora”. Beñat Elosegi Ortiz de Zarateren bertsoak, Oarso-Bisoaldeko Hitzan

Denbora

Doinua: ‘Itsasoari begira
Egilea: Beñat Elosegi Ortiz de Zarate

1)
Neguko egun bihozkabean
leihotik nago begira
tantatxo batek irristan behera
eskeini didan diztira
Zenbat denbora behar izan du
heltzeko kristal azpira
momentu, mende, aro, segundu
asti, minutu, berdin da,
tanta guztiak azken batean
putzu bihurtzen baitira.

2)
Pentsatzen jarriz zer da denbora
denok za(ha)rtzen gaituena
estaltzen omen ditu pena, gaitz
eta hainbeste problema
historiari kronologiaz
ezartzen dio ordena
oharkabean behin bizi eta
berriz itzultzen ez dena
milaka bagoiz osaturiko
geltoki gabeko trena.

3)
Azterketako emaitza edo
ospitaleko ilara
zain egotean ezinegonak
sorrarazten du ikara
erloju eta egutegiak
sarri epaile gisara
kondenatuok gure zigorra
noiz iritsiko zain gara
segundu orratz tik-tak leuna
orduan jasangaitza da.

4)
Berri txar batek ekar lezake
ezustea ingurura
nahiz denbora ez paralizatu
momentua izoztu da.
Aldiz udako egun batean
oinak errekan gustura
denbora ere pasatzen da, bai,
baina ez digu ardura
bizitza egin nahi nuke soilik
une hoietxen kontura.

5)
Hamalau mila milioi urte
izadia sortu zela
energi gaiak, espazioa
eta denbora motela
berriz berrehun mila bakarrik
gu lurreratu garela,
harrokeriak utzi ditzagun
ezin da segi horrela
denborak gure lekuan laister
jarriko gaitu bestela.

6)
Jaiotzetikan erlojuaren
kontra gabiltz, badakigu
tximista izan edo marea
kuku hotsaren gatibu
txarra azkartu, ona moteldu
nahiean gabiltz beti gu
geraraztea ezinezkoa
hau gainera datorkigu
geratu dela senti ezkero
kitto, gureak egin du.

7)
Tantatxo batek ekarri dizkit
pentsamenduak gogora
denbora eros ezin daitekeen
gauza bakarra_izango da
biharra ezin ikusi eta
gaur ezin joan atzora
leihoko euri tantei begira
bidaiatuz edonora
denborak eman dit gogoeta
galdu ote dut denbora.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/benat-elosegi-ortiz-de-zarate-denbora/

Bizi dugun egoeraren aurrean, Irunabarren mezua

Esan beharrik ez dago Covid19-a dela eta egoera berezi baten aurrean gaudela.
Hori dela eta, Irunabarrek ere bertan behera utzi ditu bertaratzea eskatzen duten jarduera guztiak. Bereziki aipatu nahi genuke Kabigorriko apirileko bertso gaua (apirilaren 2an egitekoa zena).
Egoeraren garapena ikusi ahala erabakiko dugu zer egin bertan behera utzitako saioarekin eta (hala behar izanez gero) aurreragorako antolatuta ditugunekin.
Ulertuko duzuelakoan,
Mila esker eta gogoratu etxean entretenitzeko aski baliabide badituzuela blog honetan bertan.

“Mozorroak”, Iruneron. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak.

MOZORROAK

Doinua: ‘Amodioa gauza tristea
Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

1)
Hedabideek ez dutenean
inpartzialki jarduten
bat aspertzen da lehenespenez
egi laurdenak entzuten.
Saia gaitezen lerroburuei
errimekin erantzuten
adibideok nahiz eta diren
laburpenaren laburpen,
ikus dezagun egiak nola
mozorrotzen dizkiguten.

2)
Gune berdeen suntsitzaile den
asmo defizitario
AHTak gizendu ditu
hamaika enpresario.
Obretan zenbat lur mugimendu
eta CO2 jario,
txikizioa bilakatu da
urteetan usadio,
baina amatxok, mozorrotzean,
tren berdea dela dio.

3)
Ipiniz gero Gipuzkoako
erraustegira begira
mende bateko zor publikoa
gure bizkar erori da.
Europan ixten doazenean
hemen berriak desira
Euren hitzetan kutsadurarik
ez du sortzen, baina tira,
hitzok egia mozorrotzeko
ke grisak baino ez dira!

4)
Tamalez orain Zaldibar ere
mapan kokatu digute,
bi langile hil, giro kutsatu,
nahita sortutako sute,..
gai toxikoen kea arnasten
utzi izanaren truke
elkartu eta erantzuleen
aurka jo behar genuke
utzikeria onartezin bat
lan-istripuz jantzi dute.

5)
Martxoak 8 heltzen denean
Jaurlaritza telebistan,
mozorro more bat agerian
lehenengo begi kliskan,
gutxi behar dute abiatzeko
mugimendu feministan
baina martxoak bederatzian
guztia doa irristan
txapa moreak kaxoi barruan
eta ipurdiak bistan.

6)
Bidasoako bi herrietan
jarrita festetara so
emakumeen eskubideek
urtero zenbat eraso!
Berdintasunez errespetua
ezin eman eta jaso,
nola bihurtu daitekeen inork
azalduko dit akaso
eskubideen urraketa bat
bizikidetza arazo.

7)
Euskal Herria higatzen doaz
Espainia zein Frantzia;
Vuelta zein Tourrak muga non dugun
aspaldi dute ahantzia,
Eurokopa bat ere badator
baloiari itsatsia,
murriztuz doa atzerriraino
egin behar den distantzia…
beste konkista kultural bat da
normaltasunez jantzia.

8)
Zaldunbordako afera ere
hobe dugu ez atzendu
Mega Outlet-ak ez duen arren
ez logika, ez sostengu
zenbait lanpostu prekarioen
aitzakia nabarmendu
eta baimenik ez duten arren
asmoa nahi da mantendu,
denda txikiak desagertzea
mozorroak estaltzen du!

Iturria: https://irunero.eus/mozorroak/

Hondarribiko Gaztetxean bertso saioa [2020-03-06]

Kaixo, bertsozale:

Hondarribiko Gaztetxean dabiltzanak botako dituztenez, bertako dinamizatzaileek bertso saioa antolatu dute heldu den ostiralerako. Martxoaren 6an izango da saioa eta iluntzeko 20:00etan hasiko da. Bertan ariko dira kantuan, Jon Gurrutxaga azpeitiarra, Aitor Sarriegi beasaindarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra. Gaztetxean egitea aurreikusi duten arren, aldez aurretik kaleratuko balituzte, Olagarro elkartean egingo lukete saioa.

 

 

“Zaldibar argitu”. Xabier Isasi Balanzategiren bertsoak, Oarso-Bisoaldeko Hitzan

Zaldibar argitu

Doinua: ‘Zuek horrela ikusi eta
Egilea: Xabier Isasi Balanzategi

1
Behean Eitzaga goian Elgeta,
Aixolako urtegia
Baso-zelaiak eta baratzak
ederra ikuspegia
ikusgarria izaten baita
naturaren aurpegia
baina bertan eskegia
gaiztakeri-mintegia
jarri zuten hiltegia
santa Ageda biharamonan
lehertu zen zabortegia
bi langile hil lurperaturik
eta haiekin egia (bis)

2
Autobidera zakarrak sartu
elur jausien modura
bidea eten autoak geldi
horra kaosen figura
mendi leherketak harrapaturik
lankideen arrangura
zenbat langile galdu da?
hori gure jakingura
ondorengo negargura
agintaririk ez zen hurbildu
istripuaren lekura
enpresariek errua dute
Lehendakariak ardura (bis)

3
Jaurlaritzaren ordezkariak
lepoa tente jarririk
esaten zigun ez zegoela
lurrean zikinkeririk
airea berriz garbi-garbia
ez zela dioxinarik
holako gizon zuririk
telebistan ikusirik
ezin geratu geldirik
berdin baitio gu nola gauden
hilik edota bizirik
guk zer kulparik dugu izateko
holako agintaririk (bis)

4
Kazetariek jakin nahiean
egin galdera zuzenak
Lehendakariak harrokeriaz
erantzun itsusienak
nola liteke hola zigortu
argi bila doazenak?
erantzunik eskasenak
entzun behar ez direnak
lehendakariarenak
entzun ditzala Urkullu jaunak
gure garraisi ozenak
Joaquin eta Alberto dira
hil dituztenen izenak (bis)

5
Jainkoa balitz horrela dauka
Jaurlaritzaren zerua
oso urruti geratzen zaio
herritarren endredua
ez du entzuten laguntza deia
ez langileen erregua
agintaria: dirua
Iñigo da soldadua
kapitalaren gradua
diru guztia eurentzako da
beraientzat enplegua
Verter Recycling horixe baita
Urkulluren eredua (bis)

6
Dolu-herriak bihurtu dira
Zalla, Markina ta Eibar
bi lagun galdu pozoitu dena
eta hamaika zoritxar
agintariek antza nahi dute
dena jarri haien bizkar
egin behar dugu indar
gaur bezala berdin bihar
denok biltzarrarik biltzar
aurkitu arte gure lagunak
egin dezagun deiadar
gurean bizi nahi dugulako
behingoz argitu Zaldibar (bis)

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/xabier-isasi-balanzategi-zaldibar-argitu/

Kabigorriko martxoko Bertso-gaua [2020-03-05]

Kaixo, bertsozale:

Badator aurtengo hirugarren Kabigorriko bertso-gaua ere, ikasturteko seigarrena. Martxoaren 5an izango da 19:30ean hasita. Bertan ariko dira kantuan Nahikari Gabilondo zarauztarra, Aitor Sarriegi beasaindarra, Iñigo Ugarte irundarra eta Ane Zuazubiskar arrasatearra. Saioaren gidaritza Gotzon Aizpiolea irudarraren esku egongo da. Hilero legez, saioaren aurretik bertso jarriak izango ditugu, honakoan Xabier Isasi hondarribiarraren bitartez.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan ikusiko dugulakoan,

Anima zaitezte!

III. Bertso Mendaria > 2020ko otsailaren 28an

Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerrak hirugarrenez antolatu du Bertso Mendaria otsailaren 28rako, ostiralarekin eta 19:30ean hasi eta 22:30ak bitarte.

Joan den ikasturtean antolatutakoren batera azaldu zenak badaki zertan den kontua: Muara Elkartearen ateak, barra (pintxo eta guzti) eta mikrofonoak guztiontzat zabalik.

Ederki pasako dugu, beste behin ere. Anima zaitezte!

“Gaur egungo folklorea”, Iruneron. Garbiñe Beraetxe Moralesen bertsoak.

Gaur egungo folklorea

Doinua: ‘Besarkadak eta labankadak
Egilea: Garbiñe Beraetxe Morales

1)
Garai berriak iritsi dira
eta gai zaharrek oztopo
feminismoa gaur egun baita
matxismoan antidoto
letra matxistak eduki arren
musika ez dut gorroto
feminista naiz ta harro diot
perreoa dut gustoko

2)
Jamaikarren erritmoa dugu
gizartean murgilduta
Azken finean tradizioak
amaiera bat badu ta
Arin-arina ta fandangoa
dance hall-arekin nahastuta
hauetako bat aukeratzea
da nire barne burruka

3)
Skin, txonia, pijoa edo
abertzaleen tankera,
Gu Oialumen ibili ohi gera
Daddy Yankeeren antzera
Regetoia gaur egun delako
erromeri saiakera
Itsuragatik ez du ematen
baina denak fansak gera

4)
Adidas eta salomonekin
sarritan goaz dotore
Gozategi, Tapia ta Leturia
eman zazue amore
Gaur egunean gazteak gara
trikitixaren traidore
regetoia ta perreoa
bihurtu dira folklore!

Iturria: https://irunero.eus/gaur-egungo-folklorea/

Kabigorriko otsaileko Bertso-gaua [2020-02-06]

Kaixo, bertsozale:

Badator aurtengo bigarren Kabigorriko bertso gaua ere, ikasturteko bosgarrena. Otsailaren 6an izango da 19:30ean hasita. Bertan ariko dira kantuan Abel Zabala irundarra, Jokin Bergara eibartarra, Maider Arregi oñatiarra eta Iñigo Mantzizidor “Mantxi” zarauztarra. Saioaren gidaritza Iñigo Ugarte irudarraren esku egongo da. Hilero legez, saioaren aurretik bertso jarriak izango ditugu, honakoan Garbiñe Beraetxe hendaiarraren bitartez.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan ikusiko dugulakoan,
Anima zaitezte!

“Gaur egungo folklorea”. Garbiñe Beraetxe Moralesen bertsoak, Oarso-Bisoaldeko Hitzan

Gaur egungo folklorea

Doinua: ‘Besarkadak eta labankadak
Egilea: Garbiñe Beraetxe Morales

1)
Garai berriak iritsi dira
eta gai zaharrek oztopo
feminismoa gaur egun baita
matxismoan antidoto
letra matxistak eduki arren
musika ez dut gorroto
feminista naiz ta harro diot
perreoa dut gustoko

2)
Jamaikarren erritmoa dugu
gizartean murgilduta
Azken finean tradizioak
amaiera bat badu ta
Arin-arina ta fandangoa
dance hall-arekin nahastuta
hauetako bat aukeratzea
da nire barne burruka

3)
Skin, txonia, pijoa edo
abertzaleen tankera,
Gu Oialumen ibili ohi gera
Daddy Yankeeren antzera
Regetoia gaur egun delako
erromeri saiakera
Itsuragatik ez du ematen
baina denak fansak gera

4)
Adidas eta salomonekin
sarritan goaz dotore
Gozategi, Tapia ta Leturia
eman zazue amore
Gaur egunean gazteak gara
trikitixaren traidore
regetoia ta perreoa
bihurtu dira folklore!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/garbine-beraetxe-morales-gaur-egungo-folfklorea/

Post Navigation