Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Txingudiko bertso-eskolen eguna [2024-06-08]

Zazpi urteren ondoren, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko kideok berreskuratu egin dugu Txingudiko bertso-eskolen eguna.

Kateako Auzo Elkarteko areto nagusian ospatu genuen (Eskerrik asko, Maider!), eta lagun-giro ezinhobean joan zitzaigun arratsaldea, Otazpi tabernako lagunek prestatutako arroza, kroketa eta tortillaz lagunduta, besteak beste.

Oholtza gainean “denetik” izan bazen ere, bertso-saio musikatua osatu genuen guztion artean. Musikari lanetan, Aitor (kitarra), Iban (baxua) eta Beñat (mandolina) aritu ziren.

Saioa aurkezten eta ekitaldiaren gidari, Egoitz aritu zen.

Oholtzan kantari Iker, Jon, Lorea (bejondaiela zure kuadrilako guztiei!), Joseba, Abel, Iñigo, Urko, Adrian, Xabier, Andoni, Aiora, Maider eta Igauri aritu ziren.

Eta Arratsaldeko bertso-sortak Lorea, Aiora, Maider eta Jonen eskutik heldu zitzaizkigun.

Ederki pasa genuen. Egun ahaztezina. Datorren ikasturtean gehiago. Hobeto? Kostako zaigu. Horretarako, 2024-2025 ikasturteak joan berri denak baino gehiago eman beharko digu. Erronka mahai gainean da, heldu nahi dionarentzat.

Eskerrik asko guztioi!

“Gaur gaueko fauna”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

GAUR GAUEKO FAUNA

Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

Doinua: Estutzen ez bagaitu

1
Udan dena ez denez
izan arrauna
gaupasak egin ditut
hilero launa;
andre zein jauna
deskriba dezadan gaur
gaueko fauna!

2
Nahiz eta dantzarako
musika jarri
erritmoa jarriatzen
gabiltza larri…
Erakargarri
dantzatzen duenari
hamar puxtarri!

3
-Aspaldiko! Ez duzu
aurpegi txarrik!
Nahiz kalean topatu
sarri xamarrik
ez jo adarrik!
hitza trukatzen dugu
juergan bakarrik.

4
Astinduz instagramak
eta twiterrak
partekatzeko une
onak, ederrak
edo okerrak
dena grabatu nahi du
influentzerrak!

5
Begiratuz txokora
joan den bati,
beti ligatzen duen
hura izaki,
erdi lotsati,
nola egiten duen
inork ez daki!

6
Neretzako oreka
zailtzen ari da;
hark bikoitza edango
zuen guztira
baina begira,
estatuak gehiago
mugitzen dira!

7
Guztiekin hitz egin
behar derrigor
izan Logroño edo
izan Benidorm
pozik dabil hor
ba al da ezagutzen
ez duen inor?

8
Ezin bereizi gari
eta lastoa
nahiz eta umetan zen
formal askoa!
Gaur ze astoa!
Denon aurrean sartu
du arrastoa!

9
Kubatak edan ditu
baliran ura
begira horrek duen
mamu itxura;
nor ote hura?
pertsona zena zonbi
bat bihurtu da

10
Lujanbio denaren
ustearekin,
harroxko dagoenez
bertsotan ekin
edonorekin;
lepotik helduz gero
kontuz horrekin!

11
Ni ez naiz horrelako
pertsonen zale
Juliganak dabiltza
kalerik kale
-“Errealale!”
Lotarako garaia
dudan seinale!

12
Ibili naizen arren
erdi pailazo,
besteenak kontatu
nireez paso!
Ene amatxo,
noizbait esplikatuko
ditut akaso!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-jon-luzuriaga-iurramendi/

“UDAL(ER)TZAINAK”. Abel Zabala Elizazuren bertsoak, Iruneron.

UDAL(ER)TZAINAK

Egilea: Abel Zabala Elizazu
Doinua: Konstituzio gaizto horrekin

1-Martxoko lehen egun hoietan
sinatu zen dekretua
zurrumurruek hala zioten
ez zelako sekretua
udaltzain oro pistolen jabe
ote da ba azertua?
batzuek armen bidez jarri nahi
digute errespetua.

2-Garai batean udaltzain askok
pistola zuten aparte
hori zelako ertzainekiko
diferentziaren parte
Erkoreka ta bere lagunek
berrikuntza hau dakarte
ez dutelako pakerik izan
nahi dutena lortu arte.

3-Nahiz EAE-ko zenbait herritan
pistolarik ez zuten nahi
PLES eta ERNE sindikatuak
salaketa jartzeko gai
auzitegiak eskaerari
nola erantzun zion bai
azkenerako Jaurlaritzak prest
du dekretua nolanahi.

4-Garai bateko kontua dugu
serenoaren figura
haien ondoren aguazil danak
palangana bat burura
txilibitua ta borrarekin
trafikoaren ardura
orain lekutan geratu zaigu
lehengo udaltzaingo hura.

5-Agintekeriz sobran dabilen
hainbat ta hainbat agente
bular aldea puztu antzean
lepo gainekoa tente
gizatasuna alboratuta
prepotentzia dexente
tristea dugu ibili beharra
pertsonaia hauen menpe.

6-Buruan daukat ikusitako
argazkia, imajina
kalesaltzaile batzuen aurka
nolako eraso gordina
txakur ta guzi jazarpenean
hankaperatzeko grina
noren aginduz darabilkite
gisa hortako dotrina.

7-Udaltzain batek zer behar duen
ongi pentsatzen jarrita
zintzotasunez zaindu ditzala
jendea eta karrika
euskararekin armatzen hasi
pistolak bazter utzita
praktika txarrak ez daitezela
behin ta berriz errepika.

8-Manteroekin gogor dabiltza
Bilboko kaleetan zehar
migratzaileak jazartzen ere
zer enpeño ta zer indar
zaurgarriekiko jokabidean
asko dago hobetzear
lehen ere nahiko ertzain badago
gehiago ez dugu behar. (Bis)

Iturria: https://irunero.eus/udalertzainak/

Jon Luzuriagak eta Aitor Errazkinek Sagarfest ibilaldian kantatu zuten

Oihana Rekarte sagar ekoizleak antolatuta, Sagarfest izeneko bilkura eta ibilaldia ospatu ziren maiatzaren 12an, eta Jon Luzuriagak eta Aitor Errazkinek pare bat bertso-saio egin zituzten bertan; Meakako Rekarteren sagastietan lehendabizikoa, eta Ola sagardotegian bigarrena.

“Quebrantahuesos”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Iruneron.

QUEBRANTAHUESOS

Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi
Doinua: Hobe sartzea soldadu

1
Entrenatzea izan
da neure birusa
guztia baitzen buru
gogorkeri hutsa,
bikoteak ere ez
nau gehiegi bultza,
ta bizikletarekin (bis)
nolako dirutza.

Nahiz ez den momentua
dena aitortzeko
zenbat sakrifizio
hona etortzeko!

2
Azkar abiatu naiz
lehen metrotan zehar,
lautada pasa berri,
aldapak hastear
nagoela ditut (ez
dut besterik behar!)
giharrak huts hutsik ta (bis)
birikak lehertzear.

Irten orduko jota
ote nago seko?
Forman ez al nengoen
hona etortzeko?

3
Somporten kaxkarra da
neure dinamika
arnasa hartzeko ez
zait falta lanik ta;
taupadek dirudite
ia dinamita,
ziklista al naiz edo (bis)
txerri bietnamita?

Ez dut gehiegi falta
hemen itotzeko,
hobe nuen dopatu
hona etortzeko!

4
Marie Blanquen zirenak
kopetako tantak,
Portaleten dira ja
amets txar galantak:
Batetik kalanbreak,
bestetik karranpak
porlan zakuen gisan (bis)
ditut neure hankak.

Ze miseria malda
xahar bat igotzeko,
nork esan ote zidan
hona etortzeko?

5
Halakoren batean
iritsi naiz, zinez,
Sabiñanigoraino
neure ahaleginez.
Bizitzari gaurko min,
indar ta ezinez
hamar bat urte kendu (bis)
dizkiot gutxi(e)nez.

Inongo arrazoirik
ez dut harrotzeko,
neuri berriz ez esan
hona etortzeko!

Iturria: https://irunero.eus/quebrantahuesos/

Jarraian bertso-sorta entzungai. Ahotsa Jone Garmendia Castaños-ena da, eta musika Imanol Mendizabal Larrea-rena:

Hemen jaitsi dezakezu

“Hemen duzu nire sorta”. Rafa Rodrigo Perurenaren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

HEMEN DUZU NIRE SORTA

Egilea: Rafa Rodrigo Perurena

Doinua: Hemen duzu nire sorta

1.
Hemen duzu nire sorta, zabaltzen dudan lehena
baliteke, baita ere, hau izatea azkena
ez da izango baikorra hartu dezakezu pena
gerorako ez baduzu galdu nahi itxaropena
ez irakurri gehiago hau da nire etsipena
begiratzen dut mundua ta dena da suntsipena
sortzen dugun hondamena bihurtu da eromena
nire ustez alferrik da itxoitea salbamena.

2.
Nonbaitera heltzen gara bukatzen da hor bakea
laguntza eman beharrean prestatzen dugu tankea
berdin zaigu besteen tripa gurea bada betea
txikitzen dugu, baita ere, biodibertsitatea
nahiz ta jakin gure ekintzak sortzen duela kaltea
berdin zaigu, hara joanda uzten dugu soilik kea
Itxita behar genuke ukan munduko atea
barkatu beharko duzu hain gordinik esatea.

3.
Gaur egungo egoera hobe da ez segitzea
ematen du nahi dugula mundu osoa erretzea.
Errudunak bilatzean, beti izango da bertzea
gizakion eragina, izadiaren galtzea
neurriei buruz mintzatzen da, behar dena da hartzea
hiri askoren patua, itsasoan itotzea
ez dugu ikasi zaintzen egoki gure etxea
hoberena litzateke Lurretik desagertzea.

4.
Esan nizun pesimista zela nire diskurtsoa
barkatu bihurtu bada barneratzeko dentsoa.
Belarriak dakuskigu, gertuegi da otsoa
munduko kudeaketan, gure nota: suspentsoa
begia jarri edonon, ta hor plastiko moltsoa
ez esan ongi doala gaur gure unibertsoa
horrelaxe dioena izaten da perbertsoa.
Ados ez bazara, entzun nahi nuke zure bertsoa.

Jarraian bertso-sorta entzungai Rafak berak sorta honentzat sortutako doinuarekin musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/rafa-rodrigo-perurena-hemen-duzu-nire-sorta/

Txingudiko bertso-eskoletako hiru kide Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean (Gipuzkoa Bertsotan) [2024-04-26]

Kaixo, bertsozale:

Ostegunean, apirilaren 25an, hasi berri da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. 2024ko ekitaldian Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak kudeatzen dituen Txingudiko bertso-eskoletako hiru kidek hartuko dute parte: Manu Goiogana Bengoetxea eta Igauri Lopetegi Amostegi irundarrek eta Jon Luzuriaga Iurramendi ikaztegietarrak, hain zuzen ere. Goioganak maiatzaren 2an izango du lehen saioa, Zaldibian. Lopetegik, maiatzaren 9an, Idiazabalen. Eta Luzuriagak, aldiz, maiatzaren 10ean, Anoetan.

Animo hiruroi!

Sagardo Egun Alternatiboa Aranaztarra tabernan [2024-04-23]

Kaixo, bertsozale:

Aurten Irungo Sagardo Egunaren antolatzaileek gogoeta urtea hartu dutela-eta, ez da Sagardo Egunik izan… Ez? Bai! Taberna menderaezin batek ohiturari eutsi nahi izan dio eta Sagardo Egun Alternatiboa antolatu zuen.

Moskuko Aranaztarra tabernak egitarau propioa egitea erabaki zuen eta, testuinguru horretan, bertso saioa antolatu zuen. Hasiera batean, protagonista izan behar zuten gure bertso-eskoletako kide eta irakasle Igauri Lopetegi Amostegi irundarrak eta Aroa Arrizubieta Barredo gasteiztarrak. Bigarrenak, ordea, ezintasuna tarteko, ezin izan zuen bertan izan eta haren ordez Emaitz Murua Arzallus oreretarra aritu zen bertsotan.

“Bertso berriak, emantzipatu ezinari jarriak”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Iruneron.

BERTSO BERRIAK, EMANTZIPATU EZINARI JARRIAK

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi
Doinua: Iturengo arotza

1)
“Parodia eguna”
nolako aukera
guk Hondarribiari
hartzeko tankera.
Joan ginen jantzita
eskale antzera,
han kantatutakoak
nator kontatzera:

2)
“Herri hontan da etxe
adina biztanle.
Baina etxeen jabe
zenbait diruzale,
gazteok utzi nahian
ez etxe, ez kale.
Sartu beharko gera
guztiok eskale!

3)
Guretzako ze etxe,
ze etxebizitza?
Mila euro hilean
merkeenaren giltza…
Gaitzerdi soldatakin
helduko balitza!
Gaur egungo gazteak
holaxe gabiltza.

4)
Ta nahi badugu izan
etxe baten jabe,
ez gaitu abalatzen
deabruak eztare.
Nola egingo dugu,
ba, etxetik alde,
lurraren prezioa
zeruaren pare?

5)
Nora joan pentsatuz
guk gure artean,
gurasoek etxetik
bidali artean,
herri hontan non bizi
gaitezke bakean?
Baten bat ya bizi da
txalupa batean!

6)
Inmobiliariaz
kalea gainezka.
Nahiz zenbaitek agertu
horrekiko kezka,
geldi egonda alferrik
da beti protesta,
hau konponduko duen
alkaterik ez da.

7)
Hondarribiarena
nolako zoria:
Salgai bizimodua,
salgai historia,
turistentzako berde,
gorri ta horia…
Ez al da hori herri
baten parodia?”

8)
Hondarribia kasu
ta Irun erantsi,
Inauteriak joanda
hau ezin ahantzi.
Auzi hau nahi badugu
nolabait ebatzi,
ikusten ez dutenei
maskarak erantzi!

Iturria: https://irunero.eus/bertso-berriak-emantzipatu-ezinari-jarriak/

“Goizuetako misioa”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

GOIZUETAKO MISIOA

Egilea: Iker Altuna Albisu

Doinua: Manuel Narruk atzo esan dit B

Hemen jaitsi dezakezu

1) Zorionez gu nola gabiltzan
bizimodu hain librean,
hemen dena da posible eta
dena dugu posible han.
Lerroburu hau erreala da,
ez dut aurkitu airean:
“Txintxetak eta iltzeak daude
Goizuetako bidean”.

2) Hainbat ziklistek salatu dute,
garaia da ohartzeko,
errepidean norbait ibili
da jartzen hamaika zepo.
Nik ez dakit ba, baina jendea
dago aspertuta seko,
batek denbora librea hori
egiten igarotzeko.

3) Askok gurpila zulatu zuten
pasa orduko stopa,
eta segidan ulertu zuten
eratutako konplota.
Ondorioa argia dugu,
eta ez al du inporta?
Nonbait gorroto handia dago
txirrindularion kontra.

4) “Nire aurrean ziklista bat, dios!
Sorpresa desatsegina!
Hura lehenbailehen aurreratzeko
egin behar ahalegina!”
Errepideko esperientzia
ez litzateke berdina,
bizi honetan beti presaka
ibiliko ez bagina.

5) Presaren erruz istripu latza
izaten baita askotan,
zenbat ziklista hil ote dira
azkenengo urteotan?
Helburua ez izanagatik
hastea norgehiagokan,
gorrotoa guk behar genuke,
norbaitek izatekotan!

6) Diskurtsoetan diskurtso hau da,
nire ustez, erregea:
“Trafiko-arau guztiak hausten
ziklista dugu trebea!”
Mito faltsuak gezurtatzea
da bertso hauen xedea,
salbuespenak ez duelako
inoiz egiten legea.

7) Esan nahi nuen hori, aizue,
esan ote dut argiro?
Problematika hauek zabaltzen
segituko dut aldiro.
Ai! Usabiaga jauna, ETBn,
azal ezazu geldiro:
Euskal Herriko errepidean
gehiegitan ez da giro!

8) Bizikidetza erronka dela
sarri askotan diogu;
nolanahi ere, hitz horrek ditu
gurean hainbeste zoru.
Errepideko elkarbizitza
nahi baldin bada konpondu,
arazoari denok batera
heldu beharko diogu.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-iker-altuna-albisu/

Post Navigation