Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Bertsotruk egitasmoa”

Azken bertso-trukea!!! Txingudi-Goierri (2016-04-16)

IMG-20160406-WA0000Txingudiko taldeak Txingudi-Goierri bertso-trukea antulatuta amaitutzat joko du, aurtengoz, behinik behin, bere Bertsotruk-a. Azken saioa izango da, beraz, gure eskualdeko bertso eskolakoontzat. Horiek horrela, Antxeta Irratia eta EKT gehitu zaizkigu saio honen antolaketan, eta luxua da hori guretzat; bertsolaritza herrian hedatzen laguntzen, eskualdeko irratia eta Bidasoako EKT izango ditugu, beraz; eta saioaren berri ematen laguntza ematen, gainera, beste hainbat eta hainbat lagun. Zer gehiago eska dezakegu guk? Pozik gaude, bistan da; eskerrik asko guztioi.

Antxeta Irratiko lagunek kartelaren diseinuaren, sarreren salmentaren eta antolakuntza mailako beste hamaika konturen ardura hartu dute (Antxeta Irratiaren proiektuak 15 urte bete ditu aurten, eta ekitaldiz josi nahi izan dute urtea; tartean, bertso-bazkari hau bera); EKT-k elkartearen egoitza bera eskaini du saioa antolatzeko, eta otorduaz eta zerbitzua antolatzeaz arduratuko da, besteak beste. Irunabarrekook bazkal osteko bertso saioren kargu egin gara gehienbat, baina baita EKT-ko zein Antxetako eragileekin elkarlana sustatzeaz ere.

Eskualde mailako elkarteen arteko elkarlan horrek gutxitan eman du emaitza txarrik gurean, eta horrek konfiantza ematen digu eskutik lanean dihardugun hiru elkarteoi. Izan ere, aski ongi dakigu gure ardura dela goierritarrak gurean eroso eta gustura senti daitezen, etxean bezala, eta etxean bezala senti daitezen nahi dugu, bistan da, saioa-entzun asmoz gerturatuko diren bazkaltiar guztiak ere.

Ez da helburu makala, baina gure aldetik daukagun guztia ematera goaz, eta hori beti izan dugu jendearen esker ona jasotzeko berme.

Anima zaitezte guztiok bertso-bazkari honetan parte hartzera. Jakingarri guztiak kartelean dituzue. Eta kontuan izan, bazkaria 14:00etan hastekoa bada ere, 13:00etik aurrera izango dela zabalik EKTko taberna, eta trikitilariak izango direla zain, zuei guztioi harrera egiteko. SARRERAK, Irungo Sunbilla eta Hazia eta Hondarribiko Itxaropena tabernetan salgai, 15 €an!

Goza dezagun!

 

Bertsotruk: Gasteizko saioa (2016-III-13)

2016ko martxoaren 13an Gasteizko taldearekin saioa egin zuten Txingudikoek. Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Aitor Errazkin aritu ziren Txinguditik, eta Asier Otamendi, Felipe Zelaieta eta Xabier Rico Gasteizko Kakiturri taldetik. Goxo asko hartu zituzten gasteiztarrek txinguditarrak, eta hamabost bat lagunen aurrean egin zuten saioa Kakiturri elkartean; gasteiztarrek elkarte horren izena hartu dute taldea izendatzeko, bertan egiten baitute bertso-eskola, asteazkenero. Saioaren kronika Felipe Zelaietaren eskutik.

Bertsotuk: Legorretako saioa (2016ko otsailak 20)

Otsailaren 20an, Legorretako gaztetxean kantatu zuten Manu Goioganak, Urko Casadok eta Aitor Errazkinek, Txingudiko Bertso Eskolakoak, hirurak. Goierritik Aitor Irastorza, Gema Urteaga eta Odei Lopez aritu ziren. Gureak aski pozik itzuli ziren, bai Odeiek soziedadean prestatutako afari goxoagatik, bai harrera egin zietenekin eta kantulagun izan zituztenekin primeran moldatu zirelako ere. Irunabarrek oso balorazio positiboa egin du Bertsotruk ekimenak orain artean emandakoaz.

This slideshow requires JavaScript.

Bertsotruk: Goierri-Txingudi (2016-02-20)

bertsotruk logoOtsailaren 20an Legorretara goaz, hantxe kantatuko baitugu Txingudikoek eta goierritarrek. Txingudi taldearen izenean Manu Goiogana, Urko Casado eta Aitor Errazkin arituko dira, eta goierritarrenean, aldiz, Aitor Irastorza, Odei Lopez eta Gema Urteaga. Saioa gaueko 22:30etatik aurrera izango da, Legorretako gaztetxean. Irundik edo ingurutik inor animatuz gero, badakizue, gurekin harremanetan jarri eta elkarrekin joango gara, edo Legorretan egin topo.

IMG-20160210-WA0001

 

Hasiera eman diogu Bertsotruk ekimenari Irunen, “Txingudi-Kakiturri” bertso-saioarekin

Aurreko post batean adierazi bezala, Txingudi taldekook Gasteizko Kakiturri eta Goierri taldeko goierritarrekin joan-etorriko saioak egingo ditugu, Bertsotruk ekimenean parte hartzeak horretara lotzen gaituenez. 2015eko abenduaren 12an izan berri da gure estraineko elkarretaratzea, eta Kakiturri taldeko lagunak etxera gonbidatuta burutu dugu, bertso-bazkari formatuan. Eguerdiko 12:30etarako Irunen ziren Kakiturriko lagunak, eta bazkaltzeko ordura bitarte poteoan ibili ginen haiekin, bai eta pixkana taldeari batzen joan zitzaizkion bailarako hainbat bertsozalerekin ere. Irungo Erlaitz Mendi Elkartean jarria genuen zita, eta, azkenerako, 30 lagun inguru elkartu ginen bazkaritarako. Otordua prestatzeko ardura eta saioko antolakuntza guztia Irunabarreko kideok hartu genuen gure bizkar (bazkalostean bertsotan aritzeko lanak hartuta zituen Iñigo Ugarte barne).

Bazkalostean, eta arratsaldeko 17:00ak jota, Gotzon Aizpiolea irundarrak hartu zuen hitza saioa aurkezteko eta gai-jartzaile lanak betetzeko. Kantuan jarri zituen Juan Mari Juaristi, Alberto Martinez Kortabitarte “Betto” eta Xabier Lopez de Santiago Kakiturritik, eta Egoitz Zelaia, Iñigo Ugarte eta Abel Zabala, Txinguditik.

Ordu eta erdi inguruko saio umoretsua osatu zuten sei bertsolariek, hainbat ariketa motari aurre egin behar izan ziotelarik, eta bertaratutako jendeak atsegin handiz hartu zituen otordua, bertako lagun-giroa, bertso-saioa, noski, eta baita, guri hala iruditu zitzaigun, behintzat, bertsotruk egitasmoa bera ere.

Irunabarreko partaideok gure eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu Kakiturri taldeko kideei beren jarrera eta esker onagatik, Betti-Gotti Euskara Kultur Taldeari soinu-ekipoa uzteagatik, Irungo Erlaitz Mendi Elkarteko zuzendaritzari, txoko goxo horren ateak zabaltzeagatik, eta saioaren antolakuntzan modu batera nahiz bestera parte hartu zenuten guztioi.

This slideshow requires JavaScript.

BERTSOTRUK: Txingudi vs Kakiturri. Bertso bazkaria (2015-12-12)

Kaixo, lagunok!

Deialdi honen bitartez, datorren Abenduaren 12an, eguerdiko 14:00etan, Erlaitz Mendi Elkartean egingo dugun bertso-bazkarira gonbidatzen zaituztegu. Bertan, Gasteizko Kakiturri eta Irungo Txingudi taldeko bertsolariak entzuteko parada izango dugu, bazkalosteko bertso saioan. Bazkarirako sarreren prezioa, 15€-koa izango da.

Animatu! Lagunarte atseginean egoteko aukera ezin hobea izango dugu!

Gai jartzailea:

Gotzon Aizpiolea

Bertsolariak:

Kakiturritik, Alberto Mtz Kortabitarte “Betto”, Juan Mari Juaristi eta Xabier Lopez de Santiago. Eta

Txinguditik, Egoitz Zelaia, Iñigo Ugarte eta Abel Zabala.

Sarrerak eskuratzeko, 690065826 telefonora deitu edo SMS nahiz Whatsapp bidez moldatuko gara.

“Txingudi” taldeak BERTSOTRUK dinamikan parte hartuko du

26 bertso-eskolen artean egingo diren bertso desafioak biltzen ditu Bertsotruk egitasmoak.

Helduen bertso-eskolen arteko harremanak sustatu asmoz antolatu da Bertsotruk egitasmoa.

SAIOEN AGENDA

SAIOEN INGURUKOAK

Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak jarri du abian eta 26 bertso-eskolek eman dute parte hartzeko izena. 26 bertso-eskola horien artean multzoak osatu dira, guztira 9 multzo (3 bertso-eskolako 8 multzo eta 2 bertso-eskolako multzo bat).

Bertso-eskola bakoitzak bere multzoko beste biak hartuko ditu etxean, eta beste bi herrietako bertso-eskolek antolatutako ekitaldietara joango da. Emanaldia edozein motatakoa izan daiteke: bertso-saio formala, bertso-bazkaria, bertso-antzerkia, bertso-jolasen bat…

Xenpelar Dokumentazio Zentroaren BDB atariaren bitartez eta Bertsoa sareko plazaren bidez emango dute bertso-eskolek agendaren eta saioen informazioaren berri.

2015eko azarotik 2016ko maiatzera bitarte izango da Bertsotruk.

2015-11-04

Hauek dira multzoak:

  • ALBE – Debagoiena – Lesaka
  • Barañain – Durangaldea – Zarautz
  • Mungia/Larrabetzu – Oñati – Sakana
  • Gernika-Lumo – Harituz – Lekunberri/Leitza
  • Enkarterri – Erniarraitz – IEH
  • Agurain – Gabiri – Lasarte-Oria
  • Aramaio – Hernani – Zumarraga/Urretxu
  • Goierri – Kakiturri – Txingudi
  • Markina-Xemein – Orio

This slideshow requires JavaScript.

Testua: bertsozale.eus

Post Navigation