Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Plazatik Gaztetxera”

Irati garaile 2019ko Plazatik Gaztetxera Gazte Sariketan [2019-04-27]

Plazatik gaztetxera plazan hasten ari diren eta plazarik ez duten bertsolarientzat antolaturiko sariketa da, eta era berean, bertsoa gazteengana gerturatzeko asmoa du.
Zazpi gazte asanbladetako kideak elkarlanean dabiltza sariketari forma emanez (Ondarroa, Itziar, Mutriku, Zestoa, Elgoibar, Eibar, eta Deba). Urterik urte lan eskerga egiten dute, ziur aski, merezi duten aitorpen eta eskertzarik jaso gabe.

Aurtengo honetan hogeita lau bertsolarik hartu dute parte, eta azkenerako, egun osoko festa prestatu zuten Debako gaztetxean. Aurtengoa inoizko finalik gazteena izan da, eta gazteenak gerra emateko aski motibazio eta kalitaterekin datozela frogatu zuten Deban.

Finalean Irati Alcantarilla(2001), Mikel Iturriotz(1995), Aner Peritz(2002), Oier Etxeberria(1998), Ane Beloki(1999) eta Oihana Arana(2001) bertsolariak aritu ziren Debako gaztetxean. Gaztetxea txiki gelditu zen hurbildu zen jende andanarentzako. Giro bikaina izan zen eta bertsoaldi batzuk giroaren mailara igo ziren.

Goiz eta arratsaldeko saioen ondotik, Mikel Iturriotz eta Irati Alcantarilla igaro ziren buruz burukora eta Irati Alcantarilla izan zen garaile. Orain arteko irabazlerik gazteena izan da.

Finalaren ondoren, 2zio eta Debrass Band taldeen kontzertuek giroa ederrestu zuten.

Egun bikaina izan zen. Zorionak antolatzaile guziei eta Zorionak, Irati!

 

Topatu.eus-ek jarraipena egin dio sariketari, hemen lotura:

https://topatu.eus/edukia/irati-alkantarillak-irabazi-du-2019ko-plazatik-gaztetxera-sariketa

Irati Alcantarilla Plazatik Gaztetxerako finalean [2019-04-27]

Oier Etxeberria, Ane Beloki, Irati Alcantarilla, Urko Arregi, Lurdes Ondaro, eta Alexander Idoeta aritu ziren kantuan, apirilaren 5ean, Elgoibarko Gaztetxean. Giro bikaina izan zen, eta bertsolari guziek utzi zuten ale ederrik. Lehia parekatua izan zen eta finelara iragan ziren Oier Etxeberria, Ane Beloki, eta Irati Alcantarilla, hurrenez huren.

Heldu den asteburuan Eibarko gaztetxean egingo den finalerdietan erabakiko da zeintzuk osatuko duten finaleko seikotea. Finala Debako gaztetxean egingo da, apirilaren 27an.

Zorionak, Irati!

 

 

Irati Alcantarilla finalerdietan: Plazatik Gaztetxera XVII. [2019-03-29]

Martxoaren 29an, ostiralez, Plazatik Gaztetxera sariketako hirugarren kanporaketa egin zuten Mutrikuko Gaztetxean. Kantuan Antton Aizpurua, Irati Alcantarilla, Ander Anakabe, Urko Arregi, Gontzal Belategi eta Julene Iturbe aritu ziren. Puntuazio lanak amaiturik, Txingudiko Bertso Eskolako Irati Alcantarilla Urdanpileta izan zen puntu gehien batu zituena, eta finalerdietara iragan da, honenbestez. Zorionak Irati!

 

Elgoibarreko Gaztetxean ariko da Irati Apirilaren 5ean, 22:30tatik aurrera.

 

 

Manu Goioganak eta Jokin Bergarak jantzi dute “Plazatik Gaztetxera”ko txapela

Manu Goiogana irundarrak eta Jokin Bergara eibartarrak jantzi dute “Plazatik Gaztetxera”ko txapela, bikoteen arteko lehian oinarritutako sariketan. Zorionak bioi! Hona topatu.info-k eskainitako kronika osoa.

This slideshow requires JavaScript.

 

 

 

 

 

 

 

Post Navigation