Jokin Bergara, German Urteaga, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin ariko dira kantuan Kabigorriko azaroko bertso gauean. Zuhaitz Olazabalek eta Abel Zabalak jarriak dira egun horretarako gaiak, bietatik bakarra ariko bada ere oholtza gaineko aurkezle lanetan: Abel Zabala irundarra, hain zuzen ere. Bertso jarriak Egoitz Zelaia hendaiarraren eskutik iritsiko zaizkigu.
Gogoan izan Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen digula saioa eta gero afaltzen geratzeko .
Aurtengo abuztuaren 4an Euskal Jiraren 40. edizioa ospatu dute, eta bertso kantuan jardun ziren Txingudiko bertso eskolako eta haren jirako hainbat lagun. Plazako saioan, eguerdiko 12:00ak aldera, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa”, Egoitz Zelaia eta Abel Zabala aritu ziren kantuan, eta aurten estreinakoz, bestalde, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin Auntxa Trikitixa Eskolako kideekin batera aritu ziren, goizeko 11:00-13:00ak bitarte Urdanibia Berriko Eihera Plazatik hasi eta Anakaraino; hauek ere Urdanibia plazako oholtzan eman zioten euren saioari errematea, 13:30ak aldera.
Abel Zabala, Igauri Lopetegi eta Aitor Errazkin aritu ziren kantari Mendeluko jaietan, maiatzaren 19an, eguerdi partean. Bigarren urtea da Txingudiko Bertso Eskolako kideek bertan kantatzen dutena, Mendeluko jai batzordeko kideekin abiatutako elkarlana dela eta.
Saio umoretsua eta bizia osatu zuten Gernika-Lumo eta Txingudi taldeetako bertsolariek, eta ederki asko gozatu ziren Lakaxita gaztetxera bertaratu ziren entzuleak ere.
Urtarrilaren 20an, larunbatarekin, emango diegu hasiera 2017-2018 ikasturteko Bertsotruk ekimeneko bertso trukeei. Ikasturte honetan Gernika-Lumoko eta Aramaioko bertso eskoletako kideekin egokitu zaigu txinguditarroi bertso trukean aritzea, eta Gernika-Lumokoak etxean hartuta emango diogu hasiera aurreko bi ikasturteetan hain emankor gertatu zaigun ekimenari.
Horretarako, bertso-bazkaria antolatu dugu Irungo Lakaxita gaztetxean. Bazkaldu eta gero Irati Alcantarilla, Igauri Lopetegi, Manu Goiogana eta Abel Zabala txinguditarrak kantuan entzuteko aukera izango dugu, Koldo Gezuraga, Aitor Zarraga eta Asier Galarza Gernika-Lumoko bertso eskolako kideekin batera. Gai jartzaile eta antolakuntza lanetan Irunabarreko kideak arituko gara, Lakaxitako lagunekin elkarlanean.
Otorduari 13:30ean emango diogu hasiera, eta txartelak 15 euroko prezioa izango du (10 euro kobratuko zaie 20 urtetik beherako zein langabetuei).
Bertso saioaren ondotik kontzertuak izango dira iluntzean hasi eta ordu txikietara bitarte; egun-pasa polita egiteko aukera izango dugu, beraz.
Bertso saiorako sarrerak erreserbatzeko deitu edo idatzi mezu bat (sms, Whatsapp zein Telegram) 685 72 75 39 telefono zenbakira. Izena emateko azken eguna urtarrilak 18 izango da, osteguna.
Anima zaitezte.
Azken urteotan ohitura bihurtu moduan, Irungo Euskal Jiran izan ginen kantari. Aurtengoan, Abel Zabala eta Egoitz Zelaia aritu ziren, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarrarekin batera.
Bereziak izaten dira ikasturte amaierako bertso gauak, ezbairik gabe, eta berezia izan nahi du aurtengoank ere. Gipuzkoako Herriartekoan ibili dira Txingudi I eta Txingudi II taldeak, beste 34 talde gehiagorekin lehian, baina lehen aldiz igoko dira bi taldeak batera oholtzara, jendeaurrean. Batera oholtzaratu? Aurrez aurre jarri? Nork daki? Izan ere, Irunabarren jirako hainbat lagun bildu da bi talde hauetara, Gipuzkoako Herriartekoan parte hartu eta antolakuntza lanetan laguntzeko, eta honakoan ere Adrian Arruti, Zuhaitz Olazabal, Mikel Garmendia eta Gotzon Aizpiolea aritu dira ekainaren 1eko saioak zer-nolakoa beharko lukeen pentsatzen. Eta zer izango den? Bada, hori bertaratzen direnek bakarrik jakingo dute. Kabigorrin hamaika ikusiak gara honezkero… Beraz, auskalo!
Azken bertso gaua izaki, Irunabarrek jatekoa eta edatekoa eskainiko die bertaratzen direnei, aurreko hiru ikasturte amaieretan eta zenbait egun berezitan egin bezalaxe. Joan da laugarren urtea, dagoeneko, hilabeteko lehendabiziko ostegunarekin bertso gauak antolatzen; urtean bederatzi bertso gau… Datorren ostegunekoa, beraz, hogeita hamaseigarrena: Txingudi I vs. Txingudi II. Hantxe izango gara zuen zain, plazer baduzue.