Martxoaren 3an, ostiralarekin, Txingudi I eta Ereñotzu taldeak aurrez-aurre jarriko dituen saioa izango dugu Irungo Hazia Elkartean. Afaldu eta gero izango da bertso saioa, gaueko 23:00etatik aurrera, gutxi gorabehera. Hazia Kultur Elkarteak menua finkatuko du, eta aurrez tokia hartu nahi duenak izango du horretarako aukerarik, Hazian bertan abisu emanez gero (Haziako telefonoa: 943 63 36 42). Menua 15 euroan izango da. Txartelak erosteko azken eguna Martxoak 1, asteazkena.
Txingudi I taldetik Abel Zabalak, Iñigo Ugartek eta Andoni Zelaiak kantatuko dute. Ereñotzuko taldea Arnaitz Lasarte, Aritz Zerain, Ibon Miner eta Iñaki Zelaiak osatzen dute, eta lau horietatik hiruk kantatuko dute Irunen.
Gipuzkoako Herriartekoa antolatu dugu elkarlanean Gipuzkoako hainbat bertso-eskolak, bertso-taldek eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Ekimenari buruzko informazioa http://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/herriartekoa helbidean duzue. 38 taldek hartuko dugu parte guztira, eta tartean, Txingudiko Bertso Eskolaren jiran sortutako bi: Txingudi I eta Txingudi II
Algortako Bertsolari Eskolako (ALBE) lagunak hartuko ditugu Irunen Txingudikook, aurten Bertsotruk diamika dela-eta burutzera goazen hirugarren saioan.
Bertso-bazkari formatuan planteatu dugu saioa, zarauztarrak etxean hartu genituenean egin bezalaxe. Erlaitz Elkartean izango da bertso-saioa, bazkaldu ondorenean. Bazkari-txartel bakoitza 15€an izango da (egunean bertan ordainduko da), eta 685 72 75 39 telefono zenbakira dietuz zein WhatsApp edo Telegram mezuak bidaliz har ditzakezue.
Txinguditik Urko Casado astigartarrak eta Abel Zabala eta Iñigo Ugarte irundarrek kantatuko dute. ALBEtik, aldiz, Kerman Diaz, Paule Loizaga eta Unai Mendiburu bertsolariak ariko dira kantuan. Adrian Arruti irundarrak egingo ditu aurkezle lanak.
Hona Bertsotruk dinamikaren harira antolatu izan ditugun iazko eta aurtengo saioetako hainbat irudi: zinez giro ederra izan ohi da!
Irailaren 17an Portugaleten izan zen Manu Goiogana bertso-eskolako kide eta Irunabarreko eragilea, Bertso Eskolen Egunean, hantxe izan baitzen ikasturte honetako Bertsotruk dinamikaren aurpezna. Txingudiko taldeari Algortako Bertsolari Eskolarekin eta Zarauzko bertso-eskolarekin bina saio egitea egokitu zaio. Saioak joan-etorrikoak direnez, etxean bi antolatu beharko ditugu, iaz bezalaxe.
Honezkero izan dugu lehen zita edo elkarretaratzea, Zarautzen, 2016ko urriaren 21ean izan zen. Giro ederrean joan ziren saioa eta arratsa. Hona argazki batzuk.
2016ko martxoaren 13an Gasteizko taldearekin saioa egin zuten Txingudikoek. Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Aitor Errazkin aritu ziren Txinguditik, eta Asier Otamendi, Felipe Zelaieta eta Xabier Rico Gasteizko Kakiturri taldetik. Goxo asko hartu zituzten gasteiztarrek txinguditarrak, eta hamabost bat lagunen aurrean egin zuten saioa Kakiturri elkartean; gasteiztarrek elkarte horren izena hartu dute taldea izendatzeko, bertan egiten baitute bertso-eskola, asteazkenero. Saioaren kronika Felipe Zelaietaren eskutik.
Aurreko post batean adierazi bezala, Txingudi taldekook Gasteizko Kakiturri eta Goierri taldeko goierritarrekin joan-etorriko saioak egingo ditugu, Bertsotruk ekimenean parte hartzeak horretara lotzen gaituenez. 2015eko abenduaren 12an izan berri da gure estraineko elkarretaratzea, eta Kakiturri taldeko lagunak etxera gonbidatuta burutu dugu, bertso-bazkari formatuan. Eguerdiko 12:30etarako Irunen ziren Kakiturriko lagunak, eta bazkaltzeko ordura bitarte poteoan ibili ginen haiekin, bai eta pixkana taldeari batzen joan zitzaizkion bailarako hainbat bertsozalerekin ere. Irungo Erlaitz Mendi Elkartean jarria genuen zita, eta, azkenerako, 30 lagun inguru elkartu ginen bazkaritarako. Otordua prestatzeko ardura eta saioko antolakuntza guztia Irunabarreko kideok hartu genuen gure bizkar (bazkalostean bertsotan aritzeko lanak hartuta zituen Iñigo Ugarte barne).
Bazkalostean, eta arratsaldeko 17:00ak jota, Gotzon Aizpiolea irundarrak hartu zuen hitza saioa aurkezteko eta gai-jartzaile lanak betetzeko. Kantuan jarri zituen Juan Mari Juaristi, Alberto Martinez Kortabitarte “Betto” eta Xabier Lopez de Santiago Kakiturritik, eta Egoitz Zelaia, Iñigo Ugarte eta Abel Zabala, Txinguditik.
Ordu eta erdi inguruko saio umoretsua osatu zuten sei bertsolariek, hainbat ariketa motari aurre egin behar izan ziotelarik, eta bertaratutako jendeak atsegin handiz hartu zituen otordua, bertako lagun-giroa, bertso-saioa, noski, eta baita, guri hala iruditu zitzaigun, behintzat, bertsotruk egitasmoa bera ere.
Irunabarreko partaideok gure eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu Kakiturri taldeko kideei beren jarrera eta esker onagatik, Betti-Gotti Euskara Kultur Taldeari soinu-ekipoa uzteagatik, Irungo Erlaitz Mendi Elkarteko zuzendaritzari, txoko goxo horren ateak zabaltzeagatik, eta saioaren antolakuntzan modu batera nahiz bestera parte hartu zenuten guztioi.
Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak Euskararen Egunak herri ekimenean parte hartu du aurtengoan ere. Izan ere, Irungo hainbat eragilek elkar hartzen du Euskararen Nazioarteko Egunaren jiran, eta aprobetxatzen dute euskararen alde jarduerak antolatzeko zein elkarteen arteko elkarlana sustatzeko. Hala, Irunabarrekook, aurten, Kabigorriko osteguneko saioa Euskararen Egunak-eko egitarauan sartzeaz gainera, Auntxa trikitixa eskolarekin, Irungo Musika Eskolarekin eta Txorimaloak soinu taldearekin aritu gara elkarlanean, honako ekintzak aurrera ateratzen gure aletxoa jartzen:
2015-11-27 > Triki bertso poteoa, Irungo Urdanibia Plazatik abiatuta: Aia taberna, Txalaka sagardotegia, Irungo Atsegiña, Urdanibia taberna eta Hazia Elkartea. Iñigo Ugarte, Abel Zabala, Julen Zelaieta eta Aitor Errazkin.
This slideshow requires JavaScript.
2015-11-29 > Euskararen Egunak emanaldia, Irungo Txorimaloak Soinu Taldeak antolatua. Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaia
This slideshow requires JavaScript.
2015-12-03 > Kabigorriko bertso gauak. Karlos Aizpurua, Jon Martin, Patxi Castillo eta Aitor Errazkin.
Aurten ere Gibeletako eguneko etxean aritu dira kantari Manu Goiogana eta Iñigo Ugarte bertsolariak, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Aitziber Martiarenak antolatutako bertso saioa izaten da, eta berak prestatu ohi dizkie gaiak eta ariketak bertsolariei, eguneko etxeko aiton-amonen laguntzarekin.
Deialdi honen bitartez, datorren Abenduaren 12an, eguerdiko 14:00etan, Erlaitz Mendi Elkartean egingo dugun bertso-bazkarira gonbidatzen zaituztegu. Bertan, Gasteizko Kakiturri eta Irungo Txingudi taldeko bertsolariak entzuteko parada izango dugu, bazkalosteko bertso saioan. Bazkarirako sarreren prezioa, 15€-koa izango da.
Animatu! Lagunarte atseginean egoteko aukera ezin hobea izango dugu!
Gai jartzailea:
Gotzon Aizpiolea
Bertsolariak:
Kakiturritik, Alberto Mtz Kortabitarte “Betto”, Juan Mari Juaristi eta Xabier Lopez de Santiago. Eta
Txinguditik, Egoitz Zelaia, Iñigo Ugarte eta Abel Zabala.
Sarrerak eskuratzeko, 690065826 telefonora deitu edo SMS nahiz Whatsapp bidez moldatuko gara.
Azaroko Kabigorriko bertso gaua hilaren 5ean izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Bat-bateko saioan kantari Iñigo Ugarte irundarra, Maider Arregi oñatiarra, Miren Artetxe hendaiarra eta Aimar Karrika auriztarra ariko dira. Gai-jartzaile lanak Zuhaitz Olazabal irundarrak hartuko ditu bere gain, eta saio aurreko bertso jarriak Exteban Martiarena oiartzuarraren eskutik helduko zaizkigu.
This slideshow requires JavaScript.
Anima zaitezte, saioa entzutera lehenik, eta afaltzera saioa eta gero, Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen baitu horretarako.
Azaroko protagonisten argazkiekin batera, urriko saioko beste zenbait eskaintzen dizkizuegu, oholtza gainean izan zen giro paregabearen erakusgarri.