Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Irunero”

“2020ko maiatzak 03ko whatsap-tik”. Andoni Zelaia Otañoren bertsoak, Iruneron.

2020ko maiatzak 03ko whatsap-tik

Egilea: Andoni Zelaia Otaño
Doinua: Alduderi begira

1
Udaberri usaina
barazki labore,
fruituaren aurretik
sortzen zaion lore
mendian urrunera
berezko kolore,
polita jarraitzeko
kapaz da gerore.

2
Konfinamenduari
zen antitesia,
berritzulerarako
ezin ikasia,
etxetikan bertsotan
txalo garrasia,
egunero berrituz
adore dosia.

3
Ikasgai bat gehiago
bakoitzan jarrera,
itxialdi bateko
bertsoen karrera,
egonezinak kezkak
kanpora atera,
aparte egonarren
nolabait batera.

4
Egoerak bultzata
iritxi hontara,
bakoitzaren lexiko
bakoitzan erara,
bertsoen bertsioan
saiatuaz hara,
bertso banakin hasi
eta bertso sortara.

5
Etxetar izan edo
etxea kaiola,
ezezaguna zena
tokatzen zen rol-a,
inguru dena geldi
beldurrez dagola,
norbanakoentzako
izan da eskola.

6
Ordubeteko bira
eman eta gero,
berriro bertsoekin
hartzeko endredo,
goizeko Txen sortari
erantzunez edo,
baina sorta lortzea
ez nuen espero.

7
Bertso filosofian
hitza jolas bada,
drogatzen gaitu edo
hau ez da normala,
ximurtzen hasia dut
iada betazala,
elkarri enbidoka
musean bezala.

8
Deseskalada dator
edo desegite,
normaltasuna edo
sisteman destripe,
zuzendu behar dira
zenbait hutsegite,
askatasun gosea
sentitzen dut nike.

9
Ea elkartzen garen
egunen batean,
mendi punta batetik
edo elkartean,
mahai baten ondoan
platera betean,
bertsotan aurrez aurre
eta bapatean.

Iturria: https://irunero.eus/2020ko-maiatzak-03ko-whatsap-tik/

“Orri zuri”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Iruneron.

ORRI ZURI

Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea
Doinua: Alemaniyako Gerrari

1)
Orri zuri gaur zuri bertsoak
hitz neurtuen orekan.
Formetan zaren laukizuzena
bezain zuri koloretan;
zeinen txikia zinen umetan
koloreekin olgetan
eta zein handi guztia muga
dudan momentu honetan

2)
Geroxeago piko-pikoak
hegazkinekin batera:
hortik ebaki, handik tolestu,
egunaren arabera.
Lehenengoetan beti zabaltzen
genuen kolore bera
ta bigarrenek egiten zuten
aurrera baino atzera.

3)
Iskin batean oin zerrenda bat
eta txarrenak baztertu,
idazten zuzen hasiagatik
ohartzerako okertu…
Lehen bertsoak orri zuritan
uzten genituen gertu,
ordutik nahiko horitu zara,
baina ez gara aspertu.

4)
Nola ahaztu lehendabiziko
gutunak eta aitortzak
txiskeroaren gar puntarekin
ilunduta ertz zorrotzak.
Zuk zure baitan sarri eraman
dituzu arkatzen hotsak,
nik aurrez aurre isildutako
sentipenak eta lotsak.

5)
Gero iritsi ginen, itxuraz,
azterketak pasatzera:
galdera goian eta orri, zu,
krudelki zuri antzera.
Orduan pasa bide nintzen zu
nigandik urrun jartzera,
sortzeko gogoz hartu beharrean
ikaratuta hartzera.

6)
Orain eskutan beharrean zaude
sarean partekatuta,
arkatzen punta zorroztu ordez
teklatua sakatuta.
Orri zuri gaur zauzkate kasik
erabat debekatuta
zeinen tristea zu ikustea
pantaila bilakatuta.

7)
Ikasturtea hastean dena
da neurrizko_eta zentzudun,
baina bidea sortu behar da
hitzez hitz, egunez egun.
Etapa oro nola_orri zuri
bat bezalakoa dugun
ea kurtsoa amaitzerako
nola betetzen zaitugun.

Iturria: https://irunero.eus/orri-zuri/

Emankorra izan zen Bertso-jartzaileen I. topaketa

Joan den irailaren 17an, larunbatarekin, egin zen Bertso-jartzaileen I. topaketa. 11 lagun bildu ziren, primerako lan-giroan. Saio amaieran parte-hartzaile guztiek ongi baloratu zuten jardunaldia, guztien artean egoeraren diagnosia osatzeko eta aurrera begirako lan-ildoak zerrendatzeko gai izan baitziren.

Irunabarrek Irunero eta Bidasoko Hitzarako ikasturtez ikasturte bertsoak idazten egiten duen elkarlanak bertso-egileengan sortutako kezka eta beharren jiran antolatu dira topaketak. Aurrerantzean topaketa gehiago antolatu beharra dagoela ebatzi zuten parte-hartzaileek, kezkatzen dituzten gaiak lantzen eta haien gaineko iritzi eta esperientziak partekatzen jarraitzeko.

Ikasturte honetan ere bailarako hedabideekin elkarlanean ariko gara

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2022/23 hau laugarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 6. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabete hasieran argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako bertso-sorta pare bat:

  • “Bizitzako gauzarik onenak doan”, Aitor Errazkin Vicentek 2022ko maiatzean Iruneron argitaratu eta Aitorrek berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

  • “Bidasoa”, Adrian Arruti Bernadetek 2022ko otsailean Bidasoko Hitzan argitaratu eta Peio Etxeberriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

Bertso-jartzaileen I. topaketa

Kaixo, lagun:

6 ikasturte badira Irunabarren ekimenez Irunero eta Hitza tokiko hedabideetan bertso-sortak argitaratzen ditugula. 2022-2023 ikasturteari begira ere asmo hori bera dugu, dagoeneko hitzartu baitugu nork idatziko duen hitz-emana dugun 19 bertso-sortetatik bakoitza.

Hala eta guztiz ere, ikasturtetik ikasturterako martxak erakutsi digu ez dela lan samurra izaten bertsoak idazteko konpromisoari helduko dion jendea topatzen. Izan ere, sarritan, estu hartzen gaitu bertsoak idazteko lan bakartiak, eta gaur arte, behintzat, ez dugu espaziorik izan egiteko horrek berekin dakartzan zailtasunei buruz hitz egiteko eta zailtasun horiei berei aurre egiten saiatzeko, ez bada bertso-eskolaren batean gaiari berariaz heldu zaion aldi bakanetan.

Hori dela eta, ikasturte honetan “Bertso-jartzaileen I. topaketa” antolatu dugu, bertso idazteko jardunari gure bakardadean heltzen jarraitu ordez, elkartu eta jardunari modu kolektiboan erreparatzen hastea guztion mesedetan izan daitekeela sinetsita: bertso idazten ari izan baina utzita daudenen itzulera ahalbidetzeko; ari garenok trebatu eta lasaiago, errazago, babestuago ari gaitezen; eta etorkizunean bertso-idazten abiatu nahi dutenek aurrekook izan ez genuen abiapuntua izan dezaten.

Gisa horretako ekimenak aurrerabidea izan dezakeela erabat sinetsita gaude. Uste berekoa bazara, zatoz, parte hartu eta bide egin dezagun elkarrekin. 2022ko irailaren 17an izango da, larunbatarekin, Irungo AEK euskaltegiaren egoitzan, goizeko 10:00etan hasi (9:30ean lehen kaferako aukera inguruko tabernaren batean) eta 13:30ak bitarte. Antolaketa kontuak errazteko, adieraz iezaguzu etorriko zaren, faborez, irunabar@gmail.com helbidera edo 675005894 zenbakira idatzita, irailaren 10a baino lehen.

Eskerrik asko aldez aurretik eta bertan elkar ikusiko dugulakoan, jaso agur beroa,

“Mugarriak”. Andoni Zelaia Otañoren bertsoak, Iruneron.

MUGARRIAK

Doinua: Saltarina da txepetxa eta
Egilea: Andoni Zelaia Otaño

1
Mugarriaren zentzu anitza
lerro geografikora,
administratu politizatu
lekua eta denbora,
asentamentu komunitate
geziak eta aizkora,
gizateria asmakizunez
iritsi zen sutondora,
eta zenbat metafora.

2
Etxe txikiak etxe multzoak
etxaldeak baserriak,
kobazuloak utzi ondoren
ziran egoitza berriak,
izotz-arotik laborantzara
bidaia harrigarriak,
basapiztiak etxekotzeko
ehizatik erakarriak,
gero datoz mugarriak.

3
Lan eta bizi moldatzen ziran
famili edo taldeetan,
naturarekin ikasi zuten
jolasten eta hizketan,
lur eremuak mendi basoak
mugak herri auzoetan,
berdin estatu nola nazio
udalerriko sailetan,
ondu zituzten lurretan.

4
Erreka ibai eta zuhaitzak
muga bihurtu ohi dira,
Larrun puntatik sarri egona
hara honera begira,
Bidasoaren ertz banatan, bi
estatuen lubakira,
nazio txiki bat zatitzeak
darama hondamendira,
kontra-natura hori da.

5
Mila zazpiehun laurogei eta
hamahiru hamabostera,
Frantzia eta Espainiaren
konbentzioko frentera,
Itsasutikan gazte multzo bat
bertako mugak zaintzera,
Frantziarentzat defenditzea
Euskaldunentzat galera,
ihesi hego aldera.

6
Mendi gailurra mendi lepoa
itsaso ertza padura,
kontrabandoa gaueko lana
ogi-bidea onura,
bi karlistada, bi mundu gerra
frankismoa diktadura,
gudarientzat pasabideak
egiten ziran modura,
mugalarien kontura.

7
Harriak mugan sareak mugan
muga oztopoz betea,
etorkinentzat bilakatu da
infernurako atea,
moral bikoitzak harrapatu du
agintari elitea,
uniformedun sasi jakintsu
bere esku egotea,
eskubide patentea.

8
Boteredunak, kapitalistak
eta multinazionalak,
beraiek jarri beraientzako
non paradisu fiskalak,
hemen besteok bizi ditugu
muga artifizialak,
normala dela sinestarazi
baina ez dira normalak,
dauzkagun muga mentalak.

Iturria: https://irunero.eus/mugarriak/

“Bizitzako gauzarik onenak doan”. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak, Iruneron.

BIZITZAKO GAUZARIK ONENAK DOAN

Doinua: Besarkada bat, adiskideak
Egilea: Aitor Errazkin Vicente

1/ Besarkada bat, adiskideak,
barre alaienak,
amets, maitasun, muxu, familia
eta oroimenak.
Doan direla diote
bizitzan gauza onenak…
Ikus dezagun benetan
hala ote diren denak.

2/ Ez da erraza besarkadekin
egitea herren
baina badago lortzen duenik
zaila izan arren
estutu gaiztorik ez da
utziko zaitu pozarren
esku artean aiztorik
baldin eta ez dakarren.

3/ Gizakia da animalia
interesatua
zilborrari so bizi beharra
da gure patua
laguntasun ugari da
ertz horretxek urratua
ederki hasiagatik
penagarri bukatua.

4/ Irriak irri, barreak barre
algarak algara
poza horien araberako
kontua al da ba?
Nahiz karkailaz jo daitekeen
zorionaren aldaba
grazia gutxi egiten du
gure bizkar baldin bada.

5/ Ametsa aske eta doako
dugu, alajaina!
Eta egia bihurtzen saia
gintezke, bai, baina
beti ez da erdiesten
amestutako ordaina
sistema honek ez baitu
gu guztiontzako haina.

6/ Maitasunari buruz hainbeste
dago esateko…
Sorta osoa dedikatuta
akaso hobeto
gorrotoak, maiteminak,
frustrazioak tarteko
ifrentzu txarra du txanpon
horrek doan izateko.

7/ Muxuak eman soilik onartu
nahi dizkizun hari
gehien behar den unean edo
noizean opari
erne! Eskuraezinak
ere badira eta adi!
Halakoetan eman “pa”
baina zeure buruari.

8/ Gaur “familia” aipatzen duen
hark zertaz dihardu?
Batzuk erosi nahian dabiltza
beste batzuk saldu
guk onartu behar dugu
edota familiak gu?
Pagotxa izan daiteke
bietatik baldin badu.

9/ Oroimen txarrek egiten dute
pertsona nahasi
irudikortu, lotsagorritu
ta damuarazi
morrontza horretan ezin
zorion betean hazi
onartu eta haiekin
elkarbizitzen ikasi.

10/ “Bizitzan gauza ederrak doan”
esaten da hala
salbuespena garrantzitsua
ez balitz bezala
argiune bakoitzeko
loratu denez itzala
kontuak norberak egin
edo desegin ditzala.

Iturria: https://irunero.eus/bizitzako-gauzarik-onenak-doan/

Jarraian entzungai, Aitorrek berak musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Motxilako petatxuak josten”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Iruneron.

MOTXILAKO PETATXUAK JOSTEN

Doinua: Langile baten semea naiz ni
Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

1)
Bi euskaldunen semea naiz ni
ni ere euskaldun,
nahiko nukeena aldiro nire
lehen hizkuntzan jardun.
Traba ugari daudela
nahiz eta dugun ezagun
bada garaia gure motxila
arindu dezagun.

2)
Erabileraz egin ondoren
aski analisi
salbatzaile on gisa mugitu
ginen bizi-bizi;
egin ginen Belarriprest,
egin ginen Ahobizi:
ardurak beti norbanakoon
gainera lehenbizi.

3)
Euskara ito egin daiteke,
ez da agortuko,
erabilerak, beraz, kalterik
ez digu sortuko.
Nahiz eta denok Hitzekin
beharra dugun aitortuko
ogia euskaraz erosiz soilik
ez da deus lortuko.

4)
Erakundeek jarraitzen dute
egiten entzungor
hartu beharrean behar diren beste
neurri eraginkor.
Arduradunen postuek
nola ardura duten zor
ni adibide batzuk bertsotan
salatzera nator.

5)
Diru-laguntzak dira hedabide
askoren sostengu
baina Lakuan erdarazkoak
dira nabarmendu.
Hor erabaki behar da,
nori eman, nori kendu, …
letrez ulertu nahi ez duenak
zifrez ulertzen du.

6)
Zifrekin segiz, Laudion hara
nolako ranking-a,
elebakarrek hizkuntza zailak
sailkatuz egina.
Ikasten egingo zuen
sekulako ahalegina
toga daraman hark arrazoiak
bilatzen adina.

7)
Ez dago jarri beharrik, ordea,
kanpora begira
Irunen ere udaltzainekin
zenbat tirabira!
Behingoz lortzean lege bat
eskubideen neurrira
epaitegiak tentakuluak
bilakatzen dira.

8)
Nonbait ez da hain derrigorrezko
Irunen euskara,
erabilera baxua baita
dioten erara;
etengabe doa behera
hamarkadaz hamarkada
eta Udala horren konplize
nabarmenena da.

9)
Nik segiko dut ogia beti
euskaraz erosten,
euskararekin eta euskaraz
pizten eta pozten,
baina noiz arte ariko
gara petatxuak josten
arduradunek ez dutelako
besterik adosten?
baina noiz arte ariko
gara petatxuak josten,
erabakiak hartu beharrean
ogia erosten?

Iturria: https://irunero.eus/motxilako-petatxuak-josten/

Iban Clementek, Iker Eizagirre “Xufik”, Beñat Elosegik eta Rafa Rodrigok lagundu dute musikaz Manu. Jarraian entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

“Bikote harremanari”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Iruneron.

BIKOTE HARREMANARI

Doinua: Haizea dator ifarraldetik
Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

1
Bikote ginen jaio aurretik
hori gure iragana,
hala izaten jarraitzen dugu
eta ez bat erdibana;
arintasuna izan da sarri
beste batzuetan zama,
norberarenak ditugu noski
izena eta izana.
Sentimenduei hitzak jartzea
zaila izan ohi den lana,
esango dudan moduan bizi
dut bikote harremana.

2
Iraganaren gazi-gozoak,
ziur naiz etorkizuna,
amaren sabel eta bularra,
sehaskako maitasuna,
ume ginela jolas-borrokak,
gelako iluntasuna,
barre algarak, momentu latzek
daukaten isiltasuna,
zorionaren aparra eta
minaren gordintasuna,
ezin zenbatu zenbat izan den
elkarbanatu duguna.

3
Azaltzen zaila izan daiteken
konexioren bat bada:
gertutasuna transmititzen dit
nahiz egon distantziara,
inoiz herrenka nabilenean
nire makulu bera da,
airean hegan hasi denean
gonbidatu nau bertara,
baztertzen ere badaki ondo
nahiz inoiz ez egin traba;
uztarri bera erabiltzeko
jaioak izan al gara?

4
Ahaztu egin zait komentatzea
bikitako bat naizena;
bada mito bat bai ezaguna
laranja erdiarena,
nahiz horrelako gauzetarako
sarri falta sinesmena
bada ezpada aipatuko dut
ea betetzen den dena:
munduratzeko aukeraren bat
izango banu hurrena,
berbera nahiko nuke izatea
ondoan jaioko dena.

Iturria: https://irunero.eus/bikote-harremanari/

Entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

“Gure attona denari”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Iruneron.

GURE ATTONA DENARI

Doinua: Gogoan daukat ez du aspaldi
Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

I
Korapiloan, korapiloan,
denbora luzez gordea,
ahoskatzeko nahiz ta ez izan
beharrezko adorea.
Ahotsa ahul, hankak alferrik,
beso bat guztiz morea.
Aspaldi heldu zen egoeraz
ohartzeko tenorea,
ohartu noski, ohartu gara,
ezin onartu ordea.

II
Sendi euskaldun batean sortu
arren erderaz hezia,
haurrengan alda zitekeela
zinen zinez sinetsia.
Tronpeta jole, kantari, bihotz
biguna bezain hertsia.
Bidasoako seme jatorra,
handik nekez bereizia.
Gizon arrunta izanagatik
guretzat zein berezia.

III
Zu zarenetik nik zenbat bildu
ote nezakeen nigan?
Zure zurezko zenbat ezpata
burdinezkoak bailiran
batera datoz Koxka txakurra,
Mimizan… denak segidan.
Oroitzapenak zer diren ni hau
berbizitzeko desiran:
falta zaizkizun hatz horiekin
sudurra kentzen zenidan.

IV
Pasodobleak, pauso motelak,
baso erdi bete ardo,
lehertzeraino tailerrean lan,
“gaur bazkaltzeko zer dago?”
Musean beti uzten ninduzun
aho zabalik zeharo,
mutikotutan “ama joan da,
tori bi sagardo trago!”
Guzti hau zara zu niretzako,
guzti hau eta gehiago.

V
Zer da adina, gazte garaitan,
Carpe Diem dela zina?
Zer da adina? Helduaroan
Tempus Fugiten samina.
Zer da adina? Orain karga bat,
bizitzeko lana, mina.
Zer da adina? Zenbaki soil bat
behintzat sasoiko bazina,
baina gaur ez da hala: bizitza
ez da herio adina.

VI
Pentsatuz “tira, oraindik ere
egin dezake hobera”
etxean denek gezurra dela
jakinagatik sobera.
Berandu baina noiz ez dakigun
datozen trenen antzera,
azkenaldian agurrak zuri
ataritik so atzera:
egun bakoitza bilakatu da
heriotzaren bezpera.

VII
Kausa ezgauza denez zurea
gurea dugu negarra,
baina, finean, ez al da hori
gelditzen zaigun bakarra?
Agortu zaizu izateari
eusteko azken oldarra.
Ta gorpu soil bat izan baino lehen
orain zarena: oharra;
gorputz batetik hauts bilakatu
arteko bizi hondarra.

VIII
Amorruaren sugarra eta
zure bihotzeko horma,
itzaliko da laster hainbeste
maitatu dugun gizona.
Pentsa ezazu zure pertsona
zenbateraino den ona,
zurea dela joana baina
pena ordea denona.
Besterik ezer ezin dut esan,
agur bihotzez Attona!

Iturria: https://irunero.eus/gure-attona-denari/

Peio Etxeberriak musikatu du. Jarraian entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

Post Navigation