Kaixo, bertsozale:
Xenpelar Bertso eskolak aurten antolatutako Zapirain Anaiak Bertso-paper lehiaketan, Irunabarreko Egoitz Zelaia hendaiarrak bigarren saria irabazi du Ileak dantzan sortarekin. Lehen postua Aitor Albistur oreretarrarentzat izan da.
2018an ere bigarren postua erdietsi zuen Zelaiak sariketa honetan, eta orduan ere, lehen postua Albisturrentzat izan zen.
Zorionak, beraz, Egoitzi!
ILEAK DANTZAN
Egoitz Zelaia
“Beste bateko iñularretan”
10eko handira moldatua
1.
Aitortzekoak aitortzekotan
nik ere zure gisara
jenio bila hiru alditan
igurtzi nuen lanpara.
Belarik gabe haizeen aurka
puntu kardinaletara
joateko mapa egin genuen,
zehatzegi, behar bada,
nora iritsi bagenekien,
baina galdu egin gara.
2.
Agian zure nekeagatik
gure zaldien montura
bizkar gainetik bultzatu eta
askatu dugu zorura.
Konturatu naiz iritsi ahala
erretirako ordura
irri handi bat, malko txiki bat
bihurtu ohi den modura
itsasertzean gazi bihurtzen
dela errekako ura.
3.
Sekula izan banintzen satsu,
eta pertsona bakarti,
maiz begiratu izan ziona
bizitzari mesfidati
zurekin berriz lotu nintzaion
irudipen berri bati.
Irudikatu genuen baina
marinel batek badaki
paperarekin ezin direla
itsasontziak eraiki.
4.
Enkailaturik dauden arimek
gainezkatzen dute kaia
esan zituzten gezur gainean
eraiki dute talaia.
Behin heldu dela eraiste lanak
hasi ditugun garaia
berriro ere aurkitua dut
izan nintzen pertsonaia
errauts artean bilatzen zure
saihetseko tatuaia.
5.
Tristura edo zoriontasun
malko batek, dena dela,
esango nuke ezpain ertzean
zapore bera duela.
Punta batetik beste puntara
uste dut ari garela
gure buruei su eman nahian
pospolo bati bezela
ohartu gabe erre gabeko
punta bat gelditzen dela.
6.
Haizeen aurka ileak dantzan
dabiltzan une berean
murtxikatzeko ilusiorik
ez dut nire platerean.
Arpoirik ez dut estekatuko
behin galdutako zerean.
Urak lausotzen duen heinean
idatzia paperean
nola segitu biak batera
eta bakoitzak berean?
7.
Ortzi mugara begira jarri
naizen enegarrenean
barka nazazu berriro jarri
baldin banaiz txarrenean
maiz itsasoa arnasten dugu
olatu zakarrenean.
Izan ginena oroit ezazu
mareak dakarrenean
mezu bat hustu dugun botila
bakoitzaren barrenean.
8.
Gure banderak galdu baditu
tibiak, zein kaskezurra,
orain aingura jasotzea da
geratzen zaidan apurra.
Odisea bat pasatu eta
gaindituko dut beldurra,
intxaur oskola itsasontzitzat
bistaratuko dut lurra…
Bakoitzak bere egia dauka
bakoitzak bere gezurra.
Doinua: ‘Komeni zaigun ixtoria bat (A)’
Egilea: Adrian Arruti Bernadet
1.
Bere garaian erraustegiaz
jarri gintuzten jakean,
orain saltoki handi batekin
hasi dira atakean.
Jaurlaritzaren mugatze lege
handienaren atean
dena lotuta utzi nahi izan
zuten uda gau batean.
2.
Iluntasun ta alebosiaz
batzuen kudeaketa
bikaina denez, zertarako gu?
Zertarako zundaketa?
Zaldunbordako gainean egin
nahi dute makro outleta
eskualdeko merkatariek
baliorik ez dute ta.
3.
Haien eredu jasangarria
zabaltzen alderik alde
aritu arren diskurtso hori
ez da izaten debalde
azpiegiturez suntsitzen dute
izaki zein mendialde
gero haritz bat landatzen dute
ekosistemaren alde.
4.
Hainbat alderdi bihurtu ohi da
horrela progre nahiz eko.
Makro outletak bertute asko
omen dauzka banatzeko
prest daudelako hainbat lan duin
hiltzera kondenatzeko
Beraien ordez beste bi mila
duingabe eratzeko.
5.
Lanen baldintza duin gabeaz
sarri dut hitz jarioa:
Euskal Herriko beharginek maiz
dute sufrikarioa.
Berrogei lagun hil dira aurten,
nolako kalbarioa!
Sarri lan batek bihurtu ohi du
bizitza prekarioa!
6.
Behar denean behar duenak
gaitzari eginez uko
esperantzaren berdea erraz
bihurtu izan du luto.
Sortu ditzaken ezbehar denak
izanagatik gertuko
gure odolak ez dio inoiz
arropa zipriztinduko.
7.
Norbanakoak ez du indarrik;
ez botereak adina
guk Zaldunborda Gelditu dugu
borroka ildo egina
batu zaitezte plataformara
ez da erronka arina!
Honek guztiak Bidasoaz gain
daukalako eragina.
Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/adrian-arruti-bernadet-zaldunborda/
Doinua: “Loriak udan intza bezela”
Egilea: Abel Zabala Elizazu
1.
Konpromisoa hartu nuen ta
sorta jartzeari ekin
hilabetean borrokatu naiz
ideiekin zein hitzekin
errepaso bat egin nahi nuke
orain ahal dela zuekin
bi mila eta hemeretziko
udak utzitakoekin.
2.
Udaletako hauteskundeei
beharko erreparatu
udaberriko azken egunek
utzi zuten zenbait datu
berriro ere Sagarzazuk zein
Santanok botoak batu
Hondarribian eta Irunen
ezertxo ez da aldatu.
3.
Uda parteak parranda gogoz
jartzen gaitu aldez-alde
nahiz ta urteak joaten diren
beti berdinetan gaude
ze emakume izate hutsa
ez da irteten debalde
ia jairikan ez da igaro
sexu erasorik gabe.
4.
Klima kontutan nahiko sentsible
omen dabil Jaurlaritza
baina eredua aldatzea da
ezinbesteko baldintza
trenez, metroez ta errausgailuez
kokoteraino gabiltza
ingurumena kixkaltzen dute
ta kea saltzen dabiltza.
5.
Gerran dago(e)nak bere herritik
nola nahi duen atera
Siriatikan iristen dira
Italiako atera
ez da goxoa europatikan
egiten zaien harrera
Open Arms-ekin gertatu zena
horrexen adibide da.
6.
Nola galerna uda betean
iritsi zen G zazpia
ta Biarritzen atera zuten
familiko argazkia
alturan gora igo ezkero
bistaratzen da azpia
gutxi batzuek zuzentzen dute
munduaren sarraskia.
7.
Kristautasuna gurean ere
oraindik ez dago hila
Jainkoa eta Lege Zaharra
Jeltzaleen maratila
Urkullu jauna Batikanora
bada kilometro pila
ta militarrak Arantzazura
bedeinkazioan bila.
8.
Sei adibide edo exenplu
aipatu ditut emeki
zein den indartsu ta zein menpeko
azaltzen dute ederki
alternatibak behar ditugu
eta garunak ireki
zeren bestela boteredunek
irabazten dute beti.
Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/abel-zabala-2019ko-udaren-errepasoa/
2019ko abuztuaren 2an Irungo Euskal Jiran kantuan aritu ziren Txingudiko bertso eskolako eta inguruko eskualdetako hainbat bertsolari. Eguerdi partean, Urdanibia plazako oholtzan, Abel Zabal Elizazu, Egoitz Zelaia Perez eta Igauri Lopetegi Amostegi aritu ziren.
Urdanibia Berri, Puiana eta Anakan, aldiz, Adrian Arruti Bernadet, Iker Altuna eta Aitor Errazkin Vicente aritu ziren, Auntxa Trikitixa Eskolako kideekin batera.
Higeralde landetxean urtero egiten den Bertso Kantauri saioa hemen da. Urriaren 13an, igandean, izango da aurtengoa eta bertan arituko dira Unai Agirre hernaniarra, Andoni Egaña zarauztarra eta Ane Labaka lasartearra. 11:30etan hasiko da saioa eta urtero bezala, bertso ederrez gozatzeaz gain zer jan eta edana ere egongo da.
Bertan elkar ikusiko dugulakoan, ongi izan!