Abenduaren 13koa izango da 2018ko azken bertso-gaua, eta boskote mundial batekin emango diogu amaiera urteari: Jon Martin oiartzuarra, Nerea Elustondo legazpiarra, Maider Arregi oñatiarra, Andoni Zelaia hendaiarra eta Iñigo Ugarte irundarrarekin. Gaiak jartzen Aitor Errazkin irundarra ariko da eta bertso jarriak Adrian Arruti irundarraren eskutik etorriko zaizkigu. Anima zaitezte eta gogoratu Kabigorrik aukera bikaina eskaintzen digula saioaren ondotik afaltzen geratzeko.
Jokin Bergara, German Urteaga, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin ariko dira kantuan Kabigorriko azaroko bertso gauean. Zuhaitz Olazabalek eta Abel Zabalak jarriak dira egun horretarako gaiak, bietatik bakarra ariko bada ere oholtza gaineko aurkezle lanetan: Abel Zabala irundarra, hain zuzen ere. Bertso jarriak Egoitz Zelaia hendaiarraren eskutik iritsiko zaizkigu.
Gogoan izan Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen digula saioa eta gero afaltzen geratzeko .
Bertsotruk dinamika dela eta, irailaren 15ean Aramaion izango gara bidasotarrok kantari, Gernika eta Aramaioko taldeekin batera.
Baten bat mendi-buelta egitera eta bazkarira animatuko balitz, hots egin kartelean azaltzen den telefonora, hilaren 13a baino lehen, eta egin zuen erreserba.
Irailaren 1ean bertso saioa antolatu dute Hondarribiko koadrilek. Bertso poteoa izango da eta Irati Alcantarilla, Iraitz Mateo eta Egoitz Zelaia ariko dira bertsotan. 12:30etan jarri dute hitzordua Gipuzkoa plazan.
Aurtengo Moskuko jaietan ere bi bertso saio antolatu ditu Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, jai batzordeko kideekin elkarlanean. Datorren larunbatean izango da lehena, abuztuaren 18an, bertso-poteoa, herri bazkaria eta gero, arratsaldeko 17:00aetan hasita eta auzoko tabernetan barrena. Manu Goiogana irundarrak eta German Urteaga beasaindarrak kantatuko dute bertan.
Igandean, berriz, bertso saioa izango da plazan bertan, 18:00etan hasi eta 19:30ak bitarte (kartelean bestela agertzen bada ere). Bertan Alaia Martin oiartzuarrak, Igor Elortza durangarrak eta Miren Artetxe eta Egoitz Zelaia hendaiarrek kantatuko dute. Gaiak Uxue Larrukertek eta Adrian Arrutik hartu dute bere gain; egunean bertako Gai-emaile lanak Uxue Larrukert irundarrak egingo ditu, ordea.