Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Urteroko bertso saioa Kateako Elatzeta Elkartean

Otsailaren 17an, hirugarren urtez jarraian, bertso saioa antolatu dute Elatzeta Elkartekoek. Alaia Martin oiartzuarra eta Beñat Gaztelumendi añorgarra ariko dira bertsotan, Zuhaitz Olazabalen aginduetara. Sarrerak salgai dituzue Otazpi tabernan, 20 euroan. Bestela, egunean bertan eskuratzeko aukera izango da baita ere, 25 euroan, ordea.

Ederra joan zen Gernika-Lumo eta Txingudiko bertso eskolako kideen arteko bertso trukea

Saio umoretsua eta bizia osatu zuten Gernika-Lumo eta Txingudi taldeetako bertsolariek, eta ederki asko gozatu ziren Lakaxita gaztetxera bertaratu ziren entzuleak ere.

This slideshow requires JavaScript.

Otsailak 1ean, ostegunarekin, bertso gaua Kabigorrin.

Otsailaren 1ean, arratsaldeko 19:30etatik aurrera Manex Agirre aramaioarra, Xabier Sukia oriotarra, Maider Arregi oñatiarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra ariko dira bertsotan, Kabigorrin, nola ez,  Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarraren esanetara guztiak. Bertso jarrien ardura Arkaitz Oiarzabal “Xamoak” berak hartuko du.

Gogoan izan saioa eta gero afaltzen edo mokadu bat egiten geratzeko aukera ezin hobea eskaintzen duela Kabigorrik.

 

Bertso afaria. Otsailak 3, larunbata, 20:30etan Hazian

Bertso afaria izango da otsailaren 3an, Irungo Hazia Elkartean, eta Igauri Lopetegi, Irati Alcantarilla eta Manu Goiogana ariko dira kantuan, Ikasle Abertzaleak-ek antolatutako saioan.

Afarirako sarrerak erosteko azken eguna urtarrilaren 31 da, eta Bidasoako IA-koekin harremanetan jartzea nahikoa da horretarako. Sare sozialetan ere badago aukera: bidasoako_ia (Instagram) edo @BidasoakoIA (Twitter) kontuetara joz.

Manu Goiogana eta Aitor Errazkin Irungo Txingudi Ikastolan

Euskararen eguna dela eta, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin Txingudi Ikastolan aritu ziren bertsotan, 2017ko abenduaren 1ean, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek jarritako ariketa eta gaiei erantzuten.

Manu Goiogana irundarra irabazle Bortzirietako taldekakoan, Zelaieta eta Fernandezekin.

Eneko Fernandez, Julen Zelaieta eta Manu Goioganak irabazi dute Bortzirietako XIX. Taldekako bertso lehiaketa.

Bertsotruk: Txingudi vs Gernika-Lumo (2018-01-20), Lakaxita gaztetxean

Urtarrilaren 20an, larunbatarekin, emango diegu hasiera 2017-2018 ikasturteko Bertsotruk ekimeneko bertso trukeei. Ikasturte honetan Gernika-Lumoko eta Aramaioko bertso eskoletako kideekin egokitu zaigu txinguditarroi bertso trukean aritzea, eta Gernika-Lumokoak etxean hartuta emango diogu hasiera aurreko bi ikasturteetan hain emankor gertatu zaigun ekimenari.

Horretarako, bertso-bazkaria antolatu dugu Irungo Lakaxita gaztetxean. Bazkaldu eta gero Irati Alcantarilla, Igauri Lopetegi, Manu Goiogana eta Abel Zabala txinguditarrak kantuan entzuteko aukera izango dugu, Koldo Gezuraga, Aitor Zarraga eta Asier Galarza Gernika-Lumoko bertso eskolako kideekin batera. Gai jartzaile eta antolakuntza lanetan Irunabarreko kideak arituko gara, Lakaxitako lagunekin elkarlanean.

Otorduari 13:30ean emango diogu hasiera, eta txartelak 15 euroko prezioa izango du (10 euro kobratuko zaie 20 urtetik beherako zein langabetuei).

Bertso saioaren ondotik kontzertuak izango dira iluntzean hasi eta ordu txikietara bitarte; egun-pasa polita egiteko aukera izango dugu, beraz.

Bertso saiorako sarrerak erreserbatzeko deitu edo idatzi mezu bat (sms, Whatsapp zein Telegram) 685 72 75 39 telefono zenbakira. Izena emateko azken eguna urtarrilak 18 izango da, osteguna.

Anima zaitezte.

Aitor Errazkin Vicenteren “Burujabetzari” bertso sorta, Iruneron.

Irunerok Aitor Errazkinen “Burujabetzari” izeneko bertso sorta argitaratu du bere 316. zenbakian.

[Txingudiko bertso eskolako kideen bertsoak Irunero aldizkarian]

 

 Burujabetzari

2018ko lehendabiziko bertso gaua urtarrilaren 4ean

Urtarrilaren 4ean izango da urteko lehendabiziko bertso gaua, eta bertan ariko dira Iñaki Zelaia, Julen Zelaieta, Aimar Karrika, Andoni Zelaia eta Abel Zabala. Gaiak jartzen Aitor Errazkin ariko da, eta bat-bateko saioaren aurreko bertso jarriak, aldiz, Adrian Arrutiren eskutik helduko zaizkigu.

Gogoan izan saioa eta gero afaltzeko aukera paregabea eskaintzen digula Kabigorrik. Bertan elkar ikusiko dugulakoan, urte berri on denoi.

Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin, Hondarribian, euskararen nazioarteko egunean

Blaganek eta Hondarribiko Udalak elkarlanean antolatutako egitarauari bertsotan eman zioten hasiera Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaiak Itsas Etxea aretoan.

“Egun garrantzitsua gaurkoa, azken hilabeteetan argazkien mosaikoa osatzen ibili gara “itxeki euskarari” leloarekin, eta gaur izan da lan horren aurkezpena, nazioarteko euskararen egunarekin bat eginda. Jende asko hurbildu da Itsas Etxera antolatu dugun ekitaldian parte hartzera. Lehenengo zatian Udaletxeko zinegotziek mezua irakurri dute eta “Euskara munduan, besteen ahotan” dokumentala ikusi dugu. Ondoren Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaia bertsolariek bigarren zatiari hasiera eman diote, San Jose Ikastetxeko eta Ama Guadalupekoa ikastetxeko ikasleek prestatutako bideoak ikusi ditugu, Talaiako DBHko ikasleek “beti euskaraz cup song” abestu dute eta Talaia batxilergoko ikasleek musika emanaldia eskaini digute. Momentu horretan mosaikoa osatzeko jaso ditugun argazki guztiak banan bana pantailan ikusteko aukera izan dugu, guztira 700 argazki jaso dira! Lastima denak mosaikoan sartu ezin izana! Bidalitako argazki guztiak kontuan hartuz sarien zozketa bat egin da, eta abestien bidez saioa bukatu dugu. Ondoren, kalejiran, mosaikoa jarrita dagoen lekuraino hurbildu gara eta han abestuz ekitaldia amaitutzat eman da.” (Blagan, 2017)

Post Navigation