Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Berriak”

“Ea ulertzen den”, Manu Goioganaren bertsoak, Irunero hamabostekariaren 350. zenbakian.

Manu Goiogana Irunabarreko kideak idatzitako bertso sorta argitaratu du Irunero aldizkariak bere 350. zenbakian.

 

EA ULERTZEN DEN

Doinua: Gai horrek badu mamia
Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

1)
Irunabarrek sortzetik
hori baitu helburu
bertsozaleen sarea
indartzen dihardugu,
bertso-eskolak ematen,
astero 5 inguru,
hori baita ondorengo
zaleen iturburu,
baina baldintza duinak
ez ditugu seguru
gure lana egiteko
lokalik ez badugu (BIS)

2)
Txingudin bertso-eskolek
hartu dute tamaina
jende askoren lanaren
emaitza, alajaina!
Bertso-eskoletarako
dago talde bikaina
gazte zein heldu astindu
nahi duena mingaina;
segi nahi dugu indartzen
bertsoaren oraina
horretarako lokal bat
behar genuke baina! (BIS)

3)
Bertso-eskolan arrazoiz
lantzen da umorea
umorez arrazoitzeko
zein den bide hobea.
Lantzen da elkarlanaren
funtsezko balorea
ez izateko herri bat
tristea, kolorgea,
azaleratuz bakoitzak
dakarrena gordea
horretarako tokirik
ez daukagu ordea! (BIS)

4)
Nahiz eta bertsolaritza
izan Kultur Ondare
gurean behintzat giroa
ez dago oso bare;
dozenaka bertsozale
heldu eta nerabe
gehiago ikasi asmoz
dauzkagu parez pare
eta gu irrika horri
erantzuteko gaude
baina ezinezkoa da
toki finkorik gabe! (BIS)

5)
Egiten dugu Irungo
Bertso-Eskolen Eguna
ikasleen emanetik
elikatzen duguna,
inguruko saioetan
presentzia txukuna,
herriko elkarlanetan
dezentea jarduna,…
horretan sakontzea da
gure lehentasuna
tokirik ezean nekez
egin dezakeguna (BIS)

6)
Lokalaren aferari
jarri diot arreta
ikasturtea amaitu
dugulako erreta.
Eskerrik asko Meaka,
Muara zein AEK,
baina erakundeekin
egin behar da lanketa;
beraz, elkartzeko honi
eman asmotan buelta
non gauden ez dakizue
inon ez gaude eta! (BIS)

Baztan-Bidasoako XXXII. bertsopaper lehiaketa. Manu Goiogana txapeldun; Egoitz Zelaiak epaimahaiaren aipamena [2019-06-31]

Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin batera antolatutako Baztan-Bidasoako XXXII. Bertsopaper lehiaketako sariak banatu ditu maiatzaren 31n Berako Kultur Etxean.

Lau maila ezberdinetako sortak zenbatuta, guztira 182 lan aurkeztu dira. Maila nagusian (18 urtetik goiti), Manu Goiogana irundarra nagusitu da, ‘Ispiluko ustezko gizon zis hetero zuri ez-gizen diruaski horri’ bertso-sortarekin. Bigarren saria, Eneko Fernandez lesakarrak lortu du ‘Egin apustu’ lanarekin. Egoitz Zelaia hendaiarrak epaimahaiaren aipamena jaso du, ‘Isilik dauden ahotsak’ lanarekin.

Albistea hemen.

Irakurri Manu Goioganaren ‘Ispiluko ustezko gizon zis hetero zuri ez-gizen diruaski horri’ sorta hemen. Sari banaketan sorta sarituak kantatzeko aukera izan zuten sarituek, eta hemen duzue orduko grabazioa, nahi izatera: Manuren sortaren grabazioa.

Irakurri Egoitz Zelaiaren ‘Isilik dauden ahotsak’ sorta Isilik Dauden Ahotsak. Bestalde, sorta oni dagokion grabazioa, jarraian: Egoitzen sortaren grabazioa.

Ekaineko bertso gaua [2019-06-06]

Kaixo bertsozale:
Ikasturtea bere amaierara heltzear da; badator ekaineko Kabigorriko bertso-gaua, ikasturte honetan egingo dugun azkena. Ekainaren 6an izango da, 19:30ean hasita.
Atxikitako kartelean ikus dezakezuen bezala, Irati Alcantarilla urruñarra, Miren Artetxe hendaiarra, Alaia Martin oiartzuarra eta Nerea Ibarzabal markinarra izango dira kantuan.  Egoitz Zelaia hendaiarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta Garbiñe Beraetxeren eskutik helduko zaizkigu hileko bertso jarriak.
Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen digula.
Anima zaitezte!

Irati bigarren izan da Zuberoa, Behe Nafarroa, eta Lapurdiko Eskolartekoan

Naia Etxeberri erabaki dute garaile, larunbatean, Hazparnen egin den Xilabako Eskolarteko Txapelketan. Oso tarte txikia izan da lehen bi sailkatuen artean, eta Iratik bakarkako lanean eginiko poto batek, balantza Naiaren aldera eraman du.
Azken laukora sailkatu diren Josu Txoperena eta Asier Arbelaitz hendaiarren lana ere aipatzekoa izan da. Lauak lapurtarrak izaki, lehen biek soilik lortu dute, Saran, ekainaren 8an, egingo den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako txartela.

Zorionak, Irati!

 

Irati Alcantarilla XILABAko Eskolarteko Xapelgoan ariko da larunbatean [2019-05-18]

Maiatzaren 18arekin, goizeko 10:00etatik goiti, Hazparneko Haritz Barne Zineman, Xilabako Bertsolari Gazteen Xapelgoa egingo da. Asier Arbelaiz, Leire Casamajou, Nahia Etxeberri, Daia Harlouchet, Unai Harlouchet, Mae Lascaray, Ekhi Perrier, Josu Txoperena eta Irati Alcantarilla ariko dira bertan txapelaren lehian. Xilabako Txapeldunaz gain, Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketara lurralde bakoitzetik zein joango den ere erabakiko da.

Zorte on, Irati!

Txingudiko Bertso-eskola Mendeluko jaietan [2019-05-18]

Mendeluko jaietako egitarauaren barruan, larunbatarekin eta 13:00ean bertso saioa eskainiko dute Txingudiko Bertso-eskolako hainbat kidek. Ekintza bailara biltzen dituena egitaraua osatu dute asteburu osoan zehar gaztetxo, nerabe eta helduentzako. Guztiaren berri hurrengo loturan.

http://www.txikisdelbidasoa.com/evento/mendeluko-jaiak-2019/

Anima zaitezte!

Manu Goiogana Gipuzkoa Bertsotan [2019-05-18]

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko Manu Goiogana kideak Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko saioa izango du asteburu honetan. Larunbatarekin, maiatzaren 18an, Aretxabaletan arituko da Ainhoa Agirreazaldegi, Peru Aiartza, Endika Igarzabal, Julene Iturbe eta Izarne Zelaia bertsokide izango dituelarik. Saioa, Aretxabaletako Zaraia Aretoan izango da arratsaldeko 17:00etan.

Gipuzkoa Bertsotan udazkenean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurrefasea da, 84 bertsolarik hartuko dute parte 42ko 2 taldetan banatuta. Talde bakoitzeko lehen 17ek lortuko dute udazkenean parte hartzeko txartela.

Animo, Manu!!

 

Txapelketako informazio gehiagorako bisitatu ondoko webgunea:

https://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/gipuzkoa-bertsotan

 

Irati garaile 2019ko Plazatik Gaztetxera Gazte Sariketan [2019-04-27]

Plazatik gaztetxera plazan hasten ari diren eta plazarik ez duten bertsolarientzat antolaturiko sariketa da, eta era berean, bertsoa gazteengana gerturatzeko asmoa du.
Zazpi gazte asanbladetako kideak elkarlanean dabiltza sariketari forma emanez (Ondarroa, Itziar, Mutriku, Zestoa, Elgoibar, Eibar, eta Deba). Urterik urte lan eskerga egiten dute, ziur aski, merezi duten aitorpen eta eskertzarik jaso gabe.

Aurtengo honetan hogeita lau bertsolarik hartu dute parte, eta azkenerako, egun osoko festa prestatu zuten Debako gaztetxean. Aurtengoa inoizko finalik gazteena izan da, eta gazteenak gerra emateko aski motibazio eta kalitaterekin datozela frogatu zuten Deban.

Finalean Irati Alcantarilla(2001), Mikel Iturriotz(1995), Aner Peritz(2002), Oier Etxeberria(1998), Ane Beloki(1999) eta Oihana Arana(2001) bertsolariak aritu ziren Debako gaztetxean. Gaztetxea txiki gelditu zen hurbildu zen jende andanarentzako. Giro bikaina izan zen eta bertsoaldi batzuk giroaren mailara igo ziren.

Goiz eta arratsaldeko saioen ondotik, Mikel Iturriotz eta Irati Alcantarilla igaro ziren buruz burukora eta Irati Alcantarilla izan zen garaile. Orain arteko irabazlerik gazteena izan da.

Finalaren ondoren, 2zio eta Debrass Band taldeen kontzertuek giroa ederrestu zuten.

Egun bikaina izan zen. Zorionak antolatzaile guziei eta Zorionak, Irati!

 

Topatu.eus-ek jarraipena egin dio sariketari, hemen lotura:

https://topatu.eus/edukia/irati-alkantarillak-irabazi-du-2019ko-plazatik-gaztetxera-sariketa

Irati Alcantarilla Plazatik Gaztetxerako finalean [2019-04-27]

Oier Etxeberria, Ane Beloki, Irati Alcantarilla, Urko Arregi, Lurdes Ondaro, eta Alexander Idoeta aritu ziren kantuan, apirilaren 5ean, Elgoibarko Gaztetxean. Giro bikaina izan zen, eta bertsolari guziek utzi zuten ale ederrik. Lehia parekatua izan zen eta finelara iragan ziren Oier Etxeberria, Ane Beloki, eta Irati Alcantarilla, hurrenez huren.

Heldu den asteburuan Eibarko gaztetxean egingo den finalerdietan erabakiko da zeintzuk osatuko duten finaleko seikotea. Finala Debako gaztetxean egingo da, apirilaren 27an.

Zorionak, Irati!

 

 

Irati Alcantarilla finalerdietan: Plazatik Gaztetxera XVII. [2019-03-29]

Martxoaren 29an, ostiralez, Plazatik Gaztetxera sariketako hirugarren kanporaketa egin zuten Mutrikuko Gaztetxean. Kantuan Antton Aizpurua, Irati Alcantarilla, Ander Anakabe, Urko Arregi, Gontzal Belategi eta Julene Iturbe aritu ziren. Puntuazio lanak amaiturik, Txingudiko Bertso Eskolako Irati Alcantarilla Urdanpileta izan zen puntu gehien batu zituena, eta finalerdietara iragan da, honenbestez. Zorionak Irati!

 

Elgoibarreko Gaztetxean ariko da Irati Apirilaren 5ean, 22:30tatik aurrera.

 

 

Post Navigation