21. Korrikak Hondarribitik igaro behar duela eta, bertako Gazte Xaiako kideek egun osoko egitaraua antolatu dute Apirilaren 6, larunbaterako. Egitarau zabal horren barruan, bazkalosteko bertso saio bat antolatu dute. Arratsaldeko 16:00etatik goiti burutuko den saioan jardutekoak dira Iraitz Mateo oiartzuarra eta Txingudiko bertso eskolako kide diren Adrian Arruti irundarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra. Eguneko ekitaldi garrantzitsuenak Kasino Zaharrean burutuko dira, baita bertso saioa ere.
Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu hedapen horretan beren aletxoa jarri duten hedabide eta erakundeei. Guri iritsi zaizkigun loturak partekatu nahi ditugu zuekin (barka, baten bat ahaztu badugu), bai eta sarean Xanti Zabala “Lexo” bertsolariari buruz aurrez bazen hainbat lotura interesgarri ere:
Ikasle Abertzaleak mugimenduak antolatuta, bertso afaria izango da martxoaren 15ean Moskuko Humo tabernan. Igauri Lopetegi irundarra eta Hodei Renteria Angeluarra ariko dira kantuan. Afarirako txartela 10 euro balio du.
Miren Artetxe hendaiarra, Iñigo Mantzisidor “Mantxi” zarauztarra, Iraitz Mateo oiartzuarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra ariko dira bertsotan Kabigorrin martxoaren 7ko bertso gauean. Adrian Arruti irundarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta aurrekoaren herrikide Igauri Lopetegiren eskutik helduko zaizkigu hileko bertso jarriak.
Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen digula. Hala ere, martxoaren 8aren bezpera izaki, Kabigorriko emakume langileek gaueko 0:00etan hasiko dute greba.
Kantaldi formatuan egingo dio omenaldia Txingudiko bertso eskolak Xanti Zabala “Lexo” bertsolari handia zenari. Martxoaren 16an izango da emanaldia, Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean, eta dohainik izango da sarrera.
Gaztetan ekin zion Lexok bertso lanari, eta hainbat sariketa eta txapelketatan hartu zuen parte. Zepai Saria irabazitakoa, 1967ko Gipuzkoako finalean ere kantatu zuen, besteak beste. Eta bertso jarritan ere sekulako altxorra, animaleko ondarea utzita zendu zen Xanti, 2012ko martxoan. Bere obra idatziaren zati handi bat txukun asko jasota dago Udaberriz izeneko Auspoa bildumako 325. liburukian, eta baita bat-batean kantatutako hainbat bertso ere, liburuak KDa baitakar barruan. Liburuaren koordinazio lanak eta iruzkinak Nikolas Aldaik eginak dira, eta Pello Esnalen hitzaurrea darama. Liburu horretatik beretik hautatu dituzte bertso tailerreko kideek kantaldian kantatuko dituzten bertso-sorta guztiak, hautaketa egitea galanki kosta bazaie ere.
Donostiako hainbat lagunekin bildu ohi zen Xanti bere zaletasunik handiena zuenari eusteko, eta 2008 eta 2012 urteen bitartean Txingudiko bertso eskolara ere etortzen hasi zen, bat-bateko taldean aritzera. Abel Zabala, Xantiren seme gazteena, Txingudiko bertso eskolako kide da, eta Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko eragile. Aita-semeek makina bat bertso kantatu zituzten elkarrekin, beraz, denbora tarte horretan. Baina bertso eskolako kide guztiekin zuen Xantik hartu-eman bikaina, eta hortik bertso eskolako kideek kantaldiari aitortzen dioten garrantzia. Bertsolaria omenduko dute, obrari aitortza egin, baina batez ere, berak idatzitako bertsoak mimoz musikatu eta kantatuz oroitu nahi dute laguna.
Orain hiru urte, 2016ko urriaren 22an, hain zuzen ere, Joxe Mari Lopetegiren aldeko kantaldi omenaldia antolatu zuten Txingudiko bertso eskolako bertso tailerreko kideek. Eta kantaldi harekiko lanak amaitu bezain laster ekin zioten Xanti Zabala “Lexo”ren aldekoa antolatzeari. Bertso tailerreko lagunek Lopetegi omendu zuteneko hainbat kantari eta musikariren laguntza jasoko dute honakoan ere: Auntxa Trikitixa Eskolako irakasle eta ikasleak, Irungo eta Hondarribiko Musika Eskoletako hainbat irakasle eta ikasle, eta beste hainbat musikari, kantari, bertsolari eta lagun.
40 lagun ingururen artean burutuko dituzte emanaldiko oholtza gaineko lanak. Eta Joxan Elosegi idazle eta itzultzaileak hartuko du bertso sortei buruzko iruzkinak egin eta kantaldia aurkezteko ardura. Bertso tailerreko kideek emanaldi hunkigarri bezain ederra espero dute. Ziur daude egindako bertso-sorten hautaketarekin, eta oso pozik kantari, musikari eta lagunek bertsoak musikatzeko eta oholtzaratzeko egiten ari diren lanarekin. Martxoaren 16a iristeko irrikitan daude dagoeneko bertso eskolako kideak, eta gonbidapena egin nahi diete eskualdeko bertsozale guztiei kantaldia entzutera Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumera etor daitezen, ezustez betetako kantaldia izango delako.
Bertso Tailerreko kideek Txingudiko Mugaz Gaindiko Partzuergoaren eta Hondarribiko Udalaren laguntza jaso du kantaldia aurrera ateratzeko.
Beñat Gaztelumendi eta Oihana Iguaran aritu ziren bertsotan, eta Egoitz Zelaia bertsolari hendaiarrak hartu zuen gaiak jarri eta saioa gidatzeko ardura.
Manu Goiogana eta Aitor Errazkin irundarrak aritu ziren abenduaren 3an Txingudi Ikastolan bertso kantari. Goizez, DBHko ikasleen aurrean aritu ziren, eta arratsaldez, aldiz, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen aurrean. Bi bertso saioetan ikasleek jarritako gai eta ariketak izan zituzten kantagai.
Abenduaren 13koa izango da 2018ko azken bertso-gaua, eta boskote mundial batekin emango diogu amaiera urteari: Jon Martin oiartzuarra, Nerea Elustondo legazpiarra, Maider Arregi oñatiarra, Andoni Zelaia hendaiarra eta Iñigo Ugarte irundarrarekin. Gaiak jartzen Aitor Errazkin irundarra ariko da eta bertso jarriak Adrian Arruti irundarraren eskutik etorriko zaizkigu. Anima zaitezte eta gogoratu Kabigorrik aukera bikaina eskaintzen digula saioaren ondotik afaltzen geratzeko.