Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Bertso saioa”

Abenduko Kabigorriko bertso-gaua, musikatua (2017-12-14)

Abenduko Kabigorriko bertso gaua hilaren 14an izango da, behin abenduko zubia pasata, ostegunarekin, eta arratsaldeko 19:30etatik aurrera, beti bezala.

Bertso saio musikatua izango da, eta bertsotan Beñat Gaztelumendi (Añorga), Alaia Martin (Oiartzun), Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein) eta Manu Goiogana (Irun) ariko dira; guztiak Haritz Casabalen (Pasai Antxo) aginduetara eta Antton Aranburu eta Beñat Urteaga musikarien erritmora.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela. Plazer baduzue, bertan ikusiko dugu elkar.

Azaroko Kabigorriko bertso gaua, hilaren 9an izango da

Hilaren 9an izango da Kabigorriko azaroko bertso-gaua, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, ohitura dugun moduan. Mikel Garmendia irundarrak jarritako bertsoekin emango diogu hasiera saioari, eta segidan izango ditugu bat-bateko bertso lanean murgilduta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarra, Jokin Bergara eibartarra, Patxi Castillo beratarra eta Aitor Errazkin irundarra. Azaroko saioan hirugarren irundar baten aginduetara arituko dira bertsolariak: Adrian Arrutirenetara, hain zuzen ere, saiorako gaiak prestatzeko eta egunean bertan aurkezle lanak egiteko ardura izango duena.

Gure aldetik besterik ez. Anima zaitezte saioaz gozatzera, eta oroitu Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen digula saioa eta gero mokadu bat egitera geratzeko ere.

Ongi izan eta sarri arte.

Hemen da 2017-2018 ikasturteko lehen bertso-gaua (2017-10-05)

Urriaren 5ean, ostegunarekin, eta arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan ikasturteko berriko lehen bertso-gaua ospatuko dugu. Unai Agirre hernaniarra, Odei Barroso urruñarra, eta Miren Artetxe eta Egoitz Zelaia hendaiarrak izango dira kantuan. Bertso jarriak, Abel Zabala irundarraren eskutik etorriko zaizkigu, eta Urko Casado astigartarrak egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak.

Gogoan izan Kabigorrik aukera ezinhobea eskaintzen duela behin saioa amaituta afaltzen geratzeko ere.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, izan ongi eta urriaren 5a arte!

This slideshow requires JavaScript.

Irungo Euskal Jiran

Azken urteotan ohitura bihurtu moduan, Irungo Euskal Jiran izan ginen kantari. Aurtengoan, Abel Zabala eta Egoitz Zelaia aritu ziren, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarrarekin batera.

Moskuko jaietako bertso saioak

Irunabarrek Moskuko jaiekin bat egin izan du beti, eta baita azken urteetan bertso-saioen antolakuntzak esku-kolpe bat eman ere. Aurtengoan, honakoak prestatu ditugu jaietako antolatzaileekin elkarlanean:

ABUZTUAK 19, LARUNBATA

Herri-bazkaria eta gero, bertso-poteoa. Bertsolariak: MANU GOIOGANA eta ENEKO ABASOLO “ABARKAS”.

ABUZTUAK 20, IGANDEA

Bertso-saioa. Arratsaldeko 19:00etan, Urdanibia plaza inguruan. Bertsolariak: IGOR ELORTZA, UNAI ITURRIAGA, ARKAITZ OIARZABAL “XAMOA” eta EGOITZ ZELAIA. Gai-emalea: ADRIAN ARRUTI.

 

JOXE MARI LOPETEGIREN ITURRITIK BERTSOTAN – Kantaldia (bideoa)

Blog honetan adierazi genuen bezala, 2016ko urriaren 22an izan zen Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarraren omenez antolatu genuen kantaldia; orduko grabazioa publiko egiteko, ordea, gaurko eguna hautatu dugu: Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zen egunaren bezpera, eta Joxe Mari Lopetegi zenaren eguna, 1875eko apirilaren 13an jaio baitzen, Irunen, orain dela 142 urte.

Post honekin itxitzat ematen dugu, momentuz, Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerreko kideek 2016ko urrian Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarra eta haren obra ezagutzera emateko abiatutako ekitaldi sorta. Mila esker bihotz-bihotzez bidelagun izan zareten guztioi.

Kantaldiari buruz, hona Argia aldizkariko zuzendari Estitxu Eizagirrek bere blogean idatzitakoak. Mila esker, Estitxu, beste behin ere (Estitxuk “Joxe Mari Lopetegi: Irungoa, errepublikarra eta bertsolaria” artikulua idatzia zuen, aurrez, Argian bertan, 2005. urtean).

Apirileko Kabigorriko bertso-gaua [2017-04-06]

Apirilaren 6an izango da, ostegunarekin, 2016-2017 ikasturteko 7. bertso-gaua. Gotzon Aizpiolea irundarraren esanetara ariko dira Urko Casado astigartarra, Iñigo Ugarte Gaintxurizketakoa, Odei Barroso urruñarra eta Maialen Akizu urretxuarra. Bertso jarriak, ordea, Uxue Larrukert irundarraren eskutik helduko zaizkigu. Saioa Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan izango da saioa, hilabeteko lehenengo ostegunero bezalaxe, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Saioa eta gero, afaltzen geratzeko aukera bikaina izaten da Kabigorrin. Anima zaitezte!

This slideshow requires JavaScript.

 

Gipuzkoako Herriartekoa: “Txingudi II” – “26 +”, Hondarribiko Olagarro Elkartean [2017-04-08]

 Gipuzkoako Herriarteko bigarren faseko saioa izango da Hondarribiko Olagarro Kultur Elkartean, 2017ko apirilaren 8an.

14:00etan izango da bazkaria, eta bazkaldu eta gero, Txinguditarrek (Manu Goiogana, Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin) eta Tolosaldekoek (Iñigo Gorostarzu, Adur Gorostidi eta Txomin Azpiroz) eskainiko duten bertso-saioa izango da. Sarrerak 15 €an izango dira. Izena ematearekin nahikoa izango da. Sarrerak egunean bertan kobratuko zaizkie bazkaltiarrei.

Sarrerak eskuratzeko, irunabar@gmail.com helbide elektronikoan edo 690 065 826 telefono zenbakian.

Bi taldeek egin beharko dituzten ariketak, honakoak:

  • Hasierako agurrak
  • Binaka (talde bakoitzeko kide bat), “Iparragirre abila dela” doinuan, hiruna bertso, gaia emanda.
  • Binaka (talde bakoitzeko kide bat), zortziko txikian, hiruna bertso, gaia emanda.
  • Binaka (talde bakoitzeko kide bat), hamarreko txikian, hiruna bertso, gaia emanda.
  • Bakarka (talde bakoitzeko kide bat), bina punturi erantzun.
  • Bakarka (talde bakoitzeko kide bat), gaia emanda, bina bertso.
  • Binaka (talde bakoitzeko kide bat), abiapuntu bat emanda, puntutan saioa egin,  sei bertso osatu arte.
  • Taldeka, pertsonaia bat emanda, bi kide pistak ematen eta hirugarrena asmatzen.
  • Taldeka, gai librean, koplatan, bederatzi kopla egin arte, eta trikitiaren laguntzaz.
  • Amaierako agurrak

Anima zaitezte!

Txingudiko Bertso-Eskolako gaztetxoenak Hendaiako Euskararen Hilabetean

Atzo (2017-03-10) Txingudiko Bertso-Eskolako gaztetxoen taldeko lau kidek parte hartu zuten Hendaiako Udalak antolatutako Euskararen Hilabetean. Arkaitz Oiartzabal irakasleak lagunduta joan ziren June Caro, Uxue Muguruza, Hai Trieu Alzaga eta Osane Amiano, eta Hendaiako Herriko Etxean bildu zirenentzat aritu ziren bertsotan.

This slideshow requires JavaScript.

Gipuzkoako Herriartekoa: martxoaren 10ean, bi hitzordu

Martxoaren 10ean bi hitzordu ditugu txinguditarrok, Gipuzkoako Herriartekoa dela eta. Txingudi I taldeak Azkoitira egin beharko du; eta Txingudi II-k, aldiz, Andoainera. Hementxe dituzue bi saioen berri ematen duten kartelak.

Eta hona orain arteko bi saioetako hainbat argazki:

This slideshow requires JavaScript.

 

Post Navigation