Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Korrika egunean Bertso-saio musikatua [2022-04-09]

Kaixo, bertsozale:

Pasa den astean iragarri bezala, Korrika Irundik pasa den eguna girotzeko egitarau luzea antolatu dute Bidasoko Aek euskaltegiak eta Zizta[KA]k. Tartean, Bertso-saio musikatua. Egoitz Zelaiaren zuzendaritzapean aritu dira musikan, Maddi Sanz (harpa), Beñat Elosegi (mandolina), Iker Eizagirre “Xufi” (gitarra elektrikoa), Rafa Rodrigo (gitarra akustikoa) eta Iban Clemente (baxua). Aitor Errazkin, Urko Casado, Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Adrian Arruti izan dira kantuan. Eguraldia eta entzuleak bidelagun, iluntze bikaina izan da eta horren adierazle, ondoko argazki bilduma.

Beste urte batez, Toki-Alai ikastetxean izan gara [2022-04-08]

Kaixo, bertsozale:

Zenbait urte igaro dira Toki-Alai ikastetxeak bertso saioa antolatzen duela. Urtero jarri dira gurekin harremanetan eta, azken bi urte hauen ondoren, berriz egin dugu saioa. Aurtengoan, Adrian Arruti eta Iñigo Ugarte aritu dira ikasleen agindupean. Udaberriko oporraldiaren bezperan, bertsolariek hainbat jolasi egin diete aurre eta Korrika zein migrazio fluxuen gainean ere aritzeko parada izan dute.

Jarraian, egunak utzitako argazki bilduma:

Korrika heldu da eta harekin egitarau kulturala [2022-04-09]

Kaixo, bertsozale:

2022ko Korrika heldu da bailarara eta, harekin batera, herriz herriko egitarau kulturalak. Larunbatetik iganderako gauean pasako da Irundik, eta, herria girotzeko, Aek-ren egitarau mardula izango da larunbatean, besteak beste, Zizta[KA]k antolatutako Bertso-saio musikatua.

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko eta herriko zenbait musikariren arteko elkarlanaren ondorioa da Bertso-saio musikatua. Estrainekoz arituko gara Moskun, larunbatean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, errimez beteriko pentagramak eta hariz lagundutako bertsoak zabaltzen.

Animatu zaitez!

“Motxilako petatxuak josten”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Iruneron.

MOTXILAKO PETATXUAK JOSTEN

Doinua: Langile baten semea naiz ni
Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

1)
Bi euskaldunen semea naiz ni
ni ere euskaldun,
nahiko nukeena aldiro nire
lehen hizkuntzan jardun.
Traba ugari daudela
nahiz eta dugun ezagun
bada garaia gure motxila
arindu dezagun.

2)
Erabileraz egin ondoren
aski analisi
salbatzaile on gisa mugitu
ginen bizi-bizi;
egin ginen Belarriprest,
egin ginen Ahobizi:
ardurak beti norbanakoon
gainera lehenbizi.

3)
Euskara ito egin daiteke,
ez da agortuko,
erabilerak, beraz, kalterik
ez digu sortuko.
Nahiz eta denok Hitzekin
beharra dugun aitortuko
ogia euskaraz erosiz soilik
ez da deus lortuko.

4)
Erakundeek jarraitzen dute
egiten entzungor
hartu beharrean behar diren beste
neurri eraginkor.
Arduradunen postuek
nola ardura duten zor
ni adibide batzuk bertsotan
salatzera nator.

5)
Diru-laguntzak dira hedabide
askoren sostengu
baina Lakuan erdarazkoak
dira nabarmendu.
Hor erabaki behar da,
nori eman, nori kendu, …
letrez ulertu nahi ez duenak
zifrez ulertzen du.

6)
Zifrekin segiz, Laudion hara
nolako ranking-a,
elebakarrek hizkuntza zailak
sailkatuz egina.
Ikasten egingo zuen
sekulako ahalegina
toga daraman hark arrazoiak
bilatzen adina.

7)
Ez dago jarri beharrik, ordea,
kanpora begira
Irunen ere udaltzainekin
zenbat tirabira!
Behingoz lortzean lege bat
eskubideen neurrira
epaitegiak tentakuluak
bilakatzen dira.

8)
Nonbait ez da hain derrigorrezko
Irunen euskara,
erabilera baxua baita
dioten erara;
etengabe doa behera
hamarkadaz hamarkada
eta Udala horren konplize
nabarmenena da.

9)
Nik segiko dut ogia beti
euskaraz erosten,
euskararekin eta euskaraz
pizten eta pozten,
baina noiz arte ariko
gara petatxuak josten
arduradunek ez dutelako
besterik adosten?
baina noiz arte ariko
gara petatxuak josten,
erabakiak hartu beharrean
ogia erosten?

Iturria: https://irunero.eus/motxilako-petatxuak-josten/

Iban Clementek, Iker Eizagirre “Xufik”, Beñat Elosegik eta Rafa Rodrigok lagundu dute musikaz Manu. Jarraian entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

“1945 maiatzak 8”. Andoni Zelaia Otañoren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

1945 MAIATZAK 8

Doinua: Baneza eta banitu
Egilea: Andoni Zelaia Otaño

1
Historia oroimena
dugu ezkutu onena,
nola galtzailearena,
edo nagusitu dena,
lehengo mendean berrogeita bost
maiatzak zortzigarrena,
bigarren mundu gerra handia
jarri zioten izena,
ardatza deitu nazi frenteak
bere egunik latzena,
beste aldetik aliatuak
gailendu ziran azkena. (err)

2
Alemania nazia,
Italiari josia,
Japoniak nahi Asia,
jadanik gerra hasia,
Errumania Hungaria eta
Bulgaria ere nahasia,
naziak eta faxistak batuz
frankistak erein hazia,
arrazismoa diktaduraren
atzerakoien hesia,
historiaren lotsa dirade
utzitako herentzia. (err)

3
Aliatuen ordua,
elkar hartzeko modua,
ertz askotatik landua,
bideratzera hedua,
nazien kontra nazien alde
hola zegoen mundua,
aldaketaren bulkada dator
alde baten helburua,
sobietarrak une zailetan
ez zuten galdu burua,
apirilaren hogeita bosta
Berlingo azken gudua. (err)

4
Gerrak dakarren kaltea,
fusila eta tankea,
gupida gabe kolpea,
hartu eta ematea,
sobietarrak garaitu zuten
Berlin nazien frentea,
Hitlerrek bere buruaz egin
porrota errematea,
errenditzea sinatu eta
bake bidea hastea,
geroztik gerra hotza da gure
askatasun silbestrea. (err)

5
Nazio batuen giltza,
hartu eta eman hitza,
sorreran zuen baldintza,
gaur zuzen ote dabiltza?
berriz gatazkak ekiditeko
zilborrestea balitza,
hainbeste miloi zibil hiltzeak
seta krudelen ekintza,
errua nori, hari egotzi
ez du aldatzen emaitza,
zein luzea den sufrimendua
eta zein motza bizitza. (err)

6
Ehun nazioen bueltan,
Afrika Asia ketan,
Europa Ameriketan,
altxa ziraden armetan,
konkista bidez bizi zirenak
menpeko kolonietan,
askatasuna egun batean
lortuko zuten ustetan,
bakoitzak bere herrian bizi
nahi zuelako benetan,
nazio asko aurkitzen dira
gatibu bere lurretan. (err)

7
Zauri zaharrak ixteko,
itun idatzi hitzeko,
urrutira iristeko,
sarri elkar irensteko,
justiziaren bi aurpegiak
labankada eta bosteko,
armagintzaren industria da
ileak tente jartzeko,
boteretsuen lagun isila
erabakiak hartzeko,
bake garaiak kudeatuaz
gerra berriak pizteko. (err)

8
O.T.A.N eta G7-a,
lohiaz alfonbra azpia,
segurtasun aitzakia,
bide lagun sarraskia,
mundu guztiko epaile omen
ongia eta gaizkia,
demokrazia bakea gerra
diktadura monarkia,
gure buruak defendatzea
ez garela zenbakia,
herri xeheak ezin du jasan
lobby-entzat errukia. (err)

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-andoni-zelaia-otano/

“Bidasoari”. Adrian Arruti Bernadeten bertsoak, Bidasoko Hitzan.

BIDASOARI

Doinua: Trumoia ortzi beltzean hoska
Egilea: Adrian Arruti Bernadet

1
Txingudin duzu fluxu lausoa,
sarri pausatu arte pausoa,
batzen dituzu baso nafarra
eta Kantauri itsasoa. (Err.)
Nola azaldu ahal nizuke
erdi aldatuta soa
Bidasoa, Bidasoa…
Nolatan zaren konponbidea
nahi dutenen arazoa. (Err.)

2
Sostengu falta duzu, sostengu.
Zenbat eskaini; hainbeste kendu,
hainbat arazo larri zuregan
ez al dira nabarmendu? (Err.)
Nik zurekiko dudan maitasun
hau nahiko nuke mantendu,
baina zenbat sufrimendu!
Gizakiaren esku hartzeak
maitasun hori zailtzen du. (Err.)

3
Poligonoek duten tamaina
batuta ia zerorri haina…
Zure luzean nabarmena da
kutsaduraren orbaina. (Err.)
Eskualdeko aberastasun
handiena zara, baina
zer tratu-txar, alajaina!
Garestiegi duzu geroa
hain merke bada oraina. (Err.)

4
Bailara bakar, baina hau mauka:
bi estaturen artean gauzka!
Gure arteko harreman hitsak
erruz gogaiturik nauka! (Err.)
Bi kulturaren arteko talken
eraginez elkar zaunka…
Txingudik horixe dauka;
zure albotan lubakiratu
gaituzte elkarren aurka. (Err.)

5
Inposaketak hainbeste dohain…
Ni, behintzat, ez naiz jasateko lain.
Zu ezizenez Muga deitzea
ez al da ba aski irain? (Err.)
Zure trazaren eraginpean
Euskal Herrian zer orbain!
Ohartu gaitezen orain
zuri ezarri dizuten zama
ez dugula nahi gure gain. (Err.)

6
Zure zubiak diren asuna
bizi dutenek zenbat marruma!
Bizkarroi asko sartu zaizkizu;
Migranteentzat zer trauma! (Err.)
Checkpoint artean bihurtu dute
pasa nahi duen laguna
guztiaren erruduna.
Ederra zara; ez da, ordea,
gertatzen ari zaizuna. (Err.)

7
Pasabide hain arriskutsurik…
Hainbeste hilotz dauzka Txingudik,
bai ote duzu zure luzean
odolik gabeko urik? (Err.)
Zein erru dauka Nafarroak? Zein
Gipuzkoak? Zein Lapurdik?
Zure uretan galdurik
errukirik ez daukazu, baina
inork ez al du errurik? (Err.)

8
Ingurumena ingurunean,
migrantearen ihes xumean
edo herri bat hiru zatitan
bereizi duten gunean… (Err.)
Iraun dezagun hau amaituko
baita etorkizunean;
zulorik ilunenean
argia piztu dezakegula   
sinesten dugun unean. (Err.)

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-bertso-sorta-irunabar/

Peio Etxeberriak musikatu du. Jarraian entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

“Bikote harremanari”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Iruneron.

BIKOTE HARREMANARI

Doinua: Haizea dator ifarraldetik
Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

1
Bikote ginen jaio aurretik
hori gure iragana,
hala izaten jarraitzen dugu
eta ez bat erdibana;
arintasuna izan da sarri
beste batzuetan zama,
norberarenak ditugu noski
izena eta izana.
Sentimenduei hitzak jartzea
zaila izan ohi den lana,
esango dudan moduan bizi
dut bikote harremana.

2
Iraganaren gazi-gozoak,
ziur naiz etorkizuna,
amaren sabel eta bularra,
sehaskako maitasuna,
ume ginela jolas-borrokak,
gelako iluntasuna,
barre algarak, momentu latzek
daukaten isiltasuna,
zorionaren aparra eta
minaren gordintasuna,
ezin zenbatu zenbat izan den
elkarbanatu duguna.

3
Azaltzen zaila izan daiteken
konexioren bat bada:
gertutasuna transmititzen dit
nahiz egon distantziara,
inoiz herrenka nabilenean
nire makulu bera da,
airean hegan hasi denean
gonbidatu nau bertara,
baztertzen ere badaki ondo
nahiz inoiz ez egin traba;
uztarri bera erabiltzeko
jaioak izan al gara?

4
Ahaztu egin zait komentatzea
bikitako bat naizena;
bada mito bat bai ezaguna
laranja erdiarena,
nahiz horrelako gauzetarako
sarri falta sinesmena
bada ezpada aipatuko dut
ea betetzen den dena:
munduratzeko aukeraren bat
izango banu hurrena,
berbera nahiko nuke izatea
ondoan jaioko dena.

Iturria: https://irunero.eus/bikote-harremanari/

Entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

Alaia Martin, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio Elatzeta Elkartean [2022-03-05]

Kaixo, bertsozale:

Beste urte batez, Landetxa-Ventas-Katea Auzo Elkarteak bertso bazkaria antolatu du Elatzeta Elkartean. VII. saioa izango da aurtengoa eta Alaia Martin oiartzuarrak, Amets Arzallus hendaiarrak eta Maialen Lujanbio hernaniarrak kantatuko dute bertan. Informazio guztia hurrengo irudian eskuragarri.

“Gure attona denari”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Iruneron.

GURE ATTONA DENARI

Doinua: Gogoan daukat ez du aspaldi
Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

I
Korapiloan, korapiloan,
denbora luzez gordea,
ahoskatzeko nahiz ta ez izan
beharrezko adorea.
Ahotsa ahul, hankak alferrik,
beso bat guztiz morea.
Aspaldi heldu zen egoeraz
ohartzeko tenorea,
ohartu noski, ohartu gara,
ezin onartu ordea.

II
Sendi euskaldun batean sortu
arren erderaz hezia,
haurrengan alda zitekeela
zinen zinez sinetsia.
Tronpeta jole, kantari, bihotz
biguna bezain hertsia.
Bidasoako seme jatorra,
handik nekez bereizia.
Gizon arrunta izanagatik
guretzat zein berezia.

III
Zu zarenetik nik zenbat bildu
ote nezakeen nigan?
Zure zurezko zenbat ezpata
burdinezkoak bailiran
batera datoz Koxka txakurra,
Mimizan… denak segidan.
Oroitzapenak zer diren ni hau
berbizitzeko desiran:
falta zaizkizun hatz horiekin
sudurra kentzen zenidan.

IV
Pasodobleak, pauso motelak,
baso erdi bete ardo,
lehertzeraino tailerrean lan,
“gaur bazkaltzeko zer dago?”
Musean beti uzten ninduzun
aho zabalik zeharo,
mutikotutan “ama joan da,
tori bi sagardo trago!”
Guzti hau zara zu niretzako,
guzti hau eta gehiago.

V
Zer da adina, gazte garaitan,
Carpe Diem dela zina?
Zer da adina? Helduaroan
Tempus Fugiten samina.
Zer da adina? Orain karga bat,
bizitzeko lana, mina.
Zer da adina? Zenbaki soil bat
behintzat sasoiko bazina,
baina gaur ez da hala: bizitza
ez da herio adina.

VI
Pentsatuz “tira, oraindik ere
egin dezake hobera”
etxean denek gezurra dela
jakinagatik sobera.
Berandu baina noiz ez dakigun
datozen trenen antzera,
azkenaldian agurrak zuri
ataritik so atzera:
egun bakoitza bilakatu da
heriotzaren bezpera.

VII
Kausa ezgauza denez zurea
gurea dugu negarra,
baina, finean, ez al da hori
gelditzen zaigun bakarra?
Agortu zaizu izateari
eusteko azken oldarra.
Ta gorpu soil bat izan baino lehen
orain zarena: oharra;
gorputz batetik hauts bilakatu
arteko bizi hondarra.

VIII
Amorruaren sugarra eta
zure bihotzeko horma,
itzaliko da laster hainbeste
maitatu dugun gizona.
Pentsa ezazu zure pertsona
zenbateraino den ona,
zurea dela joana baina
pena ordea denona.
Besterik ezer ezin dut esan,
agur bihotzez Attona!

Iturria: https://irunero.eus/gure-attona-denari/

Peio Etxeberriak musikatu du. Jarraian entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

“Bertso elkarrizketak”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

BERTSO ELKARRIZKETAK

Doinua: Antton eta Maria
Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

1
Alferrik ez da joan
sagardotegira
ordu t’erdi sagardo
basora begira:
-“Hau aromatikoa,
motela hori da.”
Uler ezin dudanaz
tira eta bira.
Ba bertso berriketak
gauza bera dira.

2
-“Teknikoki zorrotza
ta errimaz gertu,
ahots propioa du
bertsotan agertu.”
-“Goitik ondo landu du
amaieran lehertu,
emandako kolpea
ezin da baztertu.”
Elkarrizketa ez dut
zipitzik ulertu!

3

-“Puntuz puntu egin du
bertso bat osoa,
diskurtso landua du
umore gozoa”
-“Bertsolari freskoa
eta airosoa.”
Kontzeptu arrotz bati
jarri diot soa:
zer izango da goitik
beherako bertsoa?
4
-“Ertz gabeko bertsoak
denontzat atsegin.”
-“Horiek borobiltzen
hamaika ahalegin”
Esplikatu mesedez
argi gera dedin,
irrist egin omen du
aurrekoan berdin,
nahiz bertsotan geldirik
dagoela egin.

5
Luzea omen dugu
bertsoaren soka,
eta hau epaitzeko
daude mila mota,
ni kontzeptu denekin
galduta nago ta,
gainera ez dugunez
hau norgehiagoka!
txalo hotsak jar beza
bertsoaren nota.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/irunabar-bertso-sorta-jon-luzuriaga/

Entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

Post Navigation