Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Manu Goiogana”

Apirileko Kabigorriko bertso gaua (2016-IV-07)

Jokin Bergara eibartarra, Iñaki Murua gabiriarra, Beñat Gaztelumendi añorgarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira kantuan apirileko bertso gauean, eta Manu Goiogana irundarra arduratuko da gaiak jarri eta saioa aurkeztu eta gidatzeaz. Bertso jarriak Uxue Larrukert irundarraren eskutik helduko zaizkigu; atzerrian da bera, baina iritsaraziko dizkigu bertsoak, ziur, nola edo hala.

Hitzorduari dagokionez, beti bezalatsu; 19:30etan ekingo diegu bertso idatziei eta amaitu bezain laister oholtzaratuko dira bertsolariak. Kontuan izan aparta izaten dela saioa amaitu eta afaltzen geratzeko Kabigorrik eskaintzen digun aukera. Guk aldiro baliatzen dugu, bederen; anima zaitezte zuek ere.

This slideshow requires JavaScript.

Bertsotuk: Legorretako saioa (2016ko otsailak 20)

Otsailaren 20an, Legorretako gaztetxean kantatu zuten Manu Goioganak, Urko Casadok eta Aitor Errazkinek, Txingudiko Bertso Eskolakoak, hirurak. Goierritik Aitor Irastorza, Gema Urteaga eta Odei Lopez aritu ziren. Gureak aski pozik itzuli ziren, bai Odeiek soziedadean prestatutako afari goxoagatik, bai harrera egin zietenekin eta kantulagun izan zituztenekin primeran moldatu zirelako ere. Irunabarrek oso balorazio positiboa egin du Bertsotruk ekimenak orain artean emandakoaz.

This slideshow requires JavaScript.

Bertsotruk: Goierri-Txingudi (2016-02-20)

bertsotruk logoOtsailaren 20an Legorretara goaz, hantxe kantatuko baitugu Txingudikoek eta goierritarrek. Txingudi taldearen izenean Manu Goiogana, Urko Casado eta Aitor Errazkin arituko dira, eta goierritarrenean, aldiz, Aitor Irastorza, Odei Lopez eta Gema Urteaga. Saioa gaueko 22:30etatik aurrera izango da, Legorretako gaztetxean. Irundik edo ingurutik inor animatuz gero, badakizue, gurekin harremanetan jarri eta elkarrekin joango gara, edo Legorretan egin topo.

IMG-20160210-WA0001

 

Euskararen egunarekin Gibeletako eguneko etxean kantari

Aurten ere Gibeletako eguneko etxean aritu dira kantari Manu Goiogana eta Iñigo Ugarte bertsolariak, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Aitziber Martiarenak antolatutako bertso saioa izaten da, eta berak prestatu ohi dizkie gaiak eta ariketak bertsolariei, eguneko etxeko aiton-amonen laguntzarekin.

IMG_20151203_112033

 

Manu Goiogana aurrera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

“Manu Goioganak irabazi du Elgoibarko final zortzirena”

2015/10/03
Elgoibarren jokatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako laugarren final zortzirena. Manu Goiganak lehen postua lortu eta zuzenean final laurdenetarako txartela eskuratu du. Haren atzetik, Oihana Iguaran eta Manex Mujika sailkatu dira, hurrenez hurren. 210 bertsozale hurbildu dira saioa entzutera Elgoibarko Herriko antzokira. Hurrengo asteburuan Arrasaten eta Andoainen izango dira lehen faseko azken bi saioak. (Iturria: bertsozale.eus)
Informazio gehiago:

Moskuko Jaietako bertso saioak

Atzo hasi ziren Moskuko Jaiak, eta igande iluntzean amaituko dira.

Bihar, larunbatarekin, bertso-triki-poteo formatuan ariko dira bertsotan Manu Goiogana eta Aitor Errazkin irundarrak eta Odei Barroso Urruñarra, auzoko taberna batetik bestera, herri bazkariaren ondoren.

Igande arratsaldean, aldiz, aurtengo Moskuko Jaietako azken ekitaldia: bertso saio berezia eskainiko dute Egoitz Zelaiak, Jon Maiak eta Igor Elortzak; hirurak, Urko Casado gai-jartzailearen aginduetara. Peña kalean izango da saioa.

Anima zaitezte!

Manu Goiogana eta Urko Casado “Elkarrekin 2015”-en

Urko Casado eta Manu Goiogana bertsotan aritu ziren ekainaren 13an, Santiago auzoko Euskal Jai pilotalekuan, Elkarrekin 2015 ekimenaren baitan antolatutako olinpiadak girotzen.

10440679_1422227734768744_6956106742708772222_n

 

Ekainaren 4an ikasturteko azken bertso gaua, Kabigorrin.

Ekainaren 4erako dago deituta 2014-2015 ikasturteko azken bertso gaua, 19:30etan Irungo Kabigorrin, Bidasoaldeko Ateneoan. Manu Goiogana irundarra Lesakatik helduko diren Manolo Arozena, Juan Mari Lopez eta Joxe Juan Zubieta “Etxabe”rekin ariko da eta, era berean, guztiek egin beharko dute bertsotan Oihana Aranburu hondarribiarraren aginduetara, berak jarriko baititu gaiak, eta berak saioa aurkeztuko.

This slideshow requires JavaScript.

Bat-bateko saioaren aurretik, Urko Casado astigartarrak bertso berriak kantatuko ditu, saio hortarako propio jarriak, joan den urritik honako bertso gau guztietako ohiturari segika.

Eta saio ostean, bada, agian, ezustekoren bat edo beste, baina erne: ez pasatzen utzi Kabigorrin afaltzen geratzeko aukera paregabea.

Bejondeizuela, eta hurrengo ostegunera arte.

Gibeletako eguneko zentroan bertsotan

Aurtengoan ere bertsotan aritu dira Manu Goiogana eta Iñigo Ugarte Gibeletako eguneko zentroan. Bertako aiton-amonek prestatu zituzten gaiak eta ariketak bertsolarientzat, Aitziber Martiarena egoitzako langilearen laguntzaz, joan den hiru urtetan ohitura bilakatu den moduan.

2014-12-03 12.39.44

Manu Goioganak irabazi du 2014ko San Andres Bertso Paper Lehiaketa

Hamasei urtetik gorakoetan lehen saria Manu Goiogana irundarrak irabazi du (300 euro eta txapela) eta bigarrena, berriz, Aimar Goenaga eibartarrak (250 euro eta plaka). Eta hamasei urtetik beherakoen artean, lehen saria Iturburuko Malen Suarezek jaso du (txapela eta liburua) eta bigarrena Arrateko Andra Mari ikastetxeko Pablo Santosek (plaka eta liburua). Irabazleek …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako “Bat-batean, munduko musikekin bertsotan” San Andres bertso-jaialdian jasoko dute saria eta bertan bertso irabazleak abestu beharko dituzte. Jaialdia azaroaren 23an (domekan) izango da, Portaleko areto nagusian eta saioan, Oskar Estanga eta Jon Martin bertsolariek samba, sona, tangoa eta bestelako doinuekin inprobisatuko dute. Sarrerak astelehenean ipini ziren salgai Sagar Bitza, Kultu eta Depor tabernetan, 6 eurotan. Saioa arratsaldeko 18.30etan hasiko da, baina aurretik, 18.00etan, San Andres bertso-paper lehiaketako sariak banatuko dira.

Testua eta argazkia: …eta kitto! Euskara Elkartearen web gunetik hartuak (lotura hemen).

DESIRA GOSE
Doinua: Gaur gurutzatu gara

1)
Bistaratu denean
ilargi zurbila
itxi dut kremailera,
lotu zapatila.
Gosea da desira
baten kiribila
Noan, zitara garaiz
iritsi nadila,
Bihotza asetzeko
menuaren bila

2)
Elkar topatu dugu,
berriro, Izaro,
eta irri bat egin
didazu emaro.
Aske zabiltza, alai,
gustura zeharo,
mahai gaineko ura
baino gardenago
eta nire bihotza
egarriak dago

3)
Lehen galdera “Kaixo,
zelan doa dena?”
elkarrizketa sortu
duen ekimena.
Hitzez hitz sortzen joan
gara ondorena;
ogi puska bat zara,
pertsona onena,
nire etxeko labean
egosiko dena!

4)
Elkarrizketak segi
duenez primeran
ohartzerako gaude
etxeko harreran.
Muxu bat ematean
lehenengo aukeran
gure mingainak ia
joan dira hegan
helize forma duten
makarroien eran.

5)
Gose grina begitik
ahoratzen bada
nola jan gura beste
baina zerbait laga?
Berriz ere hasi da
zimurtzen izara!
entsaladan dauden bi
urazen gisara
gu ere hostoz hosto
biluztuko gara!!

6)
Begiak distiratsu,
masailak melenga;
mingainak plazererantz
aurkitu du xenda.
Erantzi dugunean
gure azken prenda
zure_haragi xamurrez
ase nahi nuen ba
ahoan urtu ordez
ahoa urtzen da.

7)
Sagar eta udare
puskak ditugula
marrubi zaporea
nola disimula,
mazedonia goxo
batentzat formula.
Bion belarritara
“mmm” azken xuxurla
esanaz jandakoa
gustatu zaigula!!

8)
Desioa zegoen
maitasunaren zain,
pasiotik jan dugu
irriz hasteko lain.
Lasaitutako gorputz,
mindutako ezpain,
bihotza asetzean
gure goseaz gain
digestioa egin
behar dugu orain.

Manu Goiogana Bengoetxea

Post Navigation