Joan den martxoaren 14ean bertso-afaria antolatu genuen, Korrika 19 zela eta, Irungo AEKrekin eta Bidasoako EKTrekin elkarlanean. Bikain afaldu genuen bertara bildutako 60 lagun inguruk, sukaldari eta zerbitzari boluntarioen lanari esker. Afalondoan, omenaldia eskaini zien Irungo AEKk Brasil gozodendako Koldo eta Xoleri, erretiroa hartu berritan, urtetan egindako lana eskertzeko. Lore sorta, Ainara Maiaren olerkia, Egoitz Zelaiaren bertsoak eta bertaratutako guztion txaloak eta esker ona etxeratu zituen bikoteak. Ondoren, bertso saio ederraz gozatzeko parada izan genuen Iñigo Ugarte, Egoitz Zelaia, Gotzon Aizpiolea eta Abel Zabalaren bertsoei esker.
Hona larunbatean bildutako hainbat irudi:
Aurten ere, Euskararen Nazioarteko Eguna medio, deia jaso genuen Gibeletako eguneko etxera joan eta bertso-saioa egiteko. Iñigo Ugarte eta Manu Goiogana bertaratu ziren bertsotara, iaz bezalaxe. Aurtengoan, baina, bertsolarien azken agurrekin “kantuak” amaitu baziren ere, “kontuek” ez zuten etenik izan. Izan ere, Aitziber Martiarenak eta bertako entzuleen artean ziren lau amonak (Lourdesek, Mª Luisak, Ferminak eta Paulak) egun hartako kronika osatzeari ekin zioten eta bidali egin digute; irakurtzea merezi duen kronika, ezbairik gabe. Gibeletako eguneko etxeko monitorea da Aitziber, eta bertako aiton-amonekin hainbat ekintza dinamizatzen jarduten du. Bejondeizula, Aitziber; besarkada handi bat, mila esker eta urte askoan!



GIBELETAKO EGUNEKO ETXETIK JASOTAKO KRONIKA, EUSKARAREN EGUNEKO BERTSO SAIOARI BURUZ:
Euskararen Eguna ospatzeko bertso saioa modu polita iruditu zitzaien aitona-amonei.
Paulak Manu bertsolaria ezagutzen zuen bere bizilaguna eta ia-ia familiakoa baita.
Fermina guztiz txundituta geratu zen: “No se el vasco pero me encantó y me sorprendió como leían el papel con la palabra escrita y enseguida echaban un verso. En la plaza de mi pueblo, en Idiazabal, durante las fiestas solía haber bertsolaris, y me gustaba ir aunque no entendiese.
Mª Luisa berriz, bertsolari familiakoa dugu; bere Aitona Juan Ignacio Riverak, Oiartzungo jaietan abestu ohi zuen. Aitona-amonek gazteleratik euskarara itzultzeko lana egin behar izan zuten bertsolariei hitz solteak eman aurretik. Eta horretan, Mª Luisa oso abil ikusi genuen, adibidez, palvoron/auxkeia edo crisis/mixeria.
Paula aspaldidanik oso bertsozalea dugu; ez du inoiz hutsik egiten Uztailaren 1eko Irungo Baserritar egunean egiten den bertso kantaldira. Gogoan du oraindik, Albisturreko Baxerri bertsolaria kartzelara eraman zutela Francoren garaian euskaraz abesteagatik.
Lourdesek, nahiz eta aitortu ez dela oso bertsozalea, oso gustura egon zela aipatu digu. Gogoratuz, irribarrea ahoan zuela, polboroi eta Rajoy hitzekin burututako bertsoa: aurten polboroi asko jateko aukera handirik ez dugula izango Rajoyri esker murrizten doazen pentsioekin.
Lauei –Lourdes, Mª Luisa, Fermina eta Paulari— bertsolari ezagunen izenak aipatzerakoan, honako hauek etorri zaizkie burura lehenbailehen: Lizaso, Egaña, Txirrita, Peñagarikano eta Lujanbio. Bertsolaritza txapelketaren finala gertu dugun honetan, Paulak argi du Maialen Lujanbio irabaztea gustatuko zitzaiola, emakumeak ere bertso munduan paper polita egin dezaketela erakusteko.
Hurrengo urtean, Euskararen Eguna ospatzeko ez dute zalantzarik izan lau emakumeek: “Etor daitezela berriz ere, guri arratsalde entretenigarri bat igarotzera”.
Gibeletako eguneko etxeko Lourdesek, Mª Luisak, Ferminak, Paulak eta Aitziber monitoreak ondutako testua.
IRUNABAR Irungo Bertsoaren Bilguneak bigarren aldiz antolatu zuen Irungo Bertso Eskolen Eguna, joan den ekainaren 15ean, Ola sagardotegian, eta zoragarri joan zen guztia. Antolatzaile, parte hartzaile, guraso, senitarteko eta lagunak zenbatzen hasita, izango ginen ehun lagundik gora, aise. Kolore ezin ederragoa hartu zuen Olako frontoiak haur eta helduen bertsoei eta entzuleen txalo eta parte hartzeari esker.
Aurtengoan, ikasturtean zehar egindako lanak ordu eta erdiko saioa eskaintzeko balio izan zuen, baina zuen guztien prestutasuna eta txaloen beroa urtetan zehar lanean jarraitzeko hatsa zaizkigu guri. Ez dugu lan talde txarra egiten. Esker mila berriz ere.
Eskerrik asko ere Ola sagardotegiko arduradun, lagun eta langileei, emandako laguntza eta tratu ezin hobearengatik.
Prestatzen joan ahala, ekainaren 15eko materiala txintxilikatzen joango gara. Hasteko, Nekane Barandiaranen (Eguzkitzako bertso eskolako gurasoa) argazki koloretsuak, iazkoak bezain ederrak.
Gainontzeko lagun eta gurasoek ere, argazkiak edo grabazioak bidaltzeko modurik baldin baduzue, gogoan izan gure posta elektronikoaren helbidea irunabar@gmail.com dela. Asko eskertuko dizuegu.
Laster arte, ekipo, eta jai onak pasa guzti-guztiok.
IRUNABAR Irungo Bertsoaren Bilgunea