2016ko martxoaren 13an Gasteizko taldearekin saioa egin zuten Txingudikoek. Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Aitor Errazkin aritu ziren Txinguditik, eta Asier Otamendi, Felipe Zelaieta eta Xabier Rico Gasteizko Kakiturri taldetik. Goxo asko hartu zituzten gasteiztarrek txinguditarrak, eta hamabost bat lagunen aurrean egin zuten saioa Kakiturri elkartean; gasteiztarrek elkarte horren izena hartu dute taldea izendatzeko, bertan egiten baitute bertso-eskola, asteazkenero. Saioaren kronika Felipe Zelaietaren eskutik.
Otsailaren 20an, Legorretako gaztetxean kantatu zuten Manu Goioganak, Urko Casadok eta Aitor Errazkinek, Txingudiko Bertso Eskolakoak, hirurak. Goierritik Aitor Irastorza, Gema Urteaga eta Odei Lopez aritu ziren. Gureak aski pozik itzuli ziren, bai Odeiek soziedadean prestatutako afari goxoagatik, bai harrera egin zietenekin eta kantulagun izan zituztenekin primeran moldatu zirelako ere. Irunabarrek oso balorazio positiboa egin du Bertsotruk ekimenak orain artean emandakoaz.
“Gustora zeuden elatzetako kideak saio amaieran; eta ez zen gutxiagorako, bikain atera baitzen elkarteko zuzendaritza berriak egindako apustua.
Azken urteetako gabeziari aurre egin eta Elatzeta elkarteak dinamika propio indartsua izan behar duela hausnartu ondoren, bide horretan, bertso bazkaria antolatu zuten otsailak 20an, Alaia Martin eta Julio Sotorekin.
Elkartea jendez lepo, giro bikaina, goi mailako bi bertsolari eta antolatzaileen ilusio eta gogoak osagai nahikoak egun ederra aurretik genuela ohartzeko.
Eta hala izan zen: bazkari itzelaren ondoren, arratsalde bikaina pasa baikenuen Alaia eta Juliori esker. Gozatu ederra hartu genuen bertan geunden ume, gazte zein helduek. Umorea eta goxotasuna nahasturik saio borobila osatu zuten bi bertsolariek. Bertsolariak eta entzulegoa, gustora.
Pozgarria da halako ekimena horrenbeste mimoz antolatzea. Bertsolaria eta bertsozalea pozik uzten dituen horietakoa. Eta onena, hurrengo urtean ere, dena ongi bidean, otsailaren hirugarren asteburuan, hitzordua izango dugula Landetxan.
Martxoaren 11n Aretxabaletan kantatu zuen Peio Iriarte irundarrak, 2016ko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan. Lehendabiziko parte hartzea izan du Peiok, Txingudiko Bertso Eskolako kideak. 60-70 lagunen aurrean kantatu zuten bertsolariek Murualde elkartean. Saioa eta gero, oso pozik zen Peio egindako lanarekin, aberasgarritzat hartzen du Aretxabaletako esperientzia, eta ikasten jarraitzeko motibazioa eman diola esan digu.
Era berean, Irunabarretik, bereziki eskertu nahi dugu azken hilabete parean Arkaitz Oiarzabal “Xamoak” Peiori emandako laguntza guztia, bai eta Egoitz Zelaia (Peioren irakaslea), Abel Zabala eta Igauri Lopetegi ere, saioaren egunean berean Peio Aretxabaletara lagundu izanagatik.
Aurreko post batean adierazi bezala, Txingudi taldekook Gasteizko Kakiturri eta Goierri taldeko goierritarrekin joan-etorriko saioak egingo ditugu, Bertsotruk ekimenean parte hartzeak horretara lotzen gaituenez. 2015eko abenduaren 12an izan berri da gure estraineko elkarretaratzea, eta Kakiturri taldeko lagunak etxera gonbidatuta burutu dugu, bertso-bazkari formatuan. Eguerdiko 12:30etarako Irunen ziren Kakiturriko lagunak, eta bazkaltzeko ordura bitarte poteoan ibili ginen haiekin, bai eta pixkana taldeari batzen joan zitzaizkion bailarako hainbat bertsozalerekin ere. Irungo Erlaitz Mendi Elkartean jarria genuen zita, eta, azkenerako, 30 lagun inguru elkartu ginen bazkaritarako. Otordua prestatzeko ardura eta saioko antolakuntza guztia Irunabarreko kideok hartu genuen gure bizkar (bazkalostean bertsotan aritzeko lanak hartuta zituen Iñigo Ugarte barne).
Bazkalostean, eta arratsaldeko 17:00ak jota, Gotzon Aizpiolea irundarrak hartu zuen hitza saioa aurkezteko eta gai-jartzaile lanak betetzeko. Kantuan jarri zituen Juan Mari Juaristi, Alberto Martinez Kortabitarte “Betto” eta Xabier Lopez de Santiago Kakiturritik, eta Egoitz Zelaia, Iñigo Ugarte eta Abel Zabala, Txinguditik.
Ordu eta erdi inguruko saio umoretsua osatu zuten sei bertsolariek, hainbat ariketa motari aurre egin behar izan ziotelarik, eta bertaratutako jendeak atsegin handiz hartu zituen otordua, bertako lagun-giroa, bertso-saioa, noski, eta baita, guri hala iruditu zitzaigun, behintzat, bertsotruk egitasmoa bera ere.
Irunabarreko partaideok gure eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu Kakiturri taldeko kideei beren jarrera eta esker onagatik, Betti-Gotti Euskara Kultur Taldeari soinu-ekipoa uzteagatik, Irungo Erlaitz Mendi Elkarteko zuzendaritzari, txoko goxo horren ateak zabaltzeagatik, eta saioaren antolakuntzan modu batera nahiz bestera parte hartu zenuten guztioi.
Joan den ikasturteko bertso gau bakoitzeko bertso-sorta bat kantatu du herriko bertso eskolako kideren batek. Originalak izan dira sorta guztiak; ekimen jakin horretarako jarriak, alegia. Hala, urritik ekainera bitarteko kronika berezi bat osatu dugu, pertsonala oso, bertso eskolaren bueltako jendeak idatzia. 2015-2016 ikasturteari begira ere helburu bera dugu. Ea iaz bezain fin kunplitzea lortzen dugun. Kostako zaigu!
Ederki asko joan ziren Moskuko Jaietako bertso saioak, nola larunbateko poteoa, hala igandeko bertso saioa. Ez dugu saio horietako hotsik, hitzik, baina bai irudirik, ordea.
Larunbateko poteokoak:
This slideshow requires JavaScript.
Igandeko saiokoak:
This slideshow requires JavaScript.
Saioetako audioak, bideoak edo irudiak baldin badituzue, bidali, faborez, asko eskertuko dizuegu.
Urko Casado eta Manu Goiogana bertsotan aritu ziren ekainaren 13an, Santiago auzoko Euskal Jai pilotalekuan, Elkarrekin 2015 ekimenaren baitan antolatutako olinpiadak girotzen.
2015eko maiatzaren 13an Toki Alai-Gaztelu Zaharreko DBH2ko ikasleekin eman zuten goiz osoa Egoitz Zelaiak eta Aitor Errazkinek. Bertsolaritzaren eta bertsogintzaren berri eman zieten ikasleei, bai eta bat-bateko bertso saioa eskaini ere. Bertso Eskolako kide eta Toki Alaiko ikasle Peio Iriarte lagun izan zuten Egoitzek eta Aitorrek zenbait lan gauzatzeko garaian.
This slideshow requires JavaScript.
Ikasleek taldean ondutako bertsoak:
Lehen taldearen bertsoa:
Egunero sei ordu
goaz eskolara
goizetik gauera gu
ikasleak gara
zuzendaria dator
ene ze ikara!
Dirudi kartzela bat
aspergarria da.
Bigarren taldearen bertsoa:
Toki Alai eskola
ez dugu itzela
baina askoz txarrago
daukagu kartzela.
Beteta baitaukagu
beti zaintza gela
beste Irungo eskola
guztiak bezela!
Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatu zen Irunen, joan den apirilaren 28an, igandearekin, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Irungo Udalak elkarlanean antolatuta.
Txingudiko Bertso Eskolako ikasleak, zenbait guraso eta Irunabarreko hainbat kide ere bertaratu ginen, goizean zehar Uranzu pilotalekuan antolatzaileek prestatutako jolas eta tailerretan parte hartzera, batetik, eta bestetik, arratsaldean Amaia Kultur Zentroan jokatu zen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalaz gozatzera.
Irunabarreko kiderik adintsuenak jarri zion txapela Iñigo Ibañez azpeitiarrari, gainera: Joxe Juan Oiarzabal “gurdiya”k.
Fernando de la Heraren argazkia, Diario Vascoren bertsio digitaletik erauzia.