Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Aitor Errazkin”

Mendeluko jaietan izan ginen kantuan

Txingudiko Bertso Eskolako hiru kide aritu ziren  aurten ere kantuan Mendeluko jaietan: Igauri Lopetegi, Adrian Arruti eta Aitor Errazkin. Maiatzaren 18an izan zen saioa, 13:30ak aldera. Eguraldia ez zuten lagun izan; bai, ordea, entzule multzo zintzo askoa. Antolatzaileen harrera ere, betiko moduan, punta puntakoa. Eskerrik asko bihotz bihotzez Mendeluko jaien antolatzaileei. Plazera da urtero zuenera hurbiltzea.

Adrian eta Aitor bertso eskolako kideak Gotzonerekin, Mendeluko jaien antolatzaileetako bat.

Apirileko bertso gaua [2019-04-06]

Kaixo bertsozale:
Badoa ikasturtea aurrera, eta badator apirileko Kabigorriko bertso-gaua ere. Apirilaren 4an izango da, 19:30ean hasita.
Atxikitako kartelean ikus dezakezuen bezala, Nahikari Gabilondo zarauztarra, Aitor Errazkin irundarra, Iñigo Izagirre itziartarra eta Oier Aizpurua zarauztarra ariko dira bertsotan.  Egoitz Zelaia hendaiarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta Ekaitza Irastorzaren eskutik helduko zaizkigu hileko bertso jarriak.
Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen digula.
Anima zaitezte!

Joan zen azaroko Kabigorriko bertso-gaua

“Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan” lan-talde berriaren lehen aurkezpen saioa

Azaroaren 27an eskaini zuen Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan taldeak “Bertsotan faxismoari aurre” emanaldia. Oholtza gainean, Joxan Elosegi, Aritz Erasun, Aitziber Arruabarrena, Laida Oronoz eta Aitor Errazkin.

Euskararen Egunarekin Txingudi Ikastolan bertso kantari

Manu Goiogana eta Aitor Errazkin irundarrak aritu ziren abenduaren 3an Txingudi Ikastolan bertso kantari. Goizez, DBHko ikasleen aurrean aritu ziren, eta arratsaldez, aldiz, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen aurrean. Bi bertso saioetan ikasleek jarritako gai eta ariketak izan zituzten kantagai.

Abenduko Kabigorriko bertso-gaua: Martin, Elustondo, Arregi, Zelaia eta Ugarte. [2018-12-13]

Abenduaren 13koa izango da 2018ko azken bertso-gaua, eta boskote mundial batekin emango diogu amaiera urteari: Jon Martin oiartzuarra, Nerea Elustondo legazpiarra, Maider Arregi oñatiarra, Andoni Zelaia hendaiarra eta Iñigo Ugarte irundarrarekin. Gaiak jartzen Aitor Errazkin irundarra ariko da eta bertso jarriak Adrian Arruti irundarraren eskutik etorriko zaizkigu. Anima zaitezte eta gogoratu Kabigorrik aukera bikaina eskaintzen digula saioaren ondotik afaltzen geratzeko.

This slideshow requires JavaScript.

 

“Bertsotan faxismoari aurre” bertso emanaldi gidatua

Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak “Bertsotan faxismoari aurre” bertso emanaldi gidatua antolatu du. Azaroaren 27an izango da emanaldia, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Joxan Elosegik gidatuko du saioa, eta gerra ondorenean eskualdean jasotako hainbat bertso sorta aurkeztuko dizkigu. Aitziber Arruabarrena eta Aritz Erasun trikitilariak ariko dira bertso sorta horiek berak musikaz laguntzen, eta Laida Oronozek eta Aitor Errazkinek kantatuko dituzte.

Kabigorriko azaroko bertso gaua. 2018-11-08

Jokin Bergara, German Urteaga, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin ariko dira kantuan Kabigorriko azaroko bertso gauean. Zuhaitz Olazabalek eta Abel Zabalak jarriak dira egun horretarako gaiak, bietatik bakarra ariko bada ere oholtza gaineko aurkezle lanetan: Abel Zabala irundarra, hain zuzen ere. Bertso jarriak Egoitz Zelaia hendaiarraren eskutik iritsiko zaizkigu.

Gogoan izan Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen digula saioa eta gero afaltzen geratzeko .

Hartu Hitzak deituta, bertso bazkaria. 2018-11-10, Bidasoako EKTn (Irun)

Azaroaren 18an Irunen egingo den herri galdeketa antolatzen ari da Hartu Hitza herri-plataforma. Eta galdeketa egunerako 20 egun eskas geratzen den honetan, bertso bazkari baten berri dakarkizuegu. Bidasoako EKT Elkartean izango da, eta bazkaldu eta gero Alaia Martin, Oihana Bartra, Urko Casado eta Aitor Errazkin ariko dira bertsotan, Adrian Arruti gai jartzailearen agindutara. 20 € balio du txartelak, eta Hartu hitza ekimenak, Bidasoako EKTk eta Irunabarrek elkarlanean antolatutako ekimena da.

“Bertso berriak, 2018-2019 ikasturte berriari jarriak” Iruneron. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak

Aitor Errazkin Irunabarreko kideak idatzitako bertso sorta argitaratu du Irunero aldizkariak bere 334. zenbakian. Irunero hamabostekaria bada ere, hilabetero argitaratu zituen joan den ikasturtean eskualdeko hainbat bertsolarik idatzitako bertso sortak, eta berdin egiten jarraituko du hasi berri den honetan ere, Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunearen eta Irunero, Irungo euskarazko hamabostekariaren arteko elkarlan hitzarmena dela eta. Eta bigarren elkarlan ikasturte honi hasiera emateko, arestian aipatu Errazkinen sorta: “bertso berriak, 2018-2019 ikasturte berriari jarriak”.

 
BERTSO BERRIAK, 2018-2019 IKASTURTE BERRIARI JARRIAK
 
 
1) Bi mila hemezortzi
eta hemeretzi
ailegatuko zela
bihar edo etzi
jakin bagenekien;
beraz, gogor eutsi!
Ikasturte berri bat,
erronkak ez gutxi.
Heldu eta alferrik
joaten ez utzi.
 
2) Irunen elkarte eta
talde asko gara
elkarlan, dinamika,
ilusio bailara.
Denei desio diet,
(tamalez hartara
hiri honetan nahiko
ohituak baikara)
trabarik ez bidean,
besterik ez bada.
 
3) Soldatapeko ofizio
denek, jai eta aste,
egunerokoari
loturik gaituzte;
dirusari truk egin
nahi gaituzte “aske”.
Aldiz, afizioek
sarritan, nik uste,
herritarrak bizirik
mantentzen dituzte.
 
4) Hargatik, kultur, kirol
zein gizarte talde,
herriarentzat ari
bagara, ni alde!
Berdin du nork egiten
duen gure galde;
sarritan, lan-baldintza
txiroenen jabe,
hurkoa aberasten
ohiturik baikaude.
 
5) Herritik piztu behar
denean herria
lanean jarraitzea
da kurtso berria.
Eginbeharrei hartzen
bazaie neurria
eta iraila gertatzen
ez bada urria
udazkenez loratzen
da udaberria.
 
6) Dagoeneko martxan
ere Irunabar,
egitasmo berri zein
egitasmo zahar:
bertso-eskolak, hainbat
saio eta abar…
Gurera hurbildu nahi
baduzu, bi ohar:
ez biharko utzi eta
etor zaitez azkar.

Iturria: https://irunero.eus/bertso-berriak-2018-2019-ikasturte-berriari-jarriak/

[ https://irunero.eus/wp-content/uploads/2018/10/Irunero334_txiki-.pdf ]

Post Navigation